depresio

1. Meteorol.
sin. zikloi, behe-presio, presio baxuko gune

Atmosferan, ingurunearekin alderatuz, presio atmosferiko baxua duen eremua (1.014 milibarren azpitik); haizeak presio baxueneko gunearen inguruan biratzen du, Ipar hemisferioan erlojuaren orratzen kontrako noranzkoan eta Hego hemisferioan erlojuaren orratzen noranzkoan.

Latitude ertaineko depresio baten eskema orokorra
Latitude ertaineko depresio baten eskema orokorra

2. Psikiatr.

Buru-nahaste psikotiko edo psikoneurotikoa, ezaugarri nagusitzat tristura, larritasuna, ezkortasuna, bizitzeko gogorik eza, erru-sentimenduak eta etorkizunari esperantzarik gabe begiratzea dituena.


1. Meteorol.
Atmosferan, ingurunearekin alderatuz, presio atmosferiko baxua duen eremua (1.014 milibarren azpitik); haizeak presio baxueneko gunearen inguruan biratzen du, Ipar hemisferioan erlojuaren orratzen kontrako noranzkoan eta Hego hemisferioan erlojuaren orratzen noranzkoan.

Depresioa Edit

Egilea: Elhuyar

DEPRESIOA

Atmosferan inguruko presioa baino baxuagoa duen eremuari deritzo depresio. Lurreko eskualde askotan sortzen dira presio baxuko eremuak, batez ere, tropikoetan, latitude ertainetan, basamortuetan eta poloetan. Hala ere, tropikoetakoak eta latitude ertainekoak dira munduko eguraldian, oro har, eragin handiena dutenak.

Tropikoetako depresioak

Tropikoetako depresioak konbergentzia-zona intertropikalean eratzen dira; Hadley zelulen zirkulazioaren ondorio zuzena dira (zirkulazio atmosferiko). Eguzkiaren eraginez, ekuatorean ura lurrundu egiten da, eta atmosferako airea berotu. Aire bero eta hezeak hotzak baino dentsitate txikiagoa duenez, igo egiten da eta atmosferan presio baxuko eremua sortzen da, hots, depresioa. Airearen zirkulazioaren eraginez, tropikoetarantz mugitzen dira eremu horiek. Ipar hemisferioan, beraz, iparralderantz mugitzen dira. Bidean, airea hoztu egiten da eta hezetasuna kondentsatu. Horrek lainoak sortzea eta prezipitazioak gertatzea eragiten du. Tropikoetako depresioek kondizio egokiekin topo egiten dutenean, adibidez, itsasoko urak tenperatura egokia duen tokira heltzean, depresioek indarra har dezakete eta zikloi bihurtu (zikloi).

Latitude ertainetako depresioak

Latitude ertainetan, berriz, airearen zirkulazioaren eraginez agertzen dira presio baxuko eremu horiek, baina, kasu horretan, polotik datorren aire hotzak parte hartzen du. Latitude horietan, hegoaldetik datorren aire beroko masak polotik datorren aire hotzeko masarekin topo egiten du, eta hor sortzen dira presio baxuko eremuak. Eremu horiek garatu ahala, bi fronte agertzen dira, hegoaldetik datorren aire beroko frontea, fronte beroa, eta iparraldetik datorren aire hotzaren frontea, fronte hotza. Presio baxuko eremua erdigunetzat hartuta, airea mendebaldetik ekialderantz biratzen da, hots, erlojuaren orratzen kontrako noranzkoan (Ipar hemisferioan).

grafikoak1

Latitude ertaineko depresio baten eskema orokorra

Demagun, presio baxuko eremu baten ertzak ukituko duen tokian gaudela. Aipatu dugun aire-mugimenduaren noranzkoaren eraginez, gure gainetik aire beroko frontea igaroko da lehendabizi. Aire bero eta hezea darama eta lehendik zegoen aire hotzarekin topo egitean, airea hoztu eta lurruna kondentsatu egiten da. Lainoak eratzen dira, eta prezipitazioak gerta daitezke. Fronte hotza heldu bitartean, tenperatura igo egiten da eta presioa jaitsi. Kontuan hartu behar da aire hotza aire beroa baino azkarrago mugitzen dela, horregatik, fronte hotza apurka-apurka fronte beroaren atzean kokatuko da; bi fronteek alderantzizko V baten forma eratuko dute, eta fronteek bat egiten duten puntua depresioaren erdigunea izango da. Fronte hotzak poloetako aire hotza dakar, eta, fronte beroak ekarri duen airea baino astunagoa denez, aire beroaren azpitik mugitzen da, eta, beraz, presio atmosferikoa jaitsi egiten da. Aire beroa igotzeak prezipitazioak eragiten ditu, eta haizea hego-mendebaldekoa izatetik ipar-mendebaldekoa izatera igarotzen da. Tenperatura jaitsi egiten da eta presioa igo. Frontea igaro ondoren, lainoak zerutik desagertu egingo dira eta egoera, oro har, egonkortu egingo da.

Basamortuetako depresioak

Basamortuetako lurrak hezetasunik ez duenez, eguzkiak azkar berotzen ditu atmosferako beheko geruzak. Hori dela eta, eremu horretako airea inguruko aire hotza baino arinagoa da. Horri aire beroak gorantz igotzeko duen joera gehituz gero, presio baxuko eremu isolatua agertzen da.

Poloetako depresioak

Eskualde polarretako presio baxuko eremuak, berriz, oso gutxi aztertutako fenomenoa dira. Eskala txikikoak dira, eta gutxi irauten dute. Horri gehitzen badiogu jende gutxi bizi den Lurreko eskualdeetan sortzen direla, ez da harritzekoa jakitea 1960. hamarkadara arte ezezagunak izan zirela. Gaur egun, satelite bidezko irudiei esker ikusi da eskualde horietako depresioek zer itxura duten: batzuetan latitude ertainetako depresioen antza dute, eta garatuenak tropikoetako zikloien forma hartzera hel daitezke. Batez ere, eskualde horietan dauden petrolio- eta gas-plataformentzat dira kaltegarriak. Depresio polar aktiboenak izotzik gabeko itsas eremuetan agertu ohi dira. Ozeano Artikoan neguan agertzen dira, Norvegiar itsasoan, Barents itsasoan, Japoniako itsasoan eta Alaskako golkoan. Ozeano Antartikokoak ahulagoak eta txikiagoak izan ohi dira.