tuberculose

1. Med.

Kochen baziloak (Mycobacterium tuberculosisek) eragindako gaixotasun kutsakor eta infekziosoa, gizakiari eta hainbat animaliari eskuarki biriketan eraso ohi diena. Tuberkulu-formako lesioak sortzen dira bertan eta sintoma nagusiak bularreko minak, disnea, eztula, espektorazioa, arnasketa-zaratak, sukarra eta argaltzea dira. Garai batean gaixotasun larri eta hilgarria zen. Gaur egun ere, immunitatearen eskasia dagoenean edota bizi-egoerak txarrak direnean, larria eta hilgarria izan daiteke.

Tuberkulosi-jakinarazpenen tasa, herrialdeka (2006)
Tuberkulosi-jakinarazpenen tasa, herrialdeka (2006)

1. Med.
Kochen baziloak (Mycobacterium tuberculosisek) eragindako gaixotasun kutsakor eta infekziosoa, gizakiari eta hainbat animaliari eskuarki biriketan eraso ohi diena. Tuberkulu-formako lesioak sortzen dira bertan eta sintoma nagusiak bularreko minak, disnea, eztula, espektorazioa, arnasketa-zaratak, sukarra eta argaltzea dira. Garai batean gaixotasun larri eta hilgarria zen. Gaur egun ere, immunitatearen eskasia dagoenean edota bizi-egoerak txarrak direnean, larria eta hilgarria izan daiteke.

Tuberkulosia Edit

Egilea: Juan Jose Iglesias

TUBERKULOSIA

Tuberkulosi terminoak Mycobacterium tuberculosisek (askoz gutxiago Mycobacterium bovisek) eragiten dituen entitate klinikoak deskribatzen ditu.

Tuberkulosia airez hedatzen den gaixotasun kutsakorra da. Birika-tuberkulosiaz jota dauden pertsonak infekzio-iturri dira. Kutsatuta dagoen pertsona batek eztula egiten duenean, doministiku egiten duenean, hitz egiten duenean edota listua botatzen duenean, tuberkulosi-baziloak kanporatzen ditu airera. Nahikoa da norbaitek bazilo horietatik gutxi arnastea infektatzeko.

grafikoak2

Mycobacterium tuberculosisen mikrografia (iturria: Public Health Image Library)

Infektatua egoteak esan nahi du organismoan tuberkulosi-baziloak agertzea. Hala ere, infektatutako pertsona guztiak ez dira derrigor gaixotzen. Sistema immunitarioa dela medio, tuberkulosi-baziloek “lotan” iraun dezakete urte askoan. Sistema immunitarioak infekzioa kontrolatzen ez badu, gaixotasun aktiboa agertuko da.

1993an, MOEk (Munduko Osasun Erakundeak) adierazi zuen tuberkulosia munduko osasun publikoaren larrialdi bat zela.

grafikoak2

Tuberkulosi-jakinarazpenen tasa, herrialdeka (2006) (Iturria: MOE)

  • Segundo oro tuberkulosi-baziloek pertsona bat infektatzen dute munduko lekuren batean.

  • Oro har, munduko biztanleriaren herena, 1.500 milioi gizabanako, tuberkulosi-baziloaz infektatuta dago.

  • Tuberkulosi-baziloaz infektatuta daudenen % 5-10 gaixotuko dira inoiz bizitzan. Hamar milioi kasu berri agertzen dira urtero; tuberkulosiaz jota, 3 milioi pertsona hiltzen dira urtero (www.who.int).

Tuberkulosiak edozein organo erasan dezake, birikak batez ere.

Tuberkulosia, bada, gaixotasun infekziosoa da, kutsakorra, airez ugal daitekeena, banan-banan sendagarria eta komunitatearen eremuan kontrolagarria; tamalez, gaixotasuna errotik kentzetik oso urrun gaude gaur egun. Gaixotasuna behin betiko erauzteko oztopo nagusiak dira, besteak beste, txirotasuna, saneamendu-neurririk eza eta txerto eraginkor baten falta.

Historia

Neolitikoan aurkitu zituzten tuberkulosiaren lehenengo aztarnak; Industria Iraultzara arte, hala ere, ez zen arazo larri bihurtu. Garai hartan, gizakien pilaketa zela medio, tuberkulosiak heriotza asko eragin zituen Europan (heriotza guztien laurdena, hain zuzen). Bizi-baldintzen hobekuntzari eta farmako antituberkulosoen agerpenari esker, tuberkuloso-kopurua jaitsi egin zen hurrengo urteetan. Baina mende honen hasieran pasa den mendearen hasieran baino gaixo tuberkuloso gehiago daude, txirotasuna eta gaixotasun berrien agerpenagatik (hiesarena, kasu).

Etiologia

Gaur egun, ia kasu guztiak Mycobacterium tuberkulosiagatik agertzen dira. Iraganean, Mycobacterium bovisek eragindako kasuak ziren nagusi, baina esnearen pasteurizazioari eta gaixorik dauden animalien deuseztatzeari esker, transmisio-bide hori oso arraroa da gaur egun.

Baziloak izakia du gordeleku nagusi, eta airez transmititzen da. Eztula egiterakoan edo karkaxa botatzerakoan, birika-tuberkulosi aktiboa duten pazienteek aerosol kutsakorrak eragiten dituzte.

Forma klinikoak

Oinarrizko lesioa granuloma da. Baziloen eta gizakiaren immunitatearen arteko orekak bilakaera zehaztatzen du: infekzio mugatua edo gaixotasun aktiboa izan daiteke.

Hasieran, sintomak zehaztugabeak dira: astenia, pisu-galera, anorexia, arratsaldeko sukar-puntua edota gaueko izerdia. Sintoma espezifikoak gehienenetan birika-sintomak izaten dira.

GIBaz jota dauden pazienteengan askotan birikez kanpoko sintomak dira nagusiak. Eztula, bularreko mina eta gorro hemoptoikoa (odolez tindatua) dira sintoma nagusiak birika-tuberkulosian.

Bi birika-tuberkulosi mota daude:

  • Lehen tuberkulosia: umeek eta nerabeek izan ohi dutena.

  • Helduen tuberkulosia: helduek izan ohi dutena. Iraganeko granulometan dauden baziloak berpizten direnean agertu ahal da helduen tuberkulosia.

Diagnostikoa

  • Tuberkulina-proba. Infekzio intradermiko baten bidez, tuberkulosi-baziloaren estraktuaren 0,1 ml sartzen zaio pazienteari besoan. Handik hiru egunera begiratzen da erreakzioa. Positiboa izateak esan nahi du baziloarekin kontaktuan egon dela.

  • Gorroaren hazkuntzetan baziloa hazten denean edota koloratze berezi baten bidez mikroskopian baziloak ikusten direnean, gaixotasun aktiboaren aurrean gaude.

  • Gaur egun, diagnosi-modu berriak prestatzen ari dira.

  • Bularreko erradiografia: lesio tipikoak izaten dira birikietan.

  • Edozein organotan granuloma kaseifikatzaileak aurkitzea.

Tratamendua

Medikamentu antituberkulosoak agertu aurretik, tratamenduaren funtsa zen sanatorio berezietan aire librean atsedenaldia hartzea.

1946an, estreptomizina agertu zen, 1952an, isoniazida, eta errifanpizina 1970ean. Gerora, 80ko hamarkadan, pirazinamida agertu zen. Gaurko tratamendua isoniazidak, errifanpizinak eta pirazinamidak osatzen dute. Hirurak batera hartzen dira bi hilabetean, eta isoniazida eta errifanpizina, beste lau hilabetean.

Egoera berezietan beste farmako batzuk erabiltzen dira: etanbutola, estreptomizina, kanamizina, etionamida... Hiru dira tuberkulosiaren kimioterapian oinarrizko arauak:

  • Zenbait medikamentu batera hartzea.

  • Tratamenduak iraupen egokia izatea.

  • Dosi zehatza hartzea.

Txertaketa

Tuberkulosiaren kontrako txertoari BCG deritzo. Nahiz eta 70eko hamarkadan erabili den, oraindik ez dago adostasunik txertoaren erabilerari buruz.