telebista

2. Telekom.

Irudi- eta soinu-seinaleak aldi berean igorri eta erreproduzitzeko sistema, uhin elektromagnetiko bidez edo kablez transmititutako korronte elektrikoen bidez dabilena.

Telebista-sistemen bereizmenak
Telebista-sistemen bereizmenak

2. Telekom.
Irudi- eta soinu-seinaleak aldi berean igorri eta erreproduzitzeko sistema, uhin elektromagnetiko bidez edo kablez transmititutako korronte elektrikoen bidez dabilena.

Telebista Edit

Egilea: Koldo Unanue

TELEBISTA

Telebistaren fenomenoa aztertzeko modu ugari daude. Aurkikuntza tekniko bat izan da, komunikabide bat, entretenitzeko modu bat, negozio bat, botere-tresna bat, industria bat eta beste hainbat gauza. Sortu zenetik igaro diren ia 80 urteetan, aurrerapen teknologikoek eta telebistaren inguruko negozio ugariek elkar elikatu dute.

Jatorriz, BBC kanalak 1927an eta CBS eta NBC kanalek Amerikako Estatu Batuetan 1930ean egindako lehen emisio publikoen ondoren, telebista informatzeko bide publikotzat hartu zen; era berean, kontsumo-elektronikaren industriari hasiera eman zion, eta 1950. urterako 10 milioi telebista fabrikatu ziren Amerikako Estatu Batuetan.

Hainbat hamarkadatan zuri-beltzeko seinalea soilik izan ondoren, 1953an koloretan emititzeko NTSC sistema definitu zuten Amerikako Estatu Batuek, eta 1967an Frantziako SECAM sistema eta Alemaniako PAL sistema (Telefunkenek egina; Europako hainbat herrialdetara zabaldu zena) definitu ziren. 70eko hamarkadan, herrialderik aurreratuenetan, etxe bakoitzeko telebista bana zuten, gutxienez, etxerik gehienetan.

grafikoak1

Telebista-sistemen bereizmenak (iturria: Euskaltelen Telekomunikazio Hiztegia)

Herrialde bakoitzak kanal gutxi batzuk zituen (oro har, publikoak), eta telebista entretenitzeko eta jende askorengana iristeko komunikabide gisa erabiltzen zen; hala, irratiaren eta idatzizko prentsaren monopolioa hautsi zuen. Ikuslearen papera erabat pasiboa zen.

Zuri-beltzeko telebistatik koloretako telebistara igarotzea aldaketa garrantzitsua izan ez zen arren telebista erabiltzeko moduari dagokionez (hala ere, bultzada indartsua eman zion telebistak egiteko industriari), horrekin batera merkatuan sartu zen aurrerapen teknologiko txiki bat jauzi handia izan zen ikusleari boterea emateari dagokionez. Izpi infragorrien bidezko urrutiko aginteari buruz ari gara. Gaur egun bere funtzioari eusten dio, eta etxeetako egongelako botere-zentro bihurtu da, bai eta TB-kanaletako programatzaileen buruhauste ere.

Kolorea eta urrutiko agintea iritsi ondoren, hurrengo prozesu teknologiko garrantzitsua (oraindik ere prozesu horretan murgilduta gaude) TB-seinalearen transmisioa digitalizatzea izan zen. Horren ondorioek (aurreko 65 urteekin alderatuta oso epe laburrean) aldaketa sakona ekarri dute, alderdi teknologikoari, negozioari eta ikusleei dagokienez.

Digitalizatzea. Telebista berriaren oinarria

TB-seinale (audioa eta bideoa) digitalizatua eta konprimitua

90eko hamarkadan, TB-seinalea ekoizteko eta zabaltzeko kanala digitalizatzen hasi zen. ITU-R 601 araua betetzeari ekin zitzaion, estudioetan TB digitalaren kodetze-parametroak zehazteko. 4:2:2 laginketa zehazten du arau horrek, linea aktibo bakoitzeko 720 luminantzia-laginekin eta 8 edo 10 biteko digitalizazioarekin. Kalkulu erraz baten bidez, bideo-seinale digital hori eramateko transferentzia-tasa (bit rate) lortzen da:

Bit rate = (luminantzia-lagin aktiboen kop./linea + kolore-lagin aktiboen kop./linea) x linea-kop./irudia * irudi-kop./segundo * bit-kop./lagina = (720 + 2 x 360) * 576 * 25 * 8 = 165.888.000 b/s.

Hau da, 160 Mb/s behar dira bideoa formatu digitalean estudio-kalitatearekin transmititzeko. TB analogikoko ohiko kanal batek 8 MHz-eko banda-zabalera hartzen du. Erabilitako modulazioaren arabera, banda-zabalera horretan 24 eta 38 Mb/s artean transmiti daitezke. Beraz, lehen kanal analogiko bat ematen zen lekuan ezingo litzateke kanal digital bat eman.

Arazo horri aurre egiteko, bideo-seinale digitala konprimitzea erabaki zen, eta, ahal zen neurrian, beharrezkoa ez zen informazioa kendu zen. MPEG-2 estandarra hartu zen bideoa konprimitzeko. MPEG konpresioaren funtzionamendua honetan oinarritzen da: bideo-sekuentzia bateko irudi edo koadro baten eta hurrengoaren artean ez dago ia alderik, eta, beraz, ez da beharrezkoa fotograma guztiak grabatzea; nahikoa da aldian behin bat osorik grabatzea (key-frame edo I-frame) eta bilakaera koadro horretan gordetzea. Kamera finko jarrita horma baten aurrean irudi hiztun bat jarriz gero, hondoa eta hizlariaren zati handi bat ez dira aldatzen koadro batetik bestera; beraz, aurreko koadroko informazioa erabiltzen da, eta aldatu diren zatiak soilik grabatzen dira (aurpegierak).

Seinalea konprimitzeaz arduratzen diren operadoreak gai dira transferentzia-tasa aldatzeko. Tasa hori alderantziz proportzionala da konpresioarekiko; zenbat eta handiagoa izan tasa, orduan eta txikiagoa izango da konpresioa, handiagoa tamaina, eta hobea kalitatea. Eskuarki, 160 Mb/s-ko jatorrizko seinalea 3 edo 4 Mb/s-ra konprimi daiteke, kalitatean erabiltzaileek hautemateko moduko galerarik izan gabe. 90eko hamarkadaren bukaeratik DVDaren industria eta telebista digitaleko operadoreak erabiltzen ari diren konpresio-sistema da MPEG-2. Konpresio-algoritmo berriak daude, eraginkorragoak, eta, horiei esker, etorkizunean, kalitate-maila bera lortzeko, transferentzia-tasak gehiago murriztu daitezke.

Seinalea digitalizatzeak eta konprimitzeak telebistaren bilakaeran lagundu zuen, funtsezko hiru alderditan:

  • Kalitate handiagoa: formatu digitalean igorritako seinalea denez, bidean ez da degradatzen, eta konprimitu ondoren estudioetan lortutako kalitate bera hautematen du erabiltzaileak.

  • Kanal gehiago: lehen kanal analogiko bat emateko erabiltzen zen banda-zabalera berarekin (eskuarki, 8 Mhz), 5-10 telebista-kanal eman daitezke orain. TB digitalaren zerbitzu anitz kanal analogiko bakarra zen tarte horretan nahasteko prozesuari multiplexazio esaten zaio.

  • Ikus-entzunezko negozioaren bilakaera: ikus-entzunezko edukien merkaturatzea kontrolatzeko aukera ematen duten enkriptatze-algoritmoak sartzea ahalbidetu du.

Bigarren eta hirugarren ekarpenak konbinatzeak telebista-kanal ugari sortzea ekarri du. Kanal horietariko gehienak entretenimenduan, zineman, haurrentzako saioetan, dokumentaletan, kiroletan, albistegietan edo musikan espezializatuak dira, kanal-paketetan merkaturatzen dira, eta transmisio-sare berrien bidez banatzen dira; sare horien artean daude, besteak beste, satelitea, zuntzezko kablea eta ardazkidea, ADSLa (IPTV), kobre-pare baten bidezkoa, eta berriki sortu den LTDa. Europan (Herbehereetan eta Alemanian izan ezik, horietan kablea izan baita TB-seinalea zabaltzeko bide nagusia) orain arte TB-seinalea zabaltzeko bide nagusia izan den Hertz bidezko emisio analogikoa ordeztu du LTDak.

Etxeko hargailu digitalak

TB modu digitalean transmititzeko prozesuaren eragozpenetariko bat da seinale hori ez dela bateragarria erabiltzaileen ohiko telebistekin (analogikoekin). Ezinbestekoa da deskodetzaile bat (STB edo set-top box) instalatzea, funtzio-multzo hau bete dezan gutxienez: seinale digitala ematen duten kanalak sintonizatzea, seinalea desmodulatzea, seinalea desenkriptatzea (enkriptatuta badago), MPEG-2 seinalea deskonprimitzea, seinale digitala analogiko bihurtzea (telebistara bidaltzeko eta erabiltzaileak seinale hori zer kanaletan dagoen jakin dezan aplikazioak gauzatzeko), ikusten ari den emanaldiari buruzko informazioa ematea (filmen sinopsiak, azpitituluak…), lehentasunak finkatzea eta abar.

grafikoak2

Deskodetzailea

Horiek guztiak egin ahal izateko, deskodetzaileak zenbait informazio behar du: operadoreak erabilitako maiztasunak, emandako zerbitzuen kopurua eta mota (TB, irratia, teletestua, zerbitzu interaktiboak), programazio-egitaraua eta abar identifikatu behar ditu.

Europako DVB (Digital Video Broadcasting) erakundeak arau-multzo bat zehaztu du, telebista-seinale digitalarekin batera doan eta zenbait taula-multzotan sartua egon ohi den datu-fluxuak jasotzen duen informazioa edozein deskodetzailek lokalizatzeko aukera emango duena. Esaterako:

  • PAT (Program Association Table): irrati-maiztasuneko kanal batean sartutako Mpeg zerbitzuak identifikatzen ditu.

  • PMT (Program Map Table): zerbitzu bakoitzeko oinarrizko zirkuituak identifikatzen ditu (bideoa, audio 1, audio 2…).

  • NIT (Network Identifier Table): hedapen-sarea eta hura osatzen duten RF kanalen zerrenda identifikatzen ditu.

  • SDT (Service Description Table): zerbitzuen (TB, irrati, interaktiboen…) jatorria eta haien izenak identifikatzen ditu.

  • Beste zenbait taula-multzo (adibidez, EIT, TDT, TOT, CAT, BAT…): kanaletako programazioari buruzko informazioa, eremu bakoitzeko ordutegia eta abar dituzte.

Taula horietariko bakoitzak identifikatzaile estandarizatu bat eta bete beharreko gutxieneko errepikatze-aldi bat ditu.

Deskodetzaileek CPU bat izan ohi dute (MPEG deskonpresioa duena), bai eta RAM memoria, oinarrizko sw-a gordetzeko aldatzen ez den Flash memoria, desmodulatzaileak, ekipoa TBra eta home cinema sistemetara konektatzeko bideo- eta audio-interfazeak, eta desenkriptatze-txartelen irakurgailuak ere, eta, kasu askotan, komunikazio-modemak ere bai.

Hw horren gainean exekutatzen da sw-a, zeinak, gehienetan, egitura hau izaten baitu: Driver-geruza bat, sistema eragile bat, sw liburutegi-multzo bat ematen duen API bat (aplication program interface) eta, API horren gainean, erabiltzaileak erabiltzen dituen aplikazioak.

Operadore batek kontrolatzen dituen TB digitalaren banaketa-sareetan (funtsean, satelitea, kablea eta IPTV), deskodetzaileak diseinatu, eta azken erabiltzaileari ematen dizkio operadoreak; izan ere, kasurik gehienetan kanalak enkriptatuta daude, eta, beraz, haiek ikusi ahal izateko kuota bat ordaindu behar da. Kuota hori ordaintzean, zenbait “eskubide” bidaltzen zaizkio erabiltzaileari, eta deskodetzaileetan sartzen diren txarteletan gordetzen dira datu horiek.

Irekian ematen diren kanalen (enkriptatu gabekoen) sare publikoen kasuan —hala dira LTDko sare gehienak—, deskodetzaileak sinpleak dira, eta geroz eta maizago etortzen dira telebista berrietan sartuta.

Telebisten bilakaera eta bereizmen handia

Duela bost urte arte, gure egongeletako ohiko telebistak CRT (Cathodic Ray Tube edo izpi katodikoen hodia) teknologian oinarritzen ziren.

Laburbilduz, telebistako ohiko irudi bat, “bereizmen estandarrekoa”, telebista goitik behera hartzen duen lerro-multzo batek (625 lerro Europan) osatzen du; hala, segundoko 25 irudi sortzen dira. Irudi edo koadro (frame) bakoitza bi eremutan banatzen da: 1. eremua, lerro bikoitiz osatua, eta 2. eremua, lerroz bakoitiz osatua. Eremu horiek txandaka agertzen dira telebistan. Pantailaren “iraunkortasuna” dela eta, giza begiak ez du hautematen eremuen txandakatze hori. Segundoko igorri beharreko informazio-kantitatea murriztea lortzen da teknika horren bidez.

grafikoak3

CRT (Cathodic Ray Tube edo izpi katodikoen hodia) teknologian oinarritutako telebista

Telebistaren pantaila pixel deritzen puntu txikiz osatua dago; pantaila ekortzen duen elektroi-kanoi batek puntu horietariko bakoitza estimulatzen du, batzuk gehiago, besteak gutxiago. Hala, irudi-multzoa sortzen da. Puntu bakoitzak izan behar duen argitasunari (zuri-beltzeko irudia izango litzatekeenari) buruzko informazioa barnean hartzen du TB-seinaleak, baita kolore gorriari, berdeari eta urdinari buruzko informazioa ere (hiru kolore horiek konbinatuta edozein kolore sor daiteke).

TB digitalaren seinalearen —bai TB-sare digitalek zabaldutakoaren, bai DVD diskoek emandakoaren— kalitatea hobetzean, zinemarekin geroz eta parekotasun gehiago duten esperientziak nahi dituzte erabiltzaileek, baina etxeko egongelan. Home Cinema sistemek, 5 pistako edo gehiagoko kanal anitzeko audioarekin, soinu-efektuekin eta behe-tonu indartsuekin, izugarri hobetu dute audioaren esperientzia. Bideoari dagokionez, geroz eta pantaila handiagoak nahi dituzte erabiltzaileek, eta lehengo gehienezko 32”-ko pantailatik 42”-ko edo 50” arteko pantailetara igaro dira telebista berriak.

Dena den, CRT teknologiarekin telebistaren sakonera elektroi-izpiek ekortu behar duten pantaila-zabalerarekiko proportzionala dela kontuan hartuta, etxerik gehienetan ezinezkoa da neurri horietako telebistarik izatea, eta teknologia hori zaharkitua geratu da eskaera berrien aurrean. Horren ordez, LCD eta Plasma teknologiek pantaila handiko telebista “lauak”, sakonera gutxikoak, egiteko aukera ematen dute.

LCD teknologiak kristal likidozko molekulak erabiltzen ditu, eta molekula horiek hainbat geruzaren artean kokatzen dira; pixel bat osatzen duten hiru koloreetako bakoitza argiztatu nahi den kontuan hartuta, geruza horiek molekulak polarizatzen eta birarazten dituzte (bai edo ez). Plasma teknologiak, berriz, gas nobleak erabiltzen ditu pixel bakoitzaren 3 koloreetariko bakoitzaren fosforoa kitzikatzeko. Hala, sakonean zentimetro gutxi batzuk aski dira telebista bat egiteko.

grafikoak4

Plasma teknologian oinarritutako telebista

Gainera, pantaila handitzeak pixel-kopurua ere areagotu du, eta, hala, TB-seinaleen bereizmena handiago da ohiko telebistekin alderatuta (haiek, ohiko TB-seinalea osatzen duten 625 lerroetan, 720 pixel dituzte lerro bakoitzeko, eta 576 lerro ikusgai). Horrekin guztiarekin, bereizmen handiko katea osatuko litzateke. Hau da, bereizmen handia abiarazteko, telebistako katearen elementu guztiak eguneratu behar dira: kamerak, unitate mugikorrak, postprodukzioak, transmisio-sareak, etxeko deskodetzaileak, pantailak edo telebistak, eta etxeko nahiz profesionalen bideo-grabagailuak.

Bereizmen handiarekin bateragarriak diren bereizmenak dituzten telebisten salmenta areagotzeak operadoreak bultzatuko ditu formatu horretan ematera bereizmen handiko kamerekin grabatzen diren baina orain arte bereizmen estandarrean ematen ziren edukiak (bezeroek pantaila bateragarriak ez zituztenez, merkeagoa zen ohiko formatuan ematea).

Bereizmen handiaren esparruan, zenbait bideo-formatu daude, guztiak 16/9 eta kanal anitzeko Dolby Digital soinuaz lagunduak:

  • 1080i: irudiak 1.920 pixeleko bereizmena du lerro horizontal bakoitzean, eta 1.080 lerro (egungoek: 720 pixel lerroko x 576 lerro), eta eremuak txandakatu egiten dira pantailan (ekortze txandakatua).

  • 720p: bereizmena 1.280 x 720 da, eta pantailaren bilaketa (scanning) progresiboa da.

  • 1080i: 1.920 × 1.080 pixel, bilaketa progresiboarekin.

Telebista berri gehienek lehenengo bi formatuak dituzte.

Joera berriak telebistaren kontsumoan

Bereizmen handia, etxean ikus-entzunezkoez gozatzeko, kalitatean hobekuntza nabarmena ekarriko duen jauzi garrantzitsua izango den arren, ez du aldaketa aipagarririk ekarriko telebista kontsumitzeko moduan eta haren euskarri diren negozio-ereduetan. Gauza bera gertatu zen koloretako telebistarekin ere: ez zuen kontsumitzeko modua aldatu, baina inpaktu handia izan zuen ekipamendu-fabrikazioaren industrian; bi kasuetan, aldaketa teknologikoak industria horretan izandako eragina nabarmena da.

Aitzitik, urrutiko aginteak telebista ikusteko moduan bilakaera eragin zuen bezalaxe, beste zenbait teknologia-bilakaerak aldaketa handiak ekarriko dituzte datozen urteetan telebistaren esparruan.

Zatikatzea

2010 inguruan emisio analogikoen digitalizatze-prozesua osatu ondoren, kanal gutxien jasotzen dituzten etxeetan ere gutxienez 30 kanal ikusi ahal izango dituzte. Seinalea kable, satelite edo ADSL bidez jasotzen dutenek, berriz, 100 kanaletik gora ikusi ahal izango dituzte. Denetariko kanalak, tokikoak, telesailetan, zineman, dokumentaletan eta abarretan espezializatutako kanalak eta abar.

MPEG 2 teknologiarekin, kanala aldatzean, deskodetzaileak kanal berriaren seinalearen irudi-koadro batzuk jasotzen ditu erregistro edo “buffer” batean kanal berria bistaratu aurretik, eta, beraz, gutxienez bi segundo behar dira kanal berria ikusten hasteko. Gainera, deskodetzaileak pantailan erakusten ditu kanal berriaren izena, une horretan ematen diren programaren izena, noiz hasi den programa hori, eta beste zenbait informazio osagarri. Pentsa dezagun ikusleak bost segundo inguru ematen dituela kanal bakoitza ikusten, eduki interesgarriren baten bila dabilen bitartean. Hala balitz, bi minututik gora beharko lirateke une bakoitzean dauden aukera guztiak begiratzeko, eta zortzi minututik gora ordainpeko TB duten bezeroek.

Inork ez du hainbeste itxaroten, eta kanal asko ez zaizkio ikusleari bistaratu ere egingo.

Egoera horretan, programazio-gida elektronikoak (EPG, Electronic Program guide) funtsezko zerbitzu bihurtzen dira kanal anitzeko telebistaz gozatzeko. Deskodetzailean exekutatzen diren sw aplikazio horiek laburtuta edo modu grafikoan erakusten dute une bakoitzeko programazioa, kanalen, ordutegiaren, gaiaren edo beste zenbait irizpideren arabera ordenatuta. Horretarako, kanal bakoitzeko programazioari buruzko informazioa sartu behar da deskribatutako DVB tauletan, programa-genero bakoitza deskribatzeko estandarrari jarraituz.

Kanalean sartutako publizitatea finantza-oinarri duen telebista-eredu batean (ahalik eta ikusle gehiena izatea eskatzen du horrek), zatikatzearen fenomenoak argi utziko du zeinen garrantzitsuak diren EPG zehatza izatea eta telebista-kanal bakoitzari esleitutako zenbakiaren kokapena.

Telebista interaktiboa eta telebista-zerbitzu interaktiboak

TB digitaleko deskodetzaileen prozesatze-gaitasuna erabiliz, telebista bidez erabiltzeko zenbait aplikazio sortzen hasi ziren 2000. urtearen hasieran, batez ere Erresuma Batuan.

Telebistako zerbitzu interaktiboak hainbat modutan sailka daitezke:

  • Telebista interaktiboa edo “Enhance TV”: aplikazioa exekutatzen ari den bitartean emandako ikus-entzunezko edukiari loturiko zerbitzu interaktiboak dira. Urrutiko agintearekin etxetik parte hartzeko moduko lehiaketak, publizitate interaktiboa eta abar.

  • Zerbitzu interaktiboak telebistan: deskodetzailean exekutatzen diren eta telebistan bistaratzen diren aplikazioak dira, baina ez daude ematen ari den ikus-entzunezko edukiari lotuak. Zerbitzu-mota horren adibide dira banku elektronikoa, merkataritza elektronikoko zerbitzu gehienak eta abar.

Bi kasuetan, TB interaktiboaz ari garela jotzen da, baldin eta deskodetzaileak operadorearekin edo telebista-programarekin komunikatzeko bide bat badu. Gaur egun, kable bidezko sareak eta IPTV sareak interaktiboak dira berez; satelite eta LTD sareak, aldiz, noranzko bakarrekoak dira, eta, beraz, ikuslearen etxean beste datu-sare batzuk behar dituzte bi noranzkoko komunikazioa ezarri ahal izateko.

Telebistaren aldaera berri hori (lehen aldiz, ikusleak berehala jo dezake kanal-igorlearengana, zerbitzua erabiltzeko tresnaren bidez, hots, urrutiko agintearen bidez) erabiltzen hasi eta lehenengo urteetan argi geratu da pertsonek telebistaren esparruan interaktibitatearen inguruan duten jarrera eta erabilera aldatu egiten dela beste esparru batzuetan (adibidez, PCa) dutenetik; hala, ikuslearen proaktibotasuna askoz txikiagoa da, eta zerbitzuen erabilera asko aldatzen da parte hartzera bultzatzen duen testuingurua biltzen duen emozionalitatearen arabera.

Kanalen emisioarekin loturarik ez duten zerbitzu interaktiboei dagokienez (jokoak, banku elektronikoa, TBn prentsa irakurtzea…), esparru berri batera (kasu honetan, TBra) hedatutako Informazio Gizarteko zerbitzuen hedapena dira eta, ikuslearen arreta erakartzen dutenez, telebista-“kanal” berri bihurtzen dira eta TB-kanal guztien lehiakide dira.

Telebista-kontsumoan denbora-linealtasuna haustea

Edukiak nahierara

Etorkizunean telebista eta Internet integratzearen inguruan asko espekulatu eta idatzi den arren (bai Internetera konektatutako telebista gisa, bai telebista-seinaleak sintonizatzen dituen PC gisa), bi teknologien artean ez da ia kontakturik ezarri. Egia da deskodetzaile batzuetan badirela browserak edo nabigatzaile integratuak, eta horiei esker TBn web-orriak ikus daitezkeela; halaber, geroz eta ohikoagoak dira PCrako nabigatzaileetan integratutako SW-moduluak ere, bideoa Flash eta MPEG formatuetan interpretatzen dutenak. Baina kasu jakinetan baino ez da erabiltzen, eta bi jardueretarako ez da aldi berean gailurik erabiltzen.

Hala ere, bi teknologiak lotzen dituen elementu komuna erabiltzailea/ikuslea da, eta hark bilakaera erakusten du telebistaren kontsumoan, Internet erabiltzean hartutako ohituren ondorioz. Batetik bestera pasatzen hasten den portaera nagusia TBn ikusten ari den edukiak kontrolatzeko nahia da (geldiarazi, berriz atzera egin, etab.), bai eta nahi duenean eta nahi duen bezala ikusi ahal izateko programa jakinak hautatzea eta gordetzea ere.

Eskaera horren aurrean, hedapen-sare interaktiboak (kablea eta IPTV) dituzten operadore askok eskaera bidezko bideo-plataformak (VOD, Video On Demand) jarri dituzte martxan; horiei esker, erabiltzailea dokumentalen, zinema-filmen eta helduen filmen, kontzertuen eta abarren liburutegi handietara sar daiteke, eduki horietariko bakoitzaren truke ordainduta edo horietariko askotara modu askean sartzeko aukera emango dion harpidetza ordainduta.

Grabagailu digitalak

VOD aukerarekin erabiltzailea berak hautatutako eduki-liburutegietara sar daitekeen arren, ikusle gehienak ez daude prest eduki bakoitza edo harpidetza ordaintzeko, eta ez dute joerarik beren ohiko telebista-esperientzian edukien bila aritzeko proaktibotasun-paper berari eusteko, Interneten edukiak bilatzeko duten jarrera aktiboarekin alderatuta. Oro har, programa-paketeak egiten dituenaren (igorlearen edo TB-kanalaren) esku uzten du ikusleak programak hautatzeko lana, eta TB-kanaletan une bakoitzean dauden programa batzuen eta besteen artean zappinga baino ez du egin behar erabiltzaileak.

Testuinguru horretan iritsi da saltoki handietako eta denda espezializatuetako elektronika-ataletako apaletara TB digitaleko deskodetzaile-mota berri bat —DVR (Digital Video Recorder) edo PVR (Personal Video Recorder)—.

DVR bat TB digitaleko deskodetzaile bat da; disko gogor bat eransten zaio, eta, hala, telebistako edukiak graba daitezke (100 ordu, 200 programa-ordu disko gogorraren ahalmenaren arabera, 160 GB, 320 GB…) garai bateko VHS zintak edo antzeko elementuak erabiltzeko beharrik gabe. TB-sintonizadore bat baino gehiago ere izaten dituzte; hala, disko gogorra kanal bateko edukia grabatzen ari den bitartean, ikusleak beste kanal bat ikus dezake.

Horrez gain, erabiltzaileak programarik grabatzeko eskatu ez arren, DVRak etengabe (azkeneko orduak, gutxienez) grabatzen du erabiltzeak ikusten duena. Horrela, erabiltzaileak hala nahi izanez gero, edozein unetan “atzera eraman” dezake ikusten ari den kanala, edo etenaldian utzi, telefono-dei bati erantzuteko, adibidez. Esperientzia kontrolatzeko modu berri horri Time Shift (ingelesez) edo TB-kanalaren emisio-denboran mugitzeko ahalmena esaten zaio.

DVR arruntek hori guztia egiten dute. Horrez gainera, DVRa kable- edo satelite-operadore bati edo beste operadoreren bati (eskuarki, ordainpeko bati) lotua dagoenean, baliteke DVRrako programazio-gida elektronikoa izatea, eta gida horrek aukera emango dio ikusleari hurrengo egunetan emango diren programa, film, telesail, dokumental… guztiak bistaratzeko. Erabiltzaileak eduki horietariko asko grabatzeko eska dezake haietako bakoitzaren gainean OK sakatze hutsarekin, eta hala, emango duten orduaz, atzerapenez eta abarrez ahaztu. Operadorea arduratzen da programa bakoitza identifikatzeaz eta informazioa DVRari bidaltzeaz. Erabiltzaileak ere finka ditzake programazio-arauak zenbait alderdiri dagokienez, adibidez, telesail batzuetako kapituluak beti grabatzea, edo edozein kanaletan edozein unetan emandako gerra-film guztiak edo film musikal guztiak grabatzea.

Horregatik, grabagailu arruntak DVR izenez ezagutzen dira (grabagailu digitalak), eta grabazioak ikuslearen nahierara egokitzeko aukera ematen duen operadore batek kudeatzen duen SW adimenduna denean, berriz, PVR izenez (grabagailu pertsonalak).

Kanaletako zuzeneko edukien kontsumo lineala murriztea

Ezin da aipatzeke utzi etxeetan DVR/PVRak sartzen hasteak (sartzen hasi berriak dira, baina nabarmen doaz gora) izan duen eragina. Aurrez grabatutako edukien kontsumo ez-lineala eta horrek publizitatean duen eragina.

Zenbait kirol-saio izan ezik, ikusleei berdin zaie film, dokumental edo telesail bat egun batean edo bestean ikustea. Gogoa dutenean ikusi nahi dituzte. Horren ondorioz, gehien gustatzen zaizkien programen ohiko grabazio automatikoa programatzen dute, eta nahi dutenean ikusten dituzte, aurrez grabatuta.

Grabatutako edukiak erreproduzitzean, “publizitatean jauzi egitea” (Ad Skiping) efektua sortzen da, hau da, grabazioan publizitate-eten bat iristen denean, erabiltzaileek azkar aurreratzeko botoiari ematen diote programa berriz hasten den unera iritsi arte. Amerikako Estatu Batuetan, Erresuma Batuan edo Portugalen egindako ikerketetan ikusi denez (herrialde horietan badira zenbait urte PVRak dituztela), TB-programekin batera grabatutako publizitatearen % 80 baino gehiago uzten du ikusleak ikusi gabe.

Azterketa horietan hauteman da, halaber, PVRen erabiltzaileek ikus-entzunezkoen kontsumoaren inguruan gogobetetze handia dutela. Etengabe hazten jarraitzea bermatzen du horrek.

Horrela, bada, egun batetik bestera gertatu den aldaketa-prozesua izan gabe, telebista-kanal gehienek oinarri duten negozio-eredua arriskuan dago, bai eta telebista-kanalek modu sekuentzialean ematen diren edukien paketatzaile eta programatzaile gisa duten izaera ere. Ondorioz, publizitate-formatuek erabat aldatu beharko dute, programen edukian bertan sartu eta, agian, “ez aldatu kanala; publizitate-minutu batzuen ostean, berehala gara zuekin” esaldi ezagunaren ondoren jasan beharreko itxarote aspergarri eta luzeetatik salbu utzi ikuslea.