zentral hidroelektriko

1. Teknol. Elektr.
Ur-lasterreko zentral hidroelektrikoa
Ur-lasterreko zentral hidroelektrikoa

1. Teknol. Elektr.
Erortzen den uraren energia zinetikoa energia elektriko bihurtzen duen zentral elektrikoa.

Zentral hidroelektrikoa Edit

Egilea: Elhuyar

ZENTRAL HIDROELEKTRIKOA

Uraren zikloko energiaren parte bat aprobetxatu egin daiteke. Itsasorantz doala, urak toki batean hainbateko energia du, abiaduragatik duen energia zinetikoaren eta itsasoaren mailarekiko altueragatik duen energia potentzialaren batura dena. Uraren abiadura txikia izaten denez, energia zinetikoa arbuiatu egin daiteke. Energia potentziala, berriz, oso garrantzitsua da, eta energia mekaniko eta elektriko bihurtzeko erabil daiteke. Ur-kantitatea eta ur-jauziaren altuera zenbat eta handiagoak izan, elektrizitate gehiago ekoitziko da.

Energia horretaz baliatzeko aukera ematen duen instalazioari zentral hidroelektriko deritzo, eta multzo horren bihurtze-ahalmen maximoari potentzia instalatu esaten zaio. 10.000 kW-erainoko potentzia instalatua duten zentral hidroelektrikoei minizentral hidroelektriko deritze, eta horietakoak dira Euskal Herrian eraikitako zentral hidroelektriko gehienak. Hori baino potentzia handiagokoei, berriz, zentral hidroelektriko handi deritze.

Minizentral hidroelektrikoak XIX. mendearen amaieratik erabiltzen dira, eta energia berriztagarria ustiatzen duten sorkuntza-instalazio garrantzitsuak dira. Energia hidroelektrikoa energia berriztagarria da eta, neurri egokiko zentralak eraikiz gero, hainbat abantaila ditu beste energia-iturri batzuen aldean. Minizentral hidroelektrikoek, kasu, bihurtze-errendimendu handia dute (% 80-90 bitartekoa), eta ingurumenean duten eragina txikia da. Zentral handiagoek, berriz, neurri egokiak hartu ezean, kalte ekologiko eta sozioekonomikoak eragin ditzakete. Izan ere, mantenugaiak ibaian behera garraiatzea oztopatu, ur-emaria murriztu eta uraren konposizioa alda dezakete. Bestalde, urtegiak eraikitzeko urperatutako lurrak, askotan, balio ekonomiko handikoak izaten dira eta, gainera, bertako biztanleek beste toki batzuetara alde egin behar izaten dute.

Zentral hidroelektriko motak

Bi zentral-mota nagusi daude: ur-lasterreko zentralak eta ur metatuko edo presa-oineko zentralak. Horiez gain, beste helburu batzuetarako (ureztatzea, ur-hornikuntza, etab.) eraikitako presez baliatzen diren zentralak ere badaude.

Presa-oineko zentrala

Jauzia ibaiaren ibilguan zeharka eraikitako presaren bidez lortzen da. Presak uraren maila igotzen du, ura metatu egiten da eta, ondorioz, uraren batez besteko abiaduragatik eta marruskaduragatik gertatzen diren galerak gutxitu egiten dira. Hodi baten bidez presiopeko ura turbinara bideratzen da. Ura, erabili eta presioa galdu ondoren, ubide batetik ibaiaren berezko ibilgura itzultzen da. Ura urtegian metatuta dagoenez, energia elektrikoa eskaria dagoenean ekoitz daiteke. Energia-eskaria, normalean, ez da bat etortzen ibaian ur-emari erabilgarria dagoen unearekin. Zentral hidroelektriko handiak mota honetakoak izaten dira.

Presa-oineko zentral hidroelektrikoa (iturria: EVE-EEEren Energiaren Hiztegi Entziklopedikoa)

Ur-lasterreko zentrala

Uraren maila igoarazten ez duen presa-antzeko txiki baten bidez, uraren emariaren parte bat berezko ibilbidetik desbideratzea lortzen da. Ondoren, frikzioagatiko galerak gutxitzeko, pareta lauak dituen ubide edo hodi baten bidez ura zentralerantz bideratzen da. Azken zatian, presiopeko ura hodi batetik doa ubidetik ibaiaren maila berean dagoen zentralera. Ura, turbinatik igaro ondoren, kanal batetik ibaiaren berezko ibilgura itzultzen da. Zentral-mota honetan, ura ez da inon metatzen, eta ekoitzitako energia ibaiak unean duen emariaren menpekoa da. Ondoko irudian, ur-lasterreko zentralaren eskema ikus daiteke. Lehen ubideak turbinatik igaro behar den ura garraiatzen du, altuera galdu gabe kasik. Ondoren, presio-hodi batetik ura zentralera bideratzen da. Minizentral hidroelektrikoak mota honetakoak izaten dira.

Ur-lasterreko zentral hidroelektrikoa (iturria: EVE-EEEren Energiaren Hiztegi Entziklopedikoa)

Tresneria elektromekanikoa

Zentral hidroelektrikoaren osagai nagusiak turbina, sorgailua eta transformadorea dira. Lehenengo bihurketa egiten duen makina turbina da, energia hidraulikoa ardatzaren biratze-energia mekaniko bihurtzen duena. Ondoren, sorgailuak momentu eragile hori jaso eta energia elektriko bihurtzen du (oro har, tentsio txiki edo ertainekoa; sorgailu). Azkenik, transformadoreakkorronte elektrikoaren tentsioa igotzen du, garraioan energia-galera txikia gerta dadin. Izan ere, kontsumo-gunea, eskuarki, elektrizitatea sortzen den gunetik urrun egoten da (transformadore).

Zentralaren barruan, sorkuntza kontrolatzeaz arduratzen diren ekipo elektronikoak ere izaten dira. Horien zeregina babesak, aldagaiak eta sorkuntzaren segurtasuna kontrolatzea da.