zikloi
- 1. Meteorol.
- sin. depresio, behe-presio, presio baxuko gune
Atmosferan, ingurunearekin alderatuz, presio atmosferiko baxua duen eremua (1.014 milibarren azpitik); haizeak presio baxueneko gunearen inguruan biratzen du, Ipar hemisferioan erlojuaren orratzen kontrako noranzkoan eta Hego hemisferioan erlojuaren orratzen noranzkoan.
- 2. Meteorol.
- sin. zikloi tropikal
Jatorri tropikaleko ekaitz-sistema, presio baxuko erdigunea eta haize bortitza eta euriteak eragiten dituzten trumoi-ekaitz ugari izaten dituena.
- 3. Teknol.
- sin. bereizgailu zentrifugo
Indar zentrifugoaz baliatuz fluido batek bere barnean daramatzan zatiki solidoak bereizten dituen gailu mekanikoa.
2. Meteorol.
- 1. Meteorol.
- Atmosferan, ingurunearekin alderatuz, presio atmosferiko baxua duen eremua (1.014 milibarren azpitik); haizeak presio baxueneko gunearen inguruan biratzen du, Ipar hemisferioan erlojuaren orratzen kontrako noranzkoan eta Hego hemisferioan erlojuaren orratzen noranzkoan.
Depresioa Edit
Egilea: Elhuyar
Atmosferan inguruko presioa baino baxuagoa duen eremuari deritzo depresio. Lurreko eskualde askotan sortzen dira presio baxuko eremuak, batez ere, tropikoetan, latitude ertainetan, basamortuetan eta poloetan. Hala ere, tropikoetakoak eta latitude ertainekoak dira munduko eguraldian, oro har, eragin handiena dutenak.
Tropikoetako depresioak
Tropikoetako depresioak konbergentzia-zona intertropikalean eratzen dira; Hadley zelulen zirkulazioaren ondorio zuzena dira (zirkulazio atmosferiko). Eguzkiaren eraginez, ekuatorean ura lurrundu egiten da, eta atmosferako airea berotu. Aire bero eta hezeak hotzak baino dentsitate txikiagoa duenez, igo egiten da eta atmosferan presio baxuko eremua sortzen da, hots, depresioa. Airearen zirkulazioaren eraginez, tropikoetarantz mugitzen dira eremu horiek. Ipar hemisferioan, beraz, iparralderantz mugitzen dira. Bidean, airea hoztu egiten da eta hezetasuna kondentsatu. Horrek lainoak sortzea eta prezipitazioak gertatzea eragiten du. Tropikoetako depresioek kondizio egokiekin topo egiten dutenean, adibidez, itsasoko urak tenperatura egokia duen tokira heltzean, depresioek indarra har dezakete eta zikloi bihurtu (zikloi).
Latitude ertainetako depresioak
Latitude ertainetan, berriz, airearen zirkulazioaren eraginez agertzen dira presio baxuko eremu horiek, baina, kasu horretan, polotik datorren aire hotzak parte hartzen du. Latitude horietan, hegoaldetik datorren aire beroko masak polotik datorren aire hotzeko masarekin topo egiten du, eta hor sortzen dira presio baxuko eremuak. Eremu horiek garatu ahala, bi fronte agertzen dira, hegoaldetik datorren aire beroko frontea, fronte beroa, eta iparraldetik datorren aire hotzaren frontea, fronte hotza. Presio baxuko eremua erdigunetzat hartuta, airea mendebaldetik ekialderantz biratzen da, hots, erlojuaren orratzen kontrako noranzkoan (Ipar hemisferioan).
Latitude ertaineko depresio baten eskema orokorra
Demagun, presio baxuko eremu baten ertzak ukituko duen tokian gaudela. Aipatu dugun aire-mugimenduaren noranzkoaren eraginez, gure gainetik aire beroko frontea igaroko da lehendabizi. Aire bero eta hezea darama eta lehendik zegoen aire hotzarekin topo egitean, airea hoztu eta lurruna kondentsatu egiten da. Lainoak eratzen dira, eta prezipitazioak gerta daitezke. Fronte hotza heldu bitartean, tenperatura igo egiten da eta presioa jaitsi. Kontuan hartu behar da aire hotza aire beroa baino azkarrago mugitzen dela, horregatik, fronte hotza apurka-apurka fronte beroaren atzean kokatuko da; bi fronteek alderantzizko V baten forma eratuko dute, eta fronteek bat egiten duten puntua depresioaren erdigunea izango da. Fronte hotzak poloetako aire hotza dakar, eta, fronte beroak ekarri duen airea baino astunagoa denez, aire beroaren azpitik mugitzen da, eta, beraz, presio atmosferikoa jaitsi egiten da. Aire beroa igotzeak prezipitazioak eragiten ditu, eta haizea hego-mendebaldekoa izatetik ipar-mendebaldekoa izatera igarotzen da. Tenperatura jaitsi egiten da eta presioa igo. Frontea igaro ondoren, lainoak zerutik desagertu egingo dira eta egoera, oro har, egonkortu egingo da.
Basamortuetako depresioak
Basamortuetako lurrak hezetasunik ez duenez, eguzkiak azkar berotzen ditu atmosferako beheko geruzak. Hori dela eta, eremu horretako airea inguruko aire hotza baino arinagoa da. Horri aire beroak gorantz igotzeko duen joera gehituz gero, presio baxuko eremu isolatua agertzen da.
Poloetako depresioak
Eskualde polarretako presio baxuko eremuak, berriz, oso gutxi aztertutako fenomenoa dira. Eskala txikikoak dira, eta gutxi irauten dute. Horri gehitzen badiogu jende gutxi bizi den Lurreko eskualdeetan sortzen direla, ez da harritzekoa jakitea 1960. hamarkadara arte ezezagunak izan zirela. Gaur egun, satelite bidezko irudiei esker ikusi da eskualde horietako depresioek zer itxura duten: batzuetan latitude ertainetako depresioen antza dute, eta garatuenak tropikoetako zikloien forma hartzera hel daitezke. Batez ere, eskualde horietan dauden petrolio- eta gas-plataformentzat dira kaltegarriak. Depresio polar aktiboenak izotzik gabeko itsas eremuetan agertu ohi dira. Ozeano Artikoan neguan agertzen dira, Norvegiar itsasoan, Barents itsasoan, Japoniako itsasoan eta Alaskako golkoan. Ozeano Antartikokoak ahulagoak eta txikiagoak izan ohi dira.
- 2. Meteorol.
- Jatorri tropikaleko ekaitz-sistema, presio baxuko erdigunea eta haize bortitza eta euriteak eragiten dituzten trumoi-ekaitz ugari izaten dituena.
Zikloi tropikala Edit
Egilea: Elhuyar
Ipar Atlantikokoei urakan deritze, Ozeano Barekoei, tifoi, eta Indiako itsasoan sortzen direnei, berriz, zikloi. Termino horiek guztiek fenomeno bera izendatzen dute: zikloi tropikala.
Sorrera
Zikloi tropikalak tropikoetan sortzen diren depresio garatuak dira (depresio). Depresio horiek konbergentzia-zona intertropikalean eratzen dira. Eguzkiak ekuatorean itsasoko ura berotu eta lurruntzea eragiten du. Atmosferako airea ere berotu egiten da, lurrundu den ura bereganatzen du, eta gorantz igotzen da. Presio baxuko eremu bat sortzen da hala. Zirkulazio atmosferikoaren ondorioz, hezetasunez asetako aire beroa ekuatoretik tropikoetarantz mugitzen da, Ipar hemisferioan iparraldera eta Hego hemisferioan hegoaldera. Tropikoetara mugitzen ari dela, airea hoztu egiten da, eta hezetasuna kondentsatu, hau da, hodeiak sortzen dira, eta horrekin prezipitazioak.
Lurraren mugimenduak eragiten duen Coriolisen indarrak depresioa eratzen duen airea birarazi egiten du. Ipar hemisferioan, erlojuaren orratzen kontrako noranzkoan biratzen da airea, eta Hego hemisferioan, beste aldera. Troposferako haizeek presio baxuko eremu horiek mugitu egiten dituzte, eta, kondizioak egokiak badira, depresioaren erdian begia sortuko da.
Presio baxuko eremu hori garatu eta zikloi tropikal bihurtzeko, kondizio jakin batzuk behar dira: itsasoaren gainazaleko ura beroa izatea, ezegonkortasun atmosferikoa egotea, troposferaren beheko aldean hezetasun handia egotea, presio baxuko erdigunea sortzeko besteko Coriolisen indar izatea eta haizeak altuera bakoitzean duen abiadura edo norabidea besteekiko oso ezberdina izatea. Kondizio horiek badaude, litekeena da presio baxuko eremua garatu eta zikloi tropikal bihurtzea.
Garapena
Itsasoaren mailan dagoen aire bero eta hezeak elikatzen du zikloia. Hezetasunez betetako aire beroa gorantz igotzen da zikloiaren erdigunetik, eta zikloi osoan barreiatzen da hezetasuna eta beroa. Hezetasuna kondentsatu eta lainoak eratzen ditu, eta horiek prezipitazioak eragiten dituzte. Kondentsazioaren eraginez, haizearen abiadura areagotu egiten da, askatzen den energiaren zati bat energia mekaniko bilakatzen baita. Haizearen abiadura zenbat eta azkarragoa eta presioa zenbat eta baxuagoa izan, orduan eta ur gehiago lurruntzen da itsasoaren gainazalean, eta hezetasun gehiago kondentsatzen da. Askatutako energiak haize-korronte bertikalak elikatzen ditu. Korronte horien eraginez, ekaitz-laino altuagoak eratzen dira, eta kondentsazioa azkartu. Horrenbestez, etengabe elikatzen eta garatzen den sistema sortzen da, eta hala jarraituko du garapenerako kondizio egokiak dauden bitartean. Lurraren errotazioaren eraginez, sistema osoak biratu egiten du, eta horrek ekaitzaren ibilbidean ere eragiten du.
Zikloi tropikal garatu baten zehar-ebakia. Aire-korronteen ibilbidea
Kondizio horietan garrantzitsuena da itsasoko ura nahikoa beroa izatea, horrek ematen baitu zikloia elikatzeko behar den hezetasun atmosferikoa. Itsasoko ura hoztuz gero, ekaitzak indarra galtzen du. Hozte hori hainbat arrazoiren ondorio izan daiteke: zikloiaren eraginak berak hotz dezake gainazala (beroa xurgatu duelako); zikloiarekin batera agertzen den haizeak eraginda, itsas hondoko ur hotza azalerantz igo daiteke, eta, beraz, uraren gainazala hoztu egiten da; beste sistema batzuetako lainoek eguzkiaren lana oztopa dezakete eta abar.
Halaber, zikloia itsasotik lurrerantz mugitzen denean ahuldu egiten da, lurrean ez baitago zikloiaren konbekzioa elikatzeko behar den beste hezetasun.
Zikloiek prezipitazio handiak, haize bortitza, olatu handiak eta uholdeak eragiten dituzte. Hala ere, zikloiaren begian baretasuna da nagusi. Begian dago presiorik baxuena, eta hortik igotzen da hezetasunez betetako aire beroa. Hala ere, begiaren inguruan agertzen dira haizerik bortitzenak eta prezipitaziorik handienak, han kontzentratzen baita laino gehien.
Higos tifoia. 2002an Japonia jo zuen eta uholde larriak eragin zituen
Aipatu bezala, zikloiak lurra jotzen duenean indarra galtzen du. Baina, kostaldeak izugarrizko kalteak pairatzen ditu, zikloiaren indar osoa jasaten baitu. Edonola ere, kostaldetik barnerantz ere sartzen dira ekaitz-hodeiak, eta horien prezipitazioek uholdeak eragin ditzakete. Halaber, itsasoko uraren uholdeak kostaldetik barnerantz 40 km-raino hel daitezke.
Zikloiek eragiten dituzten kalteak nabariak badira ere, kontuan hartu behar da ekuatoreetako beroa eta energia iparreragoko latitudeetara garraiatzen dutela, eta, beraz, mundu mailako zirkulazio atmosferikoaren zati garrantzitsu direla. Horrenbestez, zikloiek lurreko troposferaren orekari eusten eta mundu mailako tenperatura egonkorra eta epela izaten laguntzen dute.