simulation
- 1. Inform./Teknol.
Makina, instalazio, teknika, funtzionamendu edo prozesu baten portaera aztertzeko edo egiaztatzeko saiakuntza, aztertu nahi den prozesuaren parametro eta aldagaiak erreproduzitzen dituzten aparatuak erabiliz edo software bidez egiten dena. Simulazioa fisikoa edo ordenagailu bidezkoa izan daiteke. Simulazio fisikoan, objektu fisikoak beste objektu erreal batzuez ordezkatzen dira. Objektu horiek jatorrizkoak baino txikiagoak edo merkeagoak direlako hautatzen dira. Simulazio fisiko mota bat simulazio interaktiboa da: gizakiak zuzenean hartzen du parte simulazioan, eta gizakiak trebatzeko erabili ohi dira. Halakoa da, adibidez, astronatuek urpean egiten dutena kanpo-espazioko grabitate-kondizioak antzeratzeko, edo hegaldi-simulagailuak erabiliz egiten dena. Ordenagailu bidezko simulazioan egoera hipotetiko bat edo bizitza errealeko eredu bat sortzen da ordenagailuan, sistemak nola lan egiten duen aztertzeko. Aldagaiak aldatuz, sistemaren portaerari buruzko iragarpenak egin daitezke. XX. mendearen azken laurdenean garatu da, eta, informatikaren aurrerapenarekin batera, azkar zabaldu da. Gero eta gehiago erabiltzen dira sistema naturalen eredu informatikoak fisikan, kimikan, biologian eta ingeniaritzan, baita gizarte-sistemen ereduak ere ekonomian eta soziologian.