mineral

1. Miner.

Prozesu fisiko-kimikoen eraginez naturan dagoen elementu edo konposatu kimiko ez-organiko solidoa, homogeneoa eta kristalinoa, konposizio kimiko zehatza eta propietate fisiko-kimiko jakinak dituena.

Sulfatoak: a) igeltsua; b) anhidrita
Sulfatoak: a) igeltsua; b) anhidrita

1. Miner.
Prozesu fisiko-kimikoen eraginez naturan dagoen elementu edo konposatu kimiko ez-organiko solidoa, homogeneoa eta kristalinoa, konposizio kimiko zehatza eta propietate fisiko-kimiko jakinak dituena.

Mineralak Edit

Egilea: Maria Cruz Zuluaga

MINERALAK

Mineral hitza latinezko minare aditzetik eratorria da, eta "meatzaritzan jardun" esan nahi du. Minerala konposatu naturala, solidoa eta ez-organikoa da, barne-egitura ordenatua duena; hau da, atomoek eredu definitu bati jarraitzen diote, eta konposizio kimiko zehatza du.

Definizio horren arabera, baldintza horietakoren bat betetzen ez duten gaiak ez dira mineraltzat hartzen. Konposatu artifizialak, hau da, laborategietan sortutako konposatu sintetikoak, —diamante sintetikoa, esate baterako— ez dira mineralak, konposatu naturala izatearen baldintza ez dutelako betetzen. Maskor fosilak, ikatza edo anbara, berriz, nahiz eta naturalak izan, gai organikoak dira. Ura, likidoa denean, ez da minerala, baina izotza bai, ordea. Gai ez-kristalinoek —hala nola opaloa, obsidiana edo apar-harria gai bolkanikoek— atomoen eredu ordenatuaren baldintzak hausten dituzte, eta mineraloide esaten zaie.

Baina azalpen batzuk eman behar dira: diamanteak eta aragonitoak jatorri organikoa dute, baina, hala ere, inork ez du zalantzan jartzen mineralak direla. Bestalde, merkurioa likido eran agertzen da, eta elementu natibo bat da; beraz, mineral bat da. Jende askok ezagutuko du, betiko termometroetako zilar-koloreko likidoa baita.

Mineral hitzaren inguruan badaude beste batzuk haren ordez erabili ezin direnak, eta nahasi behar ez direnak. Esate baterako, arroka mineral batez edo gehiagoz osaturiko material solidoa da. Kareharri asko ia kaltzitaz bakarrik osatuta daude, baina beste arroka batzuetan, hala nola granitoan, mineral asko aurki ditzakegu: kuartzoa (SiO2), feldespato potasikoa (KAlSi3O8), biotita (K(Mg,Fe)3 (AlSi3O10)(OH)2) eta abar. Beste bat mea da, etekin ekonomikoa duen mineral-elkartea aipatzeko erabiltzen dena; ekonomiaren gorabeheren arabera, aldi batzuetan mineral batzuk meak izango dira, eta beste batzuetan ez. Adibidez, aldi batean, galena (PbS, berun sulfuroa) mea izan zen, baina, gaur egun, beruna oso poluitzailea denez, ez da ustiatzen, eta, hortaz, lehen izan zuen etekin ekonomikoa galdu du. Mearekin batera agertzen diren etekin ekonomiko gabeko beste mineralei ganga deitzen zaie. Gerta daiteke batzuk denborarekin ganga izatetik mea izatera pasatzea. Azkenik, harribitxi (gema) terminoa dugu; apaingarri gisa erabil daitekeen edozein mineral, mineraloide edo gai organiko izendatzeko erabiltzen da.

Mineralen propietate fisikoak

Mineralen propietate fisikoak erabat lotuta daude izaera kimikoarekin, lotura kimiko motekin eta atomo edo ioien eredu ordenatuarekin. Mineral batek beti propietate fisiko berdinak ditu (propietate optikoak barne), dagoen tokian dagoela ere. Horrelako propietate batzuk esku-laginetan zehaztu daitezkeenez, mineral bat besteetatik desberdintzeko erabiltzen dira. Beste propietate fisiko batzuk X izpien bidez edo modu optikoen bidez zehazten direnez, berariazko ekipamendua behar da, askotan konplexua, eta laginak bereziki prestatzea eskatzen dute.

Hauek dira esku-laginetan erabiltzen diren propietate fisikoak, eta prestakuntza berezirik izan gabe ikus eta erabil daitezkeenak.

Habitua

Kristal baten kanpo-itxura da, eta atomoen barneko simetriarekin lotuta dagoen propietatea da. Mineralak kanpoko morfologia ondo garatua izateak adierazten du baldintza egokietan sortu zela, hau da, hazteko nahiko leku eta denbora izan zuela, eta presioa eta tenperatura egokiak izan zirela. Horrela ez denean, kristalak oso tamaina txikikoak izaten dira, eta, begi-bistaz ezin direnez ikusi, mikroskopio petrografiko bat erabiltzen da. Mineral gehienek ez dute habitu erregularra.

Habitua deskribatzeko, honelako terminoak erabiltzen dira, adibidez, mineral-banakoei dagokienez:

  • Azikularrak : mineralak mehe eta luzeak direnean, eta orratz-itxura dutenean.

  • Ilekarak: mineralak oso mehe eta luzeak direnean, eta hari- edo ile-itxura dutenean.

  • Orritsuak: mineralak zapalak direnean, eta hosto-itxura dutenean.

  • Zutabe-itxurakoak: kristal luzangak, azikularrak baino lodiagoak direnean.

  • Tabularrak: taula-formakoa. Kristalek zabalera baino lodiera txikiagoa dutenean.

grafikoak1

Mineral-banakoen habituak: a) azikularra (kuartzoa); b) ilekara (asbestoa); c) zutabe-itxurakoa (turmalina); d) tabularra (baritina) (iturria: Mineralogia eta Petrologia Saileko bilduma. Zientzia eta Teknologia Fakultatea − UPV/EHU; argazkia: Elhuyar Fundazioa)

Hala ere, mineralak gehienetan multzoka edo agregakinetan azaltzen dira, eta habitua, adibidez, termino hauekin azaltzen da:

  • Dendritikoa: kristalek landare-itxurako formak hartzen dituztenean.

  • Haritsua: agregakineko kristal guztiak zuntz-itxurakoak direnean.

  • Botroidala: forma globularrak mahats-mordo itxurako egituretan biltzen direnean.

  • Giltzurrun-itxurakoa: erradialki hazita dauden kristalak masa biribiletan bukatzen direnean, eta giltzurrun-forma hartzen dutenean.

  • Globulu-itxurakoa: esferatan edo esferaerditan erradialki hazita dauden kristalak.

  • Drusa: hutsune bat kristalez estalita dagoenean. Hutsuneak esfera-forma duenean eta erabat kristalez beterik dagoenean, geoda esaten zaio.

grafikoak2

Mineral-agregatuen habituak: a) dendritikoa (pirolusita); b) haritsua (asbestoa); c) botroidala (hemimorfita); d) giltzurrun-itxurakoa (goethita); e) globulu-itxurakoa (hemiedrita); f) drusa (amatista) (iturria: Mineralogia eta Petrologia Saileko bilduma. Zientzia eta Teknologia Fakultatea − UPV/EHU; argazkia: Elhuyar Fundazioa)

Kolorea

Mineral-azalean islatzen diren argi-uhinen aurrean begiek duten erantzuna da. Mineral askorentzat kolorea berezko propietate bat da, baina beste mineral askotan propietate aldakorra da, eta kasu horietan ezin da erabili irizpide desberdintzaile gisa.

Beti kolore bereizgarri bera duten mineralak idiokromatikoak dira, hau da, berezko kolorekoak.

grafikoak3

Mineral idiokromatikoak: a) azurita; b) malakita (iturria: Mineralogia eta Petrologia Saileko bilduma. Zientzia eta Teknologia Fakultatea − UPV/EHU; argazkia: Elhuyar Fundazioa)

Ezpurutasunengatik, barne-egiturako aldaketaren batengatik edo sortze-baldintzengatik kolore desberdinak dituzten mineralak alokromatikoak dira, edo kolore arrotzekoak.

grafikoak4

Mineral alokromatikoa (fluorita) (iturria: Mineralogia eta Petrologia Saileko bilduma. Zientzia eta Teknologia Fakultatea − UPV/EHU; argazkia: Elhuyar Fundazioa)

Distira

Mineral-azalean argia islatzen denean mineralak hartzen duen itxura da. Mineralen distira bi motatakoa izan daiteke: metalikoa eta ez-metalikoa. Talde horien arteko banatze-lerroa ez dago argi, eta talde bien artean dauden mineralei submetaliko esaten zaie.

Distira metalikoa dutenek metal-itxura dute, eta argia zeharkatzea galarazten dute.

grafikoak5

Distira metalikoa duen galena minerala (iturria: Mineralogia eta Petrologia Saileko bilduma. Zientzia eta Teknologia Fakultatea − UPV/EHU; argazkia: Elhuyar Fundazioa)

Distira ez-metalikoa duten mineralak, oro har, kolore argikoak izaten dira, eta argia igortzen dute. Mineral horien distira aipatzeko, termino hauek erabiltzen dira:

  • Beirakara: beiraren distira duenean.

  • Diamantekara: distira bizia eta distiratsua duenean, diamanteek bezalakoa.

  • Perlakara: perlek duten distira irisatua duenean.

  • Erretxinakara: erretxinaren distira duenean.

grafikoak6

Distira ez-metalikoa duten mineralak: a) beirakara (kuartzoa); b) erretxinakara (esfalerita) (iturria: Mineralogia eta Petrologia Saileko bilduma. Zientzia eta Teknologia Fakultatea − UPV/EHU; argazkia: Elhuyar Fundazioa)

Marra

Mineral-hautsaren kolorea da. Portzelanazko plaka baten gainean igurtziz ateratzen da. Baina portzelanak 7ko gogortasuna duenez, metodo hau ezin da erabili gogortasun handiagoa duten mineralekin. Nahiz eta mineralaren kolorea aldatu, marra beti aldaketarik gabe mantentzen da, eta, horregatik, mineralen benetako kolorea dela esaten da.

grafikoak7

Marraren bi adibide: a) galena; b) hematitea (iturria: Mineralogia eta Petrologia Saileko bilduma. Zientzia eta Teknologia Fakultatea − UPV/EHU; argazkia: Elhuyar Fundazioa)

Gogortasuna

Mineralak urradurekiko edo marratzearekiko duen erresistentzia da, eta H letrarekin adierazten da beti. Gogortasun-maila altzairuzko punta batez edo beste mineral batez marratzeko duen erraztasunaren edo zailtasunaren behaketaren bidez atera daiteke.

Mineralen gogortasuna neurtzeko erabiltzen diren ohiko gauzek gogortasun hauek dituzte: azazkalak H = 2,5, labanak H = 5, eta beirak H = 5,5.

Mohsek (1824) hamar mineral arrunt dituen eskala proposatu zuen, konparazioz, edozein mineralen gogortasuna jakiteko. Ondoren aipatzen diren mineralak goranzko gogortasunaren arabera ordenatuta daude, eta horri Mohs eskala esaten zaio:

grafikoak8

Moshen eskala

Gogortasun handiko mineralak gogortasun txikiagokoak marratzen ditu. Horren arabera, mineral gogorrena diamantea da, eta edozein mineral marra dezake.

Esfoliazioa

Mineralak lotura ahuleko planoetatik apurtzeko joera da; apurtzean, azal lauak ematen dituzte.

Mineral batzuetan, norabide bakarrean gertatzen da apurketa hori, (muskovitan) eta, beste batzuetan, bi norabidetan edo gehiagotan (kaltzitan). Hala, esfoliazio-mota desberdinak ematen dituzte.

grafikoak9

Esfoliazioa: a) muskovita; b) kaltzita (iturria: Mineralogia eta Petrologia Saileko bilduma. Zientzia eta Teknologia Fakultatea − UPV/EHU; argazkia: Elhuyar Fundazioa)

Apurketa

Esfoliaziorik ez duten mineralak (hala nola kuartzoa) hausteko erari apurketa esaten zaio.

Apurketa-mota bat baino gehiago dago: konkoidea, ezpaltsua eta abar.

grafikoak10

Apurketa konkoidea duen silexa (iturria: Mineralogia eta Petrologia Saileko bilduma. Zientzia eta Teknologia Fakultatea − UPV/EHU; argazkia: Elhuyar Fundazioa)

Pisu espezifikoa

Dentsitatearen antzekoa da, eta G hitzarekin adierazten da. Mineralaren pisua bolumen bera duen uraren pisuaz zatituz kalkulatzen da. Praktika apur batekin, eskuarekin eutsiz, mineralen pisu espezifikoari antzeman dakioke. Mineral batzuen pisu espezifikoak hauek dira: oro har, kolore argiko gehienek 2,7 ingurukoa dute, mineral metalikoek batez beste 6, baritak (bario sulfatoa) 4,5 eta zinabrioak (merkurio sulfuroa) 8,2.

Mineralen sailkapena

Mundu osoan onartuta dagoen mineralen sailkapena osaera kimikoaren arabera egindakoa da. Arrazoi nagusiak bi dira. Lehena da anioi edo talde anioniko bera duten mineralek familia-antzekotasun nabariagoak dituztela katioi bera dutenek baino; hala, karbonatoek elkarren artean antz handiagoa dute kobre-mineralek baino. Bigarrena da anioi beraren menpean erlazionatuta dauden mineralek batera agertzeko joera dutela antzeko mineral-hobietan. Hala, sulfuroak zain edo ordezkatze-motako metaketetan elkartuta agertzen dira; silikatoak, berriz, lurrazaleko arroka gehienetan.

Hala ere, laster konturatu ziren osaera kimikoa bakarrik ez zela nahikoa mineral bat bereizteko, eta, harrezkero, barneko egitura ere kontuan izan da sailkapena egitean.

Horren arabera, mineralak klasetan banatuta daude, eta klaseek propietate kimiko berdinak dituztenean, familiatan. Familiak, berriz, antzekotasun kristalografikoen arabera, taldetan banatzen dira. Taldeak espezieekin osoturik daude, eta espezieek propietate fisiko eta kimiko zehatzak dituzte; beraz, mineralak dira. Espezieen barruan aldaerak egon daitezke, mineral beraren forma desberdineko edota kolore desberdineko banakoak.

Mineralen sailkapenean osaera kimikoa erabiltzen denez, lehenago komeni da jakitea zer elementu diren mineraletan nagusi, eta, horretarako, lurrazalaren osaera kimikoa zein den jakin behar da, ezagutzen diren mineral guztiak han agertzen baitira. Lurrazalaren osaera kimikoa aztertzean ikusten da lurrazalaren ia % 99 zortzi elementuk bakarrik osotzen dutela: oxigenoa (O), % 46,6; silizioa (Si), % 27,7; aluminioa (Al), % 8,1; burdina (Fe), % 5,0; kaltzioa (Ca), % 3,6; sodioa (Na), % 2,8; potasioa (K), % 2,6; eta magnesioa (Mg), % 2,1. Elementu horiekin arroka eratzaile deitzen diren mineralak sortzen dira. Gaur egun, 4.000 mineral ezagutzen dira, baina horietatik 300 bakarrik dira ohikoak.

Hemen erabiliko den sailkapena hauetan oinarritua dago: Dana's System of Mineralogy deiturikoan (1944), Palache et al. (1944) eta Strunz Classification deiturikoan (1970). Osaera kimikoa eta egitura erabiltzen ditu irizpidetzat: elementu natiboak, nitratoak, sulfuroak, boratoak, sulfogatzak, fosfatoak, oxidoak eta hidroxidoak, sulfatoak, haluroak, wolframatoak, karbonatoak eta silikatoak.

Mineral-klase horietatik guztietatik silikatoak dira garrantzitsuenak. Mineral ezagunen % 25 dira, mineral arruntenen % 40 inguru eta lurrazalaren % 90.

Ondoren, klase bakoitzeko mineral garrantzitsuen alderdi batzuk aipatuko dira.

Elementu natiboak

Atmosferan dauden gas askeak kenduta, hogei elementu bakarrik agertzen dira natibo gisa, eta honela zatitzen dira: (1) metalak, (2) erdimetalak eta (3) ez-metalak. Arruntenak hauek dira:

  • Metalak: urrea (Au), zilarra (Ag), kobrea (Cu), platinoa (Pt), burdina (Fe).

  • Erdimetalak: artsenikoa (As), bismutoa (Bi).

  • Ez-metalak: sufrea (S), diamantea (C), grafitoa (C).

grafikoak11

Elementu natiboak: a) metala (kobrea); b) ez-metala (sufrea) (iturria: Mineralogia eta Petrologia Saileko bilduma. Zientzia eta Teknologia Fakultatea − UPV/EHU; argazkia: Elhuyar Fundazioa)

Metalak lantzen zituzten lehen zibilizazioek natibo moduan agertzen direnak erabiltzen zituzten. Urreak, zilarrak eta kobreak egitura berdina dute, eta antzeko propietateak. Denak bigunak, malguak, harikorrak eta ebakigarriak dira. Bero- eta elektrizitate-eroale onak dira, distira metalikoa dute, eta apurketa ezpaltsua. Platinoa aurrekoak baino gogorragoa da, eta fusio-puntu altuagokoa. Burdina purua nekez agertzen da Lurraren azalean. Burdin eta nikel-atomoek erradio atomiko ia berdina dutenez, trukatu egiten dira, eta, horregatik, oso zaila da burdina purua aurkitzea. Metal bi horiek burdinazko meteoritoetan agertzen direnez, Lurraren gunea burdina-nikel aleazioaz osoturik dagoela uste da.

Artsenikoa eta bismutoa hauskorrak dira, eta bero-eroaleak, baina aurrekoak baino elektrizitate-eroale txarragoak.

Sufrea, maiz, krater bolkanikoen bazterretan aurkitzen da. Sumendietatik ateratzen diren gasetatik sortzen da.

Diamanteak eta grafitoak osaera kimiko berdina dute, karbonoa, baina barne-egitura desberdina. Propietate horri polimorfismo esaten zaio, eta mineral horiek polimorfoak dira. Erabat desberdinak dira, bai itxuraz, bai propietate fisikoetan, bai sortzeko inguruneetan.

Sulfuroak

Sulfuroak garrantzi handikoak dira, gehienak mineral-meak direlako. Opakuak dira gehienak, zinabrioa, oropimentea eta rejalgarra izan ezik. Osaera kimikoari dagokionez, elementu metalikoaren eta sufrearen edo artsenikoaren konbinazioak dira. Klase honetan, garrantzitsuenak hauek dira:

Galena (PbS)

Berun sulfuroa da. Ondo garatutako kubotan agertzen da. Oso sulfuro arrunta da, eta zainetan agertzen da mineral-elkarteetan, besteak beste esfalerita, pirita, markasita, kalkopirita, barita eta fluoritarekin. Berunaren iturri bakarra da, eta garrantzizko zilar-mea. Beruna metagailu elektrikoen plaketan erabiltzen da, eta beiragintzan. Pintura askoren osagai nagusia da, baina beruna pozoitsua dela eta, erabilera gutxituz joan da. Euskal Autonomia Erkidegoan, hainbat lekutan agertzen da, besteak beste Karrantzan (Bizkaia) eta Oiartzunen (Gipuzkoa).

Esfalerita (ZnS)

Burdina apur bat izaten du beti. Zinkaren mea garrantzitsuena da, eta zeharo mineral arrunta da. Jatorria dela eta, galenarekin erabat lotuta dago, eta zainetan edo ordezkapenezko metaketetan agertzen da. Zinka letoia egiteko erabiltzen da (hain zuzen, letoia kobrezko eta zinkezko aleazio bat da). Besteak beste, pinturen fabrikazioan, tindatze-lanetan eta medikuntzan erabiltzen da. Esfalerita izena grekotik dator, eta traidore esan nahi du (izan ere, batzuetan galenaren antzeko azaltzen da, baina berunik ez du).

Kalkopirita (CuFeS2)

Kobrezko mineral arruntena da, eta metal horren mea. Sulfuro-mea gehienetan agertzen da, baina beste sulfuro batzuk baino tenperatura baxuagoetan sortzen da. Urrea eta zilarra eduki ditzake, eta horien mea bihurtu. Maiz, alteratu eta malakita (berdea) edo azurita (urdina) bihurtzen da. Izena grekotik dator, eta kobrea duen piritaren antzekoa denez, kalko aurrizkia jarri zioten.

Pirita (FeS2)

Kuboa da forma arrunta. Urre-kolorea du, baina erraz oxidatzen da burdin oxidoetara, berezko kolorea galduta. Izaten duen kobrea eta urrea ateratzeko erabiltzen da. Izena grekotik dator, eta sua esan nahi du, mailuarekin jotzean txinpartak ateratzen baititu. Urrearen antzekoa denez, baina askoz ere hauskorragoa, "eroen urre" deitu izan zaio askotan.

Markasita (FeS2)

Sarritan erradialki hazita agertzen da, eta oilar-gandor itxurako maklatzea izaten du. Piritak baino osaera kimiko konstanteagoa du, baina polimorfotzat hartzen da. Ez du erabilera zehatzik.

Zinabrioa (HgS)

Merkurio sulfuro honen propietate nabarmenena pisu espezifikoa da (G = 8,10). Purua denean, bermiloi-kolorekoa da, eta marra eskarlata bat du. Merkurioaren mea garrantzitsuena da, baina leku gutxitan egoten da ustiatzeko beste. Inpregnazio-hobietan eta zainetan agertzen da. Pirita, markasita, kobre sulfuro, kaltzedonia, fluorita eta baritazko ganga batean azaltzen da. Almadengo meatzean dago (Ciudad Realgo probintzian) mineral honen munduko erreserba handiena.

grafikoak12

Sulfuroak: a) markasita; b) zinabrioa (iturria: Mineralogia eta Petrologia Saileko bilduma. Zientzia eta Teknologia Fakultatea − UPV/EHU; argazkia: Elhuyar Fundazioa)

Sulfogatzak

Sufrea duten mineralak dira, baina, egituraren aldetik, sulfuroetatik desberdinak dira. Ehun mineral inguruko taldea da, eta sulfuro arruntekin batera agertzen dira mineral sekundario gisa. Nahiko arraroak dira.

Oxidoak eta hidroxidoak

Oxidoak mineral gogorrak, hauskaitzak eta opakuak dira, arroka askotako mineral osagarriak. Hidroxidoak, ordea, gogortasun gutxiagokoak dira, eta gehienetan alterazioz sortuak izaten dira.

Metal bat edo gehiago oxigenoarekin konbinatzen direnean, mineral-oxidoak sortzen dira. Nahiz eta mineralogian izotza ez den benetako mineraltzat hartu, talderen batean sartzekotan, oxidoetan sartuko litzateke, non metalaren ordez hidrogenoa dagoen. Bestalde, oxido arruntena SiO2-a da, hau da, kuartzoa eta haren polimorfoak; baina, egitura dela eta, mineralogian inoiz ez da oxidotzat hartzen, silikatoa baita.

Hidroxidoak oxhidrilo-taldeak (OH)- edo ur-molekulak (H2O) dituztelako bereizten dira.

Oxido-talde desberdinak daude, eta espezie aipagarrienak hauek dira:

  • Korindoia (Al2O3): kolore askotan agertzen da; arrosan edo urdinean agertzen denean, harribitxi bihurtzen da. Kolore gorria duenean, errubia da, eta, urdina duenean, zafiroa.

  • Hematitea (Fe2O3): burdinaren mea da, eta antzinatik ezagutzen da, duen kolore gorriagatik. Labar-pinturetan, kolore gorria mineral honetatik ateratzen zuten. Izena grekotik dator, eta odol esan nahi du, hautsak duen koloreagatik.

  • Errutiloa (TiO2): hainbat arrokatan mineral osagarria da, eta titanio-aleazioetan erabiltzen da.

  • Pirolusita (MnO2): manganesoaren mea garrantzitsuena da, eta hainbat erabilera ditu.

  • Kasiterita (SnO2): eztainuaren mea da. Burdinarekin nahasita, latorria lortzen da.

  • Magnetita (Fe3O4): burdin mea arruntena da, ustiatzeko adinako kantitatean biltzen bada. Kolore beltza du, eta distira metalikoa. Propietate aipagarriena da oso magnetikoa dela, hau da, imanarekiko erakarpen handia duela.

Goethita (α-FeO(OH)) da hidroxido arruntena, eta uraren eraginez burdina duten mineralak alteratzean sortzen da. Burdin mea izan daiteke. Gallartako eta Arboledako meatzeetan (Bizkaia) mineral hau ustiatzen zen, agortu zen arte.

grafikoak13

a) Oxidoa (hematitea); b) hidroxidoa (goethita) (iturria: Mineralogia eta Petrologia Saileko bilduma. Zientzia eta Teknologia Fakultatea − UPV/EHU; argazkia: Elhuyar Fundazioa)

Haluroak

Haluroak erraz polarizatzen diren karga bakarreko ioi handiak dituztelako bereizten dira —kloro- (Cl-), bromo- (Br-), fluor- (F-) eta iodo (I-)-ioiak, esate baterako—. Ioi horiek katioi handiekin lotzean, paketatze trinkoak sortzen dira, eta elektrizitate-eroale onak dira. Nahiz eta klase honetan 85 mineral egon, aipagarrienak bi dira: halita eta fluorita.

  • Halita (NaCl): Izen arrunta gatza da. Esfoliazio kubikoagatik eta zaporeagatik bereizten da, beste gatz batzuk baino mingostasun txikiagoa duelako. Ur gazia lurruntzean sortzen da, igeltsuarekin, anhidritarekin eta kaltzitarekin, mineral-elkartean. Garai geologiko batean, gatz-metaketa handiak sortu ziren, eta gaur egun diapiro izeneko egituren bidez azaleratzen dira. Janaria prestatzeko ez ezik, beste hainbat gauzatarako ere erabiltzen da: industria kimikoan sodioa eta kloroa lortzeko, larru-zurratzean, ongarrietan eta janarien kontserbazioan. Halita hitzak, grekoz, gatza esan nahi du.

  • Fluorita (CaF2): Kolore askotan agertzen da; beraz, alokromatikoa da. Aldaera batzuek fluoreszentzia-fenomenoa dute, hau da, izpi ultramoreen eraginez argia igortzen dute, eta hortik datorkio izena. Mineral arrunta da, eta oso banatuta agertzen da; metaldun zainetan mineral nagusia edo ganga izan daiteke. Bereziki industria kimikoan erabiltzen da, azido fluorhidrikoa fabrikatzeko, eta altzairugintzan, urgarri gisa.

grafikoak14

Haluroak: a) halita; b) fluorita (iturria: Mineralogia eta Petrologia Saileko bilduma. Zientzia eta Teknologia Fakultatea − UPV/EHU; argazkia: Elhuyar Fundazioa)

Karbonatoak

Mineral hauen oinarri kimikoa (CO3)2- konplexu anionikoa da, eta egituran sendo lotuta dauden unitateak eratzen dituzte. Oinarrizko unitate hauek hidrogeno-ioien aurrean zatitzen dira, eta karbono dioxidoa eta ura ematen dituzte. Horregatik, azidoekin karbonatoek eferbeszentzia dute. Karbonatoak lau taldetan banatzen dira: kaltzita, aragonitoa, dolomita eta (OH)-dun karbonatoak.

Kaltzitaren taldean

Talde honetako mineral garrantzitsuenak kaltzita, magnesita eta siderita dira. Hirurek egitura bera dute, eta katioian bakarrik desberdintzen dira.

  • Kaltzita (CaCO3): kaltzio karbonatoa da. Habitu ugariko minerala da, eta 300 forma desberdin deskribatu dira. Itsaso epeletan sortzen da, eta jatorri organikoa edo ez-organikoa du. Ez-organikoa denean, itsasoan disolbatuta dauden ioien hauspeatzeaz sortzen da, eta, organikoa denean, itsasoko animalien oskoletan eta eskeletoetan sortzen da. Kareharrietan eta marmoletan mineral garrantzitsuena da, eta kareharri-mota batzuetan mineral bakarra. Haitzuloetan agertzen diren estalaktita eta estalagmita gehienak kaltzitazkoak dira. Euskal Autonomia Erkidegoko mendi gehienak kareharrizkoak dira, eta horietan agertzen diren zainak kaltzitaz beterik izaten dira. Kaltzita  batez ere porlanerako eta morteroa egiteko behar den karea lortzeko erabiltzen da. Industria kimikoan, zuritzeko erabiltzen da hainbat produktutan (paper-orean, hortzetako pastan eta abarretan).

  • Magnesita (MgCO3): magnesio karbonatoa da. Kiskalita magnesio oxidoa (MgO) lortzen da, eta labeetako adreilu erregogorrak egiteko eta produktu kimikoak egiteko erabiltzen da.

  • Siderita ( FeCO3): burdin karbonatoa da, eta burdin mea. Gallarta meatzean (Bizkaia) ustiatzen zen 1993. urtera arte.

Aragonitoaren taldea

Talde honetako mineral ezagunena aragonitoa (CaCO3) da, eta kaltzitaren polimorfoa da (osaera kimiko berdina, egitura desberdina). Kaltzita baino presio handiagoko ingurune geologikoetan sortzen da, eta, beraz, presio-baldintzak aldatzen direnean, kaltzitara eraldatzen da. Oskolen nakar-estalkia eta perlak aragonitozkoak dira. Izena Aragon etik dator (Aragoi), lehen aldiz han aurkitu baitzuten aragonitoaren makla pseudohexagonala.

Dolomitaren taldea

Talde honetako mineral aipagarriena dolomita (CaMg(CO3)2) da. Oro har jatorri sekundario du, eta kaltzitak duen kaltzio erdia magnesioz ordezkatzen denean sortzen da. Berun eta zinkezko zainak kareharrietan daudenean ere ager daiteke fluorita, kaltzitarekin, baritarekin eta sideritarekin batera. Gehienbat apaindura-arroka moduan erabiltzen da. Izena Dolomieu (1750-1801) kimikari frantsesaren ohorez dauka. Ankerita (FeMg(CO3)2) dolomitaren antzeko da, baina kaltzioaren ordez burdina du; dolomita bezala sortzen da, baina burdinetan aberatsa den ingurunean.

(OH)-dun karbonatoen taldea

Malakita (Cu2CO3(OH)2) eta azurita (Cu3(CO3)2(OH)2) dira talde honetako kobre karbonatoak. Lehena berdea da, eta bigarrena, urdina. Kobrezko meen alterazioz sortzen dira, eta, kantitatearen arabera, kobrezko meak izan daitezke. Izenak grekotik datoz, eta koloreari egiten diote erreferentzia.

grafikoak15

Karbonatoak: a) magnesita; b) aragonitoa; c) azurita (iturria: Mineralogia eta Petrologia Saileko bilduma. Zientzia eta Teknologia Fakultatea − UPV/EHU; argazkia: Elhuyar Fundazioa)

Nitratoak

Talde honetan zortzi mineral bakarrik daude, denak oso arraroak.

Boratoak

Osaera kimiko konplexua izaten dute, eta boroa ateratzeko erabiltzen dira. Ehun mineral ezagutzen dira, baina ez dira ugariak. Boroa beiragintzan, isolatzaileetan, xaboietan eta garbigarrietan —antiseptiko gisa—  erabiltzen da, besteak beste.

Fosfatoak

(PO4)3- oinarrizko unitate kimikoa duten mineralak dira. Garrantzitsuena eta ugariena apatitoa (Ca5(PO4)3(OH,F,Cl)) da. Osagarria da arroka-mota askotan, eta hezurrak eta hortzak ere fostatozkoak dira.

grafikoak16

Fosfatoa: apatitoa (iturria: Mineralogia eta Petrologia Saileko bilduma. Zientzia eta Teknologia Fakultatea − UPV/EHU; argazkia: Elhuyar Fundazioa)

Sulfatoak

(SO4)2- oinarrizko unitate kimikoa dute. Igeltsua eta barita dira aipagarrienak. Igeltsua (CaSO42H2O) urdun sulfatoa da, eta 95 °C-an berotuz ura galtzen duenean, anhidrita izeneko beste sulfato batean eraldatzen da. Gogortasun txikikoa da (Mohs eskalan 2koa), eta ur gazia lurruntzen denean sortzen den lehenetariko minerala da. Batzuetan basamortuko arrosa agregakin ikusgarrietan azaltzen da. Baritaren (BaSO4) bereizgarri nagusia, mineral ez-metaliko bat izanik, duen pisu espezifikoa da. Igeltsua bezala, batzuetan basamortuko arrosak emanez agertzen da. Zilar-, berun- eta kobre-meen eta beste hainbaten ganga arrunta da. Produktu kimikoetan erabiltzen den barioaren iturri nagusia da. Pinturagintzan kolore zuria lortzeko, eta papergintzan eta arropetan gorputz lodia emateko erabiltzen da, besteak beste.

grafikoak17

Sulfatoak: a) igeltsua; b) anhidrita (iturria: Mineralogia eta Petrologia Saileko bilduma. Zientzia eta Teknologia Fakultatea − UPV/EHU; argazkia: Elhuyar Fundazioa)

Wolframatoak

Klase honetako mineralak ez dira ugariak, eta wolfram-meak dira. Wolframa edo tungstenoa metal gogorrak egiteko erabiltzen da.

Silikatoak

Klase mineral hau beste edozein baino garrantzitsuagoa da, ezagutzen diren mineralen % 25 eta arruntenen % 40 halakoak direlako. Salbuespen gutxirekin, lurrazala osatzen duten arroken % 90 silikatoz osoturik daude (silikato).

grafikoak18

Lurrazaleko mineral arrunten balioztatuko bolumenaren ehunekoa