glacier

1. Geogr./Geol.

Urte guztian urtzen ez den elur izoztuko eremua.


2. Geol.

Elurra metatu eta izotz bihurtzearen ondorioz eratutako izotzezko jario-masa.

Briksdal glaziarra (Norvegia)
Briksdal glaziarra (Norvegia)

2. Geol.
Elurra metatu eta izotz bihurtzearen ondorioz eratutako izotzezko jario-masa.

Glaziarra Edit

Egilea: Elhuyar

GLAZIARRA

Urtetik urtera irauten duen izotz-masa mugikorra da glaziarra. Egitura horietan, neguan elurra pilatu eta trinkotu egiten da, izotz bilakatu arte. Pilatutako masaren tentsioaren eta grabitatearen indarraren eraginez, izotz-masak pilatu den lekutik kanporantz eta beherantz mugitzeko joera izango du.

Glaziarrek Lurraren gainazalaren % 11 estaltzen dute, baina Lurreko ur gezaren hiru laurdenak gordetzen dituzte. Glaziarrek osatzen duten izotz-masaren % 99 Antartika eta Groenlandian dago pilatuta. Gainerakoa kontinente guztietan zehar eta latitude altuetako irletan barreiatuta dago.

grafikoak1

Briksdal glaziarra (Norvegia)

Eremu polarretan eta eremu altuetan dago glaziarrak sortzeko aukera, baina kondizio jakin batzuk bete behar dira glaziarra sortzeko. Garrantzitsuenak prezipitazioen kantitatea eta tenperatura dira. Neguan jasotzen den eta pilatzen den elur-kantitateak udan urtzearen ondorioz galtzen den kantitateak baino handiagoa izan behar du. Hori dela eta, glaziarrak mendietako sakonuneetan eta eguzkitik eta haizetik babestutako eremuetan sortzen dira, edo latitude altuetan, tenperatura izotza urtzeko bestekoa izatera heltzen ez den tokietan.

Eremu horietako batean elurra pilatzen bada eta urte osoa urtu gabe irauten badu, hurrengo neguan beste elur-geruza bat pilatuko da gainean. Zikloa behin eta berriz errepikatuta, pilatzen den elurrak gero eta pisu handiagoa izango du, eta azpian dagoen masa konprimitzen hasiko da. Elurra izotz bilakatzen hasiko da, eta izotz-pikorrak ikusiko dira. Are gehiago konprimituz gero, izotz-kristalak sortuko dira, egitura trinkoagoa lortuko du, eta ia ez du airerik izango harrapatuta. Egoera horretan dagoen izotzak kolore urdina izan ohi du.

Glaziar batek bi eremu nagusi ditu: metaketa-zona eta ablazio-zona. Metaketa-zonan, izenak dioen bezala, elurra pilatzen da eta izotz bilakatu (glaziarraren goiko muturra da, eta azalera osoaren % 60-70 hartzen du). Ablazio-zona, berriz, glaziarraren beheko aldea da, eta hor izotza urtu egiten da. Bi eremuen arteko mugari oreka-lerro deritzo. Puntu horretan, oreka dago jasotzen den materialaren eta galtzen denaren artean. Glaziar baten egoera zein den jakiteko, metaketa-zonaren azalera behatu behar da. Ablazio-zona baino handiagoa bada, glaziarra guztiz garatua dago, hau da, metatzen den elur-kantitatea ablazio-zonan galtzen dena baino handiagoa da. Egoera horretan, glaziarra aurrerantz mugitu eta haranean hedatuko da.

Kontrakoa gertatzen bada, hau da, jasotzen dena baino material gehiago galtzen bada, glaziarra atzerantz mugitzen ari dela esaten da. Itxuraz atzerantz egiten badu ere, benetan, pilatzen dena baino material gehiago urtzen da, eta glaziarra txikiagotu egiten da apurka-apurka.

grafikoak2

Atzerako glaziarrak uzten duen paisaia

Glaziar osasuntsuetan, izotzaren mugimenduak azpiko eta inguruetako lurra higatu egiten du, eta mota guztietako materialak gune batetik bestera garraiatzen ditu. Ur-korronte batek sortu duen V formako haran batean behera mugitzen den glaziarrak haranaren oinarria eta bi hormak higatzen ditu, eta apurka-apurka U formako haran bilakatzen du. Are gehiago, V formakoa zen haran nagusi horretan amaitzen ziren haran txikiagoen muturrak ere higatzen ditu, eta haran glaziarretan aurkitu ohi diren haran eseki bilakatuko dira. Horietan, maiz, ur-jauzi ikusgarriak sortzen dira, higaduraren ondorioz haran txikiaren eta handiaren arteko altuera-diferentzia handitu delako.

Esan bezala, glaziarrak inguruko lurra higatzeaz gain, higaduraren ondorioz askatu den materiala ere garraiatzen du. Material hori izotzaren gainean, barnean edo azpian koka daiteke, eta guztia, azkenean, glaziarraren amaieran pilatzen da. Material-pilaketa esanguratsuenak morrenak dira. Morrenak glaziarraren amaieran eta ertzetan agertzen diren muino txikiak dira, glaziarrak garraiatutako harri, hartxintxar, lohi eta bestelako materialez eratuak.

Morrenez gain, glaziarrek bestelako egitura geologikoak ere sortzen dituzte, baina horietako gehienak ez dira ikusiko glaziarrak atzerantz egin, edo guztiz desagertzen den arte. Metatze-eremuaren hasieran, esaterako, zirku deritzon katilu-formako egitura sortzen da, elurraren pilaketak azpian dagoen lurrean eragindako presioaren eta higaduraren ondorioz. Maiz, egitura horretan pilatutako elurra da dagoeneko desagertuta dagoen glaziarraren azken aztarna. Horrez gain, ablazioak eta materialen garraioak eragindako egiturak daude, arroketan higatutako materialek marraztutako marrak, drumlinak, lakuak eta bestelakoak.

grafikoak3

Glaziar-paisaia

Glaziar-motak

Azaldutakoa glaziarren eredu orokorra bada ere, mota askotako glaziarrak daude, eta bakoitzak bere ezaugarri propioak ditu. Oro har, lau mota nagusi daude: haran-glaziarrak, mendi-oineko glaziarrak, meseta-glaziarrak eta glaziar kontinentalak.

Haran-glaziarrak mendien haranetan agertzen dira. Haranaren goiko aldean kokatzen da metaketa-zona, eta zirkuak sortu ohi ditu hor. Haranean behera mugitzean, haranaren profila eraldatzen du. Haran baten amaieran lautada zabala dagoenean, haran horretatik beherantz mugitzean eta lautadara heltzean, norabide guztietara zabaltzeko joera izaten du, haizemaile-forma hartuz. Halako egitura duten glaziarrei mendi-oineko glaziar deritze. Meseta-glaziarrak, berriz, altuera handiko eremuetan eta goi-lautadetan pilatu ohi den izotz-masa dira. Gehienez 50.000 km2-ko azalera estali ohi dute, eta kupula formakoak dira. Metaketaren erdigunean dago metaketa-zona, eta puntu horretatik norabide guztietara hedatzen da izotza. Halako egiturak Islandian ikus daitezke, besteak beste. Azkenik, glaziar kontinentalak ditugu. Horiek dira munduko izotz-masarik handienak. Groenlandia eta Antartika estaltzen dituzten izotz-geruzei deritze glaziar kontinental. Izotz-masa horien hedadura hain da handia, ezen kasu askotan itsasoraino heltzen baitira. Glaziarra itsasoan amaitzen denean, amaierako izotz-zatiak uretara jausten dira zuzenean, eta izotz-zati horiek dira, hain zuzen ere, poloetako itsasoetan aurkitzen diren icebergak.

grafikoak4

Easton glaziarra, Baker mendia, Ameriketako Estatu Batuak (iturria: Walter Siegmund)