kirurgia

1. Med.

Organismo bizidunengan, eskuz eta tresneriaren laguntzaz, ebakuntzak egiteaz arduratzen den medikuntzaren atala.

1. Med.
Organismo bizidunengan, eskuz eta tresneriaren laguntzaz, ebakuntzak egiteaz arduratzen den medikuntzaren atala.

Kirurgia Edit

Egilea: Felix Zubia

KIRURGIA

Grezierazko cheirourgia hitzetik dator kirurgia, eta jatorrizko esanahia "esku-lana" du. Diagnostikoa, terapeutika edo pronostikoa egiteko xedez, gorputzaren egitura anatomikoen manipulazio mekanikoa oinarri duen jarduera medikoa da.

Kirurgia medikuntzaren atal nagusietako bat da, eta mediku orok ezagutu eta erabili behar du eguneroko lanean.

Bestalde, ebakuntza gorputzaren zati bat moztea eskatzen duen ekintza medikoa da. Teknologia berrien garapenari esker, muga hori desagertzen ari da; horren adibide da, besteak beste, erradiologia interbentzionala. Teknika berriek aukera ematen dute, gorputzaren kanpoaldean zulo txiki bat eginez gorputzeko edozein ataletara iristeko eta atal horretan jarduteko. Horretarako, irudi-teknikak erabiltzen dira.

Historia

Historiaurretik ezagutzen dira ekintza kirurgikoak. Egiptoarrek, esaterako, garezurreko trepanazioak egiteko teknika garatu zuten eta maskuritik harriak erauzteko modua asmatu.

Greziarren garaian, ordea, osasunaren zientifiko edo sendagileek (filosofoek) eskulanak baztertu zituzten. Iruditu zitzaien kirurgia ez zela egokia gaixotasunak benetan tratatzeko. Hala, filosofoek erabakitzen bazuten gaixoari odoluste-teknika egin behar zitzaiola, bizargin-zirujauak arduratzen ziren lan horretaz. Medikuek baino ikasketa-maila askoz ere baxuagoa zuten, eta sozialki ere onarpen txikiagoa zuten.

Erdi Aroan, Europan behinik behin, bizargin-zirujauak ziren odolusteak egiten zituztenak, hausturez arduratzen zirenak eta zauriak tratatzen zituztenak. Medikuntzatik urruti, artisau-lana zen ia, eta ez zuen lotura handirik zientziarekin. Arabiar kulturan, oso bestelakoa zen egoera. Kirurgia medikuntza-fakultateetan erakusten zen, eta maila tekniko altuko ebakuntzak egiten zituzten.

XIII. eta XIV. mendeetan, zirujau-eskolak sortu ziren Italian eta Frantzian. Baina Errenazimentua izan zen kirurgia aldatu zen garaia. Greziarren anatomia kritikatu, eta kirurgia-katedrak eratu zituzten unibertsitate askotan. Material kirurgiko berria prestatu zuten, eta, garaiko gerrateetan, teknika hobeak baliatu zituzten. Izenen bat nabarmentzekotan, Ambroise Paré aipatu behar da, hura izan baitzen kirurgia modernoaren sortzailea eta zaurien tratamendua aldatu zuena.

XVIII. mendean, zirujauek arrakasta handia lortu zuten, eta medikuen gainetik jarri ziren, jakintzari eta irabaziei zegokienez. Kirurgiako erret eskolak sortu ziren, zirujauen prestakuntza teorikoa hobetzeko. Kirurgiaren corpusa sortu zen, eta kirurgiaren garapenaren oinarriak ezarri zituen horrek.

XIX. mendean, garaiko hiru arazo nagusiak konpontzea lortu zen: mina, infekzioa eta odol-jarioak; horretarako, anestesia, antisepsia eta hemostasia garatu ziren, hurrenez hurren. Hiru arazo horiek gaindituta, ebakuntza-mota nagusien teknikak osatu ziren. Orduan, medikuntzarekin bat egin zuen kirurgiak, eta fakultateetan katedrak sortu ziren.

Kirurgia-motak

Lau kirurgia-mota bereiz ditzakegu, zer egiturari eragiten zaion aintzat hartuta. Hartara, zenbateko infekzio-arriskua dagoen jakin daiteke:

  • Kirurgia garbia (% 1-5eko infekzio-arriskua, profilaxirik gabe):

    • Ebakuntza egin behar zaion ehunak ez du hanturarik.

    • Ez da asepsia kirurgikorik hausten.

    • Kirurgia ez-traumatikoa da.

    • Ez da arnas aparatua, digestio-aparatua edo iraitz-aparatua kaltetzen.

  • Kirurgia garbi-kontaminatua (% 5-15eko infekzio-arriskua, profilaxirik gabe):

    • Barrunbe bat irekitzen da, baina isuririk gabe.

    • Kirurgia traumatikoa da.

    • Arnas aparatua, digestio-aparatua (heste lodia izan ezik) edo iraitz-aparatua kaltetzen da.

  • Kirurgia kontaminatua (% 15-25eko infekzio-arriskua, profilaxirik gabe):

    • Hantura akutua, baina zornerik ez.

    • Barrunbe bat irekitzen da, eta isuria gertatzen da.

    • Istripu-zauriak edo zauri traumatikoak, lehen 4 orduetan.

    • Heste lodiko kirurgia.

  • Kirurgia zikina (% 40-60ko infekzio-arriskua, profilaxirik gabe):

    • Zornea dago.

    • Barrunbe bat zulatua dago.

    • Istripu-zauriak edo zauri traumatikoak, 4 ordu eta gero.