sel

1. Kim.

Egitura ionikoko konposatua, katioiz (ioi positiboz) eta anioiz (ioi negatiboz) osatua, eta disolbatuta edo urtuta disoziatzen dena. Azido eta base baten arteko erreakzioz eta azido edo base bat metal batekin konbinatzean sortzen da. Oro har, katioia edozein izan eta, H, OH, eta O2 anioiek izan ezik, anioi guztiek ematen dituzte gatzak.

2. Kim.
sin. sel commun

Sodio kloruroaren izen arrunta (NaCl). Substantzia kolorge, uretan disolbagarri eta zapore minekoa da, janariak ontzeko nahiz usteldu gabe iraunarazteko eta industrian erabiltzen dena. Naturan gehien dagoen substantzietako bat da (bereziki itsasoko uretan).

1. Kim.
Egitura ionikoko konposatua, katioiz (ioi positiboz) eta anioiz (ioi negatiboz) osatua, eta disolbatuta edo urtuta disoziatzen dena. Azido eta base baten arteko erreakzioz eta azido edo base bat metal batekin konbinatzean sortzen da. Oro har, katioia edozein izan eta, H, OH, eta O2 anioiek izan ezik, anioi guztiek ematen dituzte gatzak.

Gatzak Edit

Egilea: Nestor Etxebarria

GATZAK

Gatz arruntenen artean, haluroen (fluoruroen, kloruroen, bromuroen, ioduroen) eta sulfuroen gatzak ditugu. Oro har, gatzak zapore gaziko konposatu ionikoak dira, eta uretan disolbagarriak. Urtze-tenperatura altua eta gogortasun txikia dute, eta likido-egoeran zein uretan disolbatuta, elektrizitatearen eroaleak dira.

Gatzak sortzeko erreakzio ohikoena neutralizazioa da. Erreakzio horretan, azido batek eta base batek erreakzionatzen dute gatz bat eta ura emateko. Adibidez, azido klorhidrikoa (HCl) eta sodio hidroxidoa (NaOH) nahastean, sodio kloruroa (NaCl, gatz arrunta) eta ura (H2O) lortzen dira.

Gatzek izaera azidoa edo basikoa izan dezakete erreakzionatzen duten espezieen izaeraren arabera. Adibidez, sodio hidroxidoak (NaOH) eta azido karbonikoak (H2CO3) erreakzionatzen badute, sodio hidrogenokarbonatoa (NaHCO3), gatz azidoa, edota sodio karbonatoa (Na2CO3) lor daitezke hasierako erreaktiboen kontzentrazioen arabera. Era berean, magnesio hidroxidoak (Mg(OH)2) eta azido klorhidrikoak (HCl) erreakzionatzean, magnesio hidroxikloruroa (Mg(OH)Cl), hidroxigatza (gatz basikoa), eta ura lortuko dira. Izan ere, bi katioiz edo gehiagoz edo bi anioiz edo gehiagoz osatutako gatzei gatz bikoitz deritze, adibidez potasio-zilar nitratoa (AgK(NO3)2) eta bario bromuro-kloruroa (BaBrCl).

Oxoazidoek ere, hala nola azido sulfurikoak, azido nitrikoak, azido hipoklorosoak, azido permanganikoak eta abarrek, gatzak eman ditzakete base batekin erreakzionatzean. Adibidez, NaOH-arekin erreakzionatzean, sodio sulfatoa, sodio nitratoa, sodio hipokloritoa eta sodio permanganatoa emango dute hurrenez hurren.

Ildo beretik, gatz baten kristal-egituran ur-molekulak tartekatzen direnean, gatz hidratatuak sortzen dira, eta, ur-molekula kopuruaren arabera, mono, di, trihidratatuak... izan daitezke, adibidez CaSO4 · 2H2O (kaltzio sulfato dihidratatua edo igeltsua). Gatzaren kristal-egiturak, atomoen arteko loturen izaerak, ioien tamainak, elektronegatibotasunak, hidratazio-energiak eta horrelako aldagaiek gatz baten disolbagarritasuna finkatzen dute. Gatzek hainbat kristal-egitura dituzte, eta zenbat eta egitura egonkorragoa izan, orduan eta zailagoa izango da gatz bat disolbatzea.

Era berean, aukeratutako disolbatzailearen eta baldintza kimikoen araberakoa da gatz baten disolbagarritasuna. Hori dela eta, disolbagarritasun txikiko gatzak, disolbagarriak, oso disolbagarriak eta disolbagaitzak aurki ditzakegu. Konposatu disolbagaitzen artean, AgCl hartuko dugu adibide gisa, eta zilar kloruroaren disolbagarritasuna honela adieraz daiteke:

AgCl s Ag + + Cl K so = Ag + Cl

Disolbagarritasun-biderkaduraren (Kso) arabera, aurresan daiteke bi ioi horiek zer kontzentrazio duten eta zenbat zilar kloruro disolbatu den.

Gatzek, konposatu ionikoak diren heinean, disolbatzaile polarretan disolbatzeko joera dute, baina atomoen arteko lotura guztiz ionikoa ez denean (atomoen izaerak mugatua), polartasun txikiagoko disolbatzaileetan disolba daitezke, neurri apalagoan bada ere. Adibidez, potasio ioduroa (KI) alkoholetan disolbagarria da, eta potasio kloruroa (KCl), berriz, disolbagaitza. Ioduro ioia kloruro ioia baino handiagoa da, eta elektronegatibotasun txikiagoa du, eta, horren ondorioz, potasio eta iodo atomoen arteko loturak izaera kobalenteagoa du; horrelako konposatuak, gainera, ura (polarra) baino disolbatzaile ez-polarragoetan disolba daitezke.