blood

1. Biol.

Animalien sistema zirkularrean (arteria, zain eta kapilarretan) dabilen ehun fluidoa, zelulaz eta likidoz osatua dagoena. Atal likidoa, plasma, batez ere urez osatua dago (% 90 gutxi gorabehera), eta organismoaren hiru likido-mota nagusietako bat da (beste biak likido interstiziala eta likido intrazelularra dira). Odolak duen beste atal nagusia zelulek osatzen duten jalkina da. Horren baitan hainbat zelula-mota aurkitu daitezke, hala nola eritrozitoak edo globulu gorriak, leukozitoak edo globulu zuriak eta tronbozitoak edo plaketak. Giza gorputzean, plasmak eta jalkinek odol-bolumenaren % 55 eta % 45 hartzen dute, hurrenez hurren. Bi atalek batera, hau da odolak berak, giza gorputzaren pisu totalaren % 8 hartzen dute. Odolak dituen funtzioen artean, lau mota nagusi bereiz ditzakegu: garraio-funtzioa (oxigenoa, anhidrido karbonikoa, hormonak, elikagaiak, iraizketa-produktuak), tenperaturaren erregulazioa; pH-aren erregulazioa; eta defentsa-funtzioa (immunitate humorala edo antigorputzen bidezkoa, eta immunitate zelularra edo leukozitoen bidezkoa) .

Odoleko zelulak eta zelulen zatikiak
Odoleko zelulak eta zelulen zatikiak

1. Biol.
Animalien sistema zirkularrean (arteria, zain eta kapilarretan) dabilen ehun fluidoa, zelulaz eta likidoz osatua dagoena. Atal likidoa, plasma, batez ere urez osatua dago (% 90 gutxi gorabehera), eta organismoaren hiru likido-mota nagusietako bat da (beste biak likido interstiziala eta likido intrazelularra dira). Odolak duen beste atal nagusia zelulek osatzen duten jalkina da. Horren baitan hainbat zelula-mota aurkitu daitezke, hala nola eritrozitoak edo globulu gorriak, leukozitoak edo globulu zuriak eta tronbozitoak edo plaketak. Giza gorputzean, plasmak eta jalkinek odol-bolumenaren % 55 eta % 45 hartzen dute, hurrenez hurren. Bi atalek batera, hau da odolak berak, giza gorputzaren pisu totalaren % 8 hartzen dute. Odolak dituen funtzioen artean, lau mota nagusi bereiz ditzakegu: garraio-funtzioa (oxigenoa, anhidrido karbonikoa, hormonak, elikagaiak, iraizketa-produktuak), tenperaturaren erregulazioa; pH-aren erregulazioa; eta defentsa-funtzioa (immunitate humorala edo antigorputzen bidezkoa, eta immunitate zelularra edo leukozitoen bidezkoa) .

ODOLA

Eritrozitoak dira odolean aurki daitezkeen zelula ugarienak eta beren baitan pigmentuak dituzte, odolean oxigenoaren garraioa errazteko. Ugaztunetan, eritrozitoek hemoglobina izeneko pigmentua izaten dute eta hau da odolari bere kolore gorri bizia ematen diona. Hemoglobina burdin atomoak dituen proteina konplexu bat da eta oxigenoa garraiatzeko naturan aurkitzen den pigmentu ugariena da. Beste animalia batzuek, aldiz, hemozianina izaten dute hemoglobinaren ordez eta haien odola kolore urdinekoa izaten da. Hemozianina, bere aldetik, kobre-atomoak dituen proteina konplexu bat da eta krustazeoetan eta moluskuetan aurkitzen da. Leukozitoek ez dute pigmenturik eta infekzioen kontra jarduteko funtzioa dute.

ODOLA

Giza odolaren ezaugarri orokorrak

Giza gorputzaren odol-bolumenak pisu totalaren % 8 hartzen du batez beste. Honek adierazten digu emakume gazte eta osasuntsu batek lauzpabost litro odol edukiko dituela eta ezaugarri berdinak dituen gizonezko batek bost edo sei litro odol edukiko dituela. Odolak, gorputzaren funtzionamendu egokirako,  baditu konstante edo tarte batzuetan mantendu behar dituen ezaugarri batzuk (fisiologia), hala nola isotonia (presio osmotikoa konstante irautea, odolean % 0,9ko gatz-portzentaje bat mantentzea), isohidria (pH-a 7,38-7,44 tarteko balioak izatea) eta biskositatea edo likatasuna (urarekiko 3,6-5,4 tarteko balioak izatea). Aldagai horiek guztiak gorputzaren funtzionamendu egokirako oso garrantzitsuak dira. Adibidez, likatasuna handitzeak eragin zuzena eta kaltegarria du bihotzak odola ponpatzeko egin behar duen lanaren gain. Gehiegizko igoera gertatzen den kasuetan, tronboak sorrarazteko arriskua izugarri handitzen da. Dena den, odol-bolumena gorputzaren osaeraren eta adinaren arabera aldatuz joaten da. Horrela, organismoaren kilogramo bakoitzeko odol-bolumena, gantz-metaketaren kantitatearekiko alderantziz proportzionala da. Hau da, pertsona batek zenbat eta gantz gehiago metatu, pisatzen duen kilogramo bakoitzeko odol-bolumen gutxiago izango du. Odol-bolumena adinarekin ere aldatzen joaten da, nahiz eta adinaren eragina nahiko arina izan. Gorputza zahartzen doan heinean, bere likido-portzentaje orokorra gutxitzen doa eta horrekin batera odol-portzentajea ere gutxitzen joaten da. Horrek, azkenean, odol-bolumena txikiagoa izatea dakar berekin.

Plasma

Plasma edo odolaren parte likidoa lortu ahal izateko, gatzatu gabeko odola zentrifugatzen da. Zentrifugazioan, odola abiadura handian birarazten da; zentrifugazio-indarrak odoleko zelulak hodiaren behealdera bultzatzen ditu, eta zelulen gainean kolore horixka eta argia duen likidoa uzten du. Likido horri plasma deritzogu eta osaeraren % 90 ura da, gelditzen den beste % 10 ioiez eta molekula organikoz (gluzidoz lipidoz eta proteinaz) osaturik dago. Horietatik, dudarik gabe, portzentaje handiena proteinek osatzen dute (plasmaren % 6-8). Plasman dauden solutu horiek nanometro bat (10-9 m) baino txikiagoak direnean, kristaloideak deitzen dira, eta euren tamaina 1-100 nanometroren artekoa denean, berriz, koloideak. Odoleko solutu horiek elektrolitoen (soluzioan ionizatzen diren molekulak, ioiak esaterako) eta ez-elektrolitoen taldeetan ere sailkatzen dira. Plasmako proteinak hiru atal nagusitan banatzen dira: albuminak, globulinak eta gatzapenaren proteinak; azken hauen baitan fibrinogenoa da garrantzitsuenetakoa. Plasmako proteina hauek berebiziko garrantzia dute odolak betetzen dituen funtzio anitzendako. Horrela, globulinak immunitate-sisteman atal garrantzitsuak dira, sistema horren antigorputzak gammaglobulina eraldatuak baitira. Bestetik, lehenago aipatutako odolaren hainbat ezaugarrik (odol-bolumenak, isotoniak eta likatasunak) konstante iraun dezan, plasmako proteina horiek ezinbesteko garrantzia dute. Plasmako proteina gehienak gibelean ekoizten dira.

Jalkina

Odoleko zelula-motak hurrengo irudian agertzen dira, eta honako hauek dira: globulu gorriak (hematiak edo eritrozitoak), globulu zuriak (leukozitoak) eta plaketak (tronbozitoak).

grafikoak1

Odoleko zelulak eta zelulen zatikiak

Jalkinak gizonezkoetan hartzen duen batez besteko portzentajea % 45 da (% 40-54 izanik tarte arrunta). Emakumezkoetan, ordea, batez besteko portzentajea % 42 da (% 38-47 izanik tarte arrunta). Hematiek edo globulu gorriek odol-bolumen jakin batean hartzen duten bolumenari hematokrito deitzen diogu, eta balio hori gutxitzen denean, anemiak sorrarazten dira. Globulu zuriek eta plaketek odol-bolumenaren % 1 baino gutxiago hartzen dute, eta odola zentrifugatzean plasmaren eta globulu gorrien artean kokatzen den geruza osatzen dute.

grafikoak2

Odolaren osaera. Pertsona heldu baten odoleko osagaien balioak gutxi gorabehera

Globulu gorriak

Globulu gorri arruntak 7,5 µm-ko diametroa duten disko ahurbikoak dira (ikus lehenengo irudia). Bata bestearen atzetik 1.500 globulu gorri jarririk, zentimetro bakarreko luzera soilik osatuko lukete. Globulu gorriek odol-zirkulaziora joan aurretik nukleoa galdu egiten dute. Globulu gorri helduek nukleoa ez izateaz gain, ez dute erribosomarik ez eta mitokondriarik ere, aldiz, hemoglobinaz beterik daude, kolore gorria ematen dieten proteinaz. Gizonezkoetan, hemoglobina-kontzentrazioa 16 g/100 ml-koa da, eta emakumezkoetan, berriz, balioa zertxobait txikiagoa da: 14 g/100 ml-koa. Globulu gorriek beren itxura asko alda dezakete eta, horrela, zenbait egoeratan oso estutzen dira. Malgutasun hori, globulu gorri horiek euren baitan dituzten proteina berezi batez (espektrina izenekoaz) osaturik dauden zuntz bereziei esker lortzen dute. Ezaugarri horrek erabateko garrantzia du globulu gorri horiek kapilarrak zeharkatu behar dituztenean. Horrela, globulu gorriak edozein itxura har dezaketen zaku-modukoak dira. Globulu gorriak odolean dauden zelula-mota ugarienak dira, eta, horrela, gizonezkoetan milimetro kubiko bakoitzeko 5.200.000 ± 300.000 globulu gorri daude, eta emakumezkoetan 4.700.000 ± 300.000 globulu gorri daude. Emakumeetan eta gizonezkoetan agertzen diren aldeak azaltzeko orduan, gizonezkoek ekoizten eta jariatzen duten testosterona hormonaren ondorioz dela pentsatzen da.

Globulu gorriek oxigenoa eta karbono dioxidoa garraiatzeaz gain, organismoaren baitako pH-aren erregulazioan ere parte hartzen dute. Horretarako, globulu gorrien baitan dagoen anhidrasa karboniko entzimak dioxido karbonoa bikarbonato ioi bihurtzen du. Odolak garraiatzen duen dioxido karbonikoaren % 60 era honetan garraiatzea lortzen da. Horrela, bikarbonato ioi horiek aske dauden H+ ioiak indargetzeko ahalmena dutenez, pH-a kontrolatzeko ere baliagarriak dira. Biriketara heltzean, ordea, egoera erabat aldatzen da. Dioxido karbonoa albeoloetara pasatzean, odolean gelditzen den dioxido karbono askearen portzentajea jaitsi egiten da. Anhidrasa karbonikoak kontrako noranzkoko erreakzioa katalizatzean, bikarbonato ioi horiek berriro dioxido karbono bihurtzen ditu, eta dioxido karbonikoa berriro aske geratzen da. Globulu gorriak, gelditzen den eta disolbaturik garraiatzen ez den dioxido karbonoa eta oxigenoa garraiatu ahal izateko, hemoglobina deritzon proteina bereziz horniturik daude. Globulu gorri bakoitzean hemoglobina proteinaren 200-300 milioi molekula daude. Hemoglobina bi atal nagusiz osaturik dago: lau globina kate eta lau hemo talde. Hemo molekula bakoitzak bere erdigunean burdin atomoa du eta oxigenoarekin lotzeko gaitasuna du. Era honetan, hemoglobina proteina bakoitzak lau oxigeno molekula garraiatzeko gaitasuna du. Karbono dioxidoa garraiatzeko orduan, ordea, globina molekula proteikoek hartzen dute parte.

Globulu gorrien ekoizpen-prozesuari eritropoiesi deritzogu. Eritropoiesia hezur-muinetan gertatzen da eta egunero, prozesu honi esker, gure organismoak behar dituen 144.000 milioi globulu gorri ekoizten ditu. Hainbeste globulu gorri ekoitzi arren, beste hainbeste deuseztatzen direnez, normalean globulu gorrien kopurua nahiko konstante mantentzen da. Ekoizpen-prozesua, hau da, beharren araberako erregulazioa, eritropoietina (edo EPO) deritzon hormona glukoproteikoaren bitartez lortzen da. Edozein arrazoi dela medio (globulu gorri gutxi dagoelako, edo altuera handiko leku batean gaudelako), ehunetara heltzen den oxigeno-kantitateak behera egiten badu, eritropoietina hormonaren askapena areagotu egiten da, hezur-muineko globulu gorrien ekoizpena areagotuz. Alderantziz, ehunetara oxigeno-kantitate nahikoa heltzen bada, orduan, eritropoietinaren askapena motelduz doa eta, era berean, globulu gorrien ekoizpena ere gutxitu egingo da. Globulu gorrien bizi-iraupena 105-120 egunekoa izaten da, eta, zahartu ahala, kapilarretan apurtuz joaten dira. Ondoren, globulu gorrietako hemoglobina prozesatu egiten da, eta burdinaren eta globina proteinaren aminoazidoak berrerabiltzen dira, eta bilirrubina hondakin-produktua behazun-jarioaren bitartez iraizten da. Edozein arrazoi dela medio, globulu gorri gutxi badaude, edo eta globulu gorri horiek ez badira funtzionalak, anemia agertzen da. Anemia-mota ugari daude eta, adibide gisa, bi mota soilik azalduko ditugu hemen. Organismoak globulu gorriak sortzeko ezinbestekoak diren B12 bitamina edo azido foliko gutxi eskuratzen badu, anemia perniziosoa edo galgarria sortzen da. Hori gertatzen da B12 bitamina hesteen bidez xurgatzeko ezinbestekoa den eta urdailak jariatzen duen barne-faktore edo faktore intrintseko gutxi ekoizten denean, edo folatorik eza denean. Bestetik, hezur-muina kaltetua badago (erradiazioak jota, substantzia toxikoen ondorioz edo eta farmakoek eraginda) anemia aplasikoa agertzen da. Azken honetan globulu gorrien kopurua oso baxua izaten da.

Globulu zuriak

Odolean bost globulu zuri mota edo leukozito-mota daude eta bi azpitalde nagusi bereiz daitezke: granulozitoak edo globulu zuri pikortsuak eta agranulozitoak edo pikorrik gabeko globulu zuriak. Globulu zurien kopuru normala mm3 bakoitzeko 5.000 eta 9.000 artekoa da, eta infekzioak agertzen direnean, euren kopurua igo egiten da nabarmen. Globulu zuri mota guztien kontaketa formula leukozitario izenaz ezagutzen da. Globulu zurien kopurua gutxitzea leukopenia deitzen da eta, alderantziz, kopurua igotzea, leukozitosia.

Granulozitoen artean hiru mota aurki ditzakegu: neutrofiloak, eosinofiloak eta basofiloak. Agranulozitoen artean, ordea, linfozitoak eta monozitoak aurki ditzakegu.

Neutrofiloak

Neutrofiloak globulu zuri guztien % 65 hartzen dute eta, mugikortasun oso handia izateaz gain, bakterioak fagozitatzeko (edo beste era batean esanda, irensteko) ahalmena dute. Bakterioek eragindako infekzioen aurrean sorrarazten den hanturazko erantzuna agertzen denean, kalteturiko zelulek zenbait substantzia kimiko askatzen dute, eta ehunean eta odolean zehar barreiatzen dira. Substantzia horiek neutrofiloak erakartzen dituzte eta, horrela, neutrofiloak substantzia horien kontzentrazio altuena dagoen eremura mugitzen hasten dira. Prozesu honi kimiotaxia deritzo. Neutrofiloak eremu horretara iristean, diapedesiaren bitartez, odol-hodiak zeharkatu eta ehunera iristen dira, eta hor infekzioaren aurkako lana hasten dute.

Eosinofiloak

Eosinofiloek globulu zurien % 2-5 baino ez dute hartzen, eta gehienbat arnas eta digestio-sistemetan kokatzen dira. Bakterioak irensteko ahalmen txikia izan arren, zenbait substantzia kimiko eta hanturarekin erlazionaturiko proteinak irensteko ahalmena dute. Eosinofiloek erreakzio alergikoetan eta bizkarroiek eragindako prozesuetan garrantzia dutela uste da.

Basofiloak

Basofiloak globulu zurien guztizkoaren % 0,5-1 soilik hartzen dute, eta euren funtzioak oso argi egon ez arren, fagozitatzeko eta diapedesi-prozesua aurrera eramateko gai dira. Basofiloak hipersentiberatasun-erreakzio atzeratuetan parte hartzen dutela uste da.

Linfozitoak

Linfozitoak globulu zurien % 25 hartzen dute, eta leukozito txikienak izan arren, immunitate-funtzioan garrantzia handiko funtzioak betetzen dituzte (immunitate-sistema). Bi linfozito-mota daude: T linfozitoak, infektaturiko zelulak edo minbizi-zelulak zuzenean erasotzen dituztenak, eta B linfozitoak, antigeno zehatzen aurkako antigorputzak ekoizten dituztenak.

Monozitoak

Leukozito handienak izanik, globulu zurien % 6 hartzen dute. Mugikortasun-ahalmena izateaz gain, ahalmen fagozitarioa ere badute; bakterioek kutsaturiko zelulak eta birusen bitartez kutsaturiko zelulak irensteko gaitasuna dute. Monozitoek oso garrantzitsua den beste funtzio bat ere betetzen dute, erantzun immunitarioan gertatzen den antigenoen prozesamendua, alegia. Monozitoak, kapilarretako paretak zeharkatzean, zatitu eta makrofago deritzon zelula-mota berria eratzen dute. Makrofago horiek monozitoek baino ahalmen fagozitario handiagoa dute.

Plaketak

Oro har, 250.000 plaketa izan ohi dira mm3  bakoitzeko. Sexuen artean ez dago desberdintasunik, eta jaioberrietan kopurua baxuagoa baldin bada ere, haurrak hiru hilabete bete orduko, balioak normaltzen joaten dira. Plaketak megakariozitoak apurtu eta gero sortzen diren disko biribil eta obalatuak dira. Plaketei, sarritan, tronbozito izena ematen zaie, eta hauen ekoizpen-prozesuak tronbopoiesi izena hartzen du. Globulu gorrien antzera, euren ekoizpena tronbopoietina hormonaren bitartez kontrolatua dago, eta eurekiko ditugun beharren araberako hormonaren askapena gertatzen da. Plaketen bizi-iraupena zazpi egunetakoa izaten da, gutxi gorabehera. Plaketek betetzen dituzten funtzioen artean garrantzitsuenetarikoa hemostasian (grekozko stasis ek "gelditzea" esan nahi du; hortaz, hemostasia "odoljarioa gelditzea") eta odolbatuen eroapenean parte hartzea da. Aurreko bi prozesu horiek oso erlazionatuak egon arren, ez dira gauza bera. Horrela, hemostasian, plaketek, odol-hodi batean zauri txikiren bat eratzen denean, elkartu eta zulogunea estali egiten dute. Odolaren gatzapenean, ordea, plaketek odolbatuaren baitan harrapaturik gelditzen dira, gatzapena eratzeko prozesuan parte hartuz. Hemostasiaren baitan gertatzen den tapoi plaketarioaren garrantzia oso handia da, honen bitartez odol-mikrogalera ugari saihesten baitira.

Odolaren gatzapena

Odolaren gatzapenak betetzen duen funtzioa apurturiko odol-hodiak estaltzea, eta odol-galera saihestea da. Azken finean, odolaren gatzapena hemostasia-prozesuaren atal bat besterik ez da.

Odol-gatzapenaren mekanismoa

Odol-gatzapena hiru alditan egiten da:

  • 1. aldia: aldi honen helburua tronboplastina lortzea da, eta horretarako bi bide posible daude: bide intrintsekoa eta bide estrintsekoa. Bietan faktore ugarik hartzen dute parte eta gatzapenaren turrusta-mekanismo gisa izendatzen diren erreakzio kimikoen multzoa adierazten dute.

  • 2. aldia: behin tronboplastina (protronbinaren aktibatzailea) ekoiztu denean, protronbina tronbina bilakatzen da.

  • 3. aldia: tronbinak fibrinogenoa fibrina-harizpietan antolatzea dakar berekin, eta hori guztia XIII faktore aktibatuaren aurrean izaten bada, prozesua erabat bizkortzen da. Fibrina-harizpien barnean, zelulak (globulu gorriak, globulu zuriak eta plaketak) harrapaturik gelditzen dira, gero eta zurrunago bilakatuz (odolbatua).

grafikoak3

Odol-gatzapenaren mekanismoa

Odol-gatzapenaren prozesua horrela izanik ere, badira odolaren gatzapena inhibitu egiten duten substantziarik ere (antitronbinak eta abar). Era horretan, egoera normala bada, odol-gatzapenaren prozesua inhibiturik egoten da. Gehienbat odol-hodietako paretetan dauden zelula endotelialak onik edo osorik daudelako. Zelula horiek apurtzen badira edo odol-zirkulazioa oso geldoa bada, odol-gatzapenaren prozesuak aurrera jarraitzeko aukera handiak izango ditu.