habitat

1. Ekol.

Espezie edo espezie-multzo bat bizi den lekua, ingurumen-ezaugarri jakin batzuk (biotikoak zein abiotikoak) dituena.

1. Ekol.
Espezie edo espezie-multzo bat bizi den lekua, ingurumen-ezaugarri jakin batzuk (biotikoak zein abiotikoak) dituena.

Habitata Edit

Egilea: Arturo Elosegi

HABITATA

Espezie bakoitzak bere eskakizun bereziak ditu, bizi ahal izateko inguruneko faktoreek bete behar dituzten baldintzak. Esate baterako, espezie bakoitza tenperatura-tarte zehatz batera dago moldatuta, eta ezin daiteke hartatik kanpo bizi. Baldintza horietako batzuk biotikoak dira, beste batzuk abiotikoak, eta guztien balioak egokiak diren lekuak osatzen du espezie baten habitata. Espeziearen ezaugarri eta neurriarekin batera, habitataren ezaugarriak eta eskala guztiz aldatzen dira. Adibidez, Pirinioetako goi-mendiko larre eta baso garaiek osatzen dute sarrioaren habitata; eremu berean, Drosera landare karniboroaren habitata zohikaztegietara mugatzen da; aitzitik, sarrioaren hestea bera da hainbat bizkarroiren habitata.

Beraz, habitat hitzak oso dimentsio eta ezaugarri desberdinetako eremuak hartzen ditu, espeziearen arabera. Adibidez, lepahoria baso helduetako karniboroa da. Erabilera lausoago batean, habitat esan ohi zaio leku batean aurki daitezkeen ingurune-mota nagusietako bakoitzari: basoak, sastrakadiak, larreak, harkaiztiak, urmaelak, errekak... bakoitzak habitat bat eratuko luke. Dena dela, ingurune-mota horietako bat aztertzean, habitat gehiago bereizten dira. Esate baterako, erreketan habitat desberdintzat hartzen dira urlasterrak eta putzuak, horietako bakoitzean espezie desberdinak izaten baitira. Mikrohabitat esaten zaie habitat baten barruan aurki daitezkeen leku txikiagoei. Basoa habitat bat bada, enbor-zuloak mikrohabitatak lirateke.

Habitatari dagokionez, espezie batzuk generalista edo euritopikoak dira, beste batzuk espezialista edo estenotopikoak. Azken horietan, habitat-hautespena ematen da, hots, erabil daitezkeen eremu potentzialetatik eremu gutxi batzuk bakarrik erabiltzen dituzte banakoek, haien eskakizunak modu zehatzenean asetzen dituztenak. Okil handia, esate baterako, mota guztietako basoetan bizi da Euskal Herrian; okil beltza, berriz, oso baso helduetan bakarrik, eta okil gibelnabarra pagadietan bakarrik. Habitata ez da soilik espeziearekin aldatzen, maiz ar eta emeen, gazte eta helduen habitatak ez baitira berdinak. Izokina da horren adibidea, itsasoan bizi den arren erreketan ugaldu eta hazten baititu kumeak. Era berean, espezie askok habitata aldatu egiten dute urtean zehar, batez ere migratzaile direnek.

Europako Batasunaren Habitat Naturalen eta Basafauna eta Basafloraren Kontserbazioari buruzko 92/43 Direktibak, bestalde, Batasuneko biodibertsitatea kontserbatzeko, Batasunaren Intereseko Habitat eta Espezieak zehazten ditu. Zerrenda horretan, bederatzi habitat-mota nagusi bereizten dira (kostaldekoak, dunak, ur gezatakoak, txilardi-sastrakadi epelak, sastrakadi esklerofiloak, larre natural eta seminaturalak, zohikaztegi eta lintzurak, harkaizti eta kobazuloak, eta basoak). Habitat nagusi horiek beste hainbatetan bereizten dira, batez ere irizpide botanikoak kontuan hartuta, eta habitat horiek dira Natura 2000 sarearen eraketan kontuan hartu direnak.