testu-prozesadore

1. Inform.

Testu-dokumentuak kudeatzeko (sortzeko, editatzeko, formatua emateko edota inprimatzeko) aplikazio-mota. Dokumentuaren testua kudeatzeaz gain, formatua ere konfiguratzen da; izan ere, dokumentuaren itxura zaintzea ere helburua da (gerora, pantailan bistaratu ala paperean inprimatu ahal izateko).

Komenigarria da testu-prozesadoreak eta testu-editoreak bereiztea. Bietan testua kudeatzen da, baina bigarren motakoek ez dute testuari formatua emateko aukerarik.

1. Inform.
Testu-dokumentuak kudeatzeko (sortzeko, editatzeko, formatua emateko edota inprimatzeko) aplikazio-mota. Dokumentuaren testua kudeatzeaz gain, formatua ere konfiguratzen da; izan ere, dokumentuaren itxura zaintzea ere helburua da (gerora, pantailan bistaratu ala paperean inprimatu ahal izateko).

Testu-prozesadorea Edit

Egilea: Olatz Ansa

TESTU-PROZESADOREA

Testu-prozesadoreak formatua izan behar duen edozein motatako dokumentua osa dezake, esaterako, txostenak. Arrazoi horregatik, oso zabalduta dago, eta ia ezinbesteko aplikazio bihurtu da, bai lan munduan, bai etxeko erabileran.

Hauek dira testu-prozesadoreek izan ohi dituzten funtziorik aipagarrienak:

  • Testuaren formatua: testuaren formatuaren konfigurazioak ahalmen handia dauka, dokumentuan agertzen den elementu bakoitzeko (karaktereak, paragrafoak...) formatua zehaztu baitaiteke, esaterako, letra-mota edo -tamaina, lerroen arteko espazioa, testua tauletan edo elementu-zerrenda zenbakidunetan antolatzea...

  • Orrien formatua: arestian aipatu denez, testu-prozesadoreak inprimaketara bideratuta daude, eta horregatik orritan antolatzen da dokumentua. Orrien formatua konfiguratzeko aukera zabala dago, esaterako, tamaina, marjinak, goiburua eta oina...

  • Testua ez den beste elementu batzuk barneratzea: testuaz gain, beste objektu batzuk erabil daitezke testu-prozesadoreek sortutako dokumentuetan; irudiak dira aukera nagusia, baina multimedia-fitxategiak edo beste aplikazio batzuetako objektuak ere (esaterako, kalkulu-orri baten orria) gehi daitezke.

Gorago aipatutako oinarrizko funtzioez gain, erabiltzaileari dokumentuarekin lan egitea errazteko, testu-prozesadoreek beste funtzio lagungarri batzuk eskaintzen dituzte. Hauek dira garrantzitsuenak:

  • Estiloak: formateatze-lanak erraztearren, estiloak izeneko tresna erabil daiteke. Tresna honen bidez, formatu-konbinazio bat defini daiteke estilo batean, eta, ondoren, estilo hori eslei dakieke dokumentuko testu-zatiei. Gerora, formatua aldatu nahi bada, nahikoa da estilo horretan formatua aldatzea, dokumentuan estilo hori esleituta duen testu ororen formatua automatikoki eguneratzeko. Esaterako, oso ohikoa da estiloak erabiltzea dokumentuaren atalen izenburuen formatua definitzeko.

  • Dokumentuaren egitura hobetzeko tresnak: dokumentuaren tamaina hazten den heinean, oso ohikoa da dokumentuaren edukiari buruzko informazioa barneratzea, esaterako, aurkibideak (puntu nagusiak, irudiak, taulak eta abar). Testu-prozesadoreek elementu horiek automatikoki kudeatzeko aukera eskaintzen dute, eta, hala, izugarrizko lana aurrezten diote erabiltzaileari, bai dokumentua sortzean, bai mantentzean ere.

  • Dokumentuaren kalitatea hobetzeko tresnak: tresna hauen bidez dokumentuan erabilitako hizkuntzaren kalitatea hobetzea da helburua. Ezagunena zuzentzaile ortografikoa da. Horrek testuaren orrazketa ortografikoa egiten du: gaizki idatzitako edo ezagutzen ez dituen hitzak nabarmendu egiten ditu (batzuetan zuzentzeko proposamenak ere eskaintzen ditu), erabiltzaileak balizko zuzenketa egin ahal izateko. Ia hizkuntza guztietarako eskuragarri egoten da, euskara barne (Xuxen). Badira zuzenketa sintaktikoa egiten duten tresnak ere, eta sinonimoak edo thesaurusa kontsultatzeko aukera ere eskaintzen da.

  • Txantiloiak edo laguntzaileak: ohiko dokumentuen sorreraren lehenengo pausoak erraztearren, testu-prozesadoreek laguntzaile digitalak eta txantiloiak eskaintzen dituzte. Era honetan, erabiltzaileak pausu gutxitan sor ditzake dokumentuak. Erabiltzaileak bere beharretara egokitutako txantiloiak ere sor eta erabil ditzake.

Testu-prozesadorea aplikazio independentea izaten bada ere, askotan beste aplikazio batzuekin batera banatzen da bulegotika-pakete izeneko aplikazio-multzoan. Pakete horietan, testu-prozesadoreaz gain, kalkulu-orriak erabiltzeko, aurkezpenak egiteko eta datuak metatzeko aplikazioak egoten dira, beste tresna lagungarri batzuekin batera. Askotan aplikazio horien fitxategien arteko loturak sor daitezke, adibidez, kalkulu-orri batek sortutako grafiko bat testu-prozesadorearen dokumentu batean txertatuz.

Merkatuan aurkitu ditzakegun testu-prozesadoreen adibide batzuk emango ditugu. Adibide hauek merkatuan dauden hiru multzo nagusietan banatuko ditugu:

  • Jabetza pribatuko softwarea (gaztelaniaz, software propietario delakoa): gure konputagailuan software hau erabili ahal izateko, lizentzia erosi behar da. Multzo honetakoak dira, adibidez, Microsoft Word (Microsoft Office bulegotika-paketean dago) eta WordPad.

  • Software librea: doakoak dira, beren lizentzia-motari esker. Normalean Interneten aurkitu, jaitsi eta gure konputagailuan instala ditzakegu. Multzo honetakoa da, adibidez, OpenOffice Writer (OpenOffice izeneko bulegotika-paketean dago).

  • Linean: azken urte hauetan Interneten erabilgarri dauden testu-prozesadoreak dira, hau da, urruneko sistema batean lan egiten da, erabiltzailearen sisteman ezer instalatu beharrik gabe. Hauek erabiltzeko, nahikoa da gure konputagailuan Interneteko konexioa eta web-arakatzailea izatea. Ezaugarri horri esker, oso egokiak dira era partekatuan lan egiteko. Google Docs izeneko zerbitzua da adibide bat.

Kontuan izan behar dugu aukera bakoitzak dokumentuaren informazioa (testua, bestelako elementuak eta formatua) berariazko formatua duten fitxategietan gordetzen duela. Horrek esan nahi du testu-prozesadore batek sortutako dokumentu bat beste testu-prozesadore batez lantzean, arazoak sor daitezkeela, bateragarritasunik eza dela eta. Arazoa areagotu egiten da formatuak lizentzia murriztailea badauka, Microsoft Worden kasuan bezala. Arazo hori ekiditeko, ahalegin handia egin da testu-prozesadoreek onartzen dituzten formatuen artean itzultzeko moduluetan, eta, horrez gain, estandarrak diren eta lizentzia irekia duten formatuak proposatu dira, Open Officeko odf formatua (Open Document Format) da aipagarriena.