agriculture

1. Nekaz.

Lurra landuz gizakiarentzat baliozkoak diren produktuak, bereziki elikagaiak eta zuntzak, lortzea helburu duen jarduera ekonomikoa. Adiera zabalean sektore ekonomiko gisa hartzen denean, abeltzaintza ere nekazaritzaren barnean hartu ohi da.

Terrazak Kataluniako Garrotxa eskualdean
Terrazak Kataluniako Garrotxa eskualdean

1. Nekaz.
Lurra landuz gizakiarentzat baliozkoak diren produktuak, bereziki elikagaiak eta zuntzak, lortzea helburu duen jarduera ekonomikoa. Adiera zabalean sektore ekonomiko gisa hartzen denean, abeltzaintza ere nekazaritzaren barnean hartu ohi da.

Nekazaritza Edit

Egilea: Maria Jose Imaz, Iñigo Virto

NEKAZARITZA

Nekazaritzaren historia gizakiaren historiari lotua dago, tokian tokiko ezaugarri bat da; zibilizazio bakoitzak bere nekazaritza-eredua garatu du, inguruan izan dituen baliabideak erabiliz. Zientzia-arloak garatuz joan diren heinean, nekazaritza ere moldatuz eta aldatuz joan da.

Gaur egun, mundu osoko jarduera ekonomiko nagusietako bat da nekazaritza, nahiz eta herrialde industrializatuetan beste jarduera ekonomiko batzuei lekua utzi dien.

Nekazaritzaren sorrera

Nekazaritza hitzak lurra lantzea esan nahi du. Nekazaritza edo lurraren lantzea gizakia sedentario egin zenean hasi zen. Oraindik badira herrialde asko nekazaritza garatu ez dutenak, nomada izateari utzi ez diotelako.

Nekazaritza sortu aurretik, gizakia ekosistema naturalen parte zen: ekosistema jakin batean eta ekosistema horretatik bizi zen, ehizatik eta basafruituak biltzetik, hain zuzen ere. Baina populazioa hazi ahala, ekosistema naturalek ez zuten gizakia elikatzeko adina ematen, eta landareak eta animaliak etxekotu beharrean aurkitu zen; hori dela eta, hainbat herri eta zibilizazio lur emankorren inguruan garatu ziren.

Hasieran, familiarentzako elikagaiak ekoiztea zen nekazaritzaren helburua; familia-nekazaritza, denborarekin, jarduera ekonomiko bihurtu zen, eta horren inguruan beste jarduera ekonomiko batzuk ere garatuko ziren; artisautza eta merkataritza, besteak beste.

Nekazaritzak jakintza-arlo asko batzen ditu: lurzoruaren ezagutza, klimatologia, kimika, biologia, fisika eta ingeniaritza. Jakintza-arlo horietan izan diren aldaketek, berrikuntzek eta garapenek nekazaritzan ondorioak izan dituzte.

grafikoak1

Terrazak Kataluniako Garrotxa eskualdean (iturria: Iñigo Virto Quecedo)

Nekazaritzaren garapena

Nekazaritzaren garapenean erabakigarriak izan dira gizakiak garatutako teknologia eta zientzia-arloan gertatu diren berrikuntzak.

Nekazaritzaren garapenean egin zen lehenengo urratsa landareak ugaltzeko prozesua ezagutzea izan zen, eta gizaki eta animalien elikadurarako erabilgarriak ziren landareak ezagutzea. Beste zientzietan bezalaxe, behaketa eta esperimentazioa nahitaezkoak izan ziren lurzoru-ur-landare sistema ulertzeko.

Hainbat zibilizaziok ere azkar ikusi zuten uztak jasotzeko ura beharrezkoa zela, eta horren seinale dira ondaretzat utzi dizkiguten ureztatzeko hainbat azpiegitura.

Baina lehenengo gertaera garrantzitsua golde erromatarraren diseinua izan zen. Asmakizun horri esker, lurra lantzeko era guztiz aldatu zen. Gaur egun erabiltzen diren goldeen diseinua aurreneko golde erromatarrean oinarriturik dago.

Beste gertakizun garrantzitsu bat motorraren asmakizuna izan zen. Horren atzetik, lehenengo traktoreak etorri ziren eta, horrekin batera, nekazaritzaren mekanizazioa. Gaur egun, herri aurreratuenetan nekazaritza mekanizatua dago, baina oraindik ere asko dira lurrak eskuz lantzen dituztenak edo animaliak eragindako goldeak erabiltzen dituzten nekazariak. Traktore-kopurua izan ohi da herrialde bateko nekazaritzaren garapen-maila neurtzeko adierazgarri bat.

grafikoak2

Traktorea, nekazaritzaren mekanizazioaren adierazgarria

Mekanizazioari esker, nekazaritza-lan asko erraztu ziren, lurra era intentsiboagoan lantzen hasi zen, eta mekanizatu ezin ziren lurrak lantzeari utzi zitzaion leku askotan; lur horiek abereentzako larre moduan ustiatzen hasi ziren.

Iraultza berdea

Iraultza berdea Bigarren Mundu Gerraren ondoren gertatu zen. Momentu hartan, gosea arazo zen, eta munduko jende guztia elikatzeko moduko nekazaritza garatu behar zen. Ordura arteko produktibitatea handitu beharra zegoen. Toki batzuetan azkarrago, beste batzuetan astiroago, ongarri kimikoak eta pestizidak erabiltzen hasi ziren ekoizpen-maila edo produktibitatea handitzeko asmoz.

grafikoak3

Arroz-soro bat pestizidaz tratatzen

Barietate tradizionalek baino ekoizpen-maila handiagoa zuten barietateak erabiltzen hasi ziren. Ureztatutako lursailak ugarituz joan ziren, eta negutegiak azaltzen ere hasi ziren. Iraultza berdearen protagonistak, beraz, ongarri kimikoak, pestizidak, makineria, hazien hautespena eta ekoizpen hidroponikoak izan ziren.

grafikoak4

Ureztatze-sistema

Ordura arte gerraren negozioan aritutako industria nekazaritzarako teknologia garatzera igaro zen.

Iraultza horren ondorioetako bat nekazaritzaren eta abeltzaintzaren banantzea izan zen, eta, ondorioz, lehenengoa ongarrien mende egotera pasatu zen, eta bigarrena pentsuen mende egotera. Nekazariak eta baserritarrak kanpoko erosketen beharra duen nekazaritza egiten hasi ziren.

Bigarren iraultza berdea

Hazien eraldatze genetikoa edo hazi transgenikoen sorrera da bigarren iraultza berdearen protagonista. Horren inguruan nekazaritza-eredu bat garatu da, eta lehenengo iraultza berdearen helburu bera du: produkzio-maila handitzea, hain zuzen ere. Beste era batera esanda, munduko gosea desagerraraziko duen nekazaritza-eredua garatzea.

XX. mendearen bukaeran hasi zen zabaltzen hazi transgenikoen erabilera. Ingeniaritza genetikoa nekazaritzan 1980. urtetik aurrera hasi zen aplikatzen, eta urte hartan baimendu ziren lehenengo entseguak.

1994. urtean hasi ziren merkaturatzen lehenengo elikagai transgenikoak; hasieran, Estatu Batuetan, baina, 1997tik aurrera, mundu osora zabaldu ziren.

2002. urtean, landare transgenikoen landatze-eremua 58,7 milioi hektareakoa zen.

Hazi transgenikoen gaia interes komertzial handiena duten laboreen inguruan garatu da: artoa, soja, kotoia, tabakoa, koltza eta tomatea.

Hein handi batean, hazi transgenikoen helburua da intsektuekiko eta herbizidekiko erresistentzia handitzea, baina badira interesa duten beste ezaugarri batzuk ere, hala nola labore jakin batzuetan zenbait printzipio aktiboren edo bitaminen kontzentrazioa handitzea; adibidez, azido laurikoaren ehunekoa igotzea koltzaren kasuan edo A bitaminaren ehunekoa handitzea arrozaren kasuan.

Bigarren iraultza berdeak ekarri dituen aldaketak eta nekazaritzan ingeniaritza genetikoa aplikatzea askorentzat aurrerapauso handia dira; beste askorentzat, ordea, arriskuan jartzen ditu herrialde askotako nekazaritza, ingurumena eta herrialdeen elikagaien gaineko subiranotasuna, eta, horrekin batera, mendekotasuna areagotzen du.

Transgenikoen alde egiten dutenek diote hazien erabilerak ondorio kaltegarririk duenik ez dela frogatu eta munduko populazioa elikatzeko dagoen aukera bakarra dela; haien kontra daudenek, berriz, transgenikoen ondorio kaltegarriak frogatzea denbora-kontua dela.

Nekazaritza eta ingurumena

Iraultza berdeak eta nekazaritza intentsiboak, ordea, ondorioak izan ditu ingurumenean: lurzoruaren kutsadura, higadura, materia organikoaren galera, lurzorua gazitzea, lurzorua azidotzea, landare- eta animalia-espezieen dibertsitate-galera, etab. Ondorioz, nekazaritza jarduera kutsatzaile izatera iritsi da, kasu askotan. Baina ezin da orokortu, eta lehenago aipatutako arazoak nekazaritza-eredu jakin baten ondorioak baino ez dira. Beste nekazaritza-eredu batzuek baliabideak modu iraunkorrean erabiltzen dituzte, eta ingurumena kontserbatzen eta hobetzen lagundu dezakete.

Nekazaritza-lurren erabilera egokiak, kalitateko elikagaiak ekoizteaz gain, ondorio onuragarriak izan ditzake ingurumenean. Tokian tokiko ezaugarrietara egokitutako nekazaritza-sistema aukeratzea da gakoa.

Lurrari loturiko nekazaritzak edo abeltzaintzak aukera asko eskaintzen ditu baliabideen kontserbazioaren alde egiteko.

Nekazaritzaren jarduera alternatiboak

Hogeigarren mendean zehar nekazaritza industrialak ingurumenean eragindako zenbait arazori aurre egiteko, zenbait alternatiba garatu dira. Eredu berrien oinarriak dira lur-lantzea murriztea, lurraren gainazala estalita mantentzea, materia organikoaren gestio egokia egitea, laboreen errotazioa, landareen "asoziazioa" edo baterako hazkuntza eta borroka integratua (zenbait intsekturen izurriteen aurka, haien etsai naturalak erabiltzea). Jarduera horiek guztiak ez dira atzerapauso bat; alderantziz, berrikuntzak eta teknologiaren garapenaren aplikazio logikoa eta arrazionala egitea proposatzen dute. Eredu horiek nekazarien eta abeltzainen bizi-baldintzak ere kontuan hartzen dituzte. Hauek dira zenbait nekazaritza-eredu alternatibo:

  • Nekazaritza ekologikoa lurrari loturiko ekoizpen-sistema bat da. Sintesi kimikoaren bidez sortutako ongarri, pestizida eta herbiziden erabilera debekatzen du. Horretaz gain, beste gomendio batzuk ere ematen ditu; hala nola lurzoruaren emankortasuna zaintzea, laboreen errotazioa, tokiko barietateen erabilera eta nekazaritza eta abeltzaintza elkarrekin praktikatzea.

  • Nekazaritza biodinamikoak biodinamikaren printzipioak aplikatzen ditu, eta, lurraz gain, astroak ere kontuan izaten ditu nekazaritza-ustiaketarako.

  • Nekazaritza integratuak ongarri kimikoen aplikazio arrazionala du helburu.

  • Kontserbazio-nekazaritza nekazaritza intentsiboaren gehiegizko lur-lantzeak eragindako lurzoruaren higadura murrizteko helburuarekin hasi zen. Denborarekin ikusi da gutxiengo lur-lantzea eta ereite zuzena bultzatzen duen nekazaritza-sistema honek lurzoruko hezetasuna kontserbatzen duela, eta lurzoruaren C pilaketa dakarrela berekin. Traktore-lanak murrizten dira, eta, ondorioz, erregai gutxiago erabiltzen da, eta ekoizpen-kostuak murriztu eta CO2-isurketak gutxitu egiten ditu.

  • Doitasunezko nekazaritza. Herbiziden eta ongarrien aplikazio arrazionala egin nahi da; horretarako, landu beharreko sail osoaren azterketa sakona egiten da, eta puntu edo eremu bakoitzak behar duen dosia jasotzen du.

Baina zein da nekazaritza-sistemarik egokiena, kalitateko ekoizpen errentagarria emango duena eta aldi berean ingurumena zainduko duena? Nekazaritza-sistema aukeratzeko, tokian tokiko ezaugarriak kontuan hartu behar dira, eta erabakiek tokian tokikoak izan behar dute, leku bakoitzeko kondizio naturalak eta sozialak aintzat hartuko dituztenak, hain zuzen.

Agroekologia, nekazaritza-sistema iraunkorrak garatzeko

Aurreko atalean aipatutako sistemak agroekologian biltzen dira. Agroekologiak nekazaritza-sistemen garapena du helburu, betiere ekologiaren printzipioak eta kontzeptuak kontuan izanda.

Agroekologia ez da nekazaritza-praktika bat, ikuspuntu holistiko batetik abiatuz antolatutako lan-esparru teoriko bat baizik. Iraunkortasunaren zutabeak aintzat hartzen ditu ekonomia, ikuspuntu soziala eta ingurumena. Agroekologiak zientzialari, teknikari eta nekazari edo baserritarren elkarlana bultzatzen du, tokian tokiko erabakiak hartzeko eta landa-eremuaren garapenerako.

Agroekologia eta nekazaritza ekologikoa ez dira nahastu behar. Agroekologiak nekazaritza ekologikoaren ekoizpen-eredua kontuan hartzen du; nekazaritza ekologikoa ekoizteko araudi bat da, debekuak eta mugak ezartzen ditu ekoizteko moduan, baina ez ditu aintzat hartzen alderdi sozialak, ekonomikoak eta ingurumenarenak.

Agroekologiaren lan-esparrua kontuan izanda eta oinarritzat hartuta, nekazaritza industrialaren ekoizpen-eredu alternatiboak garatu nahi dira helburu hau erdiesteko: tokiko lurzorua, klima, landare- eta animalia-espezieak, ezagutza, bizimodua, ohiturak, garapen ekonomikoa eta baliabideen kontserbazioa kontuan izango dituen nekazaritza-sistemak garatzea.