transkripzio

1. Genet.

DNA-sekuentzia bateko (gene bateko) informazioa RNA-molekula batera transferitzea; gene-espresioaren lehen urratsa da.

Transkripzio-prozesuaren lehen urratsa: DNAn oinarritutako RNA-harizpiaren eraketa (transkripto primarioa)
Transkripzio-prozesuaren lehen urratsa: DNAn oinarritutako RNA-harizpiaren eraketa (transkripto primarioa)

1. Genet.
DNA-sekuentzia bateko (gene bateko) informazioa RNA-molekula batera transferitzea; gene-espresioaren lehen urratsa da.

Transkripzioa Edit

Egilea: Begoña Jugo

TRANSKRIPZIOA

Transkripzioa proteinen sintesiaren lehen urratsa da: DNAn oinarritutako RNAren sintesia da. Modu askotan, DNAren erreplikazioaren antzekoa da transkripzioa, salbuespen batekin: transkripzioaren kasuan, DNA-nukleotidoak gehitu beharrean, RNA-nukleotidoak gehitzen dira DNAra transkripto primario moduan ezagun den RNA-harizpia osatzeko. Transkripto primarioa RNA mezulari (mRNA) bihurtuko da zenbait eraldaketen ondoren. mRNA horrek zuzenduko du proteinen sintesiaren hurrengo urratsa, itzulpena, hain zuzen ere.

RNA polimerasak DNA-harizpiak lotzen dituzten hidrogeno-zubiak apurtzen dituenean eta RNA-nukleotidoak gehitzen dituenean hasten da transkripzioa. RNA polimerasa DNA-harizpian kokatutako eskualde promotorera lotzen da; eskualde horrek bere baitan du transkripzioaren hasiera-lekua. RNA polimerasak ezin ditu eskualde promotoreak bere kabuz ezagutu. Hortaz, transkripzio-faktoreek DNA-harizpian zehar eskualde promotoreak bilatzen dituzte, eta RNA polimerasak transkripzio-faktoreak ezagutzen ditu.

RNA polimerasa eskualde promotore batera modu arrakastatsuan lotzen denean, RNA-nukleotidoak gehitzen hasten da. RNA polimerasak 5’-3’ noranzkoan egiten du lan soilik; hortaz, DNAren harizpi bakarra da aktiboa transkripzioan zehar. RNA-nukleotidoen gehitzea DNAk zuzentzen du. DNA-harizpiaren nukleotido-sekuentzia espezifikoek markatzen dituzte hasiera-lekuak eta bukaera-lekuak, transkripzioa hasi eta amaitzen diren lekuak hain zuzen ere. Hasiera-sekuentziek, bukaera-sekuentziek eta tarteko nukleotido guztiek osatzen duten multzoari transkripzio-unitate deritzo.

DNA-erreplikazioan gertatzen denaren antzera, jatorrizko DNA-harizpiaren osagarriak diren baseak gehitzen dira 5’-3’ noranzkoan. Hala ere, RNAk ez du timinarik, DNAren espezifikoa baita. Horren ordez, uraziloa du. Beraz, base osagarrien parekatzea honelakoa da: batetik, zitosina (C) eta guanina (G), DNAren erreplikazioaren modura; baina, bestetik, adenina (A) eta uraziloa (U). RNA polimerasak DNAren kiribil bat desbiribilkatzen du, eta nukleotidoak gehitzen ditu. Helizearen kiribil bat amaitu denean eta hurrengoa desbiribilkatzen hasiko denean, berriki gehitutako RNA-nukleotidoak DNA-harizpitik banantzen dira, eta DNA-harizpia berriz biribilkatzen da. Nukleotidoen gehitzeak segundoko 60 nukleotidoko ratioa dauka.

grafikoak1

Transkripzio-prozesuaren lehen urratsa: DNAn oinarritutako RNA-harizpiaren eraketa (transkripto primarioa)

RNA polimerasak DNA-harizpian bukaera-leku bat aurkitzen duen arte jarraitzen du transkripzioak. Leku horrek nukleotido-sekuentzia berezi bat du; zelula eukariotikoetan, AATAAA izaten da ohikoena. Sekuentzia horrek nukleotidoen gehitzea bukatu behar duela adierazten dio RNA polimerasari. Horrela, transkripto primarioaren osatze-prozesua bukatzen da.

Zelula eukariotikoetan, transkripto primarioak eraldaketak jasaten ditu RNA mezulari (mRNA) bihurtu baino lehenago, eta nukleoa uzteko prest egongo da zitoplasmara migratzeko. Molekularen 5’ muturrari, transkripzioa hasten den lekuari, eraldaturiko guaninaren forma batez osatutako txanoa eransten zaio. Txano horren funtzioa da mRNA-molekulari zitoplasman gerta dakiokeen degradaziotik babestea. Halaber, zitoplasmako azpiunitate erribosomikoentzako seinale modura jokatzen du. Bestalde, 3’ muturrari poly-A isatsa gehitzen zaio, 30-200 adeninaz osatutakoa. Horrek ere mRNA-molekula degradazioarengandik babesten du, eta nukleotik zitoplasmarako esportazioan laguntzen du. Molekulak beste prozesu bat jasaten du; laburtua izaten da RNA splicing izeneko prozesuan. Mekanismoa begizta baten osaketan dago oinarrituta, eta erribonukleoproteina nuklear txikien bidez bideratuta (snRNPak). mRNA-snRNPz osatutako konplexuari esplizeosoma deritzo. Esplizeosomek molekularen eskualde ez-kodetzaileak, introi izenekoak, ebakitzen dituzte. Horrela, mRNA-molekulan eskualde funtzional kodetzaileak, exoi izenekoak, geratzen dira soilik.

grafikoak2

Transkripzio-prozesuaren azken urratsak: txano-jartzea, Poly-A isatsa gehitzea eta splicinga. Emaitza, RNA mezularia (mRNA)

Horrenbestez, transkripzioa bukatuta dago, eta mRNA-molekula osatua. RNA mezularia nukleoa uzteko gai da, eta prest dago zitoplasmara joateko eta proteinaren sintesian, hots, itzulpenean, bere funtzioa betetzeko.

grafikoak3

mRNA-molekula nukleotik irten eta zitoplasmara doa, erribosometan proteinen sintesia bideratzeko (itzulpena)