teleskopio
- 1. Astron.
Urrutiko objektuak behatzeko tresna, haietatik datorren erradiazio elektromagnetikoa jasotzeko eta analizatzeko aukera ematen duena. Astronomiako tresna nagusia da, baina beste zenbait arlotan ere erabiltzen dira (esaterako, argazkigintzan). Zientziaren historian garrantzi handia izan du. Galileok eta Lippersheyk egin zituzten lehenak 1608 inguruan. Lehen teleskopioak, eta gaur egun ere zabalduen daudenak, argi ikusgaia hautematen dute, eta telekospio optiko deritze. Telekospio optikoek urrutiko objektuen irudiak hainbat aldiz handitzea lortzen dute. Hiru mota nagusi daude: a) errefrakzio-teleskopioa, irudiak handitzeko leiar-sistema darabilena; b) islatze-teleskopioa, ispilu-sistema darabilena; eta c) teleskopio katadioptrikoa, leiarrak eta ispiluak konbinatzen dituena. XX. mendean, maiztasun guztietako erradiazio elektromagnetikoaz dabiltzan teleskopioak eraikitzen hasi ziren: irrati-teleskopioak, mikrouhin-teleskopioak, infragorri edo ultramorea jasotzen dutenak, X edo gamma izpien teleskopioak...