zirkulazio atmosferiko

1. Meteorol.
Aireak atmosferan egiten duen ibilbide orokorra.

Zirkulazio atmosferikoa Edit

Egilea: Elhuyar

ZIRKULAZIO ATMOSFERIKOA

Atmosfera eratzen duen airea ez da estatikoa. Lurrean eragina duten kondizio guztiek eragiten diote aireari, eta aireak horren arabera jokatzen du. Airearen berotzeak eta hozteak eragiten ditu haizeak, lainoak, prezipitazioak eta abar. Horren guztiaren ondorioz, atmosferako airea mugitu egiten da, ekuatoretik poloetarantz eta alderantziz.

Atmosferako zirkulazioaren oinarri-oinarrian kondizio bakarra nagusitzen da: beroa. Aire-masak pairatzen dituen tenperatura-aldaketek eragiten dute mugimendu osoa. Eredua sinplea da. Errealitatea, aldiz, beste hainbatetan bezala, ez da hain sinplea, baina eredu horren oinarriak betetzen ditu. Azter dezagun, horrenbestez, airearen zirkulazioaren eredua, egunero zeruan behatzen ditugun fenomenoak hobeto ulertzeko.

Esan bezala, airearen tenperaturak agintzen du airearen mugimendua nolakoa izango den. Aireak eguzkiaren energia jasotzen badu, hots, berotzen bada, hedatu egiten da, arinagoa da eta, horren ondorioz, gorantz igotzen da. Aire-masa horrek, pisu gutxiago duenez, presio txikiagoa eragingo du azpian duen lurrazalean. Eremu horretan, presio baxua dagoela esaten da. Alderantziz, aireak beroa galtzen duenean, uzkurtu egiten da, astunagoa da, eta, beraz, beherantz mugitzen da. Kasu horretan, aire-masak presio handiagoa eragingo du lurrazalean. Beraz, presio altuko eremua sortuko da.

Lurrean eguzki-energia modu irregularrean jasotzen da, eta, beraz, berotzea ere irregularra da. Lurreko eskualde batzuetan, aireak berotu eta gorantz igotzeko joera handiagoa du, eta, beste batzuetan, hoztu eta jaitsi egiten da. Fenomeno horren eraginez sortzen den desoreka orekatzeko mugitzen dira aire-masak eremu batetik bestera; haizeak, fronteak, prezipitazioak eta bestelako fenomenoak oreka lortzeko joera horren ondorioz sortutako fenomenoak dira.

Atmosferaren zirkulazio globalak behe-latitudeetako aire epela goi-latitudeetara eramaten du, eta aire hotza, goi-latitudeetatik behe-latitudeetara. Bero-truke horri esker, behe-latitudeetako eremuetan pilatzen den beroa lur osoan banatzen da, eta poloetako hotza ere bai.

Geografoek zirkulazio-zelulen eredua erabiltzen dute Lurreko haize- eta presio-eredu orokorraren oinarrizko ezaugarriak deskribatzeko. Ereduak hauek onartzen ditu: Lurraren gainazalak osaera uniformea duela eta latitude bakoitzean jasotzen den eguzki-energiaren kantitatea ezberdina izateak ekuatorearen eta poloen artean tenperatura-gradientea eratzen duela.

Kondizio horiek biraka ari den Lurrean aplikatuta, hiru zirkulazio-zelula proposatu dira: Hadley zelula, ekuatorearen eta 30°-ko latitudearen artean; Ferrel zelula, 30° eta 60°-ko latitudeen artean; eta zelula polarra, 60° eta 90°-ko latitudeen artean.

Ikus dezagun zer gertatzen den zelula bakoitzean. Ekuatorean aire epela igo eta poloetarantz mugitzen da. 30°-ko latitudean, airea beherantz mugitzen hasteko beste hozten da. Aire hotz horrek presio altuko eremua sortzen du lurrazalean. Lurrazalera heltzean, aire hoztua ekuatorerantz mugitzen da berriz. Airearen zirkulazio-zelula hori Hadley zelula da.

30° eta 60°-ko latitudeen artean, Ferrel zelula kokatzen da. Airea alderantzizko noranzkoan mugitzen da. 60°-ko latitude inguruko aire epel eta hezea gorantz igotzen da, eta horren azpitik 30°-ko latitudetik datorren aire hotza ekartzen du. Goian dagoen aire epela ekuatorerantz mugitzen da, bidean hoztu eta Hadley zelulako airearekin topo egitean, hondoratu egiten da. Biek topo egiten duten gunean, bi aire-masak jaitsi egiten dira, baina gero banandu egiten dira. Eremu horri 30º-ko latitudeko presio altuko eremu subtropikal deritzo. Ferrel zelulako lurrazaleko airea polorantz mugitzen da, eta eskuinerantz desbideratzen da (Ipar hemisferioan). Horren ondorioz, eremu horretan, airea mendebaldetik abiatzen da, eta ekialderantz joaten da.

Ferrel zelula eta zelula polarraren arteko eremuari 60º-ko latitudeko presio baxuko eremu subpolar deritzo. Zelula polarrean, airea eremu horretatik iparralderantz mugitzen da, eta hoztu egiten da. Poloen inguruan jaisten da, eta aire askoz hotzagoa duen presio altuko eremua eratzen du. Aireak poloetara mugitu beste aukerarik ez du; horrenbestez, zelula polarreko aire-mugimendua Ferrel zelularenaren antzekoa da.