magma

1. Geol.

Lur barnean behe-lurrazaleko edo goi-mantuko arroken galdatzetik naturalki sortutako gai mugikor silikatoduna.

<span style="font-style:italic">Laba-kolada</span> (lur-gainazalean isuritako magma) basaltikoa. Mota honetako magmetan, fase likidoaren proportzioa guztiz nagusia da fase gaseoso eta solidoarekiko, eta, beraz, biskositate txikiko fluxuak garatzen dituzte
Laba-kolada (lur-gainazalean isuritako magma) basaltikoa. Mota honetako magmetan, fase likidoaren proportzioa guztiz nagusia da fase gaseoso eta solidoarekiko, eta, beraz, biskositate txikiko fluxuak garatzen dituzte

1. Geol.
Lur barnean behe-lurrazaleko edo goi-mantuko arroken galdatzetik naturalki sortutako gai mugikor silikatoduna.

Magma Edit

Egilea: Fernando Sarrionandia

MAGMA

Magmetan, oro har, hiru osagai bereiz daitezke: 1) fase likido homogeneoa edo galdatua, 2) fase solidoak edo galdatutik zuzenean kristaldutako mineralak eta, azkenik, 3) galdatuak askatutako jariakin lurrunkorrak edo gasak; ezohikoak diren tenperatura oso altuko magmak bakarrik egon daitezke fase likidoz soilik osatuta. Eskuarki, magmaren zati bat besterik ez da galdatua, baina mugikortasuna ematen dio, eta, horri esker, magma gai da sorlekutik igotzeko, goi-lurrazalean kokatzeko edo Lur gainazalean isurtzeko (laba). Magmaren hozketak eta ondorengo solidotzeak arroka igneo plutonikoak (intrusiboa bada) edo arroka igneo bolkanikoak (estrusiboa bada) sortuko ditu. Batzuetan, magmek sorlekuko arroken zatiak ekar ditzakete (restitak) edo igoeran zeharkatutako arrokenak (xenolitoak). Lur gainazalean isuritako magmen tenperaturak 600-1.200 °C ingurukoak dira, eta dentsitatea, 2,4-2,7 g/cm3.

Magma silikatodunen osagai nagusiak O eta Si dira eta, horiekin batera, Al, Fe, Mg, Ca, K, Na, Ti, Mn eta P. Gehienetan, SiO2-edukia, pisu-portzentajean neurtuta, % 40-75 izaten da; hala ere, badira silikatodunak ez diren zenbait magma arraro, karbonatodunak edo sulfuroetan oso aberatsak direnak, adibidez, SiO2-kontzentrazioa % 7 azpitik daukatenak. Gai lurrunkorren edukia, pisu-portzentajean neurtuta, % 0,1-8 da; H2O da gai nagusia, eta, horren atzetik, CO2; horiekin batera, O2, CH4, Cl, SO2, F eta N2 ager daitezke kontzentrazio txikiagoetan.

Mantuko eta lurrazaleko arrokak silikato mineralen nahasketaz eratuta daude. Horregatik, arroka horien galdatzea ez da tenperatura finko batean gertatzen, baizik eta tenperatura-bitarte zabal batean. Lur barneko arrokak galdatzeko, hiru mekanismo nagusi daude:

  • Tenperatura-igoerak eragindako fusioa: arrokaren fusio-tenperatura gainditzea eskatzen du.

  • Deskonpresio-fusioa: arrokek jasaten duten presio-jaitsierak galdatze-tenperatura jaisten du; beraz, Lur barneko arroka batek jasaten duen presio litostatikoa murriztuz soilik galda daiteke.

  • Ur-gehitzeak eragindako fusioa: arroken galdatze-tenperatura kondizio lehorretan baino txikiagoa da kondizio hezeetan; beraz, anhidro baten hidratazioak hasierako arroka tenperatura altuko kondizioetara eramateak arroka galdatzea eragin dezake.

Arroken galdatzea eragiten duten eta magma sorrarazten duten kondizio fisiko-kimikoak zenbait mekanismo edo prozesuren konbinaketen menpe daude. Nagusienak hauek ditugu:

  • Tenperaturaren igoerak eragindako galdatzea: a) arroken edo magmen garraioaren bitartez (adibidez, lurrazal ozeanikoa eratzen duten arroken hondoratzea mantu beroan barne-subdukzioko eremuetan, edo behe-lurrazalaren beroketa, mantutik igotako magmen eraginez) b) Loditutako eremu orogenikoetan, zenbait elementu kimikoren birrintze erradiaktiboaren eraginez.

  • Deskonpresio-galdatzea: a) konbekzioz igotako mantuko arrokak gandor ozeanikoetan eta puntu-beroetan; b) mantu gaineko masa-galera mehetutako lurrazal eremuetan (adib., rift intrakontinental pasiboetan, kolisio osteko eremuetan…).

  • Hidratazioak eragindako galdatzea: mantuan hondoratutako lurrazal ozeanikotik askatutako gai lurrunkorrak/fluidoak garatutako hidratazioa eta galdatzea mantu litosferikoan.

Galdatzean sortu berri den galdatuari magma primario deritzo. Oro har, mantuko arroken galdatzetik sortutako magmek konposizio basikoa izaten dute (SiO2 = % 45-52, pisu-portzentajean); aldiz, lurrazaleko arroketatik sortutako galdatuak azidoak dira (SiO2 > % 65 pisu-portzentajean). Hala ere, magma primarioen konposizio kimikoak eraldaketa sakonak jasan ditzake hainbat prozesuren eraginagatik: 1) kristaltze frakzionatu edo mineral igneo goiztiarren banaketa galdatua, 2) magmak zeharkatutako arroken asimilazioa edo horiek galdatuari eranstea, eta 3) konposizio desberdineko magmen nahasketa.

grafikoak1

Laba-kolada basaltikoa. Mota honetako magmetan, fase likidoaren proportzioa guztiz nagusia da fase gaseoso eta solidoarekiko, eta, beraz, biskositate txikiko fluxuak garatzen dituzte