environnement

1. Biol./Ekol.
sin. milieu

Organismoen eta komunitateen bizitzan eta garapenean eragina duten kanpo-faktore (fisiko, ekologiko, estetiko, kultural, sozial, ekonomiko) guztien multzoa.

Funtsean, ingurune eta ingurumen sinonimo badira ere, ñabardura batzuk egin daitezke: adiera fisiko hertsian ingurune terminoa erabili ohi da (ingurune-zarata, ingurune heze...), baina ezaugarri edo ñabardura soziokulturalak, politikoak edota zuzenbidezkoak adierazteko ingurumen terminoa erabiliagoa da (ingurumen-politika, ingurumen-zuzenbide, ingurumen-zerga...). Bestalde, ingurune pluralez ere erabiltzen den bitartean, ingurumen singularrez baino ez da erabiltzen

2. Inform.
sin. cadre

Prozedura edo aplikazio informatiko bat diseinatzeko garaian aurreikusten diren sistema eragilea, hardwarea eta informazio-egituren multzoa.

1. Biol./Ekol.
Organismoen eta komunitateen bizitzan eta garapenean eragina duten kanpo-faktore (fisiko, ekologiko, estetiko, kultural, sozial, ekonomiko) guztien multzoa.

Ingurumena Edit

Egilea: Arturo Elosegi

INGURUMENA

Zerbaiten gainean eragiten duten indar, gertakari edo gauza guztien multzoa da. Zerbait horren ezaugarrien arabera, ingurumena oso elementu desberdinek osa dezakete. Adibidez, psikiatra batentzat pazientearen jokamolde eta izaeran eragina duten jende, gauza, leku zein gertaerek; biologo batentzat, berriz, banako baten ugaltze-arrakastan eragiten duten faktoreek: eguraldiak, harrapariek eta espeziekideek, esate baterako.

Ingurumen hitzaren erabilpenik ohikoenak, ordea, gizartearen ongizatea eta garapen jasangarria mugatu ditzaketen faktoreak biltzen ditu, adibidez, aire eta uraren kalitatea, biodibertsitatea edo klima-aldaketa. Faktore horiek eta haien gainean eragiten duten jarduerak asko dira. Horren adibide, Nazio Batuen Ingurumen Programak honako gai hauek ukitzen ditu, besteak beste: biodibertsitatea, bioziurtasuna, industria, produktu kimikoak, gizarte soziala, klima-aldaketa, gatazkak, hezkuntza, energia, ingurumenaren azterketak, ura, generoa, legedia, osasuna, ozonoa edo kontsumo jasangarria.

Jendeak oso aspalditik eragin izan du ingurumenean, gutxienez ehizarako sua erabiltzen hasi zenetik, horrek nabarmen aldatu baitzuen zenbait lekutako landaredia. Aspaldiko kontuak dira ere hondakin-urak ez arazteagatik osasun-arazo larriak izan dituzten herriak eta ingurumena gainustiatu izanagatik galbidera joan ziren zibilizazioak. Hala ere, jendea XX. mendearen erdialdera hasi zen ingurumenarekin gehiago kezkatzen, giza populazioaren gorakadak, baliagaien ustiaketak eta hondakinen arazoak nabarmen bihurtu baitziren. Rachel Carsonek 1962. urtean Udaberri isila izeneko liburua argitaratu zuen, non pestiziden erabilerak biodibertsitateari zein giza osasunari ekarri zizkion kalteak salatzen dituen, eta liburu horrek indartu zuen ingurumen-arazoekiko arreta mundu osoan. Harrezkeroztik, gizarteak ustez jasaten dituen arrisku nagusien arabera, aldatzen joan da ingurumenaren gaineko arreta, nuklearizazioaren arriskuetatik ozonoaren galerara, euri azidotik basamortutzera, oihanen soiltzetik toxikoen ugaritzera, eta, azkenaldian, klima-aldaketa globalera. Urteak pasa ahala, arazo batzuk konpontze-bidean dira, beste arazo berri batzuk sortu dira, baina, oro har, ingurumena modu egokian zaintzeko premia gero eta nabarmenago egin da, azken hamarkadetan nazioartean izandako bilerek eta onartutako legediak bistan uzten dutenez. Hain zuzen, jende-kopurua hainbeste ugaritu da, ezen aztarna ekologikoa, alegia, gizarteak munduan uzten duen marka, izugarri handitu baita, etorkizuneko bizimodua arriskuan jartzeraino.

Ingurumenak eragin zuzena du gizartearen ongizatean eta garapenean. Ongizatea kontzeptu lausoa da, baina gutxienez lau osagai garrantzitsu baditu: osasuna, behar materialak, ziurtasuna eta harreman sozialak. Lau osagai horiek ingurumenarekin lotuta daude. Alde batetik, ingurumenaren narriadurak hainbat osasun-arazo dakartza, eta zenbait minbizi-mota, gaixotasun infekzioso eta elikaduraren gabezia sortzen ditu. Beste alde batetik, garapen ekonomikorako lehengaiak ingurumenetik erauzten dira: mundu osoko lanpostuen erdiak arrantza, nekazaritza eta oihanen ustiaketarekin lotuta daude, eta baliagai naturalen erabilpen ez-jasangarriak gizarte osoen ekonomia kaltetzen du. Hain zuzen, ekosistemek gizarteari zerbitzu ugari eskaintzen dizkiote, dela lehengai berriztagarrien ekoizpena, dela hondakinen arazketa, eta, noski, zerbitzu horiek ekosistemen osasun egokiaren menpe daude. Hirugarrenez, gizarteak jasaten dituen hainbat arrisku ingurumenaren egoerari loturik daude: uholde, lehorte edo luizien eragina handia da hainbat lekutan, eta faktore horiek sortutako kalteak giza jarduerek areagotu egin ditzakete. Azkenik, ingurumena gatazka askoren jatorri da, adibidez, zenbait estatu ibai bereko urak eskuratu nahian dabiltzanean, edo natura-hondamendi batetik ihes doazen errefuxiatuek beste herri batean arazoak sortzen dituztenean.

Beraz, garapen jasangarria lortzeko ezinbestekoa da ingurumena modu egokian zaintzea eta kudeatzea. XX. mendean zehar, gizarteak izugarrizko aldaketak izan ditu, eta egun mundua globalizatuta dago. Horren ondorioz, inoiz baino beharrezkoagoa da lekuan lekuko kudeaketa mundu mailako errealitatera egokitzea, lelo zaharrak dioen moduan, “pentsatu orokorrean, jardun tokian”. Hori horrela ikusirik, gero eta nazioarteko erakunde eta hitzarmen gehiago sortu dira ingurumena zaintzeko.

XXI. mende-hasierako ingurumen-erronka larrienak

Ingurumenak gizartearentzat garrantzitsuak diren osagai asko ditu, eta, era berean, gizartearen faktore askok eragiten dute ingurumenaren gainean. Gainera, ingurumenaren zein gizartearen aldaketak ez doaz leku guztietan norabide berean. Adibidez, ibaietako uren poluzioa gutxitu egin da Europar Batasunean, baina asko hazi da hirugarren munduko zenbait herritan. Hortaz, mundu osoko ingurumenaren egoera eta haren bilakaera aztertzea oso konplexua denez, hemen zenbait datu orokor emango dira, gehienak Nazio Batuen Ingurumen Programak (NBIP) bilduak, lau atal nagusitan: airea, lurra, ura eta biodibertsitatea.

Airea

Nazio Batuen Ingurumen Programaren arabera, airean hiru arazo nagusi daude: poluzioa, ozono estratosferikoaren eskasia eta klimaren aldaketa globala.

Airearen poluzioari dagokionez, sei poluitzaile ohikoenak partikula finak, sufre dioxidoa (SO2), dioxido nitrosoa (NO2), karbono monoxidoa (CO), ozono troposferikoa (O3) eta beruna dira. Substantzia horiek eta beste askok erreakzio konplexuak dituzte atmosferan, eta bigarren mailako hainbat poluitzaile berri sortzen dituzte, maiz igorpen-lekuetatik oso urrunera irits daitezkeenak. Poluzioak eragin kaltegarria du jendearen osasunean, nekazaritzan edo ekosistemetan. Esate baterako, Munduko Osasun Erakundearen arabera, urtero 2,4 milioi lagun hiltzen dira aireko partikula finak arnasteagatik. Poluitzaile nagusien igorpenek behera egin dute azken hogei urteetan herrialde garatuetan, baina asko emendatu dira garapen-bidean diren herrialdeetan. Adibidez, ibilgailuen zirkulazioak oso osasun-arazo larriak sortzen ditu hirugarren munduko hiri handi gehienetan.

Atmosferaren behe-geruzetan dagoen ozonoa poluitzaile gogorra da, eta, osasun-arazoak ez ezik, kalte ekonomiko handiak sortzen ditu nekazaritzan eta oihangintzan. Hala ere, behe-mailatan ozonoa ugaritzen ari den arren, atmosferaren goi-geruzetan, estratosferan, ozonoa nabarmen murriztu da; hori dela eta, eguzkitik iristen diren izpi ultramoreekiko babesa gutxitu egin da, eta hainbat osasun-arazo sortu, batez ere Hego hemisferioan. Ozono estratosferikoaren beherapen nagusia klorofluorokarbonatuei (CFC) zor zaie. Azken hamarkadetan CFC-ekoizpena asko gutxitu denez, ustez arazo hori konpontze-bidean da, nahiz eta atmosferaren dinamika dela eta Antartika gaineko “ozonoaren zulo” famatua ez den itxiko XXI. mendearen erdialdera arte.

Airearen hirugarren kezka nagusia klima-aldaketa globala da. Giza jardueren ondorioz, atmosferan berotegi-efektua sortzen duten gasak ugaritzen ari dira azken mendean, eta horrek mundu osoko klima aldatzea dakar. Atmosferaren eta ozeanoen tenperatura handitzen ari da, eta horrek eskualde gehienetako klima aldatzea ekarriko du, nahiz eta aldaketak ez diren leku guztietan berdinak izango. Hainbat dira berotegi-gasak, baina karbono dioxido (CO2), oxido nitroso (N2O) eta metanoari (CH4) eskaini zaie arreta gehien. Erregai fosilen erabilerak, abeltzaintza industrialak eta nekazaritza alorren hedapenak gas horien kontzentrazioa etengabe igotzea ekarri dute. Honezkero, mundu osoko klima aldatzen hasia da, eta aldatzen jarraituko du urte askoan, berotegi-gasen kontzentrazioa ez baita hamarkada batzuetan gutxituko. Baina neurri zorrotzak oso azkar hartuz gero, munduaren beroketa-maila onargarrian egonkortzea lor daiteke. Horrelakorik laster egin ezean, ordea, oso litekeena da mundu osoan klimaren aldaketa katastrofikoa gertatzea.

Lurra

Lurraren arazo nagusia giza populazioaren hazkunde etengabeak sortutako presiotik dator. Mendez mende, gero eta lur gehiago erabiltzen da nekazaritzarako, eta, goranzko joera hori zertxobait moteldu bada ere, lurra gero eta modu intentsiboagoan erabiltzen da. Beraz, lurraren gaineko presioa gorantz doa etengabe. Giza presioak lurretan arazo handiak sortzen ditu: nekazaritzarako lurren galera, elkortzea eta andeatzea, hirien inguruan gero eta hondakindegi gehiago izatea, eta nekazaritza- zein industria-ekintza desegokiengatik gero eta lur poluitu gehiago egotea. Horrekin batera, leku askotan basoak galtzen ari dira, gehienetan larreak edo alorrak sortzeko. Horrek basoek eskaintzen dituzten hainbat zerbitzuren galera dakar, adibidez, ur garbien ekoizpenarena. Horiez gainera, gehiegizko ur-erabilpenak eta okerreko ureztatze-sistemek leku askotan basamortutze-arazoak sortu dituzte, klima-aldaketaren eraginez asko oker daitezkeenak. Horrek gizartea ataka gaiztoan jartzen du: populazioaren gorakadak gero eta janari-ekoizpen handiagoa eskatzen du, baina lurren intentsifikazioak arazoak sortzen ditu, gehienbat nekazaritzarako oso onak ez diren lekuetan. Garapen jasangarriak lurraren kudeaketa arretatsuagoa eskatzen du.

Oihanen desagerpenak arazo handia izaten jarraitzen du. Azken hamarkadetan, baso-soiltze handienak Amazonian, Afrikako mendebaldean eta Ekialde Urrunean gertatu dira, eta, Europa zein Ipar Ameriketan basoak hedatzen ari badira ere, joera orokorra oso kezkagarria da. Hain zuzen, baso zaharrak galtzen ari dira, eta, basoak hedatzen ari diren lekuetan, batez ere landaketa gazteak ugaritzen dira. Ondorioz, munduko oihanek duten biodibertsitatea eta metatzen duten karbonoa murrizten ari da, oihanen azalera baino askoz azkarrago.

Basoen galeraz gain, lurren andeatzea oso arazo larria da. Neurriz kanpoko abeltzaintzak, nekazaritza-teknika desegokiak, oihanen ustiapen gogorregiak eta antzeko jarduerek lurra andeatu egiten dute: erosioak lurra galtzea dakar, haren mantenugaien kontzentrazioak murriztea edo urari atxikitzeko gaitasuna galtzea. Horien ondorioz, lurra elkortu egiten da, eta, horrekin batera, ekosistemaren zerbitzu asko galtzen dira. Horren seinale, azken hogei urteetan, mundu osoko lurren % 12an ekoizpena murriztu da, eta lurren % 29an euri-urari eusteko gaitasuna galdu da. Era berean, ureztatzen diren lurren % 20 inguru gazitu egin da, eta, beraz, emankortasuna murriztu.

Lurretan ere poluzioa kontuan hartzekoa da, batez ere nekazaritzarekin, hiriekin eta industriarekin lotutakoa. Nekazaritzan ongarri sintetikoak erruz erabiltzen dira, eta horrek lurzoruko mikroflora aldatzen du. Kantitate handitan erabiltzen dira pestizidak ere, horietako asko bazka-saretan barrena metatzeko joera dutenak eta naturan iraupen luzekoak. Industriari dagokionez, berriz, mota guztietako hondakinak askatzen dira, metal astunak, toxikoak eta abar. Toxikoen isurketa herrialde garatuetan asko murriztu da azken hamarkadetan, eta poluitutako lur batzuk araztu edo modu kontrolatuan bildu ahal izan dira, baina oraindik asko geratzen da egiteko. Europan, esate baterako, 2 milioitik gora dira lurzoru poluitua duten lekuak. Garapen-bidean diren herrialdeetan, berriz, igoera nabarmena izan du lurren poluzioak. Izan ere, herrialde batzuek dirua irabazten dute beste batzuen hondakinak biltzearen truke, ez beti behar bezain modu kontrolatuan.

Ura

Urak berebiziko garrantzia du garapen jasangarrirako. Alde batetik, gizartearentzat ezinbesteko baliagaia da, bai zuzenean edateko, bai nekazaritzarako, bai eta industriarako ere; gainera, ur-ekosistemek arrantza eta beste hainbat zerbitzu eskaintzen dituzte; azkenik, ekosistema guztiak neurri batean uretara loturik daudenez, ur-zikloaren aldaketek eragin handia izan ohi dute biodibertsitatean.

Urarekin lotutako ingurumen-arazo nagusiak hauek dira: uren eskasia, poluzioa, uretako baliagaien galera (arrantza eta abar) eta uretako ekosistemen egoera. Horiez gain, ura nazioarteko gatazka ugariren erdi-erdian dago.

Giza jarduerak ugaritzearen ondorioz, uraren kontsumoa etengabe gora doa, eta uste da 2025. urterako beste % 50 emendatuko dela. Horrela, uraren zikloa nabarmen eraldatu da munduko leku askotan. Munduko ibai gehienak presatuta daude, eta zenbait arrotan ibaiak guztiz agortu dira. Hala ere, oraindik 2 mila milioi lagunetik gora bizi dira edateko ur egokirik gabe.

Airean eta lurrean bezala, uretan ere poluzioa arazo kezkagarria da. Oraindik munduko leku askotan uraren poluzioari loturiko gaixotasunak dira heriotza-eragile nagusiak. Herrialde garatuetan egoera hobetzen ari da, eta, esate baterako, Europar Batasuneko Uren Direktiba eredugarri da uraren kudeaketa ekosistemikoa bultzatzen duelako. Garapen-bidean diren herrialdeetan, ordea, egoera ez da hobetu, eta askotan txarrera doa, giza populazioaren emendioagatik.

Nekazaritzak, hirien hedapenak, ganadutegi handiek eta beste hainbat ekintzek uretan mantenugai ez-organiko zein materia organikoaren ugaritzea ekarri dute, eta horrek ur-ekosistemen eutrofizazioa bultzatzen du. Urak eutrofizatzean planktona ugaritzen da, eta maiz espezie toxikoak agertu, oxigenoa gutxitu edo ahitu egiten da, eta horrek aldaketa handiak dakartza animalien artean. Eutrofizazioak asko zailtzen du uraren erabilpena, eta ugaritu egiten ditu urari lotutako gaixotasunak. Eutrofizazioari aurre egiteko, nazioarteko programak jarri dira martxan, baina arazoa konpontzetik oso urruti gaude.

Urarekin dagoen beste kezka-iturria klima-aldaketarekin lotuta dago. Izan ere, beroketa globalaren ondorioz, izotz-masa handiak urtu eta ozeanoetako ura berotuko da. Horren eraginez, itsasoaren maila igotzen ari da, eta horrela jarraituko du datozen mendeetan. Ez dago argi zenbatekoa izango den igoera hori, klima-aldaketaren tamaina ere igartzen zaila baita, baina herrialde osoak desagertzeko zorian dira, eta munduko hainbat hirik arazo handiak izan ditzakete.

Biodibertsitatea

Biodibertsitatea da ekosistemen funtzionamenduaren oinarria, eta, beraz, ekosistemen zerbitzuekin lotura handia du. Horrez gain, biodibertsitateak baliagai ugari eskaintzen ditu: munduko leku askotan landare eta animalia basatiak janari-iturri garrantzitsuak dira, eta beste batzuetan paisaia eta ekosistema naturalak dira erakarpen turistiko nagusiak. Gainera, biodibertsitateak baditu berezko balioak, kulturarekin eta munduaren edertasunarekin lotutakoak.

Biodibertsitatearen banaketa nahiko irregularra da: espezietan aberatsenak diren ekosistema gehienak eskualde tropikaletan daude, eta, poloetarantz jo ahala, espezie-kopuruak behera egiten du. Baina biodibertsitatearen beste osagaiak kontuan hartzen badira (komunitateen dibertsitatea, paisaia-dibertsitatea eta abar), nabarmen geratzen da mundu osoko ekosistemek dutela garrantzia biodibertsitate globala mantentzeko.

Hain garrantzitsua izan arren, Lurraren historian inoiz izan duen galerarik gogorrenetakoa ari da jasaten biodibertsitatea. Horren eragile nagusiak habitat naturalen desagerpena, baliagai naturalen gainustiaketa eta espezie inbaditzaile arrotzen eragina dira, guztiak giza jarduerekin zuzenean lotuta daudenak. Kalkulu gehienen arabera, une honetan, espezieen iraungipen-tasa berez izango litzatekeena baino 1.000 aldiz handiagoa da, eta, martxa honetan, mende baten buruan, mundu osoan diren espezieen erdia baino gehiago gal daiteke. Habitat naturalen desagerpena gelditzeko eta espezieak kontserbatzeko, babesleku-sare zabala eratu da mundu osoan, baina kasurik gehienetan hori ez da aski izan biodibertsitatearen galera eteteko. Hain zuzen, kontua ez da babeslekuak izendatze hutsa, haiek modu egokian kudeatzea baizik, eta hori garesti eta zaila izaten da. Gainera, gero eta nabarmenago geratzen ari da biodibertsitatea ez daitekeela babesguneetan soilik kontserbatu eta babesgune horietatik kanpo sortzen den paisaiak eta garatzen diren jarduerek eragin handia dutela kontserbazio-esfortzuen arrakastan. Horren adibide argienetakoa klima-aldaketa globala da, babesguneetatik kanpo sortzen den arren babesguneak zuzen-zuzen mehatxatzen baititu. Hortaz, biodibertsitatea kontserbatzeak gizartearen norabidea aldatzea ere eskatzen du, eta azkar aldatzea.