inflammation

1. Med.

Infekzio, trauma edo bestelako eraso bat gertatzen denean ehun edo organo batek agertzen duen erreakzioa. Ezaugarri nagusiak gorritasuna, tumorea, beroa, mina eta funtzio-arazoak dira.

Hantura-erantzunaren prozesua. 1) Bakterioak eta bestelako patogenoak zaurian sartzen dira; 2) Odoleko plaketek odola koagulatzeko proteinak askatzen dituzte zauria dagoen lekuan; 3) Mastozitoek basodilatazio eta basokonstrikziorako faktoreak jariatzen dituzte. Odol, plasma eta zelula gehiago bidaltzen dira zaurira; 4) Neutrofiloek patogenoak hiltzeko eta degradatzeko faktoreak jariatzen dituzte; 5) Neutrofiloek eta makrofagoek, fagozitosi bidez, patogenoak ezabatzen dituzte; 6) Makrofagoek <span style="font-style:italic">zitokina</span> izeneko hormonak jariatzen dituzte. Zitokinek immunitate-sistemako zelulak erakartzen dituzte zaurira, eta ehunak konpontzeko zelulak aktibatzen dituzte. Material arrotza ezabatu eta zauria konpondu arte irauten du hantura-erantzunak
Hantura-erantzunaren prozesua. 1) Bakterioak eta bestelako patogenoak zaurian sartzen dira; 2) Odoleko plaketek odola koagulatzeko proteinak askatzen dituzte zauria dagoen lekuan; 3) Mastozitoek basodilatazio eta ...

1. Med.
Infekzio, trauma edo bestelako eraso bat gertatzen denean ehun edo organo batek agertzen duen erreakzioa. Ezaugarri nagusiak gorritasuna, tumorea, beroa, mina eta funtzio-arazoak dira.

Hantura Edit

Egilea: Edurne Ugarte

HANTURA

Hantura gaixotasun askotan gertatzen da; ehunen kontrako erasoaren aurrean martxan jarritako defentsa-mekanismoa da. Hanturaren helburua da eragile erasotzailea desagerraraztea, baita ehunetan sortutako kalteak konpontzea ere. Hantura adierazteko, medikuntzan -itis atzizkia erabiltzen da (faringitis, laringitis, otitis …). Baina hantura ez da beti onuragarria izaten; gaixotasun autoimmuneetan, adibidez, hanturazko erreakzioa ehun eta organo osasuntsuetan gauzatzen da, norberaren egiturak arrotzak, kaltegarriak eta arriskutsuak balira bezala.

Oro har, ehunetan kalteak eragin ditzakeen edozein kausak jar dezake martxan hanturazko erreakzioa: faktore fisikoak (traumatismoak, hotza, beroa, erradiazio ultramoreak…), egile biziak (birusak, bakterioak, onddoak…), egile kimikoak, gorputz arrotzak, odol-hodien alterazioak (iskemia) eta alterazio immunologikoak (adibidez, hipersentikortasun-erreakzioak), besteak beste.

Ehunak kaltetzen direnean, haietako odol-hodien azpiendotelioa agerian geratzen da, eta horrek, plaketak eta koagulazioa aktibatzeaz gain, ondoren azalduko ditugun hanturazko erreakzioen gertakizunak piztuko dituzten hainbat bitartekari kimiko askatzea ekarriko du. Horietako batzuek hodi-zabalkuntza eragingo dute, eta odol-hodien iragazkortasuna handituko; beste batzuek, berriz, odol-zirkulazioko leukozitoak odol-hodien paretetara hurbiltzea eta odol-hodien endotelioa zeharkatuz hanturazko fokura abiatzea eragingo dute. Leukozitoak hantura dagoen lekura joatea eragiten duten faktore kimiko horiei faktore kimiotaktiko deritze. Leukozito horien artean, fagozitoak dira ugarienak hanturazko fokuan; izenak adierazten duenez, fagozitosia izango da haien funtzioa, hau da, eragile erasotzailea (adibidez, bakterio bat) barneratzea eta, erradikal askeen bidez eta pikorretan gordetako entzimen bidez, hura suntsitzea. Hantura akutuetan, fagozito gehienak neutrofiloak dira. Hantura denboran luzatzen denean eta kroniko bihurtzen denean, aldiz, fagozito ugarienak monozitoak eta makrofagoak dira. Fagozitoek sortutako erradikal aske eta entzima horiek fagozitotik kanpo ere arituko dira, eta horrek, hanturazko erreakzioa defentsa-mekanismoa den arren, inguruko ehunak eta egiturak ere kaltetu ditzake.

Eragile erasotzailea desagertutakoan eta hanturazko erreakzio akutua bukatutakoan, hanturaren konpontzeko fasea etorriko da: zelula endotelialei esker, odol-hodi berriak sortuko dira, eta fibroblastoek ehun konektiboa osatzeari ekingo diote.

Oro har, orain arte azalduko hanturazko prozesuan hainbat zelulek hartzen dute parte (neutrofikoak, monozitoak, makrofagoak, eosinofiloak, linfozitoak, plaketak, zelula endotelialak, fibroblastoak…), baita bitartekari kimiko ugarik ere (histamina, serotonina, proteasak, oxigenoaren erradikal askeak, oxido nitrikoa, prostaglandinak, leukotrienoak, plaketen faktore aktibatzailea, interleukina-1, tumoreen nekrosi-faktorea, interleukina-6, koagulazioaren faktoreak, konplementua…). Hantura bitartean, gainera, gibelak proteinak sintetizatzeko modua aldatzen du; albuminaren eta prealbuminaren sintesia gutxitzen du eta beste hainbat proteinena, aldiz, handitu. Hanturan kontzentrazio plasmatiko handiak dituzten proteina hauei fase akutuaren proteinak deritze, eta 30 baino gehiago dira, ezagunenak hauek: ferritina, fibrinogenoa, alfa1-antitripsina, alfa2-makroglobulina eta C proteina erreaktiboa. Horietako askoren esanahia ez da ondo ezagutzen hanturan, baina batzuek, adibidez fibrinogenoak, eritrozitoak laborategiko tutuan jalkitzea eragiten dute. Horrek azaltzen du hanturazko prozesuetan hain tipikoa den globuluen jalkiera-abiaduraren (GJA) igoera.

Aipatutako gertakizunek azaltzen dituzte aspalditik ezagutzen diren hanturaren lau zeinu tipikoak: edema, gorritasuna, beroa eta mina. Lau zeinu horiek osatzen dute Celsoren laukotea, hark deskribatu baitzituen hanturaren zeinuak K.a. II. mendean. Edemagatik antzematen zaio hantura dagoen eremuari hanpaturik dagoela. Edema hori gertatzen da odol-hodien iragazkortasun handiagotuagatik proteinatan aberatsa den likido plasmatikoa eta, robat, odol-zelulak odol-hodietatik interstiziora pasatzen direlako. Leukozitotan eta proteinatan aberatsa den eta hanturazko fokuan metatzen den likido horri exudatu deritzo. Exudatu horretan neutrofilo asko dagoenean, horien entzima batek (mieloperixodasak) ematen dio likidoari kolore berdea; halakoetan, esaten da zornea dagoela. Hodi-zabalkuntzak eta odolaren estasiak azaltzen dituzte laukotearen bigarren eta hirugarren zeinuak, gorritasuna eta beroa, alegia. Azken hori metabolismoaren igoeragatik ere ager daiteke. Bestetik, mina izaten da hanturaren bitartekari kimiko batzuek —bradikininak eta histaminak hain zuzen ere— min-errezeptoreak estimulatzen dituztelako. Min hori taupakaria izan ohi da, hau da, bihotz-taupadekin batera areagotzen da, ziur asko pultsuaren uhinak hantura duten ehunen barneko presioa handitzen duelako.

Bost mende geroago, Galenok hanturaren bosgarren zeinua deskribatu zuen: funtzioaren alterazioa, oso aldakorra izan daitekeena hantura kokatzen den egituraren edo organoaren arabera: mugikortasunik eza artritisetan, gibeleko gutxiegitasuna hepatitisean, arnas gutxiegitasuna biriketako hanturetan…

Hanturaren defentsa-mekanismoak huts egiten duenean —eragile erasotzailea ezin delako zeharo desagerrarazi, ostalariak defentsa-mekanismo gutxiegi duelako edo hanturazko erreakzioa bera kaltegarria delako—, gaixoaren heriotza gerta daiteke sortutako alterazio funtzionalak larriegiak badira (adibidez, entzefalitisa). Huts egitearen beste ondorio batzuk hauek izan daitezke: abszesuak sortzea eta hantura kroniko bihurtzea. Abszesua sortzen da fagozitosia nahikoa ez izateagatik bakterioak ugaltzen direnean hanturazko fokuan eta, horren ondorioz, nekrosatutako eta zornez beteriko barrunbe bat sortzen denean. Denboran luzatu den hantura kroniko egin dela esaten da; halakoetan, orbain-ehunarekin nahasita, monozitoz, makrofagoz, linfozitoz eta zelula plasmatikoz osaturiko infiltratu iraunkorra egoten da hanturazko fokuan.

grafikoak1

Hantura-erantzunaren prozesua. 1) Bakterioak eta bestelako patogenoak zaurian sartzen dira; 2) Odoleko plaketek odola koagulatzeko proteinak askatzen dituzte zauria dagoen lekuan; 3) Mastozitoek basodilatazio eta basokonstrikziorako faktoreak jariatzen dituzte. Odol, plasma eta zelula gehiago bidaltzen dira zaurira; 4) Neutrofiloek patogenoak hiltzeko eta degradatzeko faktoreak jariatzen dituzte; 5) Neutrofiloek eta makrofagoek, fagozitosi bidez, patogenoak ezabatzen dituzte; 6) Makrofagoek zitokina izeneko hormonak jariatzen dituzte. Zitokinek immunitate-sistemako zelulak erakartzen dituzte zaurira, eta ehunak konpontzeko zelulak aktibatzen dituzte. Material arrotza ezabatu eta zauria konpondu arte irauten du hantura-erantzunak