asepsia

1. Med.

Mikroorganismo patogenorik eza.

Esku-garbiketa
Esku-garbiketa

2. Med.

Organismoa ebakuntza kirurgikoetan bereziki mikroorganismo patogenoetatik babesteko teknika; agente infekzioeragileak saihestuz edo suntsituz egiten da, bereziki ingurune fisikoan.


1. Med.
Mikroorganismo patogenorik eza.

Asepsia Edit

Egilea: Maria Jose Uranga

ASEPSIA

Asepsia hitzak adierazten du infekzioa sor dezaketen germenak kanporatu edo deuseztatu direla (a = eza; sepsis = infekzioa; asepsia = infekziorik eza). Zenbait asepsia-maila bereizten dira:

  • Mediku-asepsiaren barnean sailkatzen dira osasun-langileek eguneroko jardueretan hartzen dituzten garbitasun-neurriak, hots, mikroorganismoak haztea eta ugaltzea eragozten dutenak: urez eta xaboiz egiten den esku-garbiketa higienikoa, eskularru garbiak janztea edo kutsatutako gaiak (tresneria, gazak…) garbitzea edo ezabatzea.

  • Kirurgia-asepsia teknika esterilarekin erlazionatuta dago. Materialak eta eremuak mikroorganismorik gabe egotea da kirurgia-asepsiaren helburua. Hori lortzeko hartzen diren neurriak dira, besteak beste, esku-garbiketa kirurgikoa egitea eta eskularru esterilak edo txabusina esterila janztea.

Asepsia lortzeko, ospitaleetan eta osasun-zentroetan askotan erabiltzen dira antiseptikoak, desinfektatzaileak eta esterilizatzeko gaiak. Antiseptikoek germenak haztea eta ugaltzea eragozten dute, eta ehun bizietan (larruazalean, mukosetan eta zaurietako ehunetan) erabiltzen dira mikroorganismo patogenoak gutxitzeko. Desinfektatzaileak, oro har, materialetako mikroorganismoak suntsitzeko erabiltzen dira, baina ez dituzte esporak (mikroorganismoen estalki erresistentea) suntsitzen. Esterilizatzeko erabiltzen diren gaiek, berriz, mikroorganismoak eta esporak suntsitzen dituzte.

Gai bakteriostatikoek bakterioak haztea eta ugaltzea eragozten dute, baina ez dituzte suntsitzen; bakterizidek, berriz, bakterioak suntsitzen dituzte.

Materiala esterilizatzeko hainbat metodo daude, besteak beste, lurrun bidezko esterilizazioa (autoklabea), etilen oxidoa eta aire beroko labea.

Antiseptiko on batek mikroorganismo askotan izan behar du eragina (espektro zabalekoa izan behar du), ekintza azkarrekoa, iraunkorrekoa eta egonkorra izan behar du, ez du narritagarria izan behar, ez du hipersentikortasun-erreakziorik eragin behar, materia organikoaren (odolaren, zornearen) aurrean ez du eraginkortasuna galdu behar, ez du xurgatzeko modukoa izan behar (erreakzio orokorrak saihesteko), kontzentrazio txikitan eraginkorra izan behar du, eta gardena izatea ere ona izaten da zaurien eboluzioa balioesteko.

Gure inguruan gehien erabiltzen diren antiseptikoak hauek dira: klorhexidina, pobidona iodatua eta alkohola (70°). Klorhexidinak 20 segundo inguru behar ditu efektua egiten hasteko, eta efektu horrek 6 ordu irauten du; pobidona iodatua efektua egiten has dadin, lehortzen utzi behar da, eta efektuak 3 ordu irauten du; alkoholaren efektua azkar hasten da, baina ez du asko irauten. Materia organikoaren aurrean klorhexidinak ez du eraginkortasuna galtzen, baina alkoholak eta pobidona iodatuak bai. Alkohola narritagarria da mukosetan, larruazala lehortzen du, eta ezin da erabili zaurietan; pobidona iodatuak alergia-erreakzioak eragin ditzake. Klorhexidinak erreakzio txarrak eragitea ez da ohikoa. Klorhexidinak zaurien eboluzioa balioestea errazten du gardena delako. Argi dago klorhexidinak ezaugarri hobeak dituela, baina dena ez du ona; kontuan izan behar da xaboiarekin eraginkortasuna galtzen duela, argitik babestu behar dela eta belarrian edo meningeetan botaz gero toxikoa izan daitekeela.

Prozeduraren arabera, antiseptiko bat edo bestea aukeratu beharko da: injekzio bat jartzeko, alkohola egokia da; odol-hodi batean kateterra jartzeko, klorhexidina aukeratu daiteke hondar-efektua duelako; eta, zaurien sendaketak egiteko, klorhexidina nahiz pobidona iodatua erabil daitezke.

Antiseptikoek, desinfektatzaileek eta esterilizatzaileek beren efektua ongi egiteko, oso garrantzitsua da aurretik garbiketa egokia egitea. Zauriak garbitu (urarekin eta xaboiarekin edo serum fisiologikoarekin) eta lehortu egin behar dira antiseptikoa eman aurretik, eta materialak ere ondo garbitu behar dira desinfektatu eta esterilizatu aurretik.

Ospitaleetan eta osasun-zentroetan infekzioak ez barreiatzeko neurririk eraginkorrena esku-garbiketa da. Osasun-langileek erabakiko dute nolako esku-garbiketa egin, bete beharreko jardueraren arabera. Azazkalak motzak eta garbiak izan behar dituzte osasun-langileek, eta eskuetan bitxirik ez dute izan behar. Esku-garbiketa hiru eratara egin daiteke:

  • Esku-garbiketa higienikoa: eskuetatik mikroorganismoak kanporatzea da haren helburua, eta askotan egin behar da, hau da, pazientea ukitu aurretik eta ondoren, prozedurak egin aurretik eta ondoren (sendagaiak jarri, oheak egin...), eta mikroorganismoak dituen edozein gairekin (gernua, gorozkiak, drainatzeak...) kontaktua izan ondoren. Eskuak garbitzeko, eskuak beti ukondoa baino beherago jarri behar dira, eskuak xaboiaz igurtzi behar dira birakako mugimenduak eginez, ondo igurtzi esku-gaina, ahurra eta eskumuturra, eta bi eskuetako hatzak gurutzatuz, hatz-tarteak ongi garbitu. Eskuak garbitu ondoren iturria eskuarekin itxi behar bada, lehortzeko erabili den paperezko eskuoihalarekin itxiko da. Esku-garbiketa higienikoa ongi egiteko, 10 segundo behar dira gutxienez. Zenbait egoeratan, esku-garbiketa higienikoa egin ordez, eskuak disoluzio hidroalkoholikoarekin igurzten dira 30-60 segundoan. Eskuek gai kutsagarriak ukitu badituzte edo zikinak daudela ikusten bada, garrantzitsua da esku-garbiketa higienikoa egitea prestakin hidroalkoholikoak erabili aurretik. Prestakin horien ezaugarriak eta erabiltzeko modua jakin beharko dira haiek ongi erabiltzeko.

  • Esku garbiketa kirurgikoa: eskuek eta besaurreek ahalik eta mikroorganismo gutxiena izatea da haren helburua. Esku-garbiketa hori egin behar izaten dute ebakuntza kirurgikoan zuzenean parte hartzen duten erizainek eta medikuek. Konketa sakona beharrezkoa izango da, eta iturriak eskuak erabili gabe irekitzen den horietakoa (hankarekin, esaterako) izan behar du. Esku-garbiketa kirurgikoa egin aurretik jarri behar dira esterilak ez diren jantziak (galtzak, txanoa, mozorro kirurgikoa). Xaboi antiseptikoa (iodoa edo klorhexidina) duen eskuila esterila behar da, eta eskuak lehortzeko oihal esterilak erabiliko dira. Eskuak garbitzeko unean, eskuek beti ukondoak baino gorago egon behar dute, eta hatzetatik hasita ukondoetaraino garbitu behar dira, bereziki eskuak eta hatz tarteak. Garbitu ondoren, gorputzaren aurrean eta gerria baino gorago jarri behar dira beti eskuak, kutsa ez daitezen. Esku-garbiketa kirurgikoa egiteko 5 minutu behar izaten dira gutxienez.

  • Esku-garbiketa antiseptikoa: esku-garbiketa higienikoaren eta kirurgikoaren artekoa da, eta hainbat prozedura esteril (maskuriko zundaketa, esaterako) egin aurretik, zenbait mikroorganismo kutsagarri dituen pertsona ukitu aurretik eta ondoren, eta immunoeskasia duelako kutsatua izateko arriskua duen pertsona ukitu aurretik egin behar da. Esku-garbiketa higienikoa bezala egiten da, baina xaboi antiseptikoa erabili behar da.

grafikoak1

Esku-garbiketa

Mikroorganismoak barreiatzea saihesteko, eskularruak ere erabiltzen dira. Eskularruekin pazienteak eta osasun-langileak babestu daitezke. Eskularru esterilak erabiltzen dira esterilitatea behar den edozein prozedura egiteko (ebakuntza kirurgikoa, zainbide zentrala hartzea...). Eskularru garbiak erabiltzen dira osasun-langilea babesteko (odola ukitzeko arriskua dagoenean, esaterako) edo pazientea babesteko (osasun-langilearen eskuetan egon daitezkeen mikroorganismoak pazientearentzat arriskutsuak direnean), betiere esterilitatea beharrezkoa ez denean. Eskularruak ezin dira izan esku-garbiketaren ordezko. Behar diren unean jantzi behar dira eskularruak, eta prozedura amaitutakoan kendu egin behar dira, eta esku-garbiketa higienikoa egin. Eskularruak ez badira ongi erabiltzen (eskularru berekin bi paziente ukitu, esaterako), zeharkako infekzioak sor daitezke.

Txabusina ere beste babes-hesi bat da; garbia edo esterila izan daiteke. Ebakuntza kirurgikoetan txabusina esterilak erabiltzen dira. Pazientea ukitzeagatik norbera kutsa daitekeenean, osasun-langileek txabusina garbia janzten dute babesteko.

Airez barreiatzen diren mikroorganismoen transmisioa saihestea da aurpegian mozorro kirurgikoa jartzearen helburua. Oinetakoetan babesgarriak, ilean txanoa edo aurpegian betaurrekoak jartzea ere babes-neurriak dira.

Asepsia-neurriekin mikroorganismoak barreiatzea saihestu nahi da, eta infekzio-arriskua gutxitu. Prozeduraren arabera eta pazientearen egoeraren arabera, zenbait neurri hartu beharko dira. Materiala behar denean erabili behar da, eta era egokian; bestela, zeharkako infekzioak sor daitezke. Ezinbestekoa da zentzuz jokatzea.