subdukzio

1. Geol.

Bi plakaren arteko mugimendu konbergentearen bidez, dentsitate handiena duen plaka dentsitate txikiagoa duenaren azpian sartzea.

Plaken arteko muga konbergenteak. A) Litosfera ozeanikodun bi plaken arteko konbergentziaren, hau da, subdukzio azpiozeanikoaren mapa eta zehar-ebaki eskematikoak; B) Litosfera ozeanikoaren eta kontinentalaren arteko konbergentziaren, hau da, subdukzio azpikontinentalaren mapa eta zehar-ebaki eskematikoak
Plaken arteko muga konbergenteak. A) Litosfera ozeanikodun bi plaken arteko konbergentziaren, hau da, subdukzio azpiozeanikoaren mapa eta zehar-ebaki eskematikoak; B) Litosfera ozeanikoaren eta kontinentalaren arteko ...

1. Geol.
Bi plakaren arteko mugimendu konbergentearen bidez, dentsitate handiena duen plaka dentsitate txikiagoa duenaren azpian sartzea.

Subdukzioa Edit

Egilea: Arturo Apraiz

SUBDUKZIOA

Plaken arteko mugimendu konbergentea erakusten duten mugak subdukzio-eremu gisa ezagutzen dira; han, litosfera ozeanikoak litosfera kontinentaleko zein litosfera ozeanikoko beste plaka baten azpitik jasan dezake subdukzioa. Horren arabera, subdukzio-eremu azpikontinentalak eta azpiozeanikoak bereizten dira. Mantuan murgiltzen den plakaren lurrazala beti ozeanikoa izaten da, fisikoki ezinezkoa delako mantuak baino dentsitate txikiagoa duen lurrazal kontinentalaren subdukzioa. Beraz, subdukzio-eremuetan, bi plaketako lurrazal kontinentalek topo egitean, subdukzioak ezingo du luze iraun, eta beste prozesu bat hasiko da: mendikate orogenikoak eratzen dituen kolisioa.

Hedapen geografikoa

Gaur egungo plaken arteko muga konbergente edo suntsitzaile gehienak Ozeano Barearen inguruan daude. Ozeano Barearen inguruan garatutako arku bolkaniko ugariak direla eta, arku bolkanikoek “suaren eraztuna” eratzen dutela esan ohi da. Subdukzio-eremu askoz txikiagoak aurki daitezke Mediterraneoan, Karibe itsasoan, Omango itsasoan eta Hego Sandwich uharteen inguruan. Plaken arteko muga konbergenteetako subdukzio-tasak 0,9 eta 10,8 cm/u bitartekoak dira.

Morfologia

Subdukzio-eremu guztiek antzeko eskema topografikoa dute, eta, gehienetan, ezaugarri desberdineko antzeko eremu geologikoak bereizi izan dira. Hurrengo irudiko ertz konbergente azpiozeanikoaren eta azpikontinentalaren mapan eta zehar-ebaki eskematikoetan, eremu geologikoen kokapena eta izaera zehaztu dira, bai eta bi subdukzio-moten arteko antzekotasunak eta desberdintasunak ere. Hondoratzen ari den plakatik zamalkatzen denerantz abiatuta, eremu hauek bereizten dira: kanpoko sabeldura, ozeano-fosa, akrezio-prisma, kanpoko zimur sedimentarioa, arkuaurreko arroa, arku bolkanikoa eta arkuostea. Horien artean adierazgarrienak ozeano-fosak eta arku bolkanikoak dira.

grafikoak1

Plaken arteko muga konbergenteak. A) Litosfera ozeanikodun bi plaken arteko konbergentziaren, hau da, subdukzio azpiozeanikoaren mapa eta zehar-ebaki eskematikoak; B) litosfera ozeanikoaren eta kontinentalaren arteko konbergentziaren, hau da, subdukzio azpikontinentalaren mapa eta zehar-ebaki eskematikoak (iturria: Arturo Apraiz, Plaka-tektonika, UEU 2005)

Subdukzio-eremu azpiozeanikoetan, ozeano-fosek eta plaka zamalkatzailean garatutako uharte-arkuek ehunka kilometroko luzera izan dezakeen arku-geometria garatzen dute. Subdukzio-eremu azpikontinentaletan, aldiz, ozeano-fosek eta arku bolkanikoek kostaldearen geometriari eusten diote, gutxi gorabehera.

grafikoak2

Goian, subdukzio-eremu azpikontinentala; behean, subdukzio-eremu azpiozeanikoa

Sismizitatea

Subdukzio-eremuak jarduera sismiko handieneko lurraldeak dira; Lurreko energia sismikoaren 3/4 baino gehiago erabiltzen da han. Litosfera ozeaniko hotzak, mantuan barneratzean, inguruko gradiente geotermikoa murrizten du, eta hondoratutako ezpalak lurrikarak gertatzeko behar den izaera hauskorra izaten du. Horren ondorioz, lurralde horietako lurrikarak oso sakonera aldakorra dute, eta hiru multzotan sailkatzen dira: azalekoak (0-100 km), sakonera ertainekoak (100-300 km) eta sakonekoak (300-700 km) —ingurune horietako bereizgarriak, hain zuzen—. Alabaina, 700 km-tik behera, subdukzitutako plakaren tenperatura jada oso altua da izaera hauskorrari eusteko, eta, beraz, ez da lurrikararik sortzen.

Subdukzio-eremuetako lurrikara gehienen fokuak edo hipozentroak plaken arteko mugan eta hondoratzen ari den lauzaren barnean kokatuta daude, eta Wadati-Benioff eremua deritzon (eremua finkatu zuten sismologoen omenez) xingola sismiko okertua zehazten dute.

Magmatismoa

Subdukzio-eremuetan, prozesu magmatikoek zamalkatzen ari den plakan dute eragina. Plaken arteko mugatik 100 eta 300 km bitartera gertatzen dira, hondoratutako litosfera ozeanikoa 100 eta 150 km bitarteko sakoneran kokatzen denean. Sakonera horretan, hondoratutako lurrazal ozeanikoak askatutako urari esker eta inguruko tenperatura handitzeko gaitasuna duten plaka zamalkatzailearen mantuaren konbekzio-korronte lokalei esker, plaka zamalkatzailearen mantuko peridotiten fusio partziala abiatzeko kondizio egokiak lortzen dira.

Ingurune horietan isurtzen den arroka bolkanikoa Lurrean urtebetean azaleratutako magmaren % 25 da. Nahiz eta ozeano-gandorretan sortutako magma-kopurua baino txikiagoa izan, askoz eragin handiagoa du gizartean, prozesu bolkanikoak uraren gainetik gertatzen direlako eta, sarritan, erupzio-prozesu bortitzak eragiten dituztelako.