diagnostiko

1. Med.
sin. diagnosi

Gaixoaren gaixotasuna zein den zehaztea eta sailkatzea.

Mamografia, X izpietan oinarritutako ohiko diagnosi-teknika
Mamografia, X izpietan oinarritutako ohiko diagnosi-teknika

1. Med.
Gaixoaren gaixotasuna zein den zehaztea eta sailkatzea.

Diagnosia Edit

Egilea: Isabel Elorza

DIAGNOSIA

Osasun-zientzietan, eta bereziki medikuntzaren garapenean, pertsonen osasun-arazo bakoitzari definizio zehatz bat eman ahal izatea, diagnostiko bat egitea alegia, helburutzat hartu izan da.

Osasun-arazoren bat duten pertsonen diagnostikoaren bilatze-prozesuan, hainbat informazio-iturri erabiltzen dituzte osasunaren profesionalek. Horien artean, nagusiki, galdeketa, azterketa fisikoa eta mota guztietako azterketa osagarriak azpimarra daitezke (laborategikoak, irudietan oinarritutakoak...).

Medikuntzaren bilakaera historikoan, galdeketaren eta azterketa fisikoaren trebetasunak garatzea anamnesia egiteko lehen urratsak izan ziren. Greziako medikuntza klasikoan, Kosekoan bereziki, garrantzitsua izan zen teknika horien erabilera, eta horren adibide dira Hipokratesen aforismoetan egiten diren diagnostikoak (behaketa klinikoaren bitartez eginak), ondorengo pronostikoak (garrantzitsuak, medikua ibiltaria zelako eta noizean behin ikusten zuelako gaixoa) eta tratamenduak (kontuan izanez naturari bere lana egiten utzi behar zitzaiola). Erdi Aroan, eta geroago ere bai, XVIII. mendera arte, teknika horien geldialdia nabaria izan zen, galenismoaren eta medikuntza eskolastikoaren ondorioz.

XIX. mendetik aurrera, azterketa osagarriak —batez ere mikroskopioaren garapenarekin eta X izpien sorrerarekin lotuta— diagnostikoa lortzeko prozesuari uztartuak geratu ziren. Bigarren Mundu Gerraren ondoren, eta, batez ere, 70eko hamarkadarekin batera, medikuntzan gertatu den iraultza teknologikoak galdeketaren eta azterketa fisikoaren garrantzia zalantzan jarri bazituzten ere, ezin ukatu hainbat ikerketatan ziurtatzen dela prozedura horiei esker egiten direla egungo diagnostikoen % 55-75.

Baina diagnosi hitza, oro har, mediku-diagnostikoarekin lotzen bada ere, osasun-zientzietan geroz eta garrantzi handiagoarekin erabiltzen da erizaintza-diagnostikoa ere. Erizaintza-diagnostikoa erizaintzaren profesionalizazioarekin batera sortu zen, Florence Nightingale-ren (1820-1910) ondoren. Lanerako metodo sistematikoaren bilaketaren ondorioa izan zen. Hori lanerako metodoaren, erizaintza-prozesuaren, bigarren etapa da.

Mediku-diagnostikoa

Diagnostikoa egitea gaixotasun baten berri ematea da, zehatz-mehatz definitzea eta ondorioak gainditu ahal izateko argibide terapeutikoak ematea. Medikuaren eta pazientearen arteko erlazioan, diagnostikoa emateko unea erabakigarria izan daiteke. Diagnosiak ageriko zeinu eta sintometan bakarrik ez, baizik eta nabari ez direnetan ere oinarritu behar du. Mediku-historia egiteko eta anamnesia egin ahal izateko, lehen datuak gaixoak eta haren ingurukoek emandako informaziotik, eta familiako aurrekari patologikoetatik ateratzen dira. Datu horiek gaixotasun-multzo baten aurrean pazienteak duen joeraren berri eman dezakete. Galdeketa egitean, kontuan izan beharko dira, alde batetik, arazoa eta horrek ematen dituen sintomak, eta, bestetik, pazientearen egoera, ohiko bizimoduaren datuak eta duen testuingurua.

Mediku-diagnostikoa egiteko, azterketa fisikoa ere oinarrizkoa izan daiteke. Azterketa hori egin ahal izateko ohiko teknikak hauek dira: ikuskapen fisikoa (gaixoaren itxura) eta psikologikoa (gaixoaren jarrera), haztapena (ez bakarrik kexu den eremu mugatuarena, baizik eta kanpotik uki daitezkeen barne-organo guztiena), barrunbe hutsen perkusioa, erreflexuen azterketa eta auskultazioa. Lortutako datuei tenperatura, pultsua, presio arteriala eta arnasketaren maiztasuna eta sakontasuna erantsiko zaie, eta, sarri, datu horiekin, diagnostikoaren aurreikuspen bat eman daiteke.

Aurrekoez gain, maiz, azterketa osagarrien bidez egiten da diagnostikoa. Horien kalitatea eta kantitatea egunetik egunera handitzen eta hobetzen doazenez, garrantzizkoa da aukera egokia egitea. Horien artean azpimarragarrienak azterketa biologikoak eta irudien bidez egindako azterketak dira.

Azterketa biologikoak errazenetatik konplexuenetara bideratuko dira. Gehien erabiltzen direnak gernu-analisiak eta odol-analisiak dira (horien artean, ohikoenak hauek dira: ikerketa hematologikoak, hematimetriaren edo hemogramaren bidez eginak eta GJArekin [Globuluen Jalkiera Abiadura], eta biokimikoak, gluzemia [odoleko azukrea], azido urikoa, urea, transaminasak, bilirrubina, elektrolitoak...). Horiez gain, beste teknika biologiko batzuk ere erabil daitezke, hala nola ziztada lunbarraren bidez ateratako likido zefalorrakideoren azterketa, edo pleura, perikardio, peritoneo edo artikulazioetatik ateratako serosen ikerketa biologikoak. Biopsiak ere azterketa biologikotzat har daitezke, laborategian teknika mikroskopioaren bidez lortutako ehun baten laginen azterketaren emaitzen ondorioa baitira.

Irudien bidez egindako azterketak ere mota batekoak baino gehiagokoak izan daitezke. Alde batetik, erregistro elektrikoek sortu eta uhinen bidez lortutako grafikoak, elektrokardiograma eta elektroentzefalograma ohikoenak eta gorputz-zati baten erreprodukzioa erakusten dutenak daude. Horien artean ohikoenak X izpiak dira; historia klinikoa egin ondoren erabiltzen den teknika arruntena da. Ordenagailu bidezko tomografia axialak (OTA) eta eskanerrak ere, X izpiek bezalaxe, erradiazio elektromagnetikoen emisioan oinarrituta irudiak lortzen dituzte; erresonantzia magnetiko nuklearra (EMN) irudiak lortzeko beste teknika bat da, eta nukleo batzuek eremu magnetiko batean irrati-frekuentziaren uhinak xurgatzeko duten gaitasunean oinarrituta dago; ultrasoinu bidezko ekografia organismoen barnetik datozen oihartzunei antzeman eta irudiak lortzean datza. Bestalde, endoskopiek organismoaren barrunbe naturalaren ikuspegi zuzena ematen dute, diagnostikoa egiteko lagungarriak izan daitezke eta argazki-hartze edo bideo-hartze bidez osa daitezke. Gaur egun, Medikuntza Nuklearra (gammagrafiak, eszintigrafiak, positroien bidezko tomografiak [PET] edo fotoi bakarreko tomografiak [SEPCT]) diagnostikoak egiteko teknikatzat hartzen da.

grafikoak1

Mamografia, X izpietan oinarritutako ohiko diagnosi-teknika

Pazienteak eta haren ingurukoek esandako datuak, azterketa fisikoa egin ondorengo zehaztasunak eta azterketa osagarrien bidez lortutako informazioa bildu ondoren, medikuak diagnostikoa egingo du, hau da, gaixotasunari izena emango dio; balorazio kualitatiboa eta kuantitatiboa egingo ditu, ikertu dituen ezaugarriak horretarako dagoen eredu teorikoarekin konparatuz.

Diagnostikoa eman aurretik, komenigarria da galdeketaren, azterketa fisikoaren eta azterketa osagarrien bidez lortutako datu guztiak kontuan izanez diagnostiko diferentziala egitea, hau da, nahasgarriak diren sintomak eta zeinuak alboratzen joatea, eta behin betiko diagnostikoa eratzea.

Erizaintza-diagnostikoa

Erizaintza-diagnostikoaren kontzeptua XX. mendeko 50eko hamarkadan azaldu zen lehen aldiz literatura anglosaxoian, erizaintza-prozesuko pauso bat gehiago bezala. Ordura arte, prozesu horrek lau pauso bakarrik zituen (balorazioa, planifikazioa, lanari ekitea eta ebaluazioa). Diagnostikoa balorazioaren eta planifikazioaren tarteko urrats logiko moduan sartu zen, erizainari balorazioan jasotako datuak aztertzeko eta laburtzeko laguntza eskaintzen ziolako.

Baina arazo bat sortu zen: diagnostikoa egiten zuten erizainak ez ziren ados jartzen diagnostiko bakoitzaren definizioarekin, eta, hala, profesionalen arteko komunikazioa oso zaila eta latza zen. Hori zela eta, Diagnostikoak sailkatzeko lehen konferentzia antolatu zuten 1973. urtean Estatu Batuetan San Louis Unibertsitateko Erizaintza Eskolakoek. Handik aurrera, nazioarteko talde bat sortu zen (NANDA, North American Nursing Diagnosis Association). Talde zabala da, eta kudeaketan, asistentzian, eskoletan eta ikerketatan dabiltzan nazio askotako erizainek parte hartzen dute.

Espainian, erizaintza-diagnostikoa 80ko hamarkadako Nursing aldizkariko artikulu batean agertu zen lehen aldiz. Hasieran inor gutxi konturatu zen horren garrantziaz, baina, poliki-poliki, hainbat profesionalen artean grina sortzen hasi zen, lanbidearen berrikuntza eta berezko izaera lortu nahian.

Erizaintza-diagnostikoa erizaintzaren eredu batean oinarrituta pertsonari behaketa, elkarrizketa eta azterketa fisikoa egin ondoren erizainak ematen duen judizio klinikoa da. Judizio klinikoa arazo baten edo arazo bihur daitekeen zer edo zeren aurrean pertsonak, taldeak edo komunitateak ematen duen erantzunetan oinarritua egongo da, eta erizainak pertsona, talde eta komunitate bakoitza era holistikoan aztertuz ateratako iritziaren ondorioa izango da. Kontuan izan behar da arazoak mota askotakoak izan daitezkeela; hau da, ohituraz behatzen diren fisikoez gain, psikologikoak, sozialak edo espiritualak erizaintza-diagnostikoaren baitan sar daitezke.

grafikoak2

Mediku-historia klinikoaren anamnesia edo erizaintza-balorazioa, galdeketa-teknikan oinarritua

Hiru erizaintza-diagnostiko mota eman daitezke: erreala, arriskuarena eta osasunarena. Diagnostiko erreala arazoa existitzen denean egiten da, eta P+E+S (problema edo arazoa+etiologia+sintomatologia) formatuarekin izendatzen da; arrisku-diagnostikoa, berriz, arazoa oraindik sortu ez bada ere, hainbat faktore eragile identifika daitezkeenean ezartzen da, eta P+E (problema edo arazoa+etiologia) formatuarekin izendatzen da; osasun-diagnostikoan, azkenik, pertsonak dituen gaitasunak identifika daitezke osasunaren sustapena egin ahal izateko.

Balorazioa, datuak jaso ahal izateko prozesua, erizainaren eredu batean egongo da oinarrituta. Problema edo osasun-diagnostikoa izendatzean hainbat diagnostiko-taxonomia  egonik ere (CIPE, AFEDI, ACENDIO...), zabalduena NANDArena da, eta hura erabiltzen da gehien. Han azaltzen den etiketa-diagnostiko bakoitzak definizio zehatz bat du, lengoaia estandarizatu baten eredu dena. Gainera, diagnostiko errealetan behin betiko ezaugarriak eta arriskuko diagnostikoetan erlazionatutako faktoreak azaltzen dira.

Erizaintza-diagnostikoa egitean, erizainak autonomia, erantzukizuna eta kontrola ditu. Beraz, hori horrela dela ziurtatzeko, pertsona batek edo talde baten osasun-egoera aldatuz gero, erizainak honako galdera hau egin beharko dio bere buruari: neure kasa identifika dezaket arazoa eta tratamendua hasi? Erantzuna baiezkoa bada, erizaintza-diagnostikoa identifikatzen ari da; erantzuna ezezkoa bada, berriz, arazo interdependentea ari da identifikatzen, eta diziplina arteko talde bat beharko da irtenbidea aurkitu ahal izateko. Erizainak diagnostikoa egin zaion pertsonarekin balioztatuko du diagnostikoa, eta informazio osoa emango dio, azken finean pertsona baita lanaren ardatza eta erdigunea, eta, beraz erizainaren zainketaren protagonista. Erizaintza-diagnostikoak erizainaren laneko esku-hartzearen oinarriak finkatzen ditu (NIC, Nursing Interventions Classificationen estandarrak aurkitu daitezke), ondoren erizainak, pazientearekin batera, espero dituen emaitzak lortu ahal izateko (NOC, Nursing Outcomes Classificationen aurkitu daitezke estandarrak).

Erizaintza-diagnostikoen bilakaeran aurrerapauso izugarriak eman badira ere, bilakaera horrek jarraitu egiten du; arazo berriak ezagutarazten ari dira, eta definizio berriak edo zehatzagoak ematen. Horrek argi uzten du hau dena erizaintza profesionalizatzearen ondorioa besterik ez dela. Horregatik, NANDAk bi urtez behin kaleratzen du Erizain-diagnostikoak: definizioak eta sailkapena liburua (azkenekoa 2007-2008koa da).