cerveau

1. Anat.

Entzefaloaren goi-aurrealdeko organoa, gorputz barneko eta inguruko informazio guztia jaso, prozesatu eta gordetzen duena.

Giza entzefaloaren luzetarako ebakidura
Giza entzefaloaren luzetarako ebakidura

1. Anat.
Entzefaloaren goi-aurrealdeko organoa, gorputz barneko eta inguruko informazio guztia jaso, prozesatu eta gordetzen duena.

Garuna Edit

Egilea: Covadonga Fernandez

GARUNA

Giza garunak 1.300-1.600 gramoko pisua izaten du gutxi gorabehera. 100.000 milioi neurona inguru ditu. Burezurrean kokatua dago, burezur-gangak babestuta. Gorputzaren pisuaren % 2 baino ez dagokio garunari, baina haren jarduera metabolikoa hain handia denez, oxigenoaren % 20 kontsumitzen du. Glukosaz hornitzen da soilik, eta ez dauka energia metatzeko ahalmenik; horregatik, garunerako odol-ekarpenak etengabea izan behar du. Hori dela eta, oso organo sentikorra da iskemiaren aurrean.

Anatomia

Garuna bi zelula-motaz osatua dago: neuronak eta neuroglia. Neuronak bata besteari lotzen zaizkio, neurona-zirkuituak sortzeko. Entzefaloa burezurrak babesten du eta horrez gain, meningeek estaltzen dute. Garunean bi atal bereiz daitezke: aurreko garuna eta atzeko garuna.

Aurreko garuna edo prosentzefaloa

Entzefaloaren aurrealdeko bi herenak hartzen ditu. Garuneko luzetarako fisura izeneko ildo sakon batek bereizirik, bi garun-hemisferiotan banatzen da. Garun-hemisferioak beheko aldetik lotuta daude, bata bestearekin konektatzen dituen gorputz kailukara deituriko nerbio-zuntzen bidez.

Hemisferio bakoitzaren barruan, alboko bentrikulu izenez ezagutzen diren likidoz beteriko tarte batzuk daude. Alboko bentrikulu hauek, hemisferio bien artean dagoen hirugarren bentrikulu batekin lotzen dira, eta hirugarren bentrikulu hau laugarren batera doa, Sylviusen akueduktu deitzen den kanal fin baten bidez. Bentrikulu hauen barnean dagoen eta nerbio-sistema inguratzen duen likido zefalorrakideoak babes mekaniko gisa eta substantzia kimikoak garraiatzeko balio du. Likido zefalorrakideo hau alboko bentrikuluetan sortzen da, plexu koroideoak osatzen dituzten egitura baskularretan.

Garunaren zati azalekoena garun-azalak osatzen du. Hemisferioen azalean zabaltzen den substantzia grisezko geruza bat da. Garunaren barrualdea substantzia zuriz inguraturiko oinaldeko nukleo grisez, bi hemisferioak lotzen dituzten ertzetako formazioez, eta barrunbe (edo hutsune) bentrikularrez osatuta dago.

Atzeko garuna edo erronbentzefaloa

Bizkarrezur-muinaren gaineko zatian dago eta bi egiturak osatzen dute: entzefalo-enborrak eta zerebeloak. Bien artean laugarren bentrikulua dago.

Hainbat zirkunboluziodun egitura da zerebeloa, eta entzefalo-enborrera zuntz aferenteen bidez lotua dago. Zuntz hauek hezur-muineko, erraboileko, zubiko eta erdialdeko eta aurreko garuneko bulkadak eramaten dizkiote. Era berean, zerebeloko nukleoetatik zuntz eferenteak sortzen dira. Borondatezko mugimenduen zehaztasun eta koordinazioan esku hartzen du zerebeloak, eta jarrera eta oreka mantentzeko ezinbestekoa da. Entzefalo-enborra entzefaloaren beheko aldean dago eta arnasa, eztula, bihotz-taupadak eta goragale-erreflexua gobernatzen ditu. Haren lesioa larria da eta gizabanakoaren heriotza ekar dezake, aipatutako bizi-funtzioen asalduraren ondorioz.

grafikoak1

Giza entzefaloaren luzetarako ebakidura

grafikoak2

Garunaren lobuluak eta arteka nagusiak

Substantzia grisa eta substantzia zuria

Substantzia grisa

Soma edo gorputz neuronalak aurkitzen diren tokia da. Substantzia grisak garun-hemisferioen geruza azalekoena osatzen du, baina bada barrurago dagoen substantzia grisik ere. Barruragoko substantzia honek entzefaloaren oinaldeko nukleoak eta bikote kranialen nukleoak osatzen ditu.

  • Garun-azalak edo kortex zerebralak 2-3 mm-ko lodiera du, eta hamar zelula-geruzaz osaturik dago. Toles ugari (garun-zirkunboluzioak) izatearen ondorioz, garun-azala burezur-azala baino 30 aldiz handiagoa da. Zimurrek eta pitzadurek hemisferioak lobuluetan banatzen dituzte. Lobulu hauetariko lau frontala, parietala, tenporala eta okzipitala deitzen dira. Bosgarren lobulua, intsula, ezin da garunaren kanpoaldetik ikusi, oso barrenean kokatuta dagoelako.

  • Entzefaloaren oinaldeko nukleoak entzefaloaren oinalde inguruan dauden substantzia grisaren formazioak dira. Nukleoak honakoetan banatzen dira: talamoa, nukleo kaudatua, nukleo lentikularra, putamena, palliduma (azken bi hauek batera nukleo ildaskatua osatzen dute) eta claustruma. Talamoa forma oboideko substantzia grisezko nukleo handi bat da, garunaren erdialdean, bi garun-hemisferioen artean kokatua. Seinale sentsorialak jasotzen dituen integrazio-gune garrantzitsua da. Hainbat nukleoz osatua dago: aurrekoa, atzekoa, bentrala eta dortsala. Garunera doazen bide aferente guztiak, usaimenezkoak izan ezik, talamora heltzen dira. Bulkadak azalera eta beste gune batzuetara eramaten dituzten hainbat zuntz sortzen dira talamotik. Entzefaloaren oinaldeko nukleoen funtzioa nahi gabeko mugimenduak integratu eta koordinatzea da. Nukleo hauen lesioak mugimendu-desorekak, korea (San Vitoren dantza) eta balismoa adibidez, edo Parkinsonen gaixotasunean gertatzen den mugimendu-murriztea (hipozinesia) sor ditzake.

Substantzia zuria

Garunean substantzia grisa baino barrurago dagoen substantzia da, eta nerbio-zuntzez osatua dago batik bat. Zuntz hauek garun-azaleko hainbat puntu bata bestearekin lotzen dituzte, edota garun-azala bera entzefalo-enborreko eta ornomuineko hainbat nukleorekin. Uniformeki zabaltzen da garun-azalaren azpitik eta laminatan banatzen da; barneko, kanpoko eta muturreko kapsula osatzen ditu.

Ertzetako formazioak bi hemisferioak lotzen dituzten zuntz-sistemak dira. Gorputz kailukara, fornixa edo trigonoa, aurreko ertz zuria eta septum peluciduma (septu edo trenkada peluzidoa) dira.

Sistema linbikoa

Garunaren erdian kokatzen da eta honako atal hauetaz osatua dago: talamoa, hipotalamoa, hipokanpoa, amigdala, gorputz kailukara, septuma eta mesentzefaloa. Garuneko unitate funtzional bat da. Sistema linbikoak interakzio biokimiko eta nerbio-interakzio estuak ditu garun-azalarekin eta memoria, emozioak, atentzioa eta ikasketaz arduratzen den entzefaloko elementua da.

Hipotalamoa talamoaren azpian dago, garun-oinarriaren erdiko lerroan. Hainbat gunez eta nukleoz osatua dago. Hauen zeregina oinarrizko bulkadak eta gorputzaren barne-egoeraren faktoreak (tenperatura, gosea, egarria, logura, etab.) erregulatzea da. Hipotalamoak nerbio-sistema zentrala eta sistema endokrinoaren arteko lotura ere egiten du, hainbat hormona sortzen dituen hipofisiaren funtzionamendua erregulatzen baitu.

Garunaren funtzioak

Garunak informazio sentsoriala prozesatzen du, mugimendua kontrolatu eta koordinatzen du, portaera eta gorputzeko oinarrizko funtzioak, hala nola bihotz-taupadak, odolaren presioa, fluidoen balantzea eta gorputzeko tenperatura kontrolatzen ditu. Garuna ezagutzaren, emozioen, memoriaren eta ikasketaren arduraduna da.

Garun-kortexa funtzioaren araberako eremuetan banatzen da. Brodmannek deskribatu zituen eremu hauek eta horregatik Brodmannen area gisa ere ezagunak dira.

Mugikortasuna

Area motorretan antolatua dago. Nagusia area motorra edo Brodmannen 4. area da. Erdiko artekaren edo Rolandoren arteka deiturikoaren aurrean dago. Zelula piramidal gisa ezagutzen diren neurona erraldoiak ditu. Zelula horietatik ornomuinera eta entzefalo-enborrera doazen bide motorrak sortzen dira eta entzefalo-enborretik informazioa giharretaraino igortzen da. Borondatezko mugimenduen arduradunak dira. Area motorretik sortzen diren zuntzak bide piramidal gisa ezagutzen dira eta kontrako aldera gurutzatzen dira erraboilean, entzefalo-enborraren alde baxuenean. Horregatik, eskuin hemisferioko lesioek ezkerreko gorputz-erdiko indar-galera dakarte, eta alderantziz.

Bada beste area bat, Rolandoren artekaren aurrean dagoena, area premotorra, mugimendu ez-borondatezkoak antolatzeko ardura duena. Area edo eremu honetan lesioak gertatzeak pertsonak ikasitako trebetasunen galera dakar.

Sentikortasuna

Area edo eremu sentsorialetan antolatzen da. Area honetan amaitzen dira gorputzaren hainbat bulkada bidaltzen dituzten zuntz sentikorrak. Besteak beste, ikusmen-bulkadak, entzumenezkoak eta usaimenezkoak eta, horiez gain, larruazalaren eta organoen azaleko sentsibilitatea eta sentsibilitate sakona bidaltzen dituzte. Aipatu diren areak honela daude banatuta:

  • Area somestesikoa: gorputzaren beste aldeko azaletik, ehunetatik, muskuluetatik eta artikulazioetatik datorren sentikortasun orokorra jasotzen du. Atzeko zirkunboluzio zentralean kokatzen da, Rolandoren artekaren atzean. Area honetako neuronak objektuen arteko pisu-ezberdintasunak hautemateko gai dira (barognosia). Horrez gain, azaleko estimuluen jatorria zehazteko eta estimulu horiek bakarrak edota askotarikoak diren bereizteko gaitasuna dute aipatutako neuronek; objektuak bere tamainaren eta formaren bidez ezagutzeko (esterognosia) gaitasuna ere badute, eta objektuen tenperatura-aldeak bereizteko ere gai dira, besteak beste.

  • Ikusmen-area: lobulu okzipitalean dago, garunaren atzealdean. Betsaretik jasotako irudiak ispilu-eran proiektatzen dira garun-azalean: ikus-eremuaren goialdean geratzen dena garun-azalaren beheko aldera doa eta behean ikusten duguna goiko gune kortikalera doa. Beste horrenbeste gertatzen da eskuinaldean eta ezkerraldean ikusten dugunarekin. Bada ikusten duguna prozesatzen duen lehen mailako ikus-eremu bat, eta baita zeregin landuagoak egiten dituen bigarren mailako ikus-eremu bat ere. Bigarren mailako ikus-eremu honek ikusitako objektuak ezagutzea, aurpegiak ezagutzea, lengoaiaren eremuekin asoziazioa egitea, mugimenduaren pertzepzioaeta abar ahalbidetzen du.

  • Entzumen-area: lobulu tenporalean kokatua, alboko edo Sylviusen artekaren azpian. Belarri bakoitzak aurkezpen bikoitza du garun-azalean, nekez gerta daiteke, beraz, pertsona batek gorreri kortikala izatea. Bada entzumen-area nagusi bat, entzumenezko informazioa prozesatzen duena, eta baita entzuten ari garena (abesti bat, adibidez) ezagutu eta garun-azaleko beste area batzuekin lotzen duen bigarren mailako entzumen-area bat ere.

  • Usaimen-area: lobulu tenporalen behealdean dago, entzumen-areatik gertu.

  • Dastamen-area: lobulu tenporalen beheko muturrean kokatzen da.

Norberaren kontzientzia

Norberaren kontzientzia, arima, nortasuna, jokaera, esperientzia afektiboa, iniziatiba, aurrealdeko lobuluetan integratuta daude.

Hizkuntza

Beste funtzio batzuek ez bezala, hizkuntzak alde bakarrekoak diren area kortikalak betetzen ditu. Area kortikal hauek kokatzen diren hemisferioari hemisferio gainartzaile deitzen zaio, eta normalean ezkerrekoa izaten da, nahiz eta pertsona ezkertiek eskuineko dominantzia edota bi aldeetakoa eduki ahal izan. Eremu hauek honela banatzen dira:

  • Area motorra edo Brocaren area: aurreko lobuluaren beheko aldean dago eta hizkuntzaren adierazpenaz arduratzen da (bai ahozkoaz eta bai idatzizkoaz). Area honetan lesio bat izanez gero, hitz egiteko eta idazteko ezintasuna pairatzen da.

  • Sentitze-area edo Wernickeren area: lobulu tenporalaren goiko aldean dago eta hzkuntzaren ulermenaz arduratzen da (bai ahozkoaz eta bai idatzizkoaz). Area honetan lesio bat izanez gero, esaten digutena eta irakurtzen ari garena ulertzeko ezintasuna pairatzen da.

grafikoak3

Garun-azaleko eremu funtzionalen kokapena

Baskularizazioa

Oxigenoa eta glukosa barneko arteria karotidaren eta orno-arterien bidez heltzen dira garunera. Bi arteria karotidak kanpoko eta barneko adarretan banatzen dira. Kanpoko adarra kanpoko karotida da, eta odola garezurraren kanpoaldera eramaten du, eta barneko adarrak (barneko karotidak), berriz, garunaren aurreko eta erdiko eremura eramaten du odola. Bi orno-arteriek garunaren atzeko aldea irrigatzen duen arteria basilarra osatzen dute. Garunaren oinaldean bada Willisen poligonoa deitzen den sistema bat. Bi sistemak lotzen ditu eta arteriaren bat ixten denean iskemia eragozteko balio du.