acoustique

1. Fis.

Soinua eta soinu-uhinak aztertzen dituen fisikaren atala.

1. Fis.
Soinua eta soinu-uhinak aztertzen dituen fisikaren atala.

Akustika Edit

Egilea: Jose Ramon Etxebarria

AKUSTIKA

Akustika soinuaren sorrera, hedapena, transmisioa, hautematea eta erabilera aztertzen dituen zientzia da. Soinua fenomeno fisikoa izanik, akustika fisikaren adar bat da, soinua eredu fisiko-matematikoen bidez aztertzen duena, soinua sortzeko eta hedatzeko baldintzak aztertuz. Adar horri akustika deritzo huts-hutsean, edo akustika fisiko, nahiago bada. Dena den, soinuaren sorrera eta erabilera beste hainbat ikuspegitatik ere azter daiteke, eta horrek ekarri ditu akustikaren beste hainbat azpiatal espezifiko, hala nola hemen aipatuko direnak.

  • Akustika musikala soinuaren ezaugarri estetikoez arduratzen da. Batetik, musika-eskalak eta harmoniaren funtsa aztertzen ditu; bestetik, musika-tresnek sortzen dituzten soinuak ikertzen ditu, eta, horiekin batera, baita eskalak afinatzeko sistemak ere.

  • Akustika arkitektonikoa eraikuntzetan soinuak sortzen dituen arazoez arduratzen da. Kontuan izan behar da soinu-uhinak islatu, errefraktatu, xurgatu... egiten direla, gainerako uhin mekanikoen antzera. Soinuaren ezaugarri horiek erabiliz, egokitu egin daitezke eraikinak, soinuaren aldetik baldintza egokiak izan ditzaten mota askotako ekintzetarako. Esate baterako, garrantzitsua da kontzertu- eta zinema-aretoak edota antzokiak egokiro prestatzea, soinua oihartzunik eta distortsiorik gabe entzun ahal izateko. Horretarako, hainbat faktore eduki behar dira kontuan, hala nola aretoen forma, oztopoen kokalekua eta erabilitako materialak, azken horiek soinuaren xurgatzaile edo islatzaile diren kontuan izanik. Bestalde, askotan funtsezkoa izaten da eraikuntzen intsonorizazioa lortzea, alegia, soinuaren hedapena eragozten duten materialak erabiliz lokalak soinugabetzea eta akustikoki isolatzea.

  • Akustika fisiologikoa gizakien mintzamen- eta entzumen-organoekin zerikusirik duten faktoreak aztertzeaz arduratzen da, soinuak sortzearekin eta entzutearekin zerikusia duten faktoreak bereziki. Berez, akustika fisiologikoa medikuntzarekin loturik dago.

  • Akustika elektronikoa soinuaren tratamendu elektronikoaz ari da. Hasieran, elektrizitatearen aurkikuntzaren ondoren, soinua seinale elektriko bihurtzeko ahaleginek fruitua eman zuten telefonia asmatzean. Gero, sistema elektronikoen garapenarekin, soinuak modu elektronikoan grabatzeko eta birsortzeko teknikak garatu dira. Sail honetan sartu behar ditugu, halaber, objektuak aurkitzeko eta identifikatzeko sistemak, hala nola sonarra (itsasoan objektuak detektatzeko) eta ekografia (gorputz barruko irudiak eratzeko), funtsean soinuaren trataera elektronikoan oinarriturik daudenak.

  • Akustika fonetikoa ahozko hizkuntzaren soinuen azterketaz ari da. Linguistikaren barruan lantzen da eta, normalean, fonetika deritzo. Fonetika esperimentalean ikuspegi fisikotik aztertzen dira soinuak, eta fonetika artikulatorioan, ikuspegi fisiologikotik. Azkenik, linguistikaren arloan espezifikoki sarturik, fonologian fonemak aztertzen dira, alegia, hizkuntza bakoitzeko soinu diferentziatuak osatzen dituzten unitate minimoak.

  • Bioakustika animalien entzumenari buruzko arloa da. Animalien entzumena gizakien entzumenari dagozkion maiztasunetatik kanpo ere zabaltzen da; sarri, ultrasoinuak ere sortzen eta entzuten dituzte. Adibidez, lan ugari egin dira izurdeen eta baleen soinu bidezko komunikazioa aztertuz, betiere kontuan izanik uretan dabiltzala eta soinuak uretan duen hedapenaren parametroak zein diren. Bereziki interesgarria da, bestalde, saguzarren kasua; izan ere, animalia horiek berek igorritako soinuen islapenez baliatzen dira inguruko objektuak identifikatzeko. Azken batez, bai zetazeoek eta bai saguzarrek sonar-sistema bat dute, beren ehizakiak non dauden detektatzeko eta harrapatzeko.