ukimen

1. Fisiol.

Objektuekiko ukipena, presioa, haien zenbait ezaugarri fisiko (tenperatura, laztasun/leuntasuna, gogortasun/biguntasuna) eta mina hautematen dituen zentzumena, gorputz osoko larruazalean hedatuta dagoena.

1. Fisiol.
Objektuekiko ukipena, presioa, haien zenbait ezaugarri fisiko (tenperatura, laztasun/leuntasuna, gogortasun/biguntasuna) eta mina hautematen dituen zentzumena, gorputz osoko larruazalean hedatuta dagoena.

Ukimena Edit

Egilea: Jon Irazusta

UKIMENA

Larruazalean egiten den presioaren magnitude eta iraupenarekiko, tenperaturarekiko eta minarekiko sentikorrak diren zelula errezeptoreak daude. Kanpoko kinadak garunarentzat ulergarri den informazio bihurtzen dituzte. Organoetan ere presioarekiko sentikorrak diren errezeptoreak badaude; adibidez, urdailaren paretan urdailaren betetzea hautemateko zeregina dutenak.

Zenbait motatako hartzaileek hautemandako informazioa integratzearen ondorioz gertatzen da ukimena. Hartzaile bakoitzak jasotzen duen informazio-mota desberdina da.

Mekanorrezeptoreak

Merkelen korpuskuluak

Epidermisean dauden disko-itxurako nerbio-bukaerak dira. Hankazpian eta esku-ahurrean oso ugariak dira. Gure larruazalak presioa jasotzen duenean erantzuten dute aipatutako korpuskuluek. Bere erantzuna motela da, baina presioa dagoen bitartean, denbora-tarte luzean erantzuten dute. Merkelen korpuskuluak ehunaren leku-aldaketa oso txikiekiko (1 mikra) sentikorrak dira.

Meissnerren korpuskuluak

Gorputz osoko larruazaleko kanpoko geruzetan banaturik daude, baina bereziki ugariak dira atal sentikorrenetan: hatzetan, mingainean, ezpainetan, hankazpietaneta abarretan. Oso presio-aldaketa txikiekiko sentikorrak dira (korpuskulu hauei esker, Braille hizkuntza uler daiteke), eta, horregatik, objektuen ehundura hautemateko balio dute. Korpuskulu hauen erantzuna, Merkelen korpuskuluena baino azkarragoa da, baina kinada jarraituekin haien aktibazioa eten egiten da. Abiaduraren hartzaileak dira.

Paciniren korpuskuluak

Larruazaleko barne-geruzetan eta barne-organoetan daude; pankrean, esaterako. Presio-aldaketa handiekiko, adibidez dardararekiko, oso sentikorrak dira, baina kinada jarraitua denean, ez dute erantzuten. Azelerazioaren hartzaileak dira.

Ruffiniren bukaerak

Larruazaleko barne-geruzetan dauden nerbio-bukaera askeak dira, moldaketa motela dutenak. Presio sakon eta jarraituarekiko sentikorrak dira.

Tenperatura-hartzaileak

Zuntz mielinadunen nerbio-bukaera askeak dira; mielinarik gabeak dira. Oro har, bi populazio daude, hotzarekiko eta beroarekiko sentikorrak direnak.

Minaren hartzaileak edo nozizeptoreak

Hauek ere nerbio-bukaera askeak dira, eta bi mota bereizten dira: mekanorrezeptoreak eta termorrezeptoreak. Horiez gain, beste bi mota ere bereiz daitezke: gorputzaren larruazalean daudenak, larruazaleko mina hautematen dutenak, eta gorputz-barneko organoetan daudenak, min sakona hautematen dutenak.

Larruazaleko minak bi osagai ditu: bata, hasierako mina, akutua eta lokalizazio zehatzekoa, eta bestea, min atzeratua edo segundo bat eta gero agertzen dena, eta iraupen luzeagoa eta lokalizazio zehaztu gabea duena. Osagai bakoitzaren erantzuleak hainbat nerbio-bukaera mota dira. Berehalako minaren arduradunak, informazioa azkarrago bidaltzen duten neurona mielinadunak dira, eta ondoren gertatzen den min jarraituarenak, mielinarik gabeko neurona motelagoak.

Min sakonaren hartzaileak antzekoak izan daitezke. Kasu honetan, ehunetako ezaugarri metabolikoek, odol-gabeziak adibidez, mina sor dezakete.

Bai larruazaleko bai sakoneko hartzaileek moldaketa-ahalmen kaskarra dute. Hori horrela izatea oso beharrezkoa da, nahiz eta batere atsegina izan ez. Bestela, mina ematen diguten kinadak behin eta berriro jasota, denbora pasatu ahala, gero eta intentsitate gutxiagoko kinada hartuko genuke, eta gorputzean kalte larriak jasan genitzake.

Minaren hartzaileek min mekanikoa, termikoa eta kimikoa har dezakete. Min mekanikoa eta termikoa hartzen dutenak eta lehen ikusi ditugun mekanorrezeptoreak eta termorrezeptoreak ezberdinak dira. Minarekin lotuta dauden hartzaileek soilik hautematen dituzte muturreko presioa eta tenperatura.

Hartzaile hauetan guztietan, informazioa jaso eta gero, ekintza-potentzialak sortzen dira neuronen axoietan, lehenengo bizkar-muinera eta gero garunera iritsiko den nerbio-informazioa eroanez. Informazioaren integrazio kontzientea garunaren azal somatosentsorialak egiten du.