sorgailu

1. Teknol. Elektr.
sin. sorgailu elektriko

Energia mekanikoa energia elektriko bihurtzen duen gailu elektromagnetikoa.

1. Teknol. Elektr.
Energia mekanikoa energia elektriko bihurtzen duen gailu elektromagnetikoa.

Sorgailua Edit

Egilea: Elhuyar

SORGAILUA

Sorgailua makina elektriko birakaria da, eta bi osagai nagusi ditu: zirkuitu magnetikoa eta zirkuitu elektrikoa. Haren funtzionamenduaren funtsa indukzio elektromagnetikoa da: eroale batek eremu magnetiko bat zeharkatzen duenean edo eroalearen inguruko fluxu magnetikoaren intentsitatea aldatzen denean, eroalean indar elektroeragile bat induzitzen da, hau da, eroalearen muturren artean potentzial-diferentzia bat agertzen da. Sorgailuan ekoizten den energia elektrikoa kanpoko zirkuitu batera ateratzen da, zuzenean erabili edo metatu ahal izateko.

Sorgailua birarazteko energia mekanikoa emateko, era askotako iturriak erabiltzen dira: ur-turbinak; haize-turbinak; erregai-fosilen errekuntzak edo fisio nuklearrak askatutako beroarekin produzitutako lurruna erabiltzen duten lurrun-turbinak; gas erregaia zuzenean turbinan erretzen duten gas-turbinak edo gasolina- eta gasolio-motorrak. Eta sorgailuen abiadura eta ezaugarriak ere era askotakoak dira, iturri horien araberakoak baitira.

Sortzen duten tentsio elektrikoaren arabera, sorgailuak bi motatakoak izan daitezke: alternadoreak, kanpoko zirkuituari korronte alternoa ematen badiote; eta dinamoak, korronte zuzena ematen badiote. Oinarrizko osagaiak eta funtzionamendu-printzipioa berdinak dira bietan. Sorgailurik sinpleenean material eroalezko espira bat (zirkunferentzia ireki bat) biraka ari da iman iraunkor baten bi poloen artean. Bira oso bat egiten duen bitartean, espiraren alde batek eremu magnetikoa, lehenik, noranzko batean zeharkatzen du eta, ondoren, kontrako noranzkoan. Hortaz, eroale-zati horretan korronte alternoa induzitzen da beti, lehenik alde batera ibiliko dena eta gero kontrakora. Espira horren mutur bakoitza eraztun irristari bati lotuta dago. Bi eraztunak espirarekin batera biratzen dira. Eraztun horiek, biratzean, eskuila edo ikatz-zati finko bana ukitu eta igurzten dute, eta eskuila horien bidez ateratzen da korrontea kanpoko zirkuitura.

Oinarrizko sorgailu hori alternadorea izango litzateke, korronte alternoa ekoizten duelako. Korronte zuzena lortzeko, espiraren muturrak eraztun irristarietara konektatu beharrean, kommutadore batera konektatu behar dira. Kommutadorea eraztun irristari bat da, baina bi eraztunerditan zatituta dago, eta biak bata bestetik elektrikoki isolatuta daude. Espiraren mutur bakoitza eraztunerdi batera konektatzen da. Hala, ikatz-zatietan barrena kanpoko zirkuitura doan korrontea noranzko bakarrekoa izango da. Beraz, sorgailu hori dinamoa izango litzateke, korronte zuzena ekoizten duelako.

Espira bakarreko sorgailu horretan korrontearen balioa ez da konstantea, taupakaria baizik, zerotik maximo batera doalako eta hortik zerora berriro. Benetako sorgailuek tentsio konstanteko korrontea ematen dute eta, horretarako, espira asko (harilak) dituzte eta, dinamoa bada, kommutadoreak ere segmentu asko ditu. Eta zirkuitu magnetikoa sortzeko, polo-pare bat baino gehiago jartzen da.

Sorgailuen atal mekaniko nagusiak estatorea (finkoa) eta errotorea (birakaria) dira. Dinamoetan, eremu magnetikoa sortzeko harilak estatorean kokatu ohi dira, eta korronte elektrikoa errotoreko hariletan sortzen da. Alternadoreetan, berriz, alderantziz izaten da.