comète
- 1. Astron.
1. Astron.
- 1. Astron.
- Eguzki-sistemako objektua, izotzez, izotz karbonikoz eta hauts-partikulez osatutako gune solido txikia duena.
Kometa Edit
Egilea: Iñigo Arregi
Kometak zenbait gasen izotzez eta hautsez osaturiko tankera irregularreko astroak dira, eta, Eguzkiaren eremu grabitatorioaren ondorioz, orbita eliptikoak egiten dituzte haren inguruan. Kometa izena latinezko cometa eta grekoko kometes (“ile-adats”) hitzetik dator, gaueko zeruetan kometek agertzen duten itxuragatik. Historian zehar, kometek harridura eta, askotan, beldurra eragin diote gizakiari, askoren ustez, berri txarrak ekartzen baitzituzten. Zientzialariak eta arduradun erlijiosoak saiatu dira objektu bitxi hauen izaerari buruzko erantzunak bilatzen. Gaur egungo zientziak antzinako misterio askoren erantzuna aurkitu du, baita beste galdera zirraragarri asko mahaigaineratu ere. 2006ko abuztuan IAU (International Astronomical Union) erakundeak landutako eguzki-sistemako gorputzen antolamendu berriaren arabera, gorputz txikien taldean sailkatuta daude kometak.
Gaur egun dakigunaren arabera, kometen jatorria orain dela 4.500 milioi urte eguzki-sistema eratu zuen materiatik sobera geratu zen masa-partikulek eta gorputzek osatu omen zuten laino bat da. Laino hori existitu zela Jan Hendrick Oort astronomoak defendatu zuen, eta, gaur egun, hipotesia baieztatu ahal izan da. Ikuspuntu zientifikotik, kometen azterketa garrantzitsua da eguzki-sistema eratu zuen materialari buruzko informazioa ematen duelako.
Kometa batzuen orbitaren eliptikotasuna eta eszentrikotasuna hain dira handiak, ezen bidean, batzuetan, Eguzkitik oso hurbil egoten baitira, eta, beste batzuetan, berriz, Plutonen orbita baino askoz urrunago. Kometa horiek milaka edo milioika urte hartzen dituzte beren orbita burutzeko, eta jatorria Oorten lainoan dute. Beste kometa batzuek, aldiz, Plutonen orbitaren barruan geratzen dira ibilbidearen zatirik handienean, inoiz urrunago joan gabe; beren periodo orbitala 200 urte inguru edo gutxiago da. Azken kometa horiei kometa periododun deritze, eta jatorria Kuiperren Gerrikoa deritzon lainoan dute. Kometa periododunek, 500 orbita inguru burutu dituztenean, galdu egiten dute izotz eta hauts gehiena. Azkenik, harri koskor baten antzeko gorputz ilun bat besterik ez da geratzen, itxuraz, asteroide baten antzekoa. Zientzialarien ustean, Lurraren inguruko asteroideen erdia kometa hilak dira.
Halley kometaren nukleoa Giotto espazio-ontzitik harturiko irudian. Nukleoaren tamaina 15 × 8 kilometro da (iturria: NASA)
Eguzkitik hurbil daudenean izan ezik, kometak ikusezinak dira. Ikusgai direnean, kometen egitura eta konposizioa aztergarriak dira. Kometa baten egituraren zati nagusia nukleo deritzon egitura da, eta nahiko solidoa eta orekatua da. Uraren eta zenbait gasen (karbono monoxidoa, karbono dioxidoa, metanoa edo amoniakoa) izotzezko nahastura batean harrapatutako hauts partikulez osatuta dago. Hori dela eta, kometei buruz hitz egitean, askotan izotz-bola zikin edo lokatz-zati izoztu deitzen zaie. Nukleoak kilometro batzuk neurtzen ditu, eta horixe da, hain zuzen, kometa Eguzkitik urrun dagoenean kometaren egitura osatzen duen zati bakarra. Kometa Eguzkirantz inguratzen denean, berriz, koma deritzon egitura garatzen da eguzki-haizearen presioaren ondorioz. Nukleotik sublimatutako urak, karbono dioxidoak eta beste gas neutroak osatutako laino dentsoa da koma. Egitura horren neurria handiagotuz doa, kometa Eguzkirantz hurbildu ahala. Aldi berean, hidrogenoz osaturiko bilgarri bat ere eratzen da, eta espazioan zehar milioika kilometroan hedatzen da. Kometek bi buztan-klase garatzen dituzte; lehenengoa, hauts-buztana, hauts-partikula mikroskopikoz osaturiko buztan makurra da, eta 10 milioi kilometroko luzera izan dezake; bigarrena, zuzenagoa eta meheagoa da, gas ionizatuz osatuta dago, eta ehunka milioi kilometro izan dezake. Buztanak Eguzkiaren kontrako norabidea hartzen du beti.
Eguzki-sistemako beste gorputz txikiak ez bezala, kometak antzinatik ezagutu dira. Kometen artean ospetsuenetarikoa Halley kometa da, txinatarrek 240. urtean dagoeneko aipatzen zutena. XX. mendearen bukaera aldera, astronomoek 900 kometa inguru zeuzkaten katalogatuta. Horietatik ia 200 periodikoak dira —beren periodoa 200 urte baino txikiagoa da, gainera—. Dudarik gabe, beste hainbat kometa ere periodikoak dira, baina beren orbita ezin izan da zehazki kalkulatu. Lurrak, bere orbita burutzen duen bitartean, hainbat kometen orbita gurutzatzen du urtean zehar; orduan, meteoro-euri edo ozar-izar izeneko fenomenoa gertatzen da. Meteoro-euri batzuk urteko garai jakin batzuetan gertatzen dira, eta oso ezagunak dira. Hala nola Perseidak deritzon meteoro-euria Lurrak Swift-Tuttle kometaren orbita gurutzatzen duenean gertatzen da, abuztuaren 9tik eta 13ra. Halley kometaren hondarrak Orionidak deritzon meteoro-euria eratzen dute urrian.
Halley kometa, 1986an Lurraren orbitara inguratu zuenean Lurretik hartutako argazkian (iturria: NSSDC/NASA)