volcán

1. Geol.

Lur barneko arrokak urtzean sortutako galdatuen, gasen eta, batzuetan, magmatikoak ez diren materialen Lurraren gainazaleko irteera-puntua. Irteera-puntu hori urpean ere egon daiteke.

Mount St Helens (1980ko maiatza). Eraikin bolkanikoaren eta zutabe eruptiboaren ikuspegia
Mount St Helens (1980ko maiatza). Eraikin bolkanikoaren eta zutabe eruptiboaren ikuspegia

1. Geol.

Lur barneko arrokak urtzean sortutako galdatuen, gasen eta, batzuetan, magmatikoak ez diren materialen Lurraren gainazaleko irteera-puntua. Irteera-puntu hori urpean ere egon daiteke.

Sumendia Edit

Egilea: Fernando Sarrionandia

SUMENDIA

Materia modu efusiboan irten daiteke gainazalera (erupzio bolkanikoa) —hots, jario likido koherente gisa (laba-kolada)—, edo leherketen bitartez —gasen espantsioak abiadura handiarekin (< 100-600 m/s) jaurtitzen ditu laba-zatiak (piroklastoak), altuera desberdineko (< 55 km) erupzio-zutabeak eratuz—. Solidotutako labak eta piroklastoek arrokak sortzen dituzte (arroka bolkaniko labikoak eta piroklastikoak) eta horien metaketak jatorri bolkanikoa duten erliebe positiboak eratzen ditu (eraikin bolkanikoak) emisio-puntuaren inguruan. Piroklastoen eta solidotu gabeko laben zati bat emisio-puntutik urrundu daiteke, eta, hala, hoztu, solidotu, eta laba-koladak nahiz metakin piroklastikoak eratu; azkenik, jarduera bolkanikoa bera ere gai da erliebe negatiboak eratzeko (maar).

grafikoak1

Mount St Helens, 1980ko maiatza. Eraikin bolkanikoaren eta zutabe eruptiboaren ikuspegia

Magma (Lur barneko arrokak urtzetik sortutako tenperatura altuko, 600-1.200 °C-ko, galdatua) Lurraren gainazaletik isurtzen denean, laba deitzen zaio, eta gainazaleko magma-irteerari erupzio bolkanikoa (erupzio; magma). Azken hori bide koniko baten bitartez garatzen da erupzio zentraletan, eta gainazalaren ebaketarekin zulo zirkular bat marrazten du. Arrakala-erupzioetan dike baten bitartez izaten da, eta gainazalarekin ebaketa edo haustura linearra edo zirkularra definitzen du; hala ere, arrakala-erupzioak, denborarekin (ordu edo egun batzuen buruan), erupzio zentral bilakatzen dira. Erupzio bolkanikoa gertatu aurretik, magmen mugimenduak eta igoerak lurrikara bolkanikoak sorrarazten dituzte. Sumendi batek historian zehar erupzioak izan baditu, sumendi aktiboa dela esaten da, eta, horrela ez bada, sumendi ez-aktiboa. Hala ere, normalean sumendi aktiboek etenkako jarduera izaten dute, eta erupzioak atsedenaldiekin txandakatzen dituzte. Erupzioen arteko denbora-tartea konstantea da, eta tarte horri itzultze-periodoa deitzen zaio. Sumendi baten itzultze-periodoa ezagutzeak etorkizuneko erupzioak noiz izango diren iragartzen lagundu dezake.

grafikoak2

Aleutiar irletako Cleveland sumendia, 2006ko maiatza (iturria: NASA)

Erupzioan dauden sistema bolkanikoetan, honako elementu hauek bereiz daitezke:

  • Ganbera magmatikoa: lurrazalaren azpiko eskualdea, sumendiek isurtzen dituzten magma mugikorren gordailu.

  • Tximinia: magmak ganbera magmatikotik gainazalera abiatzeko hartzen duen bidea. Irekigunea: laben irteera-zuloa edo arrakala, Lurraren gainazalean kokatuta dagoena.

  • Eraikin bolkanikoa: erupzio bolkanikoetan jaurtitako materialek irekigunearen inguruan altxatutako erliebea; oro har, itxura konikoa hartzen du (kono bolkanikoa), eta altuera desberdinak, hamarka metro batzuetatik milaka metrora bitartekoak.

  • Kraterra: eraikin bolkanikoaren gaineko tamaina txikiko sakonunea (diametroa < 1,5 km), oin laudun kaiku-itxurakoa; sakonune hori erupzio bolkanikoetan gertatutako leherketen eraginez sor daiteke (leherketa-kraterra) edo eraikin bolkanikoaren sabaia hondoratzetik (hondoratze-kraterra).

  • Zutabe eruptiboa: gas-fase jarraitua (batik bat H2O eta CO2), barreiatutako piroklastoak biltzen dituena (laba-zatiak, laba solidotzetik sortutako beirak eta mineralak, eta arroka zatiak) eta leherketa-erupzioetan irekigunearen gainetik atmosferarantz zuzenean abiatzen dena.

  • Laba-kolada: arroken galdatzetik sortutako masa likido koherentea; askotan, arroka-zatiak, bakuoletan kontzentratutako gai lurrunkorrak eta likidotik zuzenean kristaldutako mineralak biltzen ditu, eta Lurraren gainazaletik isurtzen da erupzio efusiboetan.

  • Kolada piroklastikoak: solidotutako laba (bitroklastoak) eta arroka-zatiak gasekin batera nahastuta sortzen dituzten olde beroak (100-600 °C); sumendien magaletatik behera mugitzen dira lur-arrasean, abiadura handiarekin (100 km/h edo gehiago).

  • Galdara sumendiaren gainean kokatutako zabalera handiko (diametroa > 1,5 km) oin laudun sakonune azpizirkularra da, horma oso bertikalez mugatuta dagoena. Sakonune horren sorrera magma kanporatzearekin lotuta dago; magma-bolumen handi bat irteten denean, ganbera magmatikoaren sabaiko arrokak beherantz mugi daitezke failen bidez, egotzitako magmek utzitako hutsunea betetzeko.

grafikoak3

Sistema bolkanikoaren elementuak erakusten dituen ebakidura