urlehortar

1. Zool.
sin. anfibio, batrazio

Ornodunen barneko klasea. Larba-aldian zakatzak eta heldu-aldian normalean birikak izaten ditu. Helduak lau hanka ditu, eta ezkatarik gabeko larruazalaz hornitua egoten da. Azaletik eta biriketatik hartzen du arnasa. Bere barnean igelak, apoak, uhandreak eta abar hartzen dituen Amphibia klasea osatzen dute.

Arrabioa (<span style="font-style:italic">Salamandra salamandra</span>)
Arrabioa (Salamandra salamandra)

1. Zool.
Ornodunen barneko klasea. Larba-aldian zakatzak eta heldu-aldian normalean birikak izaten ditu. Helduak lau hanka ditu, eta ezkatarik gabeko larruazalaz hornitua egoten da. Azaletik eta biriketatik hartzen du arnasa. Bere barnean igelak, apoak, uhandreak eta abar hartzen dituen Amphibia klasea osatzen dute.

Anfibioak Edit

Egilea: Urtzi Goiti

ANFIBIOAK

Bizimodu urtarra eta lurtarra duen ornodun-taldea da; horixe adierazten du grekozko izen taxonomikoak (Amphibia klasea; amphy, "bietan" eta bios, "bizitza"). Azken kalkuluen arabera, egun 6.000 anfibio-espezie inguru daude mundu osoan; Euskal Herrian, 18 espezie aurkitu ditzakegu. Animalia tetrapodoak dira, lau gorputz-adar dituztenak, alegia. Horri esker, bizimodu lehorreko konkistaren aitzindariak izan ziren, orain dela 360 milioi urte (periodo Devoniarrean) arrainetatik eratorrita garatu zirenean. Halere, anfibioek ez dute lehorreko konkista osoa burutu eta oraindik ere, bere arbasoen gisa, uretara jo behar dute, ugaltzeko. Anfibioen arrautzak ez du isolamendu hidrikoa bermatuko dion geruza berezirik, ez da, beraz, arrautza amniotikoa (narrastiena, hegaztiena eta ugaztunena ez bezala) eta, hortaz, arrautzak uretan errun eta hortxe garatu behar dute (salbuespenak egon arren). Anfibioak, oro har, ur gezatik gertu bizi dira edo hezetasun handiko lekuetan, ezin dute gorputzeko barne-tenperatura kontrolatu eta kanpoko tenperaturaren arabera aldatuko da hau; animalia ektotermoak (odol hotzeko termino zaharkituaren pareko) dira, beraz; taldearen arabera brankia, birika edo azalaren bidez arnasten dute. Azala porotsua eta iragazkorra dute, arnas eta ur-trukeak ahalbidetzen dituena. Ezaugarri hau giltzarri izan da beren garapen ebolutiboan, baina aldi berean muga gogorra ere bai, lehorreko hainbat habitaten konkista zaildu baitie.

Anfibioen beste ezaugarrietako bat garapenean datza, metamorfosi izeneko aldaketa osoa jasaten baitute. Arrautzatik larba-forman ateratzen dira (larba-forma ezagunena igel eta apoetan beha daitekeen zapaburua da); hori, ordea, ez da heldutan izango duten itxura eta, hortaz, gorputzak aldaketa morfologiko eta fisiologiko sakona jasango du heldutasunerako bidean. Alde batetik, zapaburuak ez du gorputz-adarrik eta isatsaren bidez igeri egiten du, kanpo-brankia bidez arnasten du eta, gainera, moko-itxurako barailez baliaturik elikadura alhatzailea izaten du. Metamorfosia aurrera joan ahala, isatsa desagertu egingo da eta bi pare gorputz-adar haziko zaizkie, brankiak endekatu eta birikak garatuko dira edo azalaren bidez arnastuko dute, lehorrean azala heze mantentzeko guruinak garatuko zaizkie, barne-belarria moldatuko da eta elikadura makrofago izatera pasatuko da (elikagaiak irentsiko dituzte). Uhandreen eta arrabioen kasuan, larbak helduaren antz handiagoa du, eta metamorfosiaren aldaketa nabarmenena kanpo-brankiak izatetik beste arnasketa-formetarako aldaketa da.

grafikoak1

Arrabioa (Salamandra salamandra)

Metamorfosiaren ondoren, anfibioak forma urtarretik lurtarrerako aldaketa egina izango du. Egungo metamorfosi honi so eginez, zientzialariek ondorioak atera eta hipotesiak egin ditzakete; arrain-itxuratik tetrapodo lurtarrerako aldaketa hura eta, beraz, lur lehorraren behin-behineko konkista hura nola gertatu zenari buruzko ondorioak eta hipotesiak izango dira betiere.

Lehorreko konkista hura partziala izatea beste ezaugarri batek ere eragin zuen, ernalketa-ereduak, hain zuzen ere. Izan ere, anfibioek kanpo-ernalketa dute, hau da, obulua eta esperma animalien gorputzetik at elkartzen dira. Igeletan, anplexu deritzon besarkada baten bidez gertatzen da; emeak arrautzak errun bitartean arrak hankekin besarkatzen du emea bizkarretik, aldi berean esperma askatzen du eta arrautzak ernaltzen ditu.

Gaur egun, bizirauten duten anfibioak hiru talde taxonomikotan bereizten dira. Guztiak beste animalia bizi batzuez —oro har, zizareez, moluskuez eta artropodoez— elikatzen dira.

  • Anura ordenak —etimologikoki, isatsik ez duten (grekoz an-, "gabekoa", eta uros, "isatsa") anfibioak— forma ezagunenak biltzen ditu, igelak eta apoak, alegia. Mundu osoan, 5.000 espezietik gora deskribatu dira. Aipatu bezala, anuroen larbak putzu eta ur-masa geldotan hazten diren zapaburuak dira. Igel eta apoen arteko banaketak ez du irizpide taxonomikorik, ezta oinarri filogenetikorik ere, eta, oro har, sailkapen horren oinarria igelek azal leuna eta apoek, ordea, pikortsu eta guruintsua izatean datza. Beren morfologia jauzi eginez desplazatzeko moldatuta dago, atzeko hankak luzeak eta muskulutsuak baitira espezie askotan. Ugaltze-sasoian kantu egiten dute laringearen bidez, eta hots hauek espezifikoak dira.

  • Urodela edo Caudata ordenakoak dira uhandreak eta arrabioak; 500 espezie inguru ezagutzen dira. Isatsa duten anfibioak dira; forma helduak lehortarrak dira eta banaketa berezia dute munduan, Ipar hemisferioan agertzen baitira batik bat. Uhin-itxurako mugimendu-eredua dute, gorputz-adarrak laburrak izaten baitira eta mugimendu mugatua baitute; ziurrenik lehorra konkistatu zuten lehen anfibio aitzindari haien antzerakoa. Oro har, tamaina txikikoak dira (15 cm-tik behera) baina ordena honetakoa da munduko anfibiorik handiena, Txinako arrabio erraldoia (Andrias davidianus) 1,8 m luze eta 30 kg dituena.

  • Gymnophiona edo Apoda ordenakoak dira zezilia izenaz ezagutzen diren anfibioak. Ez dute gorputz-adarrik, zizare-itxura dute eta lur azpian bizi dira (bizimodu hipogeoa); beraz, begiak murriztuta eta azalaren azpian agertzen dira; gehienak animalia tropikalak dira.

grafikoak2

Apo lasterkaria (Bufo calamita)

Azken urteotan anfibioen desagertze-joerak behatu izan dira munduan zehar. Adibidez, Costa Ricako igel-espezie batek izandako desagertze masiboa da aipagarriena. Mundu osoko anfibio-populazioen beherakada honen arrazoiak ez daude guztiz identifikatuta, nahiz eta hainbat hipotesi proposatu diren, bata bestearen baztertzaile ez direnak: klima-aldaketa, kutsadura eta ozono-geruzaren desagerpena, besteak beste.