cholestérol
- 1. Biokim./Med.
Animalia-jatorria duen esterola, organismoak sintetizatzen duena eta zelula guztietan agertzen dena. Kontzentrazio altua edukitzeak kalkuluak sor ditzake, eta arteriosklerosia izateko faktore arriskutsua da.
- eu kolesterol
- en cholesterol
- es colesterol

- 1. Biokim./Med.
- Animalia-jatorria duen esterola, organismoak sintetizatzen duena eta zelula guztietan agertzen dena. Kontzentrazio altua edukitzeak kalkuluak sor ditzake, eta arteriosklerosia izateko faktore arriskutsua da.
Kolesterola Edit
Egilea: Helena Ostolaza
Animalia-zeluletan dagoen esterol garrantzitsuena da kolesterola. Terminoa grekozko kole (" behazun") eta stereos ("solido") hitzetatik dator. Kimikoki, 27 karbonoko kolestanotik eratorritako molekula lipidikoa da. A, B, C eta D izenak hartzen dituzten lau karboziklo kondentsatzen dira, eta kolestanoa sortzen dute (ziklopentano perhidrofenantreno edo esteranoa), eta horrek zenbait ordezkapen izaten ditu kolesterol-molekula eratu arte (-CH3 taldeak, C-10 eta C-13 posizioetan; kate alifatikoa, C-17 posizioan; -OH taldea, C-3an; eta lotura bikoitza, C-5en eta C-6ren artean).
Kolesterolaren egitura kimikoa eta 3D errepresentazioa
Kolesterolaren baitan, hidroxilo (-OH) taldeak osatutako buru polar txikia eta esteranoak osatutako isats apolar handia bereiz daitezke; isats apolarrak izaera anfipatiko ahula ematen dio molekulari. Hori dela eta, kolesterol askeak oso disolbagarritasun txikia du uretan (10-8 M); disolbatzaile apolarretan, aldiz, nahiko ondo disolbatzen da (adibidez, kloroformotan).
Ugaztunok bi bide nagusi ditugu kolesterola eskuratzeko. Bata bide exogenoa da, hau da, elikagaietatik xurgatzea. Kolesterola animalia-jatorriko elikagaietan aurkitu daiteke, eta horretan bereziki aberatsak dira arrautza-gorringoa, gibela, garunak eta haragi gorriak. Bestea bide endogenoa da, azetil-KoA forma aktibatuan duen azetato aitzindaritik abiatuz de novo sintesia gauzatzea. Gibela da sintesi-organo nagusia; hala ere, hestea, sexu-guruinak eta giltzurrun-azala ere sintesi-lekuak izan daitezke. Odolean zehar garraiatua izateko, gantz-azidoekin esterifikatzen da. Behin sintetizatu ondoren ez daukagu eraztun-sistema apurtzeko modurik, eta osorik iraizten da. Disolbagarritasun baxua duenez, prezipitatu egin dezake eta odol-hodietan arteriosklerosia sorrarazi (arteriosklerosi).
Kolesterola bizitzarako ezinbesteko molekula da, betetzen dituen funtzio biologiko ugari eta garrantzitsuengatik. Animalia-zelulen mintz plasmatikoaren osagai lipidiko nagusia da fosfolipidoekin batera, eta azken horien propietate físiko-kimikoak erregulatzen ditu, bereziki jariakortasuna. Horrez gainera, mintz biologikoen egituraketan eta seinaleztapen-prozesuetan gero eta esanguratsuagoak bilakatzen ari diren "raft lipidikoak" edo lipidoen domeinuak osatzen ditu kolesterolak. Bestalde, kaltzioaren metabolismoan nahitaezkoa den D bitaminaren aitzindari da, eta, horrez gainera, progesterona, estrogeno eta testosterona hormona sexualen aitzindari, eta azukreen metabolismoan inplikatutako kortisol eta aldosterona hormonen aitzindari ere bada. Behazun-gatzak ere kolesterolaren eratorpenez eratzen dira. Konposatu horiek ezinbestekoak dira digestioan lipidoak xurgatzeko, eta, horrez gainera, gorputzeko kolesterola iraizteko bide nagusia dira.