toles

1. Geol.

Gainazal geologiko planar bat (geruzapena, eskistositatea, faila, dikea...) deformazioaren ondorioz kurbatzen denean eratzen den egitura. Tolesaren geometria gorantz ahurra bada sinforme deritzo, eta ganbila bada, berriz, antiforme. Antiformean material zaharrena erdian dagoenean, tolesa antiklinala da, eta sinformean material gazteena erdian dagoenean, tolesa sinklinala da.

(1) Toles baten barnean bereiz daitezkeen eremuak, (2) tolesak definitzeko erabiltzen diren parametroak eta (3a eta 3b) tolesen sailkapen-mota arruntenak. Plano axialaren okerduran eta alpeen arteko angeluan oinarritzen dira
(1) Toles baten barnean bereiz daitezkeen eremuak, (2) tolesak definitzeko erabiltzen diren parametroak eta (3a eta 3b) tolesen sailkapen-mota arruntenak. Plano axialaren okerduran eta alpeen ...

1. Geol.
Gainazal geologiko planar bat (geruzapena, eskistositatea, faila, dikea...) deformazioaren ondorioz kurbatzen denean eratzen den egitura. Tolesaren geometria gorantz ahurra bada sinforme deritzo, eta ganbila bada, berriz, antiforme. Antiformean material zaharrena erdian dagoenean, tolesa antiklinala da, eta sinformean material gazteena erdian dagoenean, tolesa sinklinala da.

Tolesa Edit

Egilea: Pablo Puelles

TOLESA

Geruza geologiko planar bat (estratua, dikea, filoia…) esfortzu-eremu baten eraginpean kurbatzen denean, tolesak eratzen dira. Tolesak egitura nonahikoak dira eremu sakon eta metamorfizatuetan, azalean agertzen badira ere. Kasu batzuetan tranpa-egiturak dira, eta baliabide ekonomiko askoren kokapena eta geometria kontrolatzen dituzte. Beraz, egitura hauek zehaztasunez aztertu dira.

Orientazioa eta anatomia

Toles batean elementu hauek ezberdintzen dira: gontza, alpeak, alpeen arteko angelua, plano axiala, ardatza, gorengunea, sakonunea, toles-profila, uhin-luzera, anplitudea eta arku-luzera. Kurbadura handieneko zonari, hau da, zuzen batetik gehien desbideratzen den zonari, gontz deritzo, eta, tolesaren geometriaren arabera, oso zabala (gontz-zona) edo estua (gontz-lerroa) izan daiteke. Elkarren ondoan dauden bi gontzen arteko zonak alpe du izena; hortaz, elkarren aldamenean dauden bi tolesek alpe komun bat dute. Alpeak normalak edo alderantzikatuak izan daitezke. Tolesak kurbak izango balira bezala ere deskribatzen dira. Era honetan, kurbaren inflexio-puntuetan marraztutako zuzen ukitzaileek osatzen duten angelua alpeen arteko angelu diedroa da. Horrek, nolabait, deformazioaren intentsitatearen berri ematen du; angelu diedroa zenbat eta txikiagoa izan, orduan eta handiagoa izango da egokitutako deformazioa. Angelu diedroa erdibitzen duen irudizko planoari plano axial esaten zaio, eta horrek eta gontz-zonak elkar ebakitzen duten lerroari, ardatz. Tolesaren punturik altuena goren-unea da, eta garaiera txikienekoa, sakonunea. Ardatzarekiko perpendikularra den planoan tolesak duen geometria toles-profila da. Tolesak uhinen modura ere aztertzen dira. Horrela, uhin-luzera (fasean eta elkarren ondoan dauden bi punturen arteko distantzia), anplitudea (inflexio-puntuak batzen dituen lerroaren eta gontzaren arteko distantzia ortogonala) eta arku-luzera neurtzen dira. Tolesak orientatzeko, ahal bada, alpeak, ardatza eta plano axiala neurtzen dira.

Tolesaren sailkapena

Tolesak sailkatzeko, parametro hauek erabiltzen dira:

  • Ixtearen noranzkoa. Gontzaren kokapenaren arabera, tolesa antiforma izango da, goranzko ixtea badu (gorantz ahurra), eta sinforma, kontrako kasuan (gorantz ganbila). Tolesa alde baterantz ixten bada, neutroa da. Arroka-segidaren adinak ezagunak badira, tolesa antiklinala da material zaharragoak gunean aurkitzen direnean, eta sinklinala, material gazteagoak badaude. Beraz, tolesak sinforma-antiklinalak, sinforma-sinklinalak, antiforma-antiklinalak eta antiforma-sinklinalak izango dira.

  • Tolesaren orientazioa. Batetik, gontz-lerroaren murgilduraren arabera, honako toles hauek bereizten dira: subhorizontalak (0-10°), okerdura txikikoak (10-30°), bitarteko okerdurakoak (30-60°), okerdura handikoak (60-80°) eta subertikalak (80-90°). Bestetik, plano axialaren okerduran oinarrituz, hauek: errekunbenteak edo etzanak (0-10°), bergenteak (10-45°), makurrak (45-80°) eta zuzenak (80-90°). Bergentzia terminoak ere plano axialaren kontrako okerduraren noranzkoa adierazten du. Beraz, toles baten plano axiala SW-erantz okertzen bada, NE-ranzko bergentzia du. Bi parametro horiek aldi berean erabil daitezke tolesaren orientazioa hobeto adierazteko.

  • Alpeen arteko angelua. Honen arabera, tolesa isoklinala (alpeak paraleloak), estua (0-30°), itxia (30-70°), irekia (70-120°) edo zabala (120-180°) da.

  • Alpeen luzera. Alpeak luzera berekoak direnean, tolesa simetrikoa da, eta, kontrako kasuan, asimetriko esaten zaio.

  • Toles-profila. Tolesaren geometriaren arabera, lau muturreko osagai ezberdintzen dira: (1) paraleloa edo isopakoa (lodiera ortogonala konstante mantentzen da), (2) similarra (plano axialaren trazarekiko paraleloan neurtutako lodiera konstante mantentzen da), (3) zentrokidea (tolesak zentro bereko arkuak dira) eta (4) chevron (alpeak zeharo planokarak eta gontza guztiz zorrotza). Tolesaren geometria adierazteko ere zehazten da nola aldatzen den geruzaren lodiera gontzetik alpeetaraino. Aldaketa horiek t’-α diagraman islatzen dira, eta hor, gontz lodiko tolesak, alpe mehekoak eta lodiera ortogonala konstante mantentzen dutenak bereizten dira. Toles-profilean ere alpeen trazen (alpea ardatzarekiko perpendikularra den planoan ikusita) murgildura-aldaketak isogona-metodoa erabiliz neurtzen dira. Isogonek toles-segidako inklinazio bereko puntuak batzen dituzte, adibidez, 30°-ko isogonak 30°-ko inklinazioa duten puntuak batzen ditu. Marrazturiko isogonak gunerantz konbergenteak badira, tolesa 1 motakoa da. Isogonak oso konbergenteak badira, 1A motakoa, isogonak geruzarekiko perpendikularrak badira, 1B motakoak, eta, oso konbergenteak ez badira, 1C motakoak. Isogonak paraleloak direnean, tolesa 2 motakoa da, eta, azkenik, 3 motakoa, gunerantz dibergenteak direnean.

  • Hiru dimentsioko geometria. Toles-profila konstante mantentzen duten tolesak zilindrikoak dira. Toles-profila aldatzen bada, ostera, tolesari azilindriko esaten zaio.

grafikoak1

(1) Toles baten barnean bereiz daitezkeen eremuak; (2) tolesak definitzeko erabiltzen diren parametroak eta (3a eta 3b) tolesen sailkapen-mota arruntenak. Plano axialaren okerduran eta alpeen arteko angeluan oinarritzen dira