anestesia

1. Med.

Gaixotasun batek edo anestesiko baten eraginez, gorputzaren sentikortasun orokorra, minarekikoa bereziki, osorik edo partzialki desagertzea.

Ebakuntza kirurgikoa
Ebakuntza kirurgikoa

1. Med.
Gaixotasun batek edo anestesiko baten eraginez, gorputzaren sentikortasun orokorra, minarekikoa bereziki, osorik edo partzialki desagertzea.

Anestesia Edit

Egilea: Ikerne Uria

ANESTESIA

XIX. mendearen erdira arte, gai naturalak (alkohola, opioa eta abar) erabiliz, ebakuntza kirurgikoek eragiten zituzten min jasangaitzak murrizten saiatu ziren zirujauak. Dena den, lorturiko arintzea gutxiegia eta iraupen laburrekoa izanik, kirurgiak beldurgarria izaten jarraitzen zuen. 1846. urtean, ordea, anestesia orokorra lortu zuen Holmesek, eta modu honetan kirurgiaren aro berriari ekin zitzaion, gaur egun hain arrunta den minik gabeko kirurgiari, hain zuzen ere.

Anestesia

Medikuntzari eginiko ekarpen garrantzitsutzat aitortu izan da anestesia, kirurgia modernoaren garapen zientifikoa ahalbidetu baitu. Anestesiak sentikortasunaren galera dakar, dela orokorra dela gorputzaren alde jakin batekoa; lehenean, kontzientzia-mailaren galera dakar berekin, eta bigarrenean, berriz, ez.

Bi anestesia-maila bereiz daitezke; batetik, anestesia orokorra eta, bestetik, anestesia lokala. Lehenengoak kontzientzia-mailaren galera dakar; bigarrenak, aldiz, gune zehatz bateko sentikortasunaren galera. Anestesistaren lana izango da kasuan-kasuan erabili behar diren anestesia-motak, botikak edo bideak erabakitzea. Erabaki horretan hainbat faktorek izango dute eragina, hala nola pazientearen nahiak, pazientearen adinak eta aurrekariek, egoera fisikoak eta emozionalak, ebakuntza-motak eta haren iraupenak eta abarrek.

Anestesia orokorra

Anestesia orokorrak, hainbat drogaren nahiz inhalazio bidezko hainbat eragileren ondorioz, nerbio-sistema zentrala moteltzen du. Pazienteari sentikortasunaren eta kontzientzia-mailaren galera eragiten zaio, oro har, ebakuntzak eragiten dituen min eta ondoezak ekiditeko. Hori dela eta, anestesiko orokorren eragileek konorte-gabezia, analgesia eta giharren erlaxazioa eragiten dituzte. Anestesistak eragin eta mantenduko du anestesia orokorra ebakuntza osoan, hainbat sendagai zain barnetik injektatuz edo inhalazio bidez emanez. Anestesia ziurra eta eraginkorra izan dadin, anestesistak haren maila neurtu behar du une oro. Horretarako, maiztasun kardiakoan, odol-presioan, tenperaturan, arnas erritmoan, oxigeno-saturazioan eta karbono dioxidoaren presioan gertatzen diren aldaketa fisiologikoak aztertu beharko ditu. Horrez gain, pazienteen anestesia aurreko balorazioaz, ebakuntza bitarteko segurtasunaz eta anestesia ondorengo aldiaz ere arduratuko da. Dena den, anestesistaz gain, diziplina anitzeko osasun-talde baten partaidetza jasoko du pazienteak ebakuntza kirurgikoan; talde horretan daude, besteak beste, sendagileak, zirujauak, erizainak, erizaintzako laguntzaileak, zelariak eta abar.

grafikoak1

Ebakuntza kirurgikoa

Anestesia orokorraren helburua

Anestesia orokorraren oinarrizko helburua pazientearen kontzientzia-maila, minaren pertzepzioa eta gihar-tonua murriztea da, betiere funtzio begetatibo autonomoak eraldatu gabe.

Noiz erabiltzen da

Oro har, ebakuntza kirurgikoak luzeak nahiz konplexuak diren kasuetan erabiltzen da anestesia orokorra, hala nola politraumatismoetan, asaldura neurologikoetan eta abarretan.

Anestesia orokorraren faseak

Anestesia orokorrean elkarren segidako hiru fase topatu ditzakegu: eragitea, mantentzea eta esnatzea.

Eragitea anestesia-eragileak inhalazio bidez nahiz zain barnetik sartzean hasten da. Aldi honetan hainbat prozedura egiten dira; horien artean, odol-hodiak (zainak) kanalizatzea, pazientea monitorizatzea, sendagaiak eta anestesikoak prestatzea, arnasgailua prestatzea, intubazio trakeala egitea eta pazientea jarrera egokian ezartzea. Pazientea ebakuntzarekin hasteko prest dagoen momentuan, fase hau amaitutzat jotzen da.

grafikoak2

Indukzioa, anestesia orokorraren lehen aroa

Mantentzea da anestesia orokorraren bigarren fasea. Fase horretan burutzen da ekintza kirurgiko osoa, eta bitarte horretan, anestesistak anestesia-eragileak maila egokian mantendu behar ditu. Bestalde, pazientea birika-aireztapen artifizialari —arnasgailuari— loturik dagoenez, arnas asaldura guztiak ere kontuan hartu behar dira.

Esnatzean, anestesia-eragileak geldiarazten dira eta pazientea esnatzen hasten da. Pazienteak apurka-apurka kontzientzia-maila berreskuratzen du, eta berezko birika-aireztapenarekin hasten da. Hori dela eta, pazienteari intubazio trakeala kentzen zaio, eta operazio ondoko berezko zainketa eskaintzen zaio.

Anestesia orokorraren konplikazioak

Pazientearen ebakuntza aurreko egoerak, erabiliriko anestesia-motak eta egin beharreko ebakuntza-motak zehaztuko dituzte konplikazioak sortzeko aukerak. Anestesia orokorrak asaldura ugari sor ditzake; besteak beste, hipotentsioa, bihotzeko arritmiak, bihotzeko infartua, arnasaren inhibizioa, arnasbideak buxatzea, sukar-erreakzioak, alergia-erreakzioak, gorakoak edo goitikak, heriotza eta abar. Dena den, azken urteotan anestesia-arloan izan diren aurrerapenei esker, konplikazioak eta heriotzak asko murriztu dira.

Anestesia lokala

Anestesia lokalak, minaren sentipena igortzen duten nerbio-zuntzen behin-behineko etenaldia eraginez, sentikortasunaren behin-behineko galera eragiten du gorputzeko gune zehatz batean; horretarako, anestesiko lokalak erabiltzen dira. Anestesia lokalak, ordea, ez du kontzientzia-maila murrizten. Anestesia orokorrarekin alderatuz gero, esan behar da harekiko abantaila ugari dituela; besteak beste, kirurgia ondorengo aldi laburragoa, kontrako eragin gutxiago eta barau-beharrik eza. Hala eta guztiz ere, baditu hainbat desabantaila, hala nola pazienteek esna egoteari dioten beldurra edo anestesiaturiko gunearen banaketa ez homogeneoa.

Noiz erabiltzen da

Ebakuntza terapeutiko zein diagnostiko xumeetan nahiz anestesia orokorraren ondorioak ekidin nahi diren ebakuntza konplexuetan erabil daiteke.

Anestesia lokalaren erabilerak

  • Likido, aerosol nahiz ukenduak erabiliz, larruazalean edo mukosetan anestesikoak aplikatzea. Oso erabilia da oftalmologian —kirurgian nahiz proba diagnostikoetan—, bronkoskopia egin aurreko aldian nahiz kateter edo zunda bat jarri aurreko aldian.

  • Larruazalpean anestesikoak injektatzea, gune zehatz baten blokeo sentsitiboa eragiteko. Oso erabilia da kirurgia txikietan, besteak beste, garatxoen erauzketan, zaurien josturatan, odontologian, podologian eta abarretan.

  • Anestesiaturiko gunea handiagoa denean edo anestesia lokala ehunetan modu egokian infiltratzen ez denean, nerbioen blokeoa eragin daiteke. Kasu honetan, maneiatu beharreko gunetik urrunago infiltratzen da anestesiko lokala. Anestesia-mota hau anestesia erregional gisa ezagutzen da.

  • Espazio subaraknoideoa blokeatzea; horretarako, espazio subaraknoideoko likido zefalorrakideoan anestesikoak injektatzen dira.

  • Duramater gaineko blokeoa (anestesia epidurala).

    • Helburu kirurgikoekin erabiltzen den anestesia-metodo honek, bizkarrezurraren erdiko edo beheko ataleko duramater gaineko gunean anestesiko lokalak injektatuz, bularraldearen eta gorputzaren erditik beherako nerbioen sentikortasunaren galera dakar berekin.

    • Gaur egun, duramater gaineko espazioan bertan kateter mehe bat sarturik uzten da; hala, anestesiko gehiagoren beharra izanez gero, berriz ziztatu beharra ekiditen da.

    • Analgesia epidurala duramater gaineko espazioan substantzia anestesikoak edo anestesiko lokalen ur-disoluzioak ezartzean datza, betiere minaren gutxitzea lortzeko. Haren aplikazio nagusiak operazio ondoko aldia eta erditzea izaten dira.

grafikoak3

Anestesia epidurala