déchet

1. Teknol.

Zerbaiten produkzioaren, transformazioaren edo erabileraren ondorioz sortzen den gaia, sortu duenak nahi ez duena eta ingurunean utzi duena edo uzteko asmoa duena.

1. Teknol.
Zerbaiten produkzioaren, transformazioaren edo erabileraren ondorioz sortzen den gaia, sortu duenak nahi ez duena eta ingurunean utzi duena edo uzteko asmoa duena.

Hondakinak Edit

Egilea: Elhuyar

HONDAKINAK

Hondakinak bi irizpide nagusiren arabera sailka litezke. Batetik, jatorriaren, hau da, hondakina sortzen duen jardueraren arabera; bestetik, hondakinak, konposizioaren ondorioz, ingurumenean duen eraginaren arabera.

Hondakina sortzen duen jarduerak honela multzokatu ohi dira:

  • Etxeak, saltokiak, bulegoak eta zerbitzuak.

  • Industria, itsas portuak, arrantza, meatzaritza, zentral nuklearrak…

  • Nekazaritza, abeltzaintza…

  • Ospitaleak, medikuntza-zerbitzuak.

  • Eraikuntza.

Hondakinaren eraginaren arabera:

  • Hondakin arriskutsuak: pertsonen edo organismoen osasunerako edo bizirako arriskutsu edo kaltegarritzat jotzen direnak eta naturan degradatu gabe luze dirautenak, edo bestelako kalte edo arriskua dakartenak; tratamendu eta kontrol berezia behar dute.

  • Hondakin ez-arriskutsu geldoak: ingurunean arriskutsutzat jotzeko adinako aldaketa fisiko, kimiko edo biologikorik eragiten ez duten hondakinak dira. Eraikuntzan (obra-hondakinak, harriak, lurra…) eta industrian (zepa, errautsak, harea…) sortu ohi dira.

  • Bestelako hondakin ez-arriskutsuak: aurreko bi multzoetan sartzen ez direnak. Hiri-hondakinak edo haien ezaugarriak dituztenak izaten dira (hondakin organikoak, papera, zura, ehunak, plastikoak...).

Praktikan, gorago zehaztutakojarduera-multzoetako bakoitzean hiru eratako hondakin-motak sortzen dira, jardueraren ezaugarrien araberako proportzioan sortu ere. Esaterako, hondakin sanitario terminoa hondakinaren jatorriarekin dago lotuta. Oro har, hondakin sanitario esaten zaio osasun-jarduerek sortzen duten hondakin orori. Hori dela eta, izaera eta jatorria askotarikoak izaten dira. Sortzen diren lekuaren arabera sailkatuz gero, ospitaleetakoak eta bestelako osasun-zerbitzuetakoak, farmazeutikoak eta ikerkuntzakoak bereiz daitezke. Ezaugarrien arabera, berriz: hiri-hondakinen parekoak, patologikoak edota kutsatuak eta arriskutsuak (konposatu kimikoak, hondakin erradioaktiboak…). Bigarren multzoa da, nolabait esateko, hondakin sanitario "espezifikoa".

Hondakin arriskutsuak

Pertsonen edo bizidunen osasunerako edo ingurumenerako arriskutsuak diren edo izan daitezkeen hondakinak dira, eta tratamendu eta kontrol berezia behar dute. Gai erreaktiboak, leherkorrak, sukoiak, korrosiboak, toxikoak, osasunerako kaltegarriak, kartzinogenoak, mutagenoak edo erradioaktiboak izan daitezke. Hondakin arriskutsua zein den legeak zehazten du. Europako Hondakin Katalogoan, adibidez, izartxo baten bidez bereizten dira hondakin arriskutsuak

Industria da hondakin arriskutsu gehien sortzen dituen sektorea. Dena den, etxeetan ere, kantitate txikian bada ere, sortzen dira (bateriak, pinturak…).

Hondakinen kudeaketari dagokionez, hondakin arriskutsuek tratamendu eta kudeaketa berezia behar dute. Hondakin-motaren arabera, honelako tratamendu-motak erabiltzen dira: a) toxikotasuna kentzeko edo azidotasuna neutralizatzeko tratamendu fisiko-kimikoak; b) lohien deshidratazioa eta solidotzea; c) errausketa; d) lurperatze teknikoa hondakindegietan; e) biltegiratze teknikoa segurtasun-biltegian; f) lurpeko geruza sakonetan metatzea. Hondakin arriskutsuen artean, hondakin erradioaktiboek multzo berezia osatzen dute (hondakin erradioaktibo).

Hondakin geldoak

Hondakin geldoak ingurunean arriskurik eragiten ez duten eta lixibiatuen arauzko irizpideak betetzen dituzten hondakinak dira. Solidoak edo oretsuak dira, ez dute eraldaketa handirik izaten (materia organiko degradagarririk ez dute, adibidez) eta ez dira toxikoak.

Nagusiki, bi iturburu dituzte: industrietako zenbait jarduera edo prozesu, eta eraikitze, eraiste, hondeatze edo lur-mugitzeko jarduerak. Industria-hondakin geldoak dira, besteak beste, zepa edo eskoriak, errautsak, harea, galdaketako hondarrak, erregogorrak, labe garaietan eta burdin urtzetik sortutako hondakinak, ijezketan sortutako azalak eta abar. Eraikuntza-hondakin geldoen artean, besteak beste, honako hauek daude: eraiste-hondakinak, harriak, lurra eta abar.

Batzuk zein besteak, nagusiki, hondakindegi kontrolatuetan kudeatzen dira. Dena den, eraikuntza-hondakin geldoetako batzuk berriro erabiltzen hasi dira; adibidez, betelanetarako, lurrak prestatzeko, zoladurak egiteko eta abarretarako.

Bestelako hondakin ez-arriskutsuak

Aurreko bi kategoriatan sartzen diren ez diren gainerako hondakin-motak dira. Jarduera guztietan sortzen dira, baina, oro har, hiri-hondakin deitzen direnen konposizioa dutenak dira.

Hiri-hondakinak bizileku partikularretan, denda, bulego eta zerbitzuetan sorturikoak dira, baita arriskutsutzat jotzen ez diren guztiak eta beren izaera edo konposizioa dela-eta aipatutako jardueratan sortutakoekin batera daitezkeenak ere. Bestalde, honako hauek ere hiri-hondakintzat jotzen dira: bide publikoak, berdeguneak, aisialdirako guneak eta hondartzak garbitzearen ondorioz sortzen direnak; etxeko animalia hilak, baztertutako altzari, tresna eta ibilgailuak; etxeko eraikuntzako eta konponketako obra txikien ondorioz sorturikoak.

Hiri-hondakin solidoen kudeaketari dagokionez, gaikako bilketak eta birziklatzeak gero eta garrantzi handiagoa dute. Biltzen diren material nagusiak honako hauek dira: papera, kartoia, beira, metalak, plastikoak eta Tetra Brik ontzi arinak. Azkeneko urteetan, gainera, toki askotan hasiak dira hondakinen parte organikoa ere aparte biltzen. Kalez kaleko bilketa-zerbitzuaz gainera, garbiguneak daude, hau da, materialak jaso eta kudeatzeko herri eta hirien inguruan dauden instalazioak. Haietan, ehunak, auto-olioa, bateriak, obretako hondakinak, erradiografiak, etxeko tresnak, etab. jasotzen dira. Horrez gain, hondakin-mota batzuk saltoki batzuetan edo kalean jarritako berariazko edukiontzietan ere utz daitezke (pilak, landare-olio erabiliaeta abar). Botikak farmazietan uzten dira, horretarako jarritako edukiontzietan, eta gero berariazko bilketa-zerbitzu batek jasotzen ditu. Etxeko hondakin toxikoak berariazko kanpainen bitartez biltzen dira; adibidez, egun jakinetan herri edo auzo batetik bestera ibiltzen diren ibilgailuen bidez.