sukar
- 1. Med.
- sin. pirexia
Gorputzeko tenperaturaren goratze patologikoa, bihotz- eta arnasketa-erritmoak azkartzea eta, oro har, ezinegona dakarrena.
- 1. Med.
- Gorputzeko tenperaturaren goratze patologikoa, bihotz- eta arnasketa-erritmoak azkartzea eta, oro har, ezinegona dakarrena.
Sukarra Edit
Egilea: Edurne Ugarte
Sukarra gorputz-tenperaturaren igoera patologikoa da; igoera horren mekanismo nagusia hipotalamoko zentro termorregulatzailearen atalasea maila altuagoan kokatzea izaten da, eta ez da bakarrik azaltzen ariketa fisikoa egiteagatik, metabolismoa areagotzeagatik edo jateak dakarren tenperatura-igoeragatik. Tenperatura 38 °C-tik gorakoa bada, esaten da sukarra dagoela. Febrikulak sukarraren esanahi bera du, baina tenperatura 37,2-38 °C denean soilik erabili behar da termino hori.
Ondo bereizi behar dira sukarra eta hipertermia; hipertermian, zentro termorregulatzailearen termostatoa ez da maila altuagoan jartzen, baina tenperaturak izugarri egiten du gora giro-tenperatura oso altua delako, gure gorputzak bero larregi sortzen duelako egoera batzuetan, beroa kanporatzeko mekanismoetan akatsen bat dagoelako edo zentro termorregulatzailea kalteturik dagoelako. Hipertermian, termorregulazioaren mekanismo guztiek gainezka egiten dute; sukarra, berriz, prozesu kontrolatua izaten da, eta termorregulazioaren mekanismo guztiek martxan dihardute. Hipertermia-egoera batzuetan, gainera, gorputz-tenperatura 41 °C baino altuagoa izan ohi da. Sukarrean, aldiz, hain tenperatura altuak oso arraroak dira.
Sukarra izateko arrazoi ugari dago: edozein eratako infekzioak, neoplasiak (batez ere linfomak, giltzurrun, gibel, pankrea eta birikako minbiziak), gaixotasun autoimmuneak, transfusio-erreakzioak, gaixotasun endokrinologikoak eta metabolikoak, odoljarioak, farmako batzuek eragindako sukar-erreakzioak, enboliak, miokardioko infartua eta abar.
Egun, sukarra sortzen duen mekanismoa oso ondo ezagutzen da. Sukarra sorrarazteko gai diren produktuei pirogeno deritze, eta pirogeno exogenoak eta endogenoak bereizten dira. Pirogeno exogeno guztiak ez dira kanpoko substantziak, baina exogeno esaten zaie ez dutelako zuzeneko efektua izaten zentro termorregulatzailean. Hona hemen pirogeno exogenoen adibide batzuk: bakterioen toxinak, birus, onddo eta bizkarroien produktu batzuk, farmakoak, toxiko batzuk, hormonak… Pirogeno endogenoak makrofagoek (baita zelula neoplasikoek, linfozitoek eta immunitate-sistemaren beste zelula batzuek ere) jariatutako zitokinak dira, eta ezagunenak interleukina-1, interleukina-6 eta tumoreen nekrosi-faktorea ditugu. Zitokina horiek, E2 prostaglandinak bitarterkariak direla, hipotalamoaren atalase termikoa maila altuagoan jartzen dute, beroa hautematen duten neuronen jarduera gutxiagotuz eta hotza hautematen duten neuronena, aldiz, handiagotuz. Horren ondorioz, zentro termorregulatzaileak agindu hauek bidaltzen ditu tenperatura igotzeko: larruazalean hodi-uzkurdura agintzen du bero gutxiago galtzeko, eta muskuluetan uzkurdurak, beroa sortzeko. Horregatik izaten ditugu oilo-ipurdia eta dardarak sukarra hasten denean. Behin tenperatura atalase-maila berri horretara helduta, termogenesia eta termolisia orekatzeko eta atalase berri horri eusteko, beroa galtzeko baliabideak jartzen dira martxan: larruazalean hodi-zabalkuntza eta izerdia. Horregatik izaten ditugu aurpegi gorrixka eta izerdia sukarraren fase egonkorrean.
Badaude sukarrarekin batera ager daitezkeen bestelako sintoma eta zeinu batzuk ere: ondoeza, artikulazioetako mina, muskuluetako mina, logura, buruko mina eta, batzuetan, eldarnioak. Bost urtetik beherako umeetan, gainera, sukarrak konbultsioak eragin ditzake, batez ere, tenperatura oso altua denean edo igoera azkarra denean. Bestetik, tenperatura igotzen den gradu bakoitzeko 10-15 taupada bizkortzen da bihotz-maiztasuna minutuko, hau da, takikardia dago, eta beroa galtzeko arnas maiztasuna azkartzen da. Izerdia ugaria bada, ur- eta sodio-galerak handiak izan daitezke sukarra dagoenean, eta, horri aurre egiteko, gernua oso kontzentratua izan ohi da.
Tenperatura, ahoan, besapean edo ipurtestean har daiteke. Ipurtesteko tenperatura normala baino apur bat altuagoa izan ohi da, baina sukar-sindromeetan gomendagarria da hor neurtzea oso larri dauden, kooperatzen ez duten, edo hiperaireztapen nabaria duten gaixoetan.
Sukarraren esanahia eztabaidan egon da urteetan, eta oraindik ere hala dago gaur egun, neurri batean behintzat sukarra mesedegarria izan daitekeela uste baita. Horregatik, ez da tratatu behar, gaixoak ondo jasaten badu sukarra. Tratamenduaren helburua, beraz, sukarra bera jaistea baino gehiago, pazientearen ondoeza arintzea izaten da. Erabili beharreko farmakoak prostaglandinen sintesia inhibitzen duten farmako antipiretikoak dira (parazetamola, azido azetilsalizilikoa, bestelako antiinflamatorio ez-esteroideak…). Lehen azaldutako sukarraren mekanismoa kontuan hartuta, argi dago farmako horiek ez direla eraginkorrak izaten hipertermia tratatzeko.