heart

1. Anat./Zool.

Muskuluzko organoa, aldizka uzkurtuz odola arterietan eta zainetan barrena mugiarazten du. Lau barrunbe ditu: goiko biak aurikulak dira, eta behekoak, berriz, bentrikuluak. Eskuineko aurikulak gorputzetik datorren odola jasotzen du, kaba zainen bidez; gero, odol hori eskuin-bentrikulura igarotzen da, eta handik, birika-arterien bidez, biriketara (han oxigenatzen da odola). Ezkerreko aurikulak biriketatik datorren odola jasotzen du, birika-zainaren bidez; odol hori ezker-bentrikulura igarotzen da, eta handik, aorta arteriaren bidez, gorputz osora.

Giza bihotzaren kanpoaldea, eta arteria eta zain nagusiak
Giza bihotzaren kanpoaldea, eta arteria eta zain nagusiak

1. Anat./Zool.
Muskuluzko organoa, aldizka uzkurtuz odola arterietan eta zainetan barrena mugiarazten du. Lau barrunbe ditu: goiko biak aurikulak dira, eta behekoak, berriz, bentrikuluak. Eskuineko aurikulak gorputzetik datorren odola jasotzen du, kaba zainen bidez; gero, odol hori eskuin-bentrikulura igarotzen da, eta handik, birika-arterien bidez, biriketara (han oxigenatzen da odola). Ezkerreko aurikulak biriketatik datorren odola jasotzen du, birika-zainaren bidez; odol hori ezker-bentrikulura igarotzen da, eta handik, aorta arteriaren bidez, gorputz osora.

Bihotza Edit

Egilea: Karlos Ibarguren

BIHOTZA

Odolak ponpa baten laguntzarik gabe ezin du gorputzeko ehun eta zelula guztietara iritsi. Bihotza da odolari bulkada hori ematen dion eta, ondorioz, behin ere lan egiteari utzi ezin dion organoa. Ehun batzuk beste batzuk baino sentikorragoak dira odolaren zirkulazio-ezak eragiten dien oxigeno-ezarekiko edo anoxiarekiko. Sentikorrenen artean, garuna eta bihotza bera daude.

Animalia guztietan egitura ez da berbera. Barrunbe-kopurua alda daiteke eta barrunbeen arteko konexioak ere desberdinak izan litezke. Hegaztietan eta ugaztunetan lau barrunbe azaltzen dira eta eskuinekoek ez dute ezkerrekoekin konexiorik, tartean patologiarik ez baldin badago behintzat.

grafikoak1

Giza bihotzaren kanpoaldea, eta arteria eta zain nagusiak

Anatomia

Bihotza bularrezurraren atzean eta bi biriken artean kokatua dago, eta perikardio izeneko mintzak inguratzen du. Barrutik hutsa den muskulu gisa defini daiteke. Muskulu hori miokardioa da, eta uzkurtzean odola ponpatzen duen ehun horretan txertaturik sistema eroale izenez ezagutzen den ehun espezifikoago bat dago, kinada elektrikoa garraiatzeaz arduratzen den sistema eroalea, hain zuzen ere. Hutsunea berriz, lau barrunbek osatzen dute.

Eroapen-sistema

Bihotzaren barrunbe guztiak modu koordinatu batean uzkurtzearen arduraduna da eroapen-sistema. Irudian ikus daitekeen bezala, bihotzaren eroapen-sistemak hainbat nodulu eta faszikulu ditu. Horietako bakoitza da kinada bati hasiera emateko gai, baina sinu-noduluak maiztasun altuena duenez, besteak isilarazten ditu. Horrek huts eginez gero, goitik beherako ordenan gainontzekoek hartuko lukete bihotzaren erritmoa gidatzeko ardura, baina maiztasun motelago batekin. Eroapen-sistemak huts eginez gero, barrunbeak modu ez-koordinatuan uzkurtuko lirateke eta behar adina odol ez lukete ponpatuko. Erritmoa asko jaitsiz gero, taupada-markagailu bat behar izatera irits daiteke bihotza.

grafikoak2

Bihotzaren automatismo- eta eroapen-sistemaren eskema

Barrunbeak

Aurikulak bentrikuluekin dute lotura eta bi egitura hauen artean balbula aurikulobentrikularrak daude, trikuspidea eskuinean eta mitrala ezkerrean. Bentrikuluek, berriz, arteriekin dute lotura eta bi egituren artean balbula sigmoideak aurki ditzakegu, aortikoa ezkerrean eta birika-balbula eskuinean. Balbula mitrala bi kuspidez edo balbaz osaturik dago, eta gainontzekoak hiru kuspidez.

Lau barrunbeen paretetan bi geruza bereizten dira, endokardioa barrutik eta miokardioa kanpotik. Miokardioarekin kontaktuan errai-perikardioa edo epikardioa dago, eta hura inguratuz pareta-perikardioa. Bi perikardioen artean, likido perikardikoaren kantitate txiki bat duen espazio birtual bat deskribatzen da; aipatutako likidoak funtzio lubrifikatzailea du.

grafikoak3

Bihotzaren egitura eta odol-fluxua

Eskuineko aurikula

Kaba zainen bidez, zainetako odola jasotzen du eta eskuineko bentrikuluarekin du konexioa, trikuspide izeneko balbularen bidez.

Eskuineko bentrikulua

Bularrezurretik gertuen dagoen barrunbea da. Eskuineko aurikulatik datorkion odola, birika-arterien bidez, oxigenatuko duten biriketara bidaltzen du.

Ezkerreko aurikula

Birika-zaien bidez iristen zaio odola, eta balbula mitralak komunikatzen du ezkerreko bentrikuluarekin. Bentrikuluek baino pareta askoz meheagoa dute aurikulek.

Ezkerreko bentrikulua

Eskuineko bentrikulua baino handiagoa da. Bentrikulu honek ponpatzen du odola gorputz guztira; hori dela eta, ezkerreko bentrikuluaren pareta eskuinekoarena baino hiru aldiz lodiagoa da. Bi bentrikuluen arteko trenkadak ezkerreko bentrikuluaren paretaren lodiera bera du, aurikulen inguruan muskulu-egitura galdu eta mintzezko bihurtzen den arte. Balbula mitralaren kuspideak bentrikuluaren endokardiora lotuak daude. Bertatik bihotzaren argirantz irteten diren forma konikoko muskulu papilarren eta horien jarraipen diren korda tendinosoen bidez lotzen dira balbak endokardiora.

Fisiologia

Bihotzak bere-bereak ditu ondorengo gaitasunak.

Automatismoa (gaitasun kronotropikoa)

Bihotzak bere kabuz, kanpoko kinadarik gabe, erritmikoki uzkurtzeko duen gaitasunari deritzo. Bihotza bularraldetik atera eta iristen zaizkion nerbioen kinadarik gabe utziko bagenu ere, hark taupaka jarraituko luke. Miokardioko atal guztiek dute uzkurtzeko gaitasuna, maiztasun ezberdinez betiere, baina eroapen-sistemaren eta honen barruan sinu-noduluaren gaitasuna da bereziki azpimarratzekoa.

Uzkurgarritasuna (gaitasun inotropikoa)

Miokardioak, gainontzeko muskuluek bezala, uzkurtzeko gaitasuna du. Uzkurtzeko indarra hainbat faktoreren araberakoa da. Hauen artean, zuntzen hasierako luzera da aipagarrienetakoa. Diastolean, bentrikuluetan zenbat eta odol gehiago sartu, gero eta luzera handiagoa hartuko dute zuntzek eta gehiago uzkurtuko dira (Maestrini-Starlingen legea).

Kitzikagarritasuna (gaitasun batmotropoa)

Kanpoko kinadei erantzuteko gaitasuna du miokardioak. Kinada iristean, despolarizatu eta uzkurtu egingo da, baina aldi errefraktario luzea duenez, denbora horretan ez da uzkurtuko eta, ondorioz, ez du beste muskuluen antzera tetanizazio-arriskurik.

Eroankortasuna (gaitasun dromotropikoa)

Kinada garraiatzeko gaitasunari deritzo. Eroapen-sistemari dagokio nagusiki, eta sistole-diastole fasea modu eraginkor batean egin dadin ziurtatzen du. Kinada sinu-noduluan jaio ohi da, eta handik, aurikuletatik zehar pasatu ondoren, nodulu aurikulobentrikularrera iristen da. Bide honetan, kinadak aurikulen sistolea eragiten du, eta honek bentrikuluak beren diastole-fasean betetzen laguntzen du. Handik, Hisen bala jarraituz, odolez beteak dauden bentrikuluen sistolea eragiten du.

Bihotzak automatismoa duen arren, kanpoko eraginak ere jasotzen ditu. Horrela, sistema parasinpatikoak nerbio bagoaren bidez kronotropismo, inotropismo, batmotropismo eta dromotropismo negatiboak eragiten ditu, eta sistema sinpatikoak, berriz, positiboak.

Patologia

kardiopatia