arteriosklerosi

1. Med.

Arterietako gaixotasun kronikoa. Arteriaren barneko geruzan substantziak pilatzearen ondorioz, arteriak loditu eta gogortu egiten dira eta luzarora hodiaren argia ixtera irits daiteke.

Arteriosklerosi koronarioaren garapen progresiboa. A) Basoaren intimaren lesioa; B) muskulu lisoko zeluletara lipoproteinak sartzea; C) gantz-metaketa eta zuntz-plaka garatzea; eta D) lesio arazotsua garatzea
Arteriosklerosi koronarioaren garapen progresiboa. A) Basoaren intimaren lesioa; B) muskulu lisoko zeluletara lipoproteinak sartzea; C) gantz-metaketa eta zuntz-plaka garatzea; eta D) lesio arazotsua garatzea

1. Med.
Arterietako gaixotasun kronikoa. Arteriaren barneko geruzan substantziak pilatzearen ondorioz, arteriak loditu eta gogortu egiten dira eta luzarora hodiaren argia ixtera irits daiteke.

Arteriosklerosia Edit

Egilea: Ikerne Uria

ARTERIOSKLEROSIA

Arteriosklerosiaren fisiopatologia

Arteriosklerosia mendebaldeko populazioaren zati handi bati erasaten dion odol-hodietako eritasun kronikoa da. Odol-hodien arteriosklerosi-lesioak hainbat aldaketa jasaten ditu denboran zehar: intiman edo arteriaren barne-geruzan hantura gertatzen da, eta apurka-apurka zenbait gai (lipidoak, fosfatoak eta abar) pilatzen dira bertan. Lipido-metaketak gantzezko ildaska bat eratzen du, eta ildaska hau ateroma plaka bihurtzen da denboraren poderioz. Prozesu honek arteriak loditu eta gogortu egiten ditu, eta luzarora odol-hodien argia buxa dezake eta konplikazioak sorrarazi; hala nola, haustura, kaltzifikazioa, hemorragia edo tronbosia.

grafikoak1

Arteriosklerosi koronarioaren garapen progresiboa. A) Basoaren intimaren lesioa; B) muskulu lisoko zeluletara lipoproteinak sartzea; C) gantz-metaketa eta zuntz-plaka garatzea; eta D) lesio arazotsua garatzea

Arteriosklerosiak, batez ere, aortari eta honen adar garrantzitsuenei eragiten die. Hau dela eta, odol-hodi hauek irrigatzen dituzten organoetan agertuko dira sintomak. Esaterako, bihotzeko odol-hodiak estutzean, kardiopatia iskemikoaren sintomak agertzen dira; karotida arteriak erasatean, garuneko hodietako istripu akutua; eta beheko gorputz-adarretako arteriak kaltetzen direnean, aldiz, klaudikazio intermitentea.

Arrisku-faktoreak

Ikerketa klinikoei esker, arterietako gaixotasunak garatzera bultzatzen duten hainbat arrisku-faktore zehaztea lortu da. Arrisku-faktore hauen metatze-efektuak prozedura arteriosklerotikoa azkartzen du. Arrisku-faktoreak bi multzotan bana daitezke: pertsonak aldatu ezin dituenak eta pertsonak aldatu ditzakeenak.

Aldaezinak

  • Adina: gaixotasun kardiobaskularren  ondoriozko gaixotze-tasa eta heriotza-tasa adinarekin handituz doa; batez ere, hirurogei urtetik aurrera.

  • Sexua: gizonezkoek, emakumeekin alderatuz gero, garuneko hodietako istripu akutua nahiz bihotzeko infartu akutua izateko arrisku handiagoa dute. Emakumeek, ugalkortasun-garaian, odoleko kolesterol-maila neurri baxuetan mantentzen duten hormonak ekoizten dituzte; estrogenoak, alegia. Gizonezkoen hormonek, aldiz, kolesterolemia-mailak handitzen dituzte.

  • Arraza: gaur egun zergatia ezezaguna den arren, arraza beltzeko pertsonek arraza zurikoek baino hipertentsio arterialerako joera handiagoa dute.

  • Herentzia: senitartekoren batek arteriosklerosia izanez gero, gainontzeko senitartekoek ere pairatzeko joera handiago bat nabarmendu da.

Aldagarriak

  • Tabakoa: erretzaileek, ez erretzaileekin alderatuz gero, arteria koronarioetako gaixotasunen ondoriozko heriotza-arrisku handiagoa dute. Dena den, tabakoa utzi eta hamar urtera, gaixotasun kardiobaskularrak izateko arriskua asko gutxitzen da, eta inoiz erre ez duen pertsona baten arrisku-mailara iristen da ia-ia.

  • Hipertentsioa: odoleko presio altuak bihotzari lan gehiago eragiten dio, eta, denboraren poderioz, bihotzaren ahuldadea sorrarazten du. Hipertentsioa zuzentzeko, gatz gutxiko dieta egitea, gehiegizko pisua saihestea eta ariketa fisikoa egitea komeni da. Kasu batzuetan, ordea, botikak hartu behar dira tentsio arteriala neurri normalen barnean mantendu nahi bada; hau da, 140-190 mmHg azpitik.

  • Hiperlipidemia: hiperlipidemiak odoleko kolesterol-maila eta triglizeridoen maila handitzea adierazten du (kolesterol). Odolean dabilen koipe guztia kontuan hartuz, lipoproteinak, kolesterola eta triglizeridoak izan ohi dira gaixotasun kardiobaskularren erantzule nagusiak. Lipoproteinak bakoitza bere aldetik azter daitezke. Dentsitate baxuko koipeak (LDL edo kolesterol txarrak) kolesterol-portzentaia altuak daramatza; ondorioz, ateromak sorraraz ditzake. Dentsitate altuko koipeak (HDL edo kolesterol onak), aldiz, kolesterol-portzentaia baxuagoa daramanez, arteriak garbitzeaz gain, odolaren zirkulazioa hobetzen du.

Odoleko kolesterol-maila

grafikoak2

HDLaren sorreran hainbat eragile ditugu: alde batetik, ariketa fisikoa; bestetik, estrogenoak; eta, azkenik, gantzetan urriak diren dietak (elikagai-piramide; nutrizio).

  • Diabetes mellitusa: diabetes mellitusa duten pertsonek gaixotasun kardiobaskularrak pairatzeko arrisku handiagoa dute. Bestalde, odol-hodietako endekapen-prozesu bat hautematen da diabetesa duten pertsonetan.

  • Obesitatea: gehiegizko pisuak mota guztietako koipe eta gantzen pilaketa errazten du; horien artean, kolesterolarena. Horrez gain, obesitatea duten pertsonek hipertentsio arteriala eta kolesterolemia-maila altuagoak izateko joera izaten dute.

  • Alkohola: gehiegizko edateak tentsio arterialaren igoera nahiz bihotz-gutxiegitasuna ekar dezake.

  • Ariketa fisikoa ez egitea: ariketa fisikoa egitea gomendatzen da; betiere, sexuaren, adinaren, egoera fisikoaren, eta beste hainbat faktoreren araberako ariketa egokia aukeratzea gomendatzen da. Kirolak metabolismoa bizkortzen du, gehiegizko gantzak erretzen laguntzen du, eta kolesterol ona ren (HDLrena) sorrera estimulatzen du.

  • Estresa: gantz-ehunetatik datorren kolesterola odolera askatzeko prozesua errazten du. Horrez gain, estresak arrisku-faktoreak areagotu ditzake; hala nola, janari gehiegi irenstea, erretzea edo odoleko presio-maila altua.

  • Ahotiko antisorgailuak: ahotiko antisorgailuek odoleko kolesterol-maila eta tentsio arteriala handitzen dituzte. Hau dela eta, arazo horiek dituzten emakumeek ezin dituzte antisorgailu-mota hauek erabili. Erretzaileak diren emakumeek, antisorgailuen eraginez, odolaren koagulazioa kaltetzen dute, tronboak sortzea erraztuz.

Ondorioak

Gaixotasun kardiobaskularren arrisku-faktoreak ugariak dira; horien artean, adina, sexua, arraza, aurrekari familiarrak, tabakoa, hipertentsioa, hiperlipidemia, diabetes mellitusa, obesitatea, alkohola, ariketa fisikorik eza, estresa eta ahotiko antisorgailuak. Hauen guztien artean, azken bederatzi arrisku-faktoreak norbanakoaren bizimoduarekin loturik daude, eta saihestu daitezke. Gaixotasun kardiobaskularrak eragiten dituen arteriosklerosia ekidin nahi bada, prebentzioa izango da gakoa; horretarako, jokabide kaltegarriak alde batera uztea, eta ohitura mesedegarriak hartzea ezinbestekoa da.