kardiopatia

1. Med.
Bihotzeko gaixotasunen izen generikoa.

Kardiopatia Edit

Egilea: Karlos Ibarguren

KARDIOPATIA

Adiera zabalean, bihotzaren edo zirkulazio-aparatuaren edozein eritasun litzateke kardiopatia, baina, zentzu hertsiago batean, bihotzeko patologia deskribatzeko erabili ohi da. Gure inguruan, neoplasiekin batera, hilkortasun handiena eragiten duen patologia dugu; hilkortasun hau, zehatzago esanda, kardiopatia kardiobaskularrari dagokio.

Sailkapena

Etiologiaren arabera

  • Jaiotzatiko kardiopatiak: Falloten tetralogia, aurikulen arteko komunikazioa edo aortaren koarktazioa talde honetan sartzen dira.

  • Hartutako kardiopatiak: kanpoko eragin baten ondorioz sortutako gainontzeko guztiak sartzen dira talde honetan. Zerrenda luzea da oso, eta bertan kardiopatia iskemikoa, hipertentsiboa, infekziosoa edo neoplasikoak aurki ditzakegu.

Kaltetutako egituraren arabera

  • Miokardiopatiak. Ezkerreko bentrikuluaren infartu akutua da miokardioaren patologia larriena. Arteria koronario bat buxatzen den une beretik, miokardioa kaltetzen hasten da, eta fluxua berehala berrezartzen ez bada, nekrosia azalduko da. Nekrosatutako miokardioa ez da uzkurtuko, eta kaltetutako azalera handia baldin bada, bentrikuluak odola ponpatzeko gaitasuna galtzeaz gain, arritmia hilgarrien sorrerarako eremu bihurtuko da miokardioa.

  • Eroapen-sistemaren patologiak arritmiak sortu ohi ditu. Sailkapen bat baino gehiago egin daiteke, baina praktikoena arritmiak bi taldetan (arritmia azkarrak eta geldoak) banatzen dituena da. Biek sor dezakete bihotz-biriken geldialdia, baina tratamendua ezberdina izan ohi da. Azkarrek desfibriladore bidezko kardiobertsioa behar izaten dute, eta geldoek taupada-markagailua.

  • Balbulopatiak. Bi motatako alterazioak izaten dira, eta batzuetan balbula berean biak batera azal daitezke; horrelakoetan, lesio bikoitza ematen dute.

    • Estenosia edo balbula behar adina ez zabaltzea eta, ondorioz, behar adina odol pasatzen ez uztea.

    • Gutxiegitasuna: balbula ez da behar bezala ixten, eta, ondorioz, balbularen atzean dagoen barrunberantz odol-errefluxua edo odolaren itzulera gertatzen da.

  • Perikardiopatiak. Perikardioak bihotza inguratzeaz gain, bertatik irteten diren eta bertara iristen diren hodi nagusien hasiera inguratzen du. Patologia zenbaitek, hanturek, infekzioek, neoplasiek edo beste hainbat asaldurak, perikardioaren bi mintzen arteko likido-bolumena handitu dezakete, eta, likidoak kanpora irteterik ez duenez, bertako presioa handitu egingo da, eta bihotzaren funtzioa heriotza sortzerainoko arriskuan jar dezake. Egoera honi bihotz-buxadura deritzo.

  • Egitura baskular periferikoak. Edozein egitura baskular suerta daiteke kaltetua.

    • Arteriek hainbat patologia (infekzioa, hantura edo aneurismak kasu) izan baditzakete ere, ateroesklerosiak sortutako buxadurak izaten dira hodi hauen patologia ohikoena.

    • Zainek aurrekoek baino dilataziorako joera handiagoa izaten dute, eta horrek barizeak sorraraztea eragin dezake. Bertan odolaren fluxua mantsotu egin ohi da, eta honek gatzatzeko joera izaten du. Odolbildu hauek askatzen badira, biriketaraino joan daitezke, eta pertsonaren bizia arriskuan jartzen duen biriketako tronboenbolismoa sorraraz dezakete.

    • Hodi linfatikoen patologia ez da hain ohikoa, baina linfedema izenaz ezagutzen den linfaren pilatzea eta ehunen tumefakzioa eragin dezake patologia honek.

Patokroniaren (edo gaixotasunaren bilakaeraren) arabera

  • Akutuak: hauen artean kardiopatia iskemikoa dugu garrantzitsuena. Bihotzera odola eramaten duten arteria koronarioetako bat buxatu eta miokardiokoaren nekrosia gertatzen da. Shock edo sinkopea ere kardiopatia akutuen artean sartuko genuke.

  • Kronikoak: talde honetan hipertentsioa, bihotz-gutxiegitasuna edo hanturazko balbulopatiak sartuko genituzke.

Diagnostikoa

Anamnesiaz eta miaketaz gain, hainbat proba osagarri daude bihotza aztertzeko.

  • Elektrokardiografiak bihotzaren aktibitate elektrikoa aztertzeko balio du, eta arritmiak ikertzeko oso egokia da. Basala (edo atsedenaldian egindakoa) edo dinamikoa (gaixoak ariketa fisikoa egiten duen bitartean egindakoa) izan daiteke. Holter elektrokardiografoaren bidez, modu jarraituan, pertsonak bizitza normala egiten duen bitartean, azter daiteke aktibitate hau.

  • Ekokardiografiak, ultrasoinuen bidez, miokardioak uzkurtzeko duen gaitasunaren, balbulen funtzioaren eta perikardioan dagoen likido-kantitatearen berri ematen digu. Transduktorea hestegorritik sartuz gero, irudi hobeak lortu eta diagnostiko hobeak egin daitezke.

  • X izpiak: erradiografia sinpleak bihotzaren silueta eta bihotzarekin erlazio hain estua duten biriken informazioa ematen digu. OTA ultralaster (edo ordenagailu bidezko tomografia axial ultralaster) berriak ere bentrikuluen tamainaren, eiekzio-frakzioaren eta arteria koronarioen aterosklerosiaren berri ematen hasi dira.

  • Erresonantzia magnetiko nuklearra (EMN), OTA bezalaxe, zirkulazio-aparatuaren aneurisma eta disekzioak aztertzeko oso egokia da. Gero eta erabilpen gehiago ditu, eta patologia arritmogeniko batzuen diagnostikorako oso garrantzitsua da.

  • Azterketa isotopikoetan, isotopo erradioaktibo bat injektatzen zaio gaixoari, eta gamma ganbera baten bidez isotopoa nola banatzen den aztertuz, nekrosatutako zatiaren eta bentrikuluen funtzioaren balioespena egin daiteke.

  • Kateterismoa proba osagarri inbaditzailea da. Zainetatik edo arteriatatik bihotzeraino iritsita, angioplastia eta antzeko tratamenduak egiteko aukera ematen du kateterismoak.

  • Azterketa elektrofisiologikoa ere, aurrekoa bezalaxe, inbaditzailea da. Arritmiak aztertzeko. eta hauen tratamendua egiteko erabili ohi da.

Tratamendua

Prebentzioa da kardiopatien tratamendu egokiena. Bi mailatako prebentzio-tratamenduak bereizi ohi dira. Batetik, lehen mailakoa, bihotzerako on den bizitza eramanez egiten dena; bestetik, bigarren mailakoa, kardiopatia sortu denean egin behar dena. Horrek huts egiten duenean, farmakoekin hasi eta tratamendu oldarkorragoak egin behar dira. Orain arte kirurgia bidez konpondu behar ziren arazo asko gaur egun hodietatik kateterrak sartu, bihotzeko egitura ezberdinetara heldu eta hauengan eraginez konpon daitezke. Tratamendu guztiek huts egiten dutenean, azken aukera bihotzaren transplantea izaten da.