combustible

1. Biol./Kim.

Oxigenoarekin (eskuarki aireko oxigenoarekin) erreakzionaraziz bero-energia lortzeko erabiltzen den gaia.

Zenbait erregairen berotze-ahalmenak
Zenbait erregairen berotze-ahalmenak

2. Kim./Teknol.

Substantziez eta materialez mintzatuz, erre daitekeena; errekuntza-erreakzioan parte hartu eta bero-energia sortzen duena. Esaterako, petrolioaren fintzean lortzen diren gas erregaiak.


1. Biol./Kim.
Oxigenoarekin (eskuarki aireko oxigenoarekin) erreakzionaraziz bero-energia lortzeko erabiltzen den gaia.

Erregaiak Edit

Egilea: Elhuyar

ERREGAIAK

Zerbait erretzen denean, oxigenoarekin erreakzionatzen du, baina oxigenoarekin gertatzen erreakzio oro ez da errekuntza. Burdina herdoiltzea ere burdinaren eta aireko oxigenoaren arteko erreakzioa da, baina ez dugu esaten burdina erretzen denik. Lehergaiak eztanda egiten duenean ere, oxigenoarekin erreakzionatzen du, baina ez dugu esaten erretzen denik, baizik eta lehertzen dela edo eztanda egiten duela. Beraz, erretzeaz edo errekuntzaz mintzatu ahal izateko, bazter batera utzi behar ditugu oso abiadura moteleko eta oso abiadura lasterreko erreakzioak (errekuntza).

Erregai batek oxigenoarekin erreakzionatzea oxidazio-erredukziozko erreakzioa da. Gai bat, erregaia, oxidatu egiten da eta bestea, erregarria, erreduzitu. Normalean, errekuntza aireko oxigenoarekin gertatzen da, alegia, erregaia ‘airean’ erretzen da. Oxigenorik edo airerik ezean, errekuntza ez da gertatzen edo, oxigenoa agortzen bada, gelditu egiten da. Batzuetan, errekuntza oxigeno hutsean edo oxigenoaz aberastu den airean egiten da.

Erregaiak erretzean, molekulen lotura kimikoetan metaturik dagoen energia kimikoa bero-energia bihurtzen da, errekuntza erreakzio exotermikoa delako. Askatzen den bero-energia hiru era nagusitan erabil daiteke: zuzenean (berokuntzan); energia mekaniko bihurtuta (barne-errekuntzako aldizkako motorretan edo erreakzio-motorretan); lehenik energia mekaniko bihurtuta (turbinan) eta gero elektrizitatea ekoitzita (sorgailuan).

Erregai baten ezaugarri garrantzitsuenetakoa berotze-ahalmena da. Parametro horrek erregaiaren masa- edo bolumen-unitateko erretzean askatzen den bero-kantitatea neurtzen du (berotze-ahalmen). Energia-ekoizpenaren ikuspegitik, berotze-ahalmen handiko erregaiak dira interesgarrienak.

Zenbait erregairen berotze-ahalmenak

grafikoak1

Erregai-motak

Erregai erabilienak karbonodun gaiak dira. Organikoak eta ez-organikoak izan daitezke. Erregaiak irizpide askoren arabera sailka daitezke. Ondoko taulan, erregaiak solido, likido ala gasak diren eta naturan diren eran ala horietatik artifizialki lortu diren edo horiek erabiliz produzitu diren hartu da kontuan.

Erregaien sailkapena (iturria: EVE-EEEren Energiaren Hiztegi Entziklopedikoa)

grafikoak2

Taulako erregai batzuei erregai fosil deritze. Harrikatza, petrolioa eta gas naturala dira, eta jatorri biologikoa dute, landare-jatorria batez ere. Milioika urtetan gertatutako landare-metaketaren lurpeko aldaketa fisiko eta kimiko konplexu eta luzeen emaitza dira. Gaur egun, erregai fosilak dira Lurrean kontsumitzen den energiaren iturri nagusia, bere horretan zein, petrolioaren kasuan, fintzearen bidez bereizten diren osagaiak errez. Erregai horiek, ordea, bi arazo dituzte: lehena, energia-iturri berriztaezinak dira; bigarrena, erretzean eratzen diren gasek ingurugiro-arazoak sortzen dituzte, dela berotegi-efektukoak direlako, dela poluitzaileak direlako (energia-iturri; gas natural; harrikatz; petrolio).

Hori dela eta, hainbat saio egin dira horrelako arazorik ez duten, edo, behintzat, hein txikiagoan duten erregaiak garatzeko. Gas gutxiago eta ez hain kaltegarriak aireratzen dituzten erregaiak izendatzeko erregai garbi terminoa sortu da (erregai garbi). Askorentzat, gas naturala erregai garbia da, baina horretarako harrikatzarekin, gasolioarekin edo fuel-olioarekin konparatu behar da; azken finean, gas naturalaren errekuntzan ere berotegi-efektuko gasa den karbono dioxidoa aireratzen da, baina egia da sufre-dioxidorik eta konposatu organiko lurrunkorrik ez dagoela emisioetan. Bioerregaiak ere garbitzat jo ohi dira, baina horien errekuntzan ere karbono dioxidoa aireratzen da.

Bestetik, garraioaren alorrean, petroliotik ateratzen diren erregaiak (gasolina, kerosenoa eta gasolioa) dira erabilienak. Kantitate adierazgarrietan kontsumitzen diren bakarrak horrelakoak direla esan daiteke. Horien ordez beste erregai batzuk erabiltzea proposatu da, eta hainbat ikerketa- eta produkzio-saio egin dira horretarantz jotzeko. Petroliotik ateratako erregaien ordezko izan litezkeen horiei ordezko erregaiak deritze (ordezko erregai). Asko lehen aipatu ditugun erregai garbien multzokoak dira; horregatik, erregai garbi eta ordezko erregai terminoak baliokidetzat jotzen dira. Hainbat alorretan, ingurugiro-inpaktuaren aldetik eta garapen jasangarriaren ikuspegitik ohizkoak baino erregai egokiagoak direnak hasi dira erabiltzen. Esaterako, harrikatza edo fuel-olioa erre beharrean gas naturala erretzen duten zentral termikoak ugaritzen hasi dira. Garraioaren alorrean, berriz, oztopoak handiagoak dira. Hainbat saio egin dira petroliotik eratorriak ez diren erregaiak erabiltzeko; horien artean, aipagarrienak energia-iturritzat bioerregaiak, gas natural konprimitua eta elektrizitatea darabiltzaten ibilgailu alternatiboak dira (bioerregai; gas natural; ibilgailu elektriko).