machine

1. Teknol.

Indar edo energia bat erabiliz, eta higidura konbinatuen bidez, lan bat egin edo funtzioren bat betetzen duen aparatu edo aparatu-multzoa, dela bere kabuz, dela erabiltzaileak maneiatuta.

1. Teknol.
Indar edo energia bat erabiliz, eta higidura konbinatuen bidez, lan bat egin edo funtzioren bat betetzen duen aparatu edo aparatu-multzoa, dela bere kabuz, dela erabiltzaileak maneiatuta.

Makina Edit

Egilea: Iñaki Azkune

MAKINA

Jakineko lan edo eginkizuna betetzeko tresna edo tresna-multzoa da. Bere kabuz edo maneiatzaileak gidatuta ibil daiteke. Makinak elementu finkoak eta higikorrak izaten ditu, eta loturen bidez energia eraldatu egiten du. Makinen helburua lana errazago egitea da.

Makineria funtzionamendu-unitatea osatzen duen makina multzoa dela esaten da, baina gailua higiarazten duen mekanismoari ere esaten zaio.

Makinen osagaiak

Makinen ohiko osagaiak hauek izaten dira: motorra, bastidorea edo xasisa, mekanismoa eta segurtasun-osagaiak.

  • Motorra edo sorgailua. Lana burutzeko energia ematen duen gailua da. Argitu beharra dago motorra bera ere makina dela. Motorren egitekoa energia (elektrikoa, kimikoa, potentziala...) energia mekaniko bihurtzea da, ardatza biraraziz edo pistoiari atzera-aurrerako higidura ezarriz. Zenbait makinatan prozesua alderantziz egiten da, hots, energia mekanikoa energia elektriko, kimiko, etab. bihurtzen da. Horiek sorgailuak direla esaten da. Ponpak eta konpresoreak ere talde horretakoak dira.

  • Bastidorea edo xasisa. Egitura zurruna izaten da. Gainean finkatzen zaizkio motorra eta mekanismoa, eta elementu guztien arteko lotura segurtatzen da.

  • Mekanismoa. Elementu mekaniko, hidrauliko edo pneumatikoen multzoa da. Elementu batzuk higikorrak dira, eta motorrak hornitutako energia lan baliagarri bihurtzen dute.

  • Segurtasun-osagaiak. Makinan lanean ari den pertsona babesteko dira. Industrian eta beste edozein arlotan alderdi garrantzitsua da langilea babestea.

Makina eta gailuen sailkapena

  • Elementu mekanikoak. Batzuk hauek dira: gurpila, ardatza, malgukia, engranajea, uhala, errodamendua, katea, pinoia...

  • Makina sinpleak. Hauetakoak dira torlojua, polea, ardatza eta gurpila, plano inklinatua, palanka eta falka, adibidez.

  • Erlojuak. Penduludun erlojua, kronometroa, erloju digitala, erloju atomikoa...

  • Konpresoreak. Aire-konpresoreak, pistoidunak, birakari helikoidalak, paladunak...

  • Ponpak. Ponpa-mota batzuk hauek dira: pistoizkoak, zentrifugoak, bero-ponpak, olio-ponpak, ponpa hidraulikoak, pneumatikoak, mintzezkoak, engranajezkoak, helikoidalak, palazko ponpa birakariak, huts-ponpak, injekzio-ponpak...

  • Bero-makinak. Kanpo-errekuntzako makinak (lurrun-makina, Stirling makina...) eta barne-errekuntzako makinak (gasolinazko motorra, diesel motorra, motor birakaria edo Wankel motorra, etab.; barne-errekuntzako motor).

  • Turbinak. Talde honetakoak dira gas-turbinak, turbina hidraulikoak, erreakziozko motorra, sorgailu eolikoak, etab. (gas-turbina; lurrun-turbina; ur-turbina).

  • Makina-erremintak. Piezen mekanizazioan erabiltzen dira: tornua, fresatzeko makina, mandrinatzeko makina, zulatzeko makina, brotxatzeko makina, etab.

  • Saiakuntza mekanikoetarako makinak. Durometroak, Charpyren pendulua, prentsak, rugosimetroak...

  • Makina elektrikoak. Alternadoreak, dinamoak, korronte zuzeneko motorrak, korronte alternoko motorrak (trifasikoak, monofasikoak, asinkronoak, urtxintxa-kaiolakoak...), etab. (motor elektriko; sorgailu).

  • Makina elektronikoak. Ordenagailua, kalkulatzeko makina, jokoetarako makinak, osziloskopioa, makina birtualak, diodoak, transistoreak, kondentsadoreak... (ordenagailu; transistore).

  • Soldatzeko makinak. Arkuz soldatzekoak, erresistentzia elektrikoz soldatzekoak, puntuz soldatzekoak, laser bidez soldatzekoak, eskuz soldatzekoak, soldatzeko makina erdi-automatikoak, soldatzeko makina automatikoak, etab.

  • Nekazaritzarako makinak. Batzuk hauek dira: uzta-makina, belar-bolak egiteko makina, ereiteko makina, landatzeko makina, sasi-garbitzeko makina, garijotzeko makina, ongarritzeko makina, sega-makina, jezteko makina...

  • Etxebizitzatako makinak. Su elektrikoak, lisaburdinak, zuku-makinak, jogurt-makinak, hozkailuak, ontzi-garbigailuak, labeak, arropa-garbigailuak, bizar-makinak (eskuzkoak, elektrikoak), ilea mozteko makinak, depilatzeko makinak, josteko makinak...

  • Eraikuntzako makinak. Garabiak, kargagailuak, hormigoi-makinak, hondeamakinak, zanpatzeko makinak, nibelatzeko makinak, aldamioak...

  • Garajetako makinak. Diagnostiko-makinak, gurpilak orekatzeko makinak, katu hidraulikoak, etab.

  • Irudigintzako makinak. Zinema-proiektagailua, diapositiba-proiektagailua, argazki-makina, bideokamera, zinema-kamera, etab.

Sailkapen honetatik kanpo beste hainbat eta hainbat makina ere badago: tren-makina (bagoiei lotu eta hauek garraiatzeko erabiltzen dena), paper-makina (paper-orea azkar eta era jarraituan paper lehor bihurtzen duena), elurra kentzeko makina, botilatzeko makina, bobinatzeko makina, robotak, txanpon-makinak, pisatzeko makinak (balantzak, baskulak...), etab.