odorat

1. Fisiol.
sin. olfaction

Usaina hautematen duen zentzumena.

Usaimen-mintzaren egitura
Usaimen-mintzaren egitura

1. Fisiol.
Usaina hautematen duen zentzumena.

Usaimena Edit

Egilea: Jon Irazusta

USAIMENA

Dastamenaren antzera, usaimena ere kimiorrezepzio-mota bat da. Kontzentrazio baxuetan egonda, usaimen-sisteman eragina duten substantziak lurrinak deitzen dira. Ornodunetan usaimena sudurzuloetan dauden hartzaile batzuei esker gertatzen da. Ornogabeetan hartzaileak antenetan daude.

Hartzaile bakoitzak lurrinen ezaugarri bakarra ezagutzen du. Ugaztunek usaimen-hartzaileak espresatzen dituzten milaka gene dauzkate, gizakiek beste ugaztun batzuek baino gutxiago. Horregatik, gizakiaren usaimena, beste ugaztun batzuekin alderatuta, nahiko kaskarra da.

Usaimen-epitelioa

Sudur-barruko epitelioan dauden neurona sentsorialek hautematen dituzte usainak. Epitelioaren azalera usaimenaren sentikortasunaren adierazlea da. Gizakiaren epitelioak 2,4 cm2 inguru ditu, eta usaina hautematen duten 100 milioi zelula hartzaile inguru ditu. Txakurrek, aldiz, askoz epitelio handiagoa dute eta, gainera, zelula hartzaile gehiago dituzte azalera unitateko. Dena den, giza usaimenak ehunka substantzia baino gehiago bereiz ditzake, baita batzuk oso kontzentrazio baxuetan egonda ere.

grafikoak1

Usaimen-mintzaren egitura

Usaimenaren mekanismoa

Lurrinen molekulak sudurretik pasatu eta sudurzuloen goiko partean dagoen mukian disolbatzen dira, eta, ondoren, usaimen-neurona hartzaileetako dendriten mintzeko proteinekin (mintz-hartzaileak) batzen dira. Neurona bakoitzak mintz-hartzaile mota bakar bat du soilik.

Lurrina mintz-hartzailearekin batzen denean, neurona hartzailean nerbio-bulkada, hau da, ekintza-potentziala, sortzen du, gehienetan bigarren mezulariek eragindako erreakzioen bidez. Lurrinek G proteinek bitartekatutako adenilato ziklasaren aktibazioa eragiten dute. Entzima honek ATPa ziklatzen du AMP zikliko bihurtuz. Prozesu honen ondoren, eta AMP ziklikoak eraginda, katioiak (batez ere kaltzioa eta, neurri apalagoan, sodioa) zelulara sartzen dira. Katioien sarrera honek zelula positiboago bihurtuko du eta, mintz-potentziala atalasera iristen bada, ekintza-potentzialak sortuko ditu.

Bestalde, sartu den kaltzioa kalmodulinari lotuz AMP ziklikoak bideratutako kaltzio-kanala aktibatzea eragozten du. Prozesu honek usaimenaren moldaketekin zerikusia duela dirudi.

Usaimen-epitelioan sortutako ekintza-potentzialak usaimen-neuronen axoien bidez garunera doaz. Epiteliotik datozen axoiak usaimen-erraboilean bat egiten dute, eta glomerulu deitzen den egitura txiki bat osatzen dute. Erraboileko zelula mitralek sudurretik datozen axoiekin bat egiten dute, eta nerbio-bulkada garuneko usaimen-sistemaren beste ataletara bidaltzen dute. Zelula mitralek garuneko beste bost atalekin, gutxienez, sinapsiak dituzte: aurreko usaimen-nukleoa, usaimen-tuberkulua, amigdala, eta kortex piriforme eta entorrinalak. Zati hauek beste hainbat garun-eremutara doazen proiekzioak dituzte. Usaimen-informazioa oso erraz gordetzen da epe luzeko memorian, eta emozioetako memoriarekin lotura handiak ditu. Usaimen-sistemak sistema linbikoarekin eta hipokanpoarekin anatomikoki lotura estuak dituelako izan liteke hori. Hau da, emozioekin eta memoriarekin lotura duten sistemekin, hurrenez hurren.

Usainen garuneko prozesamenduan konbergentzia handia dago, 25.000 axoi inguruk gutxi gorabehera 100 zelula mitralekin sinapsiak baitituzte. Konbergentzia handi honek, hartzaileen espezifikotasun-ezarekin batera, zaila egiten du ulertzea gizakiak hainbeste usain hautemateko gaitasuna izatea.

Gaur egun, zenbait teoria dago usainen kodetze eta pertzepzioari buruz. Dena den, usaimena bere osotasunean azaltzen duen teoriarik ez dago.

grafikoak2

Usaimenean parte hartzen duten hainbat egitura