synthèse
- 1. Arg.
- 3. Orok.
- 2. Kim.
- Osagaietatik abiatuz, konposatu kimiko bat eratzea.
Sintesia Edit
Egilea: Jesus Maria Aizpurua
Sintesi kimikoa burutzeko, erreakzioak erabiltzen dira, eta erreakzio horietan lortutako produktu-kantitateari etekin deritzo. Sintesi baten etekin totala murriztu egiten dute albo-erreakzioek, estereokontrol ezak edo purifikazio-arazoek, batez ere urraskako sintesietan. Sintesi onak ahalik eta errazena eta fidagarriena izan behar du, bai laborategietan errepikatzeko, bai industrian egokitzeko.
Sintesi organikoa karbono-konposatuen prestakuntza aztertzen duen Kimika Organikoaren atala da. Sintesi kimikoen artean konplexuena da, eta bi modu daude hura egiteko. Sintesi totala, lehengai gisa konposatu komertzialak soilik erabiltzen badira, eta semisintesia, lehengai natural edo komertzialki eskuragaitzen bat erabiltzen bada. Bietan, xede-molekula lortzeko zenbait erreakzio kateatu behar dira, estrategia baten arabera eta sintesi-metodologia egokia erabiliz. Sintesi-estrategien artean, hiru dira nagusi: sintesi lineala, urrats bakoitzeko lehengai gisa aurreko urratseko produktua erabiltzen bada; sintesi konbergentea, zenbait molekula artekari linealki prestatu ondoren xede-molekula lortzeko elkarrekin erreakzionarazten bazaie; eta sintesi dibergentea, molekula jakin batetik abiatuta ahalik eta produktu gehien lortzen badira sintesi-urrats gutxitan. Azken horri aniztasun kimikora zuzenduriko sintesia edo sintesi konbinatorioa ere esaten zaio, eta industria farmazeutikoan molekula-bilduma berriak egiteko erabiltzen da.
Molekula konplexuen sintesi-diseinua, prozesu heuristikoa denez, ezin da dedukzio logiko hutsez egin. Xede-molekula berbera sintetizatzeko ehunka erreakzio-segida logiko egon arren, haietako gutxi batzuk bakarrik gauzatu daitezke laborategian; gainera, azken horien artean batzuk besteak baino askoz motzagoak eta etekin total handiagokoak izaten dira. Sintesia ahalik eta era logikoenean diseinatzeko, erretrosintesia edo analisi erretrosintetikoa erabiltzen da. Teknika horren arabera, xede-molekularen deskonexioa egiten da, sintoitan zatituz, eta, ondoren, sintoien baliokide sintetikoak erabiltzen dira erreakzioak egiteko. Xede-molekulak edo artekariak kiralak direnean, kontuan hartu behar da sintesi-erreakzioen estereokimika, eta sintesi asimetrikoa erabili behar da nahi gabeko estereoisomeroak saihesteko.
Lehen sintesi organiko totala 1828an Friedrich Wöhlerrek eginiko urearen prestakuntza izan zen. Esperimentu hark frogatu zuen konposatu organikoak lehengai ez-organikoetatik lor daitezkeela, “bizi-indarrik” gabe, eta bitalismoaren teoria gezurtatu zuen hala. 1840an, Adolph Wilhelm Hermann Kolbek erabili zuen lehenengo aldiz sintesi hitza kimikaren arloan (grekotik; συν, sin, "elkarrekin"; θεσισ, "ipini"). 1963an, Robert Bruce Merrifieldek sintesi automatikoa asmatu zuen, polimerozko fase solidoetan konposatu organikoak itsatsiz eta erreakzioak egiteko sistema robotizatuak erabiliz. Gaur egun, sintesi automatikoa arrakasta handiz erabiltzen da peptido eta nukleotidoen sintesian.
Sintesi-estrategiak