organisme
- 1. Biol.
- Izaki biziduna, zelulabakarra edo zelulaniztuna.
Organismoa Edit
Egilea: Kepa Altonaga
Biologiaren alorrean, sistema bizidun indibidual bat da organismoa (dela animalia, landarea, onddoa edota mikroorganismoa). Organismo guztiak dira gai era batera edo bestera bai kinadei erantzuteko, bai ugalketarako, bai hazkunderako eta bai osotasun egonkor gisa mantentzeko ere. Organismo bat unizelularra izan daiteke edo milioika zelulaz osotuta egon daiteke, beroriek ehun eta organo espezializatuetan antola daitezkeelarik.
Organismoak mota bikoak izan daitezke, prokariotikoak edo eukariotikoak. Prokariotoek domeinu berezi bi erakusten dituzte, Bacteria eta Archaea. Bestalde, eukariotoen artekoak dira onddo, landare eta animaliak.
Organismo kontzeptua zentzu zabal batean beste modu honetara uler daiteke ere: molekula-multzo bat, osotasun bat, gutxi-aski era egonkorrean aritzen dena eta biziaren ezaugarriak dituena. Hala ere, beste iturri batzuek proposatu definizioek exkluditu egiten dituzte bai birusak eta bai, halaber, teorian posible diren gizakiek sorturiko bizi-forma ez-organikoak ere. Birusak, izatez, zelula ostalarien makineria biokimikoaren menpekoak dira ugalketarako.
Birusak normalean ez dira organismotzat jotzen, ez baitute ugalketa edota metabolismo “beregainik”. Eztabaida oso problematikoa da, zeren zenbait bizkarroi eta endosinbionte ere ezgai baitira bizitza independenterako. Nahiz eta birusek bizidunen zenbait entzima eta molekula karakteristiko eduki, ezin dira zelula ostalaritik kanpo ugaldu, eta, izan ere, euren prozesu metaboliko gehienek beharrezkoa dute ostalari batek eskain dezakeen makineria genetikoa, hala ostalari eukariotikoen organuluak nola ostalari prokariotikoen entzima-multzoak. Alabaina, birusek metabolismo beregainik ez eduki arren, eta hortaz, normalean ez diren organismoen erroldan zerrendatzen, badituzte, bestalde, beren gene propioak eta eboluzionatu ere benetako organismoen mekanismo berberez eboluzionatzen dute.
Superorganismo bat beste organismo bat da hainbat organismoz osotua. Normalean animalia sozialen unitate bati esaten zaio, zeinean lanaren banaketa oso-oso espezializatua baita, halako moldez non banako solteak ez baitira gauza bizirik irauteko bakarrik. Inurriak dira halako superorganismoaren etsenplurik ondoen ezagutua. Beste adibide baterako, termorregulazioa, organismo indibidualek normalean baduten ezaugarri hori, ez da gertatzen ezti-erle arruntaren ale bakanetan edota erle-aldra txikietan; ostera, koloniak termorregulatu egiten du, ezti-erleak 5.000tik 40.000 arteko ale-taldekamenduetan biltzen direnean. Ildo beretik, Gaia hipotesiari esker James Lovelock aipatua Vladimir Vernadskyrekin parekatu da, beronek iradoki baitzuen lehen aldiz biosfera osoa superorganismo gisa jo zitekeela hainbat aldetatik.
Superorganismoaren kontzeptua eztabaidapean dago, zeren-eta biologo askoren iritzian unitate sozial bat berez organismotzat joa izateko beharrezkoa bailitzateke banakoak elkarrekiko konexio fisiko etengabean egon daitezela, eta orobat euren eboluzioa sozietate-hautespenak gida dezala eta ez banako-hautespenak. Ildo horretatik, oro har onartzen bada ere animalia eusozialen sozietatea hautespen naturalaren unitatea dela gutxienez neurriren batean, eboluzionista gehien-gehienek aldarrikatzen dute banakoak direla hautespen-unitate primarioak.
Auzia ondokoan datza: zer da banakotzat jotzen dena? Richard Dawkinsen moduko darwindarrek proposatzen dute hautetsiriko banakoa “gene berekoia” dela. Bestetzuek uste dute organismoaren genoma osoa dela. E. O. Wilsonek erakutsi du inurri-kolonietan eta bestelako intsektu sozialetan koloniaren entitate ugaltzailea dela hautatua eta ez koloniaren kideak. Gauza bera aplika dakieke estromatolito baten bakterioei, zeintzuek nolabait gene-ondare bera baitute. Gaia hipotesiaren aldeko batzuek, Lynn Margulisek kasurako, argudiatzen dute sinbiogenesiari ere aplikatu ahal zaiola.
Halaber, gizakia ere superorganismotzat joa izan da inoiz, bere baitan mikroorganismoak inkluditzen ditu-eta. Estimazio batzuen arabera, gizakiaren heste-mikrobiota 1013 tik 1014 ra mikroorganismoz osotua da, zeintzuen genoma kolektiboak (“mikrobioma”) gutxienez 100 biderrez gure gene-kopurua edukiko bailuke. Hortaz, gizakiak superorganismoak lirateke, zeintzuen metabolismoa mikroorganismoen metabolismoaren eta gizakienenaren batuketa bailitzateke.