zur
- 1. Mater.
Zuhaitz eta zuhaixken enbor, adar eta sustraien azalpeko gai gogorra. Osagai nagusia zelulosa-mintzak (% 50 inguru) eta haien lokarri den lignina dira. Zuhaitz-motaren arabera, ligninaren konposizioa asko alda daiteke, eta edukia ere bai (% 15-33). Zelulosarekin batera, beste zenbait polisakarido daude, eta denek osatutako multzoari hemizelulosa deritzo. Zura erregaitzat erabiltzen denean, egur esan ohi zaio. Biomasako energia-iturri nagusietakoa da. Oso lehengai preziatua da, bai eraikuntza-material gisa, bai altzariak egiteko. Bestetik, zuraren destilazio lehorraren emaitza egur-ikatza, egur-mundruna eta beste zenbait produktu dira (adibidez, metanola).
- 1. Mater.
- Zuhaitz eta zuhaixken enbor, adar eta sustraien azalpeko gai gogorra. Osagai nagusia zelulosa-mintzak (% 50 inguru) eta haien lokarri den lignina dira. Zuhaitz-motaren arabera, ligninaren konposizioa asko alda daiteke, eta edukia ere bai (% 15-33). Zelulosarekin batera, beste zenbait polisakarido daude, eta denek osatutako multzoari hemizelulosa deritzo. Zura erregaitzat erabiltzen denean, egur esan ohi zaio. Biomasako energia-iturri nagusietakoa da. Oso lehengai preziatua da, bai eraikuntza-material gisa, bai altzariak egiteko. Bestetik, zuraren destilazio lehorraren emaitza egur-ikatza, egur-mundruna eta beste zenbait produktu dira (adibidez, metanola).
Zura Edit
Egilea: Elhuyar
Zura zuhaitz eta zuhaixken osagai nagusietako bat da, organismo osoaren euskarria izateaz gain, beste hainbat funtzio ere betetzen dituena. Material gisa erabilera anitz ditu, eta betidanik erabili du gizakiak.
Botanikaren ikuspegitik begiratuz gero, zura zuhaitz eta zuhaixken zurtoinaren, adarren eta sustraien osagai nagusia da. Landare baskularrek zirkulazio-sistema garatua dute, eta bi ehun-mota nagusik betetzen dute funtzioa: xilemak eta floemak. Xilema elkarri lotutako zelula luze eta hilez osatutako hodien multzoa da. Hodi horiek ligninaz estalita daude zurruntasun gehiago emateko, eta ura eta gatz mineralak sustraietatik landare osora barreiatzeko funtzioa dute. Floema, berriz, ehun biziz osatua dago, eta fotosintesiaren bidez sintetizatzen diren elikagaiak, izerdi landua, landarean banatzen ditu. Zura, beraz, xilematik eratortzen da.
Xilema landarearen hazkuntza-garaian sortzen da. Latitude epeletan, urtaroak ongi zehaztuta dauden tokietan, zuhaitzen enborra udaberrian eta udan hazten da batez ere, eta udazkenean eta neguan asko mantsotzen da. Hori dela eta, enbor hori zeharka ebakitzean, hazkuntza-eraztunak ikus daitezke. Eraztun bakoitza urte bati dagokio. Tropikoetan eta ekuatorean, berriz, urte osoan hazten dira zuhaitzak, eta horiek ebakitzean ez da eraztunik ikusiko.
Enborraren ebaketa (iturria: Imanol Artola)
Xilema guztiz garatzean, zelulak hil egiten dira, protoplasma galtzen dute, eta maiz gai minak edo pozoitsuak pilatzen dituzte (taninoak, tindagaiak, erretxinak eta gomak, esaterako), hezetasunetik eta usteltzea eragiten duten organismoetatik babesteko.
Ebaki berri den zurak hezetasun handia du, eta lehortu ahala okertu eta zatitu egiten da. Hori dela eta, zura landu egiten da erabili aurretik, hau da, eguzkitan poliki lehortzen uzten da edo prozesu artifizialak erabiltzen dira azkar lehortzeko. Lantze horri esker, zuraren flotagarritasuna, sendotasuna, elastikotasuna eta iraunkortasuna areagotu egiten da.
Zur-lehortegia (iturria: Imanol Artola)
Zura papera, alkohola, zeta artifiziala, ikatza eta hainbat konposatu kimiko ekoizteko erabiltzen bada ere, zur-ekoizpenaren zati handi bat ez da inolako industria-prozesutan erabiltzen, baizik eta zuzenean, eraikuntzan eta altzarigintzan.
Eraikuntzan zurgintzako lan nagusiak zoladurak, parketak, eskailerak, ateak, leihoen bastidoreak, pertsianak eta abar egitea izaten da. Pinua eta izeia oso aproposak dira, iraunkorrak, ebakitzen errazak eta nekez pitzatzen direlako.