brûlure

1. Med.

Suak edo bestelako agente fisikoek (konposatu kimikoek, erradiazioek eta abarrek) larruazalean eragindako zauria. Hedadura, sakontasun eta intentsitatearen arabera, hiru mailatakoak bereizten dira: lehen mailakoak (eritema soila), bigarren mailakoak (pusla) eta hirugarrenekoak (nekrosia).

Erredura-mailak
Erredura-mailak

1. Med.
Suak edo bestelako agente fisikoek (konposatu kimikoek, erradiazioek eta abarrek) larruazalean eragindako zauria. Hedadura, sakontasun eta intentsitatearen arabera, hiru mailatakoak bereizten dira: lehen mailakoak (eritema soila), bigarren mailakoak (pusla) eta hirugarrenekoak (nekrosia).

Erredurak Edit

Egilea: Edurne Ugarte

ERREDURAK

Erredurak beroaren eragin lokalak dira, eta ehunak tenperatura altuan dauden objektu solido, likido edo gas batekin kontaktuan jartzean gertatzen dira. Bestalde, erradiazioek, gai kimiko kaustikoek eta elektrizitateak ere erredurak eragiten dituzte.

Beroak zelulen heriotza ekartzen du, entzima asko aktibatu eta inaktibatzen dituelako, proteinen koagulazioa eragiten duelako eta mintz zelularrak suntsitzen dituelako. Nekrosiaren ondorioz, hanturazko erreakzioa eta hodi-zabalkuntza pizten dituzten gai batzuk askatzen dira, besteak beste, kapilarren endotelioaren iragazkortasuna handiagotzen duten substantziak. Hanturazko erreakzio horren ondorioz, likido asko galtzen da erreduraren azaletik. Hori dela eta, erredura zabalen konplikazio larrienetako bat shock hipobolemikoa da. Hasiera batean beroak larruazaleko germenak hiltzen baditu ere, erredurak infektatzeko arriskua oso handia da; izan ere, sortutako eten horri esker, errazago sartuko dira germenak larruazalean.

Gorputz-azalaren % 20-30 baino gehiago erreta badago, esaten da erredurak larriak direla, halakoetan ur eta elektrolito asko galtzen delako eta infektatzeko arriskua oso handia delako. Sakontasunaren arabera, honako erredura-mota hauek bereizten dira: lehen mailako erredurak (epidermisa baino ez da kaltetu, larruazala gorri dago eta besikularik gabe, eta sendatutakoan ez da orbainik geratzen), bigarren mailako azaleko erredurak (epidermisa eta dermisaren goiko partea kaltetzen da, gorritasunez gain besikulak daude, oso mingarriak dira eta gehienetan ez da orbainik geratzen), bigarren mailako sakoneko erredurak (dermis osoa ere asaldatzen da, azala zurbil eta gogor dago, gune batzuetan anestesia egon daiteke eta ile-folikuluak betiko suntsi daitezke, hau da, zona horretako alopezia eragin ohi dute) eta hirugarren mailako erredurak (epidermisa, dermisa eta larruazalpeko ehuna asaldatu eta suntsitzen dira, larruazala gogor eta marroixka izaten da, eta ez dira mingarriak izaten nerbio-bukaerak suntsitu direlako).

grafikoak1

Erredura-mailak

Erredura sakonek orbain oso nabarmenak utzi ohi dituzte sendatutakoan. Orbain horiek larruazalaren flexio- edo hedadura-guneetan badaude, gune horien funtzionalitatea eta mugikortasuna gutxiagoturik gera daitezke.

Eguzki-erredura gehienak lehenengo edo, asko jota, bigarren mailakoak izan ohi dira, baina elektrizitateak sortutako erredurak, aldiz, hirugarren mailakoak izaten dira gehienetan.

Erreduren tratamenduari dagokionez, lehenengo eta behin erredura mota eta haren sakontasuna baloratu behar dira. Lehen mailako erreduretan, nahikoa izan ohi da ahalik eta lasterren erredura freskatzea, 10-20 °C-ko ur ugari erabiliz, eta, horren ostean, lesioaren eboluzioa behatzea. Erretako eremua oso zabala bada, likido asko edateko gomendatu behar zaio gaixoari. Bigarren mailakoetan ere ur ugariz garbitu behar da erredura, baina halakoetan infektatzeko arriskua handiagoa izan ohi da, batez ere, besikulak apurtzen badira. Antiseptikoa jarri behar da, eta erredura estali, mina arintzeko eta infektatzeko arriskua gutxiagotzeko. Besikulak apurtuta baleude, zauria balitz bezala tratatu beharko litzateke. Hirugarren mailako erredurak beti tratatu behar dira ospitalean, batez ere, larriak direnean. Ez dira inola ere kendu behar erreduraren gainean gera litezkeen arropa-aztarnak, ezta pomadarik eman ere. Uretan edo suerotan blaitutako izara, zapi edo konpresekin estali behar dira halako erredurak, eta gaixoa ospitalera eraman behar da ahalik eta lasterren.