bouche
- 1. Anat./Zool.
- sin. cavité buccale, cavité orale
Animaliek elikagaiak irensteko duten irekigunea. Oro har, animalien buruan kokatzen da, eta digestio-sistemaren eta digestio-hodiaren lehendabiziko zatia osatzen du.
Aho-barrunbe edo barrunbe orala izenaz ere ezagutzen da
- eu aho, aho-barrunbe
- en mouth, buccal cavity, oral cavity
- es boca, cavidad bucal, cavidad oral
- 2. Arm.
- 1. Anat./Zool.
- Animaliek elikagaiak irensteko duten irekigunea. Oro har, animalien buruan kokatzen da, eta digestio-sistemaren eta digestio-hodiaren lehendabiziko zatia osatzen du.
Ahoa (anatomia) Edit
Egilea: Elhuyar
Ahoa digestio-hodiaren sarrera da. Horren bidez sartzen dira elikagaiak digestio-hodira, eta, halaber, arnasa hartzen eta hitzak sortzen laguntzen du.
Janarien digestio-prozesua ahoan hasten da. Hortzek janaria txikitu eta murtxikatu egiten dute, mihiaren laguntzaz, eta listu-guruinek listua jariatzen dute, janaria digestiorako prestatzeko.
Egitura hauek mugatzen dute ahoa: aurrealdean ezpainek eta masailek, behealdean barailak, hortzek eta mihiak, goialdean ahosabaiak eta atzealdean eztarriaren sarrerak.
Ahoaren atalak
Ezpainak
Ezpainak ahoaren irekiunea inguratzen duten egitura mugikorrak dira, eskeleto-muskuluei eusten diete, eta janarien tenperatura eta ehundura egiaztatzeko erabilgarriak diren zentzumen-nerbioak ere badituzte. Kolore gorrixka izaten dute, odol-hodi ugari igarotzen baitira azaletik gertu. Ezpainen kanpoaldeko ertzak aurpegiko azalaren eta ahoaren barnealdea estaltzen duen mukosaren arteko muga dira.
Hortzak
Hortzak egitura gogorrak dira, ahoko goiko eta beheko barailetan kokatzen dira, eta janaria txikitzeko erabiltzen dira. Hortza estaltzen duen materiala esmaltea da, gure gorputzean ditugun gaietan gogorrenetakoa. Horren azpian zementu deritzona dago, eta, horren azpian, dentina, hortzaren zatirik handiena eratzen duena. Dentinak hortzaren mamia babesten du, hortzaren nerbioak, ehun konektiboa, odol-hodiak eta hodi linfatikoak biltzen dituen ehuna, hain justu ere.
Gizakiak, bere bizitzan zehar, bi hortz-mota izaten ditu, primarioak eta sekundarioak. Primarioak umetan ditugun hortzak dira, eta, horiek eroritakoan, hortz sekundarioak edo iraunkorrak agertzen dira. Guztira, 32 dira, 16 goian eta 16 behean. Honela daude antolatuta, ahoaren erdialdetik ertzetara: erdiko ebakortza, alboko ebakortza, letagina, lehen bikuspidea (premolarra), bigarren bikuspidea, lehen molarra, bigarren molarra eta hirugarren molarra. Hortz iraunkorrak sei urterekin hasten dira agertzen, baina guztiak ez dira agertuko hamazazpi edo hogeita bost urtera arte, hirugarren molarrak agertzen diren arte, hain zuzen ere. Kasu batzuetan, azken molar horiek posizio okerretan agertzen dira, eta batzuetan ez dira agertu ere egiten.
Hortz-mota bakoitzak funtzio bat du: ebakortzak zizel-formakoak dira, eta janaria zatitzeko erabiltzen dira. Letaginek kono-forma dute, eta janaria harrapatzeko edo zatitzeko erabiltzen dira. Premolarrek eta haginek, berriz, azalera askoz zapalagoa dute, eta janaria txikitzeko funtzioa dute.
Mihia
Ahoaren beheko aldera lotua dagoenez eta atzealdetik garezurraren oinarrira lotutako muskuluek kontrolatzen dutenez, mihia muskulu sendoa da. Mihi-ehunaz estalita dago, eta papila deritzen nodulu txikiak ikus daitezke azalean. Ehun horretan kokatzen da zaporeak detektatzen dituen organo sentsoriala. Zaporearen sentsazioa jasotzen dugu horren bidez, eta janari bat jateko desegokia dela abisatzen digu. Muskuluko zuntzek nerbio asko dituzte, eta, horri esker, janaria ahoan mugitu eta haginen tartean ezartzen laguntzen dute, mihiari berari haginka egin gabe. Umeek helduek baino dastamen-papila gehiago dituzte, baina, hala ere, helduek umeek baino zapore gehiago dituzte gustuko, zapore mingotsak, esaterako. Horrez gain, mihiak hitzak ahoskatzen laguntzen du.
Ahosabaia
Ahosabaiak, izenak dioen bezala, ahoaren goiko aldea eratzen du. Aurrealdean gogorra da, eta atzealdean, biguna. Ahosabai gogorra masailezurrek eratzen dute aurrealdean, eta atzealdean, ahosabaiko hezurrek. Ahosabai biguna, berriz, muskuluz eratutako arkua da, gingil deritzon luzakin batean amaitzen dena. Janaria irenstean, muskuluek gorantz mugiarazten dituzte ahosabai biguna eta gingila. Mugimendu horrekin, sudurrerako irekiunea eta faringea ixten dira, janaria bide horietatik pasa ez dadin.
Faringea
Ahoaren eta sudurraren atzealdea hestegorriarekin lotzen dituen pasabidea da faringea. Muskuluz eratuta dago, eta muki-ehunek estaltzen dute; arnas aparatuaren eta digestio-sistemaren osagaia da. Faringearen goiko aldea eta sudurreko barrunbea ahoaren ahosabai bigunaren atzealdearekin lotzen duen hodia da. Erdigunea mihiaren azpian amaitzen da, eta airea eta janaria, biak, igarotzen dira hortik. Beheko aldea, berriz, laringearen atzean kokatzen da, eta hestegorriarekin bat egiten du; janaria bakarrik igarotzen da hortik.
Epiglotisa
Epiglotisa kartilagoz osatutako luzakina da, mihiaren atzean eta laringearen sarreraren parean dagoena. Atsedenean dagoela, epiglotisa tente dago, eta airea laringera eta hortik arnas aparatura igarotzen uzten du. Janaria irenstean, ordea, atzerantz mugitzen da, laringearen sarrera estali eta janariak edo likidoak arnas aparatura sartzen ez uzteko. Eztarriak bi sarrera ditu, airea pasaraztekoa bat eta janaria pasaraztekoa bestea. Janaria irentsi ondoren, epiglotisa berriz mugitzen da, laringea atseden-egoerara itzultzen da, eta airea berriz pasa daiteke arnas aparatura. Horrenbestez, epiglotisak balbula gisa funtzionatzen du.
Amigdalak
Faringe aldean dagoen ehun linfatikozko organoetako bakoitza da. Funtzio zehatza zein den ezagutzen ez bada ere, jakina da sistema immunitarioaren zati direla. Hiru amigdala-multzo daude ahoan. Amigdala faringeoa faringearen goiko edo atzeko paretan dago. Mihiko amigdala mihiaren oinaldean dago, eta amigdala palatinoak, berriz, faringearen goiko aldean, ahoaren bi aldeetara kokatzen dira.
Listu-guruinak
Listua jariatzeaz arduratzen diren guruinak dira. Hiru daude: ahoaren atzealdean, mihiaren azpian eta barailaren azpian. Guztiek amilasa entzimadun listua jariatzen dute, janariak errazago murtxikatu eta digestioa abiarazteko.
Animalia gehienek, ornodunek barne, digestio-sistema oso bat izaten dute. Horren alde batean, ahoa kokatzen da; bestean, berriz, uzkia.
Animaliaren garapen enbrionarioan zehar, ahoaren sorreraren arabera, bi animalia-talde nagusi bereizten dira: protostomioak eta deuterostomioak. Protostomioetan, ontogenian zehar blastoporoa aho bilakatzen da, eta uzkia enbrioiaren barrunbe nagusian egiten den beste irekigune batetik garatzen da. Deuterostomioetan, berriz, alderantzizkoa gertatzen da, blastoporoak uzkia sortuko du, eta ahoa izango da beste irekigune batetik garatuko dena. Deuterostomioen taldean, ekinodermatuak, kordatuak, ketognatuak eta brakiopodoak sartzen dira.
Ahoaren kanpoaldean, hiru egitura daude: aho-irekigunea, ezpainak eta masailak. Aho-irekigunea aho-barrunberako sarrera da. Aho-irekigunea inguratuz, bi ertz haragitsu daude, oro har: ezpainak. Hortz-ilarei jarraituz irekitzen dira ezpainak, eta atzealdean elkartzen dira, bi barailak bat egiten duten angeluan. Ugaztunetan, goiko eta beheko ezpainak buruaren aurrealdean elkartzen dira, barailen angelutik urrun. Ezpainek azalez eta muskuluz estalitako eremu bat sortzen dute: masailak.
Ahoaren barnealdean, animalia ornodunetan, beste lau egitura daude: aho-guruinak, ahosabaia, hortzak eta mihia. Aho-guruinek, listu-guruinek esaterako, beren edukia aho-barrunbera isurtzen dute. Eduki horiek elikagaiak bustitzen dituzte, eta digestio kimikoarekin hasiko diren entzimak askatzen dituzte.
Ahosabaia ahoaren goiko zatia da, garezurraren alde bentraleko hezurren fusioaz eratutakoa. Arrain gehienetan, ahosabaia irekigunerik gabeko ganga baxu bat da, eta ahosabai primario izenez ezagutzen da. Rhipidistia taldekoetan eta tetrapodoetan, sudurzuloak ahosabai primario horretan irekitzen dira barrualdetik, eta irekigune bikoitza eratua dute: barrualdeko narisak edo koanak. Ugaztunetan eta zenbait narrastitan, hezur palatalek barrualderantz hazten diren tolestura batzuk dituzte, ahoaren erdialdean batzen direnak. Tolestura horiek bigarren ganga horizontal bat eratzen dute, eta sudurzuloak ahotik bereizten dituzte. Bigarren gangak ahosabai sekundario izena hartzen du.
Hortzak animalia ornodunen ezaugarri bakun eta bereizgarriak dira. Eskuarki, esmaltearekin daude estaliak (ornodunetan soilik agertzen den geruza mineralizatua). Hortzek harrapakina harrapatu, eta hari eusten diote; jarraian, elikagaia xehatzen hasten dira. Filogenian zehar, ustez, hortzak arrain primitiboen hezur-oskoletik, gainazaleko egitura batzuetatik, eratorriak dira.
Arrain eta narrasti gehienen hortzak itxura berekoak izaten dira eta, oro har, forma konikoa izaten dute, elikagaiari eutsi eta berehala irensteko. Ugaztunetan, ordea, hortzak hainbat formatakoak izan daitezke, elikagaiari eusteaz gain, mamurtzeko funtzioa ere izaten baitute. Horrela, ugaztunetan, lau hortz-mota bereiz ditzakegu: ebakortzak, kaninoak edo letaginak, premolarrak edo aurreko haginak eta, azkenik, ahoaren atzealdean, molarrak edo atzeko haginak.
Tetrapodoak dira lehendabizikoz benetako mihi mugikor bat garatu duten animaliak. Tetrapodo askoren mihiak, gainera, dastamen-papilak ditu, ahoan sartzen diren produktu kimikoei erantzuten dietenak. Hainbat musker eta sugek mihia ahotik haratago luzatzen dute, airean dauden substantzia kimikoak “dastatzeko”. Tetrapodoetan, mihiak aho barruan dagoen elikagaiaren mugimenduan laguntzen du, elikagaia ahoaren aurrealdetik atzealdera mugituz, mihiaren eta barailen mugimendu sinkronizatuei esker. Mihiak, azkenik, elikagai-boloa askatzen du, eta irentsi egiten da.
Ornogabe gehienetan, ahoa elikagaiak hartzeko irekigune bat besterik ez da. Artropodo, anelido eta gainerako ornogabe konplexuagoetan, elikagaiei eusteaz, manipulatzeaz eta irensteaz arduratzen diren eta espezializazio-maila desberdina izan dezaketen apendize batzuk daude ahoaren inguruan. Apendize horiek askotarikoak izan daitezke animaliaren elikatze-estrategiaren arabera, baina orokorrean ez dira aho-barrunbean kokatzen.