insecte

1. Zool.

Artropodoen filumeko animalia, gorputza hiru atalez (buru, torax eta abdomenez) osatua duena, toraxean hiru hanka-pare eta buruan antena-pare bat izaten dituena. Intsektuak eskuarki hegodunak izaten dira. Bizi-zikloan zehar metamorfosia izaten dute, eta arnasketa trakea bidezkoa dute. Gehienak lehortarrak dira eta Insecta klasea osatzen dute.

1. Zool.
Artropodoen filumeko animalia, gorputza hiru atalez (buru, torax eta abdomenez) osatua duena, toraxean hiru hanka-pare eta buruan antena-pare bat izaten dituena. Intsektuak eskuarki hegodunak izaten dira. Bizi-zikloan zehar metamorfosia izaten dute, eta arnasketa trakea bidezkoa dute. Gehienak lehortarrak dira eta Insecta klasea osatzen dute.

Intsektuak Edit

Egilea: Kepa Altonaga

INTSEKTUAK

Hiru hanka-pare edukitzeak bereizten ditu intsektu helduak gainerako artropodoetatik, eta horrexegatik hexapodo esaten zaie batzuetan; jeneralean hego-pare bi txertatu ohi dira gorputzeko alde torazikoan. Horiez gainera, intsektuen buruak antena-pare bakarra aurkezten du.

Intsektuena da animalia-talderik garrantzitsuena kopuruari dagokiola (milioi bat espezie bizi deskribatu dira, kopuru hori erreala baino dezente urriagoa bide delarik). Tamainaz 0,25 mm-tik (zenbait koleoptero ptilido eta himenoptero bizkarroi batzuen kasua) 28 cm-raino (tximeleta tropikal batzuetan) doaz espezie bizietan, baina intsektuen erraldoia fosil bat izan zen, Meganeura monyi burruntzia, zeinaren hegoartea 70 cm-koa baitzen. Primarioki lurrazaleko biztanle ziren. Hasierako intsektu primitibo hegabako haiek gutxi ziren; hala ere, intsektu hegadunen agerpenak espezie-kopuruaren eztanda ebolutiboa sortarazi zuen, ia biotopo guztiak kolonizatu zirelarik, altitude handiak eta itsasoko lekuneak izan ezik. Aipaturiko arrakasta ebolutiboa hegaldiak dituen abantailetan oinarritu zen parte batean behintzat: sakabanakuntza-ahalmena emendatu zen ikaragarriro, eta bestalde, harrapakariengandiko ihesa hobetu zen. Horrekin batera, metamorfosi bidezko garapenak baliagai ekologikoen ustiakuntza optimizatzea ekarri du, zikloan zehar txoko ekologiko desberdinak okupatuz. Faktore bi hauekin batera ezin da talde honen bertsatilitate ekologikoa ahaztu, izan ere, intsektuak gai dira bestelako ornogabeek eta areago ornodunek errefusatzen dituzten janariez mantentzeko: zura, petrolioa, ileak, tabakoa, gorotzak, gorpuak, papera, larruak, ezkatak...

Intsektuek garrantzi ekonomiko galanta daukate, oso harreman estua baitute gizakiaren aktibitateekin. Intsektu asko onuragarriak dira polinizatzaile gisa dihardute-eta, izan ere, landare fanerogamoen % 65a intsektuez, batez ere himenopteroez, polinizatzen da. Bestetan intsektuek substantzia erabilgarriak ekoizten dituzte: eztia, argizaria, zeta... Munta handikoak dira lurzoruaren eraketan eta materia organikoaren deskonposizioetan; modu berean, janari gisa erabil daitezke arrain eta hegaztien produkziorako. Bestalde, intsektu batzuk izurrien kontrako borroka biologikorako erabili dira eta bai laborategiko ikerketarako ere. Nolanahi, intsektu asko gizakiaren baldintzen andeakuntzaren erantzule dira, batzuetan zuzenean (eltxoak, zorriak eta bartzak, arkakusoak, euliak...) eta bestetzuetan indirektoki, zenbait gaixotasunen bektore izanik (paludismoa, elefantiasia, lo-eritasuna, tifusa, pestea, disenteria...) edo kultiboetan plaga modura.

Intsektuen gorputza ondo bereizitako hiru atalez osotua da: burua, toraxa eta abdomena. Buruko sei metameroak erabat esklerotizatuta daude, kapsula zefalikoa eratu delarik. Orokorrean begi konposatuak ditu lateralki, pare bat, batzuetan hiru ozelo dortsalez lagunduta daudelarik; antenak sentimen-organo dira, batez ere ukimenezkoak, usaimenezkoak edo oreka-organoak. Aho-piezak dira buruko parterik aldakorrenak, nahiz eta kasu guztietan hiru apendize-pare diren: baraila-pare bat, maxila-pare bat eta bigarren maxila-parearen fusioz itxuratutako behe-ezpaina. Aho-piezen garapen-maila eta forma elikadura-motarekin erlazionaturik daude, eta batzuetan, funtzionalak ez izanez enuldu egin dira eta bai guztiz atrofiatu ere. Ora har, aho-aparatuak oinarrizko hiru eratakoak izan daitezke, hainbat modifikazio eta bitartekari badaude ere: aho-aparatu mastekatzailea (matxinsalto, kilker eta kakarraldoetan), mastekatzaile-miazkatzailea (erle eta liztorretan), ziztatzaile-zupatzailea (eltxo eta arkakusoetan esaterako), ebakitzaile-zupatzailea (ezpara eta mandeulietan), zupatzailea (eulietan), miazkatzaile-zupatzailea (tximeletetan).

Toraxa hiru metameroz (protorax, mesotorax eta metatoraxa) eratua da. Metamero bakoitza lau eskleritoz osotua da: dortsal bat, tergito edo notu deritzona, beste bat bentral, esternito deritzona, eta beste lateral bi, pleuritoak alegia. Hankak parakuntza bentralean artikulatzen dira pleurito eta esternito artean eta metamero toraziko bakoitzeko bi; garapen-gradua eta forma lokomozio-motarekin erlazionaturik daude (ibilketa, jauzia, igeriketa, etab.), baina plan estruktural berberari dagozkio: hankak apendize unirramoak dira, bost giltzarte nagusiz osotuak (koxa, trokanterra, femurra, tibia eta tartsoa) eta giltzadura-mintzez artikulatuak. Lokomoziorako izateaz gainera, hankak organo atzitzaileak izan daitezke (adibidez, marisorginen hanka harrapatzaileak edo erleen hanka biltzaileak), estridulatzaileak (kilkerren kantua), edo bestelako zereginetarako moldatuta egon.

Hegoak egitura bereziak dira: mesotorax eta metatoraxeko tegumentuaren hedakinak dira: intsektu gehienek egoera helduan, normalean, hego-pare bi dituzte; dena den, badaude intsektu hegabakoak ere (= apteroak), berori ezaugarri primitiboa izan daitekeelarik (= intsektu apterigotoak, zilarrarraina kasu) edo ezaugarri sekundarioa, hau da, hegoen murrizpenaz agertua (= intsektu pterigotoak; zorri eta arkakusoak esaterako, edo intsektu sozialen zenbait kasta —inurri eta termitak—). Uste denez, primarioki hegabakoak dira intsektu primitiboenak eta Apterygota taldean sailkatuta daude; intsektu hegadunak, ostera, Pterygota taldean inkluditu dira. Dena den, ez da ezagutzen hegoen garapen ebolutiboa zelakoa izan den. Ezaguturiko intsektu fosil zaharrenak devoniarrak dira, baina ordurako, espezie hegabakoekin batera bazeuden hegadunak ere; orain arte ez da forma fosil bitartekaririk aurkitu. Hegoen jatorriari buruzko hipotesi onartuenaren arabera, hegoak notuaren lobulu lauak ziren, zeintzuen bitartez, saltoa egitean intsektua kokapen egokian lurreratzen baitzen. Geroago gingil lateral horiek egitura aliforme bihurtu ziren, intsektu planeatzaileak sortaraziz; zer esanik ez, horrelako animalia guztiz abantailatsua zitekeen garai hartako landaredi naroan. Azkeneko urratsa, hegoen higidura erraztuko zuten artikulazioen garapena bide zen, nerbiazioez sostengatua. Eboluzioan zehar nerbiazio horien murrizketa gertatu da. Hego primitiboak hedatuta mantentzen dira une oro, burruntzi eta sorginorratzetan bezala (intsektu paleopteroak, hau da, efemeroptero eta odonatuak); baina, hegoen oinarriko artikulazioaren hobekuntzaz hegoak abdomenaren gainean tolestu daitezke, eta modu horretara enbarazutik kendu hegan egiten ez denean (intsektu neopteroak). Dirudienez, zeharo garrantzitsua izan zen jazokune hori intsektuen eboluziorako: jadanik intsektu moderno askoren arbasoek mikrohabitat berriak inbaditu ahal zituzten, hala nola, harri eta enbor-azalen azpialdea, zirrikituak, lurzorua, gorotzak, zura, ur-azala, etab, zeintzuetan hego zabalduak oztopo galant baitziratekeen.

Abdomena hamaika metameroz osotua da, eta gehienetan apendizebakoa. Alde genitala zortzigarren eta bederatzigarren metameroez eratuta dago, berorietan kokatzen baitira ugal irekiuneak eta ugalketarekin erlazionaturiko apendize eraldatuak.

Intsektuen barne-anatomiari hegira, puntu bi dira bereizgarrienak gainerako artropodoekin konparatuz: trakea bidezkoa da arnasketa, eta eskrezioa Malpighi tubuluek burutzen dute. Tegumentuaren egitura ez da artropodoen eredu orokorretik desbideratu, baina, konplexuago bihurtu da intsektuetan. Muskulatura, metamerikoki paraturiko zuntz ildaskatuen azauez osotua da. Zirkulazio-aparatua irekia da, odol-hodi dortsal bakar batez osotua. Digestio-hodia, orokorki, artropodoenaren ereduari dagokio, hiru atalez eratua delarik. Nerbio-sistema gongoilezkoa da eta hiponeuroa. Sentimen-organoak oso sofistikatuak dira eta kinada-gama zabala atzematen dute.

Intsektuen gehiengoa gonokoristikoa da, hau da, arrak eta emeak daude. Normalean sexuala da ugalketa eta obiparismo bidezkoa. Ernalketa barnekoa da beti, espermaren transferentzia direktoa zein indirektoa izan daitekeen arren; gorteiuren bat egoten da sarri askotan: kilimusi sinpleak, eztei-hegaldia edo beste. Garapen enbrionarioa beteta arrautzatik irtendako intsektua diferentea izan ohi da ale helduarekiko, ez soilik tamaina eta ahalmen ugaltzailearen gabezia direla-eta, baizik eta beste anitz berezitasunengatik, bai morfologiko zein trofiko edo ekologiko. Garapen postenbrionario deritzo arrautzatiko eklosiotik ahalmen ugaltzailearen lorpenera arteko epeari. Garapen postenbrionarioan zehar intsektuek zenbait muda jasaten dituzte hazteko, eta bitartean ondoz ondoko aldaketak pairatzen dituzte, zeintzuen multzoa metamorfosi terminoaz izendatu baita. Intsektuen heldua (= imagoa) ugal aparatua guztiz garatuta edukitzearren bereizten da, eta bai, kasua denean, hegoen presentziaz. Eklosioaren eta heldua sortuko duen azken mudaren artean zenbait estadio (= muda biren arteko epeari esaten zaio estadio) tartekatzen dira.

Garapen postenbrionarioaren arabera, ondoko eratara taldekatu dira:

  • Intsektu ametaboloak: gazteak helduen oso antzekoak dira, hau da, ez dago benetako itxura-aldaketarik (honelakoak dira intsektu apterigotoak).

  • Intsektu heterometaboloak: berauetan metamorfosia ez da oso sakona, ninfa eta imagoa bereizten direlarik (matxinsaltoa kasu).

  • Intsektu holometaboloak: metamorfosia oso bortitza da eta hiru urrats nagusi bereizten dira, larba edo beldarra, pupa eta imagoa (adibidez erleak eta tximeletak).