extinction
- 1. Aeron.
Erreakzio-motorraren itzalaldi behartu gabea, bereziki airea bizkorregi sartzen zaiolako.
- eu nahi gabeko itzaltze
- en blowout
- es apagado de llama
- 2. Aeron.
- sin. extinction accidentelle du réacteur
Erreakzio-motor batean errekuntza etetea, erregai-hornikuntza berariaz eten izana ez den beste arrazoi batengatik.
- eu itzaltze, iraungitze, amatatze
- en flameout, flame-out
- es flame-out, flameout, regreso de llama, extinción
- 3. Astron.
Objektu astronomikoek igortzen duten erradiazio elektromagnetikoaren murrizketa, objektuaren eta horren behatzailearen artean dagoen materiak (hautsak eta gasak) erradiazioak xurgatzen edo barreiatzen dituelako.
- eu itzaltze, iraungitze
- en extinction
- es extinción
- 4. Ekol.
Populazio, espezie edo maila taxonomiko goragokoaren erabateko desagerpena edo heriotza, izaki-mota horren behin betiko galera dakarrena.
- eu suntsipen, iraungipen, estintzio
- en extinction
- es extinción
4. Ekol.
-
Konkurrentzia interespezifikoaren ondoriozko suntsipena: Britainia Handian, katagorri arrunta (eskuin) desagertuta dago ia, XX. mendean sartutako urtxintxa gris amerikarrarekiko (ezker) lehiaren ondorioz -
Suntsipen filetikoaren (a, b, c, d, f) eta suntsipen terminalaren (g, h) adibideak -
Fanerozoikoan zeharreko suntsipen masibo nagusiak (Jablonski, 1991, eraldatua) -
Fanerozoikoan zehar gertaturiko suntsipen-episodio nagusiak eta eragindako fauna-taldeak (Boucout, 1990) -
K/T trantsizioa gordetzen duten Euskokantauriar Arroko zenbait ebaki: 1 Sopela I; 2 Sopela III; 3 Leioa; 4 Urrutxua; 5 Trabakua; 6 Berano; 7 Urko ...
- 4. Ekol.
- Populazio, espezie edo maila taxonomiko goragokoaren erabateko desagerpena edo heriotza, izaki-mota horren behin betiko galera dakarrena.
Suntsipena Edit
Egilea: Estibaliz Apellaniz, Xabier Orue-Etxebarria
Lur planetaren baitan garaturiko biziaren historia etenik gabeko aldaketez markatuta dago, espezieen suntsipenek eta espezie berrien agerpenek dakartzatenez markatuta, hain zuzen ere. Gaur egun, oro har, onarturik dagoen adierazpen hau, non suntsipenaren ideia alderdi menderatzaile eta seinale konstantetzat hartzen den, zientziaren historian berri samarra da, XVIII. mendearen amaiera izan baitzen sendoki argudiatu zen garaia. Orduan, Georges Cuvier (1769-1832) naturalista frantziarrak suntsipen kontzeptua enuntziatu zuen, eta, aldi berean, paleontologia zientifikoaren oinarriak finkatu zituen. Anatomia konparatzailean eta paleontologian aditua zen Cuvierrek, Paris Arroko aztarnategi aberatsak ikertu zituen eta hango segida geologikoak deskribatu zituen. Horrela, biziaren historiaren ezagueran aurreratzea ahalbidetu zuen. Paris Arroan egindako behaketak zirela medio, Cuvierrek Lurraren historian hainbat hondamen edo katastrofe gertatu direla ondorioztatu zuen, organismoen suntsipen bortitzak eragin zituztenak.
Cuvier eta garaikideak eta beste zenbait naturalistak defendatzen zuten katastrofismo zientifikoaren aurrean, sir Charles Lyell (1797-1875) geologoak uniformitarismo zorrotz eta gradualaren alde egin zuen. Lyellek, Principles of Geology liburu garrantzitsuarekin, izugarrizko eragina izan zuen bere garaiko zientzialarien pentsamoldeetan. Eragin horrek gaur egun arte iraun du, eta egungo geologo eta naturalisten heziketa baldintzatu du. Horiek teoria katastrofisten aurrean mesfidati edo tukutsu azaltzen dira eta gradualistagoak diren teorien aldeko jarrerak azaltzen dituzte, Lurraren historian gertaturiko aldaketak interpretatzerakoan. Hala ere, laurogeigarreneko hamarkadatik aurrera, ideia neokatastrofisten berpiztea suertatzen ari da, batez ere, Kretazeo/Tertziario trantsizioan jazo zen krisialdi biologiko eta ekologikoarekin erlazionatuta.
Suntsipen-motak
Espezieen suntsipenari dagokionean, fosil-erregistroaren azterketa egin ondoren, bi mota bereizten ditugu. Bata, background suntsipena delakoa, hots, denboran zehar bizidun guztiei, ausaz eta tasa ia konstantez eragiten diena, eta bigarrena suntsipen masiboa, hau da, taxon ugariri aldi berean eta, denbora geologikoaren eskalan, bat-batean erasotzen diena. Azken suntsipen-mota hori, jadanik XIX. mendeko geologoek mundu-mailan identifika zezaketena, denbora geologikoaren une jakin batzuekin erlazionatzen da. Horrela, ez da harritzekoa suntsipen masiboak eta eskala geologikoaren muga nagusiak bat etortzea.
Espezie baten desagertzeak kausa anitz izan ditzake. Kasu askotan espezieen desagerpena konkurrentziaren ondorio dela dirudi. Horrela, bada, Darwinek suntsipenaren zio nagusia espezie biren arteko lehian kokatu zuen, eta hauxe esan zuen: hautespen naturalak hobetsiriko espezie batek hain pribilegiatua izan ez den beste baten desagerpena sorraraz dezake". Ideia horri jarraituz, Britainia Handiko katagorri arruntaren populazio autoktonoen murrizketa, gaur egun, konkurrentzia interespezifikoaren kasu gisa azaltzen da, alegia, joan zen mendean bertara urtxintxa gris amerikarra sartu eta gero sortutako lehiaren ondorio gisa. Gaur egunean, Britainia Handian ez da ia katagorri arruntik geratzen.
Konkurrentzia interespezifikoaren ondoriozko suntsipena: Britainia Handian, katagorri arrunta (eskuin) desagertuta dago ia, XX. mendean sartutako urtxintxa gris amerikarrarekiko (ezker) lehiaren ondorioz
Espezie-suntsipenaren beste agente sortzaileetako bat ingurunearen aldaketa da. Populazio batek, bere ingurunea kaltegarri bihurtzen denean, hiru bide segi ditzake: eboluzionatu ingurune berrira egokituz, lurralde faboragarriago baterantz migratu, edo suntsitu. Espezie bateko populazio guztiek eboluzioaren bidean edo ingurune mesedegarriagoen bilaketan porrot egiten dutenean, espeziea suntsitu egiten da, eta, kasu horretan, suntsipena Ierro ebolutiboaren bukaeran gertatu dela esaten da. Beraz, genero, familia edo beste edozein goi-taxonetako azken espeziea, ondorengorik utzi gabe desagertzen denean, taxon horrek suntsipen terminal deritzona jasan duela esaten da. Baina, eboluzioan zehar eta belaunaldiz belaunaldi gertatzen diren aldaketak direla medio, espezie baten ondorengoak arbasoekiko desberdin bilaka daitezke, eta horren ondorioz espezie horiek aparte sailkatzea erabaki daiteke. Orduan, espezie arbasoa suntsitu egin dela diogu baina, hori ez da egia osoa, espeziea bera ez baita desagertu, haren ondorengoak aldatu baizik. Kasu horri suntsipen filetikoedo sasisuntsipen deritzo. Edonola ere, argi dirudi behin betirako suntsituak izan diren taxonak sasisuntsituak baino gehiago direla. Beraz, suntsipen terminalak ez dira biziaren historiako aparteko gertaerak, eboluzioaren ohiko emaitzak baizik.
Suntsipen filetikoaren (a, b, c, d, f) eta suntsipen terminalaren (g, h) adibideak
Fanerozoikoan zeharreko suntsipen masiboak
Gaur egun zientzialarien arteko adostasunik ez dago Fanerozoikoan zehar, hau da, Lurraren historiaren azken 542 milioi urtetan (mu), gertatu diren suntsipen masiboei buruz. Zientzialari askoren arabera, bost suntsipen nagusi bereiz daitezke: Goi Ordoviziarrean, Goi Devoniarrean, Permo-Triasikoan (duda barik, ezagutzen den suntsipen garrantzitsuena), Triasiko/Jurasiko mugan eta Goi Kretazeoan, eta garrantzi txikiagoko beste lau, Pliensbachiarrean, Goi Jurasikoan, Cenomaniar/Turoniar mugan eta Eozeno/Oligozenoaren mugan.
Fanerozoikoan zeharreko suntsipen masibo nagusiak (Jablonski 1991, eraldatua)
Bentonek bere aldetik itsas zein kontinente-inguruneko mikroorganismo, alga, protisto, landare eta animalien fosil-erregistroa aztertu ondoren, beste bi gehiago bereizi ditu, Behe Kanbriarrean eta Behe Triasikoan.
Esan denez, suntsipen-episodio nagusi gehienak serie eta sistema geologikoei ezarri dizkiegun mugekin bat datoz, gutxi gorabehera. Kointzidentzia horren zergatia argi dago: denbora geologikoaren banaketa formalak erregistro fosilaren etendura handienetan kokatzen dira.
Aipatutako suntsipenek ez dituzte intentsitate berdinez eragin fauna itsastarrak eta kontinentalak. Beraz, goi-mailako taxonei dagokiela, Permo-Triasikoko trantsizioaren intzidentzia askoz handiagoa izan zen ornogabe itsastarretan ornodun lurtarretan baino. Haatik, Triasikoko amaierako suntsipenak bai talde lurtarrak eta bai itsastarrak ukitu zituen. Edonola ere, emaitza horiek trukatuta egon daitezke neurri batean, itsasaldeetako erregistro fosila zona kontinentaletakoa baino arras osoagoa azaltzen baitzaigu. Hori dela eta, aurrerantzean erabilitako datuak itsas erregistrotik lorturiko informazioan dautza.
Hurrengo taulan, Fanerozoikoan zehar gertaturiko suntsipen-episodio nagusiak eta eragindako fauna-taldeak eta suntsituak ikus daitezke (Boucout, 1990).
Suntsipen masiboak sorrarazten dituzten kausei buruzko hipotesiak
Suntsipen masiboen zergatiak argitu nahian, hainbat hipotesi planteatu dira, haietariko zenbaitzuk zentzugabeak eta beste hainbeste frogaezinak. Aipatu direnen artean, honako hauek daude: Eguzkitiko erradiazioaren aldaketa, Lurraren eremu magnetikoaren aldaketak, supernoben leherketak, atmosfera edota ozeanoen konposizioaren aldaketak, zantzu-elementuen banaketaren aldaketak, itsasoaren produktibitatearen bariazioak, eritasun mikrobiarrak edota itsasoetako uraren gazitasun-aldaketak.
Laurogeiko hamarkadaren hasiera arte, hipotesi arrakastatsuak klima-aldaketa globalak eta bai itsas mailaren transgresioak eta erregresioak aipatzen zituztenak ziren. Gaur egun ere lehen kasuari dagozkionak ugari dira, hozketa klimatikoetan euskarrituriko suntsipen-episodioak, besteak beste, Kanbriarraren amaierakoa, Goi Devoniarreko trantsiziokoa eta bai Kretazeoko amaierakoa ere. Argudio geologiko ugari erabili dira landare eta animalia itsastar asko eta asko akabatu zituzten suntsipen masiboak itsasoaren hozketagatik gertatu zirela azaltzeko. Honela, glaziar-legarren presentziak lagundu egiten du planteamendua, nahiz eta hozte globaleko aldiak ez beti egon glaziarismoekin erlazionaturik. Era berean, erregistro geologikoak honako hau ematen du aditzera: alde batetik, ur beroenetara moldaturiko espezieek, aldi berean, tenperaturarekiko tolerantzia-anplitude txikiena dutenak, kalterik handienak jasan zituzten, espero zen bezalaxe, eta bestetik, itsasoan jazotako suntsipen gehienak ez ziren bat-batekoak izan, gradualak baizik, ehunka mila urteetan eta are milioi urteetan zehar luzatu baitziren. Jazoera hori bat dator hozketa global batek segitzen duen erritmoarekin, gehienetan geldoa eta episodikoa izaten baita.
Suntsipen garrantzitsuen beste uneak, esaterako Behe Ordoviziarrekoa, Permiarrekoa eta Kretazeoaren amaierakoa, itsas erregresio inportanteei egokitzen zaizkiela dirudi. Bai plataforma kontinentalak, bai itsaso epikontinentalak ere, hamaika animaliak okupatzen dituzten habitatek betetzen dituzte. Espazio habitagarria plataforma kontinentalaren azalerara murrizten bada, erregresio-uneetan desagertzeraino ailega daiteke, eta haiekin batera habitatean perturbazio ekologiko garrantzitsuak jazotzen dira. Beraz argi dirudi, itsas mailaren metro gutxi batzuetako jaitsierak, adibidez, bizirako ondorio hondagarriak ekarriko lituzkeena. "Fauna zintzilikatuak", hau da, eboluzio arinaren bidez transgresio maximoaren uneetan plataforma kontinentala kolonizatzen dutenak, itsasoa atzeratzen denean bereziki kalteberak dira. Areago, gako-espezieren bat, animalia nahiz begetala, piramide trofikoan leku kritikoa okupatzen duten horietarikoa bada, desagertutakoan apurtu egiten da oreka ekologikoa, eta hori elikagai gisa erabiltzen duten maila taxonomiko altuagoren bat ere suntsituko da. Haatik, egon badaude hipotesiok era desberdinetan azaltzen dituzten autoreak ere. Aurrekoen ustetan, sakonera handiko hondoetan bizitzera moldaturik ez dagoen populazio bentiko dibertso bati edukia emateko, ur-azal itsastarren azalera handiak beharko lirateke. Baina ez dirudi horrela denik, zeren eta moluskuen 3.000 espezie, ehunka familiatakoak, Amerikako mendebaleko kostaldeetako plataforma kontinental estuan bizi dira, eta Hawaii irletako ur-azaleko ingurunean molusku maskordunen mila espezie inguru.
Suntsipen masiboak azaltzeko erabili diren ia hipotesi guztiak kasu konkretuak argitzeko planteatu dira, fenomeno errepikakor oro ezin frogatu eta. Egun, gehien aztertzen den suntsipen masiboa Kretazeo/Tertziarioko trantsizioarena da, beharbada bere ikusgarritasunari esker, ezen, goian aipaturiko fauna-taldeekin batera dinosauroak suntsitu baitziren une horretan.
Kretazikoaren amaieran gertaturiko suntsipenek sorrarazten duten interesa dela medio, muga horren azterketa da, duda barik, arlo desberdinetako zientzialarien partetik arreta handiena jasotzen ari dena; batez ere meteoritoen talkaren hipotesia planteatu eta gero sorturiko polemikarekin.
Gai honi buruzko bibliografian Kretazeoaren amaieran gertaturikoa azaldu nahi duten hainbat teoria aurki daitezke. Zenbait ikerlariren ustetan Lurra beroago egin zen orduan, beste batzuenetan, aldiz, hotzagoa, edo hezeagoa edo lehorragoa... etab. Goi Kretazeoaren amaieran jazotako itsas erregresioa da krisi hau azaltzeko sarri aipatu den beste kausa bat.
1980. urtean, Alvarez ikerlariak eta bere kideek hipotesi berri bat planteatu zuten. Horren arabera, hamar edo hamabi kilometrotako meteorito batek Lurra jo zuen. Inpaktuaren ondorioz, 25 kilo baino gehiagoko animaliak segituan hil ziratekeen eta planeta hauts-hodei batez estalita geratu hilabete batzuetan zehar. Egoera horretan, eguzkitiko izpiek Lurraren azaleraino heltzea eragotzita zeukaten. Hori dela eta, fotosintesiaren prozesuak eten egin ziren, eta horrek landare lurtarrak eta fitoplanktonaren desagerpena suposatu zukeen. Fitoplanktonaren ezabapenaz, itsasoetako katea trofikoaren ekoizle primarioa izaki, katea bera apurtu egin zen, eta horrek izugarrizko ondorio latzak sorrarazi zituzkeen itsas fauna osoan. Gainera, eurite azidoa agertu zatekeen beste efektuen gainean, itsas organismoen karekizko maskorra disolbatuz (foraminiferoena, nanoplankton kalkareoena eta abarrena).
Officer eta Drakek (1985) beranduago proposatu zutenez, K/T trantsizioan agituriko suntsipen masiboak denbora-tarte luzeetan luzaturiko erupzio bolkanikoetan zeutzan, bulkanismoaren ondorioak inpaktuarena bezalakoak liratekeela adieraziz.
Bere aldetik, Raup eta Sepkoskik (1984) azken 250 milioi urteetan itsas organismoen 500 familiek erakusten duten erregistro fosila aztertu eta gero, hipotesi berri eta originala proposatu zuten. Haien iritziz suntsipenak 26 milioi urtetako aldi erregularretan jazo dira.
Gaur egun, askok jarraituriko hipotesiak meteoritoarena eta bulkanismoarena dira. Azken hamar urteotan makina bat argitalpen agertu dira hipotesi bi hauen defentsarako argudioak azalduz eta meteoritoaren erorketaren hipotesia sendoki bultzatuz.
Euskokantauriar Arroan K/T trantsizioa ebaki anitzetan gorde da, Kretazeoaren amaierako krisiari buruzko ikerketak garatzeko leku aparta izanik.
Fanerozoikoan zehar gertaturiko suntsipen-episodio nagusiak eta eragindako fauna-taldeak (Boucout, 1990)
K/T trantsizioa gordetzen duten Euskokantauriar Arroko zenbait ebaki:1:Sopela I; 2:Sopela III; 3:Leioa; 4:Urrutxua; 5:Trabakua; 6:Berano; 7:Urko mendia I; 8:Urko mendia II; 9:Zumaia; 10:Donostia; 11:Herrera; 12:Pasaia; 13:Lezo; 14:Hendaia; 15:Bidarte; 16:Egozkue; 17:Gaskue; 18:Eguarats; 19:Markalain; 20:Beorburu; 21:Osinaga (Apellaniz et al. 2000)