medikuntza

1. Med.

Gaixotasunak ezagutzea, prebenitzea eta sendatzea helburu duen jarduera tekniko eta zientifikoen multzoa.

1. Med.
Gaixotasunak ezagutzea, prebenitzea eta sendatzea helburu duen jarduera tekniko eta zientifikoen multzoa.

Medikuntza Edit

Egilea: Felix Zubia

MEDIKUNTZA

Medikuntza hitza latinezko medicinatik dator, eta '”sendatu” edo “botika eman” esan nahi du. Gizakiaren bizitza, osasuna, gaixotasuna eta heriotza ikertzen dituen zientzia da. Ezagutza teknikoak gaixotasunen diagnostikoan, tratamenduan eta prebentzioan erabiliz osasuna bermatu eta berreskuratzeaz arduratzen da.

HISTORIA

Ezagutzen diren antzinako gizarte guztietan —historiaren hasieratik, beraz— izan dira gaixotasun edo gaitzaren tratamendurako egiturak. Osasunaren ardura pertsonari datxekion zerbait da, hasi familiako egitura eta ohituretatik gizarte aurreratuenetako osasun-sistema konplexuetaraino.

Historiaurreko gizarteek gaixotasunaren kontzeptu magikoa zuten, hau da, gaixotasunak jainkoen ekintza dira, aurrez pertsonak edo gizarteak egindako zerbaiten ondorio, gehienetan. Gaixotasunaren kontzepzio "magiko" horrek mendeetan iraun zuen, greziar zibilizazioraino. Euskaraz ere, nabarmentzekoa da gaitz hitzak bi adiera dituela, eritasuna batetik eta kaltea bestetik. Mende horietan guztietan, tratamendurako erremedioez gain, errito eta otoitzak ere erabiltzen ziren, eta medikuntzaren ikuspegia ez zen zientifikoa. Hala ere, tratamendu ugari garatu ziren, bai eta kirurgia bera ere, kultura askotan maila oso altuan gainera, Txinan eta Egipton, esaterako.

Greziarren garaian gaixotasunaren kontzeptua erabat aldatu zen, ikuspegi naturalista garatu zelako. Eritasunak ez ziren jada jainkoen eraginaren ondorio, naturaren prozesu baizik, eta ikuspegi arrazional eta zientifikoa behar zuten. Une hartan hasi zen medikuntza zientzia izaten, Hipokrates eta Alexandriako Eskolaren eraginpean. Erromatarrek greziarren kultura medikoa hartu eta garatu zuten, eta Galeno izan zen medikurik ezagunena.

Erdi Aroa garai iluna gertatu zen Europako medikuntzarentzat. Galenoren eta Hipokratesen idatziak bere hartan geratu ziren, eta uko egin zitzaien ekarpen berriei. Kultura arabiarrak eta hebrearrak hartu zuten greko-erromatarraren lekukoa. Kultura haiek egin zituzten garaiko eskola eta ospitalerik aurreratuenak, bai eta medikurik onenak eman ere.

Errenazimentuan, Erdi Aroko legea hautsi eta berrikuntzak eta eguneratzeak gertatu ziren. Esaterako, Vesaliok deskribatu zuen anatomia berria, garaiko artisten laguntzaz.

XVII. eta XVIII. mendeetan, jakintza osatuz eta antolatuz joan zen. Mikroskopioaren garapenaz mikroorganismoak ikusteko aukera sortu zen, bai eta gorputzaren egitura ere. Beste zientzien laguntzarekin hainbat teoria garatu ziren, batzuk zuzenak eta besteak okerrak, eta bide zientifikoa berrabiarazi zuten.

XIX. mendea klinika eta fisiologiaren mendea izan zen, iraultza industrialaren testuinguruan. Espezialitateak hasi ziren, eta kirurgiaren garapena gertatu zen, asepsia eta anestesia erabiltzen hasi baitziren (anestesia; asepsia; kirurgia).

XX. mendean, diagnostikorako baliabideak ugaldu eta hobetu ziren, antibioterapiarekin batera. Oinarrizko zientzien garapenak, osasun publikoak eta higieneak herrialde aurreratuetako biziraupena luzatzea ekarri zuten. Psikiatrian berriz, psikoanalisia agertu zen, Freuden eskutik. XXI. mendean zer izango den ikusteko dago, zientzia eta gizakiaren bizimodua aldatzearekin medikuntza bera ere aldatuz joango delako.

MEDIKUNTZAREN IZAERA ETA ANTOLAKUNTZA

Medikuntza pazientearen eta medikuaren arteko harremanean oinarritzen da; hiru erpin hauek dituen triangelua osatzen da, beraz:

  • Medikua.

  • Pazientea.

  • Gaixotasuna, medikuaren eta pazientearen arteko lotura dena.

Medikuaren eta pazientearen arteko harremanak konfiantzakoa eta borondatezkoa izan behar du, eta pauso hauek ditu:

  • Lehen harremana.

  • Pazienteari gertatzen zaionari buruzko galdeketa egitea, anamnesia deritzon prozesuan. Pazienteak nabarmendu eta kontatzen dizkigun sentipenak (mina, arnasestua…) sintoma izenez ezagutzen ditugu, eta, haien izaera dela eta, guztiz subjektiboak dira.

  • Pazientearen miaketa fisikoa egitea eta zeinu klinikoak biltzea: tenperatura, bihotz-hotsak, azalaren kolorea… Zeinuak datu objektiboak dira, eta, sintomekin batera, klinika osatzen dute.

  • Pazientearen klinika jakindakoan, lehen iritzi diagnostikoa egiten da. Proba osagarriak egiten dira hura baieztatzeko, larritasuna jakiteko edo beste datu batzuk biltzeko: erradiografiak, analisiak, biopsiak…(diagnostiko).

  • Proben argitara, diagnostikoa eta haren pronostikoa egiten da.

  • Gaitzaren tratamendua (terapia).

  • Eboluzioa berrikusten da azkenik, denboran zeharreko joera aztertuz.

Prozesu hori guztia historia kliniko izeneko dokumentuan biltzen da. Historia klinikoa pazientearen tratamendu eta arretarako egiten eta erabiltzen da, eta, zenbait kasutan, azterketa zientifikorako edo irakaskuntzarako balia liteke.

Medikuaren eta pazientearen arteko harremana buruz burukoa izan liteke, baina gizarte garatuetan osasun-sistema konplexuak eratu dira, ahalik eta jende gehienak jaso dezan osasun-arreta. Osasun-sistemak publikoak eta doakoak izan litezke, edo pribatuak eta ordaindu beharrekoak (gizarte-desorekak sortzeko arriskuarekin). Osasun-sistemetan, hiru maila bereizten dira:

  • Lehen mailako arreta, familiako medikuntzan oinarritzen dena. Prebentzio-neurriak eta hezkuntza erabiliz gaixotasunak saihestea du helburu. Gaixotasun arinenak ere maila honetan artatzekoak dira, bai eta gaixo kronikoen kontrola ere.

  • Bigarren mailako arreta, eskualdeko ospitaleetan gauzatzen dena. Ospitale horietan, gaixo akutuak edo kroniko berrakutuak artatzen dira, gaixoaren beraren ingurutik gertu.

  • Hirugarren mailako arreta, ospitale handienetan gauzatzen dena. Gaixo larrienak edo berezienak tratatzen dituzte, gaixotasunaren izaera dela eta zaintza espezializatua behar dutenak.

MEDIKUNTZA-JARDUNBIDEAK

Mendeak iragan ahala medikuntza esperimentala garatu da. Medikuntza hegemoniko edo ofiziala izenez ere ezagutzen da, eta diagnostikorako eta tratamendurako erabiltzen dituen neurriak metodo zientifikoaren bitartez balioztatu dira: saio klinikoak erabiliz, beste neurri batzuk baino hobeak direla frogatu da, eta gaixoarentzat duten onura eta arriskuak neurtuta daude. Medikuntza esperimentalari esker, gaixotasun asko ezagutu dira, eta haien pronostikoa eta tratamendua hobetu da. Eritasun infekzioso asko sendagarri bihurtu dira, eta, lehenengoz, gaixotasun bat mundutik errotik desagerraraztea lortu da: baztanga, 1963an. Osasun-neurriekin eta elikadura hobetzearekin, azken hiru mendeetan bizi-itxaropena 80 urte ingururaino iristea lortu da herrialde aberatsenetan.

Medikuntza esperimentalak kritika asko jaso ditu. Zenbaiten esanean, gaixotasunetara mugatzen den praktika klinikoa da, pazientea osotasunean eta behar guztien batura moduan ikusi beharrean. Horrez gain, osasun-sistema publikoek gaixoen arretarako zailtasunak izan ditzakete, eta medikuen eta gaixoen arteko harremana despertsonalizatu.

Medikuntza esperimentalaz kanpoko medikuntza-jardunbide guztiei medikuntza alternatibo deritze. Medikuntza egiteko jardunbide ugari batzen dira zaku horren barruan, eta guztiek ezaugarri bera dute: ez diote jarraitzen metodo zientifikoari. Diagnostikorako eta tratamendurako erabiltzen diren neurriak ez daude saio klinikoetan balioztatuak, eta haien eraginkortasuna ez da modu zientifikoan neurtu. Horrek ez du esan nahi eraginkorrak ez direnik, baina bai haien arrisku eta onurak ez direla zehaztu. Horietako asko, proba klinikoak pasatu ahala, medikuntza esperimentalera pasatu dira.

Zenbait autorek bereizi egiten dituzte medikuntza osagarria eta medikuntza alternatiboa. Medikuntza osagarria medikuek aplikatzen dutena da, eraginkorra eta esperimentalaren alboan erabiltzekoa. Medikuntza alternatiboa mediku ez direnek aplikatzen dutena da; esperimentalaren ordezko da beti, zientifikoki frogatu gabea.

Medikuntza alternatibo ugari daude munduan zehar. Denak zehaztea ezinezkoa da, baina hauek dira garrantzitsuenak:

Homeopatia. Hanehmann mediku alemaniarrak deskribatu zuen 1796an, eta “similia similibus curantur” esaldian laburtzen da, hau da, berdinak berdina sendatzen du. Haren teoriak dioenez, gaixotasunak ez dira kanpoko eragileen eraginak, tentsio psikikoen ondorio baizik. Hori dela eta, gaixoa osotasunean aztertu behar dela diote, ez sintomak bakarrik. Tratamendurako, berriz, sintomen antzeko ondorioak eragiten dituzten gai kimikoak erabiltzen dira, baina milaka aldiz uretan diluituta. Muturreko disoluzio horrek Avogadroren zenbakiaren azpitiko kontzentrazioa sortzen du, eta, beraz, kimikaren oinarriei jarraituz, ezin du eraginik izan. Horri aurka eginez, homeopatek uraren memoriaz hitz egiten dute, eta diote substantziarekin kontaktuan egon den urak haren ezaugarriak gordetzen dituela. Homeopatiaren eraginkortasuna neurtzeko egindako saio klinikoek ez dute frogatu plazeboa baino hobea denik; hala ere, eztabaida zabalik dago.

Medikuntza txinatar tradizionala. Neurri eta teknika asko biltzen ditu, modu askotara erabiliak. Oso hedatuak daude sendabelarren erabilera, masajeak, dieta… Hala ere, ezagunena akupuntura da, gorputzean jarritako orratzak erabiltzea. Orratz horiek aurrez ezagunak diren 12 puntutan kokatzen dira; organo bakoitzari puntu jakin bat dagokio. Erabilera asko baditu ere, lunbalgian eta botaka egitearen aurkako tratamenduan frogatu da akupunturaren eraginkortasuna.

Badira beste jardunbide batzuk ere, hauek besteak beste: kiropraktika, masajeak, meditazioa, naturopatia eta abar.