ugaztun

1. Zool.

Ornodunen subfilumeko animaliak, odol berokoak eta iletsuak, beheko maxilarra hezur bakarrekoa dutena (eta ez narrastiak legez bat baino gehiagokoa). Ugatzak dituzte, eta umeak esnea edoskiz elikatzen dira. Entzefaloa eta zentzumen-organoak oso garatuak dituzte, eta beste animaliek baino garapen psikiko handiagoa dute. Lehen ugaztunak Triasikoko metakinetan aurkitu dira, baina Tertziariora arte urriak izan ziren. Garai horietan, dinosauroek utzitako txokoak betez izugarrizko dibertsifikazioa izan zuten. Mammalia klasea osatzen dute.

1. Zool.
Ornodunen subfilumeko animaliak, odol berokoak eta iletsuak, beheko maxilarra hezur bakarrekoa dutena (eta ez narrastiak legez bat baino gehiagokoa). Ugatzak dituzte, eta umeak esnea edoskiz elikatzen dira. Entzefaloa eta zentzumen-organoak oso garatuak dituzte, eta beste animaliek baino garapen psikiko handiagoa dute. Lehen ugaztunak Triasikoko metakinetan aurkitu dira, baina Tertziariora arte urriak izan ziren. Garai horietan, dinosauroek utzitako txokoak betez izugarrizko dibertsifikazioa izan zuten. Mammalia klasea osatzen dute.

Ugaztunak Edit

Egilea: Kepa Altonaga

UGAZTUNAK

Ugaztunetaraino iritsi zen lerro ebolutiboa, narrasti terapsidoetatik banandu zen orain dela 200 milioi urte, Triasiko amaieran. Lehen ugaztunak satitsuaren tamainako animalia homeotermoak izan bide ziren, eta beraz, narrasti poikilotermoek ustiatu ezin duten txoko ekologiko intsektiboro gautarra beteko zuten. Hau da, ugaztunek beroa gorputz barruan ekoizten dute, eta hori dela-eta euren metabolismoa erlatiboki oso garestia da: gorputzak funtzio organikoetarako tenperatura optimoa mantentzen du ingurune-tenperaturatik aparte, eta horrela gaueko bizimodua egin dezakete, eta bai planetako gunerik hotzenetan bizi ere. Tenperatura-erregulazioa zehatza da ugaztunetan. Bero-galera oztopatzeko, ilajea eta gantz subkutaneoa dute, eta kontrara, gehiegizko beroa ekiditeko, izerdi-guruinak erabiltzen dituzte eta bai hatsanka egiten.

Arbaso erreptiliarren garapen obiparotik abiatuta, ugaztunek garapen bibiparoa lortu zuten, zeinean, enbrioia ama baitan inkubatzen baita. Hortaz, ugaztunen obulua oso bitelo gutxikoa izaten da, baina, narrastien arrautzako geruza extraenbrionarioak hemen garapen bibiparorako moldatu dira. Zigotoa Falopio tronpetatik jaitsi eta uteroan ezartzen da. Ama eta enbrioi arteko gas-trukaketan aritutako ehunek, alantoideak eta korionak plazenta edo karena eratzen dute.

Nahiz eta espezie-kopurua erlatiboki txikia izan (4.100 espezie bizi), ugaztunen taldea oso eraniztuna da, heren bat inguru karraskariak badira ere. Tamainari begira, satitsu nanoaren 2 g-tatik balea urdinaren 34 m luze eta 150 tonatara ailega daitezke. Hiru talde nagusitan sailkatu dira: prototerio edo monotrematuak, metaterio edo martsupialioak, eta euterio edo plazentalioak. Jatorriz, baina, lerro filogenetiko bitan zehar garatu direla uste da, eta horregatik martsupialio eta plazentalioekin batera, terioen taldea eratu ohi da.

Prototerioak ugaztun oso primitiboak dira, narrastien berezitasun batzuk gorde dituztenak, esate baterako, obiparoak dira eta kloaka dute. Emeen esne-guruin tubularrek ez dute titirik eratzen, eta kumeek ez dute esnea edoskitzen, mihiztatzen baizik. Ekidna eta ornitorrinkoa dira egun bizi diren monotrematu bakarrak, Australia eta Ginea Berrian banatuta daudelarik.

Metaterioak 240 espezie inguru dira. Kumeak garapenaren oso fase goiztiarrean jaio dira, sabelaldia laburra baita, eta hazkundea amaren titietara atxikita amaitzen dute, martsupio izeneko poltsa dermikoaren barruan. Talde hau Australian loratu da. Adibidez, kanguruak, walabia, wonbat eta koala dira martsupialio.

Euterio edo ugaztun plazentalioen sabelaldia erlatiboki luzea da, eta kumeak utero barruan garatzen dira, nahikoa itxuratuta jaio direlarik. Badaude bestelako irizpide taxonomikoak euterioen taldea karakterizatzeko, baina, oso formalak dira eta sailkapenari begira ezarriak. Nolanahi, euterioek lau aldaketa-multzo independente aurkezten dituzte ugaztun primitiboekiko.

  • Tamaina-emendioa. Beronek abantaila franko dauzkala dirudi, eta bizitzan zeharreko informazio asko bilduko duen zerebro handiarekin erlazionatuta dago. Oso abantailatsua da herrialde hotzetako ugaztunentzat, zeren murriztu egiten baita bero-galerarako azalera erlatiboa.

  • Hankak luzatu egin ziren eta lokomozio-mota desberdinetarako espezializatu, gehienetan orpoa lurretik altxatuz, halako moduz non, azkenean animaliak hatzen puntan ibiliz bukatu baitzuen, ez oin-zolan, eta hatz-kopurua txikitu egin zen.

  • Hortz-kopurua murriztu egin zen eta espezializatu egin zen hortzen forma, kontsumituriko janarien arabera.

  • Zerebroaren emendioa, jokabide askoz korapilatsuago eta plastikoagoak ahalbidetuz.

Euterioen artean ondoko ordenak bereizi dira: intsektiboroak (satitsua, satorra, trikua; 400 bat espezie), dermopteroak (2 espezie: lemur hegalariak), kiropteroak (1.200etik gora espezie: saguzarrak), primateak (350 espezie: lemurrak eta tximinoak), edentatuak (31 espezie: nagia, tatuna, hartz inurrijalea), folidotoak (8 espezie: pangolina), lagomorfoak (100 bat espezie: untxia eta erbia), karraskariak (2.300 espezie inguru: sagutxoa, sagua, urtxintxa, kastorea, marmota, arantzurdea), hirakoideoak (11 espezie: damana), proboszideoak (2 espezie: elefantea), sirenioak (5 espezie: manatia, dugonga), tubulidentatuak (1 espezie: urde inurrijalea), perisodaktiloak (16 espezie: zaldi-behorrak, zebra, tapirra, errinozeroa, astoa), artiodaktiloak (171 espezie: zerria, basurdea, gamelua, jirafa, antilopeak, oreina, behi-zezenak, ardi-ahariak, hipopotamoa), karniboroak (253 espezie: katua, zakurra, hartza, lehoia, azeria, erbinudea, panda), pinipedioak (31 espezie: mortsa, foka, otarioa), eta zetazeoak (84 espezie: izurdea, balea, kaxalotea).